Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Zenbat azukre hartzen dute gure haurrek?

Espainiako Estatuko herritarrek komeni baino hiru aldiz azukre gehiago hartzen dute egunean, eta haurren artean ere antzera gertatzen da. Betiko gailetek ez ezik, egunero hartzen dituzten produkturik gehienek ere substantzia hori daramate gozatzeko.

Esdspaldi honetan, azukreak mikaztu egin du familia askoren bizimodua. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gida bat argitaratu zuen 2015. urtean, Azukre kontsumoa heldu eta haurrentzat, eta hor esaten du helduek gehienez 50 gramo azukre hartu behar luketela egunean (12 koskor inguru) eta haurrek 37 gramo gehienez (9 koskor, gutxi gorabehera). Ereduzko zientzia erakundeek eta pediatren elkarteek ere onartzen dituzte muga horiek, eta batzuetan horrexegatik zabaldu izan dira azukrearen kontrako mezu eta leloak: “pozoi zuria” dela esaten da edo azukreak “hil egiten” duela. Nutrizio arloko adituak, ordea, ez daude guztiz ados baieztapen horiekin. Beatriz Robles dietista-nutrizionistak eman du azalpena: “Kontsumitzaileen arreta erakartzeko jotzen da mezu horietara. Pozoi edo substantzia toxiko batekiko aldea da horiek eragin kaltegarriak izaten dituztela oso dosi txikietan”.

Baina azukrearekin ez da gertatzen halakorik, azukrea beharrezko osagaia baita, baina ez normalean ulertzen den bezala. “Organismoak azukre sinpleak behar ditu, baina dietaren bidez lor ditzake, adibidez karbohidrato konplexuen bidez, eta horiek lekaleetan agertzen dira, barazkietan edo zerealetan; elikagaien berezko azukreetatik ere har ditzake, adibidez frutek izaten dituztenetatik, edo gibelean metatzen den glukogenotik”, jakinarazi du Roblesek.

Zer neurritan gainditzen du muga? 

Espainiako Estatuan, glukosa kontsumoak hirukoiztu egiten ditu OMEk helduentzat ezartzen dituen gomendioak, datu hori ageri da ANIBES ikerlanean, eta kezkatzeko modukoa da haurren artean, Aladino txostenean ageri denez haurren %60k azukre ugariko elikagaiak hartzen baitituzte astean lautan gutxienez, oso noizean behin jan behar lituzketenak alegia, adibidez gailetak, gozokiak, irabiakiak eta nektarrak. Gehiegikeria horien ondorioak aski ezagunak dira haurtzaroan: okertu egiten da aho-hortzetako osasuna, eta handitu gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren eragina (helduaroan patologia kroniko bihurtzeko arriskuarekin), eta berdin gertatzen da 2 motako diabetesarekin, bihotz-hodietako gaixotasunekin eta gibel gantzatsuarekin ere. Nolanahi ere, garbi eduki behar da azukre mota guztiak ez direla berdinak:

  • Berezkoak. Frutek berez izaten dituztenak dira; horiek ez diote kalterik egiten osasunari, nahiz eta kopuru handietan hartu.
  • Libreak. Ekoizleek, sukaldariek edo kontsumitzaileek elikagaiei eransten dizkieten monosakarido eta disakarido guztiak dira. Sail horretakoak dira zuku naturaletan daudenak ere, eta horregatik, horiek gehiegizko kopuruetan hartzeak kalte egiten dio osasunari.
  • Naturalak. Libreen barneko azpimultzo bat da (hau da, kaltegarriak dira gehiegizko kopuruetan hartzen direnean), adibidez eztia, azukre beltza eta ziropak.

Haurrek hartzen duten azukrea non ezkutatzen den jakiteko, Pablo Ojeda dietistak aztertu egin ditu haien dietan ohikoak diren produktu batzuk.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak