Azken bost urteetan etengabe gora egin du autonomo kopuruak, eta 3,2 milioi baino gehiago dira egun, halaxe dio Langile Autonomoen Elkarteen Espainiako Federazioak. Langabezia tasa handiengatik bakarrik gertatu al da igoera hori?
Egia da, handitu eta handitu joan da kolektiboa, nahiz eta aurten apalaldi bat izan den. “Babes efektuak” ekarri du hazkunde hori, iraupen luzeko langabezia tasa handiek eraginda; eta baita 50 euroko tarifa lauak ere. Ekintzailetza funtsezkoa da herrialde batentzat, baina autonomo egiten den jende askok jarraitzeko zailtasun asko izaten du tarifa laua bukatu ondoren.
Nolakoa da autonomoen kolektiboa?
Autonomoek kasta berezia daukagu. Oso kolektibo heterogeneoa da, baina elkarrekin partekatzen dugu berritzeko gogoa, egokitzeko gaitasuna, gure jarduera eta produktua zaintzekoa eta lan asko aurrera ateratzekoa ere bai. Horrek ez du esan nahi utzi egin behar diogunik eskubide gehiagoren alde borrokatzeari, gaur egun falta zaizkigun kontziliazioa eta babesa lortzeko. Horretan dihardugu.
Enpresa txiki-ertainek eta autonomoek enpresa egituraren %99,9 osatzen dute eta enplegu guztiaren %73 sortzen dute Espainian, datu hori ageri da Europako Batzordeak egindako Small Business Act for Europe txostenean. Lan egiteko molde tradizionala eta “bizi guztirako” kontratu mugagabea amaitzen ari direla iruditzen al zaizu?
Gaur egungo lan jarduna aldatzen ari da eta orokortzen ari dira prekarietatea eta behin-behinekotasuna, baina ez enpresa txiki-ertainak eta autonomoak ugaritzen ari direlako; guztiz bestela da. Lan baldintza nolabait egonkor eta duinei eusten dieten bakarrak enplegatzaile txikiak dira: enpresa txiki-ertainak eta autonomoak babestea kalitatezko enplegua babestea da.
Autonomoen lege berria dugu, eta 2018an sartuko da indarrean. Zein dira lorpen nagusiak?
Baditu neurri onak, adibidez erretiroaren %100eko hobaria gutxienez langile bat kontratatzen dutenentzat, 50 euroko tarifa laua emakumeentzat amatasun baimenaren ondotik eta baita janariagatik egiten diren kenkariak ere. Dena den, neurri onak badituen arren, bakar bat ere ez da berebizikoa.
Eta zein dira autonomoen legeak ahaztu dituen alderdi aipagarrienak edo eragin dituen desilusio handienak?
Autonomoen legea ez da panazea eta ez da gure arazo guztien irtenbidea ere: ez dio heltzen Langile Autonomoen Erregimen Bereziak (RETA) dituen gabezia eta hutsegite funtsezkoei. Asko dago egiteko: kotizazioak egiazko diru sarrerei lotzea; jarduera eten osteko diru sariari heltzea, “autonomoen langabezia” esaten zaion horri alegia; pentsioak hobetzea; eta berankortasun eta finantzaketa arazoak konpontzea.
Zergatik da hain zaila ordainketa progresiboa ezarriko duen lege bat egitea autonomoentzat, horietako bakoitzak diru sarreren araberako kotizazioa egin dezan Gizarte Segurantzan eta ez kuota finko bat ordaindu?
Hain zuzen horixe da giltzarria Autonomoen Erregimen bidezko bat eta Gizarte Segurantza eraginkor bat izateko. Gizarte Segurantzak ia ez du dirurik biltzen, eta autonomoek ez dugu ez langabeziarik, ez erretiro txukunik eta ez lan-bajarik ere. Gaur egun, 500 euroko diru sarrera duenak 275 euro ordaintzen du eta 5.000 euro jasotzen dituenak ere berdin. Zentzuak agintzen du lotuta joan behar dutela autonomoen egiazko diru sarrerek eta kotizazio kuotak, soldatapeko langileekin gertatzen den bezala.
Zenbaitek esaten du nork bere kabuz lan egiteak behartu egiten duela erabakitzaileagoa izaten eta sustatu egiten duela sormena eta indartu lan arloko garapena. Zer iruditzen zaizu?
Hala da, bai, eta ez zaigu beste aukerarik gelditzen. Autonomoak erabakitzaileak gara eta heroien ekintzak egiten ditugu egunero.