Haurren gizentasuna: helduen arazoa

Azken 35 urteetan bikoiztu egin da gehiegizko pisua haurren artean, eta arazo larri bihurtu da osasun publikoaren arloan. Zer-nolako eragina eta hedadura duen ikusita, hurrengo zenbakietan, Eroski Consumerrek zorrotz aztertuko ditu gaixotasun horren arrazoiak, eta zerikusia duten guztiekin landuko du nola geldiarazi haren eragina: hasi industria eta administrazio publikoetatik, eta publizitate kanpaina, familia eta eskolaraino.
1 martxoa de 2021

Haurren gizentasuna: helduen arazoa

Hamar haurretatik lauk gehiegizko pisua edo gizentasuna daukate Espainiako Estatuan. Patologia horretan, gantz gehiegi metatzen da gorputzean, eta ondorioak ez dira mugatzen, inondik ere, estetika edo irudi kontuetara; askoz harago doa. Gizentasunak asko handitzen du bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arriskua, baita arazo lokomotorrak eta 2 motako diabetesa izatekoa ere.

Haurren artean ere bai

Arnasa hartzeko zailtasunak eragiten dituen patologia bat da, areagotu egiten duena hausturak eta hipertentsioa izateko arriskua, intsulinarekiko erresistentzia sortzen duena eta bihotzhodietako gaitzen markagailuak goiz agerrarazten dituena. “Gaitzik gaitzena” esaten zaio, eta erraztu egiten du haurrek gaixotasunak izan ditzaten helduaroan.

Gizentasuna ez da gauza berria, jakina, baina haurren artean asko zabaldu da azken urteetan. 1985. urtean Espainiako Estatuko haurren %15ek zeukaten gehiegizko pisua, eta gaur 10etik ia 5ek daukate. Aladino txostenaren azken emaitzen arabera (2020an argitaratu dute), 6 eta 9 urte arteko haurren %40k gehiegizko pisua daukate, haren prebalentzia handitzen ari da adinarekin eta baliabide gutxien duten etxeei eragiten die batez ere. Baina ez horiei bakarrik. Ia mundu guztian ari da handitzen haurren gizentasuna, eta joera global horren adierazgarri dira gure inguruko datuak ere.

Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 380 milioi haur eta nerabek baino gehiagok daukate arazori hori, eta 5 urtetik beherakoetan 41 milioi haurri eragiten die gizentasunak; datu hori, gainera, bikoiztu egin daiteke 2025erako orain arte bezala jarraituz gero. Zer egin daiteke konponbidea jartzeko? Nola erantzuten zaio OMEk berak “XXI. mendeko pandemia” izendatu duen arazoari, zenbateko hedadura eta larritasuna duen ikusita? Ba al dago emaitza onak eman dituen estrategiarik? Galdera horiek egin dizkiogu geure buruari, eta hortik abiatu da kazetaritzako proiektu hau, zeinak zorroztasunez bildu nahi dituen zeresana daukaten arlo guztietako aditu nagusien iritziak.

Arrazoi askoren ondorio da gizentasunaren arazoa, oso konplexua. Ez da konpontzen eta ez da agortzen esaldi eginekin eta ikuspegi xaloekin; ezta elkarrizketa eta erreportaje bakarrarekin ere. Osasun publikoaren arloko arazo larria da haurren gizentasuna, eta den horretan heldu behar zaio: erronka komunitario izugarri handia. Askotan esaten da “gutxiago jan eta gehiago ibili” behar dela, eta horrekin pertsonen gain jartzen da ardura (kasu honetan, haurrengan), baina hori ez da aski hainbat geruza eta eragile dituen egoerari aurre egiteko. Etxean hasten da guztia: helduok jabetzen gara mehatxua hor dagoela, baina beti ez dugu egoki jokatzen menuak prestatzean: bizi erritmoak eta haurrei egunero zer jarri pentsatzen ibili beharrak errazkeriara garamatza hainbatetan, eta gure hautuak beti ez dira izaten osasungarriak.

Elikadura desegoki hori eta ariketa falta izaten dira eragile ezagunenak, baina ez bakarrak. Erosteko ahalmena, kozinatzeko denbora, bizi garen auzoa eta gizarte harremanak, dietetika eta nutrizio arloko espezialistengana iristeko aukera, eskolako jantokiak, haurrentzako elikagai osasungaitzen iragarkiak, produktu ultraprozesatuen eskaintza gero eta ugariagoa, sedentarismoa, genetika, aisialdiko joerak eta helduok ematen dugun eredua ere faktore garrantzitsuak dira patologia horretan. Zer diote azkenaldiko ikerketek? Egoera hobetu egingo al litzateke lehen mailako arretan nutrizionistak baleude? Debekatu egin behar al da ultraprozesatuen publizitatea?

Gezurrezko albisteen aroan sartuta gauden honetan, zer egin daiteke informazio fidagarria eta kalitatezkoa ugaritzeko elikaduraren inguruan? Gurasoen erantzukizuna al da haurren gizentasuna? Hobetu egin behar al dira politika publikoak? Sakontasunez landu nahi dugu zein diren haur gizentasunaren arrazoiak, jakin egin nahi dugu zer ari den egiten eta, batez ere, zer gehiago egin litekeen, eta, horretarako, atal berezi bat landuko dugu hurrengo hilabeteetan. Europako herrialdeen artean, haur gizentasunaren tasa handiena duen laugarren herrialdea da Espainiako Estatua.

Horregatik, eta haurren egungo eta etorkizuneko osasuna dagoelako jokoan, 2021ean zehar saiatu egin nahi dugu arrazoi nagusiak aztertzen eta irtenbideak zein izan litezkeen jakiten. Alejandro Martinez Berriochoak dioen bezala (Eroski Fundazioko eta Consumer Eroski aldizkariko zuzendaria da), “egungo joerarekin jarraitzen badugu, 2022an gehiegizko pisua izango duten haur eta nerabeen kopurua handiagoa izango da desnutrizioa eta pisu txikiegia dutenena baino, halaxe ohartarazi du OMEk. Fundazioan jabetuta gaude gora egiten ari dela haurren gizentasuna, eta lagundu egin nahi dugu joera hori geldiarazten”.

Gurasoek nola ikusten dituzte haurrak eskolako adinean?

Urteetan, osasungarritzat jo izan da itxura mardula edukitzea. Guraso gutxik esango dizute beren haurra “pottoloa” dagoela. OMEren arabera, “pisu handiegia” duten haurren %69,1ek (gehiegizko pisua %88,6k eta gizentasuna %42,7k) “pisu normala” dute gurasoen iritziz. Beste adibide bat: “gizentasun larria” daukaten haurren %67,1ek “gehiegizko pisu arina” daukate gurasoen iritziz, eta %19,1en uste “pisu normala”.

Gehiegizko pisuaren, gizentasunaren eta pisu handiegiaren prebalentzia Espainian

Azterketa hori NAOS Estrategiaren barnean ari da egiten (Nutrizioa, Jarduera Fisikoa eta Gizentasunaren Prebalentzia) 2011. urteaz geroztik 6 eta 9 urte arteko haurren artean. 16.665 haur 276ikastetxetakoak, modu proportzionalean banatuta erkidegoka eta udalerrika. Datu antropometrikoak lortzen ditu haurrei zuzenean neurketak eginda, baina bestelako informazioa ere eskuratzen du familiako faktoreei buruz, haurren inguruari eta bizimoduari buruz eta eskolei buruz.

Mutilak: %41,3

Neskak: %39,7

Neurrira egindako dieta 

Inork ez du zalantzan jartzen zama genetikoa erabakigarria dela gizentasunean eta gehiegizko pisuan, baina zama horrek berak zeregin funtsezkoa eduki dezake gaixotasunaren prebentzioan eta tratamenduan. Zehaztasunezko nutrizioak iker lerro aski aipagarriak landuko ditu mende honetan, eta asmoa da dieta eta jarraibide pertsonalizatuak sortzea ez bakarrik giza genoma aztertuz, baita kanpoko beste elementu batzuk ere (emozioak, jokabideak…). Nutrigenetika, nutrigenomika eta epigenetika erabiliz, gainditu egin liteke dieta mediterraneoaren kontzeptua bera. Baina oraindik zer egin ugari dago. “Esan dezagun baditugula puzzlearen pieza batzuk, baina oraindik asko dugu betetzeko. Ez da erraza izango medikuak edo nutrizionistak eskuliburu bat izatea eta han zera jartzea: ‘Zuk gene hau duzunez eta honek kalte egiten dizula ikusi dugunez, egizu hau…”, azaldu du Luis A. Morenok. “Agian 20, 30 edo 40 urte barru aukera gehiago izango da. Segur aski, algoritmoak sortuko dira adimen artifi zialarekin, eta askotan orain esaten dugun gauza bera esango diguten arren, baliteke beste zerbait ere gomendatzea pertsona edo talde jakinetarako”.

Haur gizentasunaren egoera Europan

Pisu handiegia duten haur kopururik handienetako a du Espainiak. OMEk 2015 eta 2017rako emandako datuak, %-etan.

Gosari egokiena

Aladino 2019 txostenaren arabera, hamar haurretatik hiruk ez dute egunero gosaltzen. Eta %20,1ek bakarrik izaten dute fruta freskoa menuan. Elikatzeko errutinetan gosari osasungarririk ez egiteak handitu egiten du gizentasuna izateko arriskua. “Egokiena da haurrek, eta helduek ere bai, lau otordu egitea egunean, eta ahal bada bost. Gosaria da horietako bat”, azaldu du Luis A, Morenok. Baina ez du balio gaileta batzuk arrapaladan jatea eskolarako bidean. “Haurrek goiz joan behar dute lotara, eta denboraz jaiki, gero lasterka ibili beharrik ez izateko… Gosaritan hiru elikagai mota hartzeko gomendatzen badiegu, ez da hain erraza izango denboraz larri dabiltzanean”. Eta zer eduki behar du gosari osasungarriak? “Esneki batekin hasi behar da, eta hori gehienei atsegin zaie. Zerealekin egindako elikagai bat ere eduki behar du, eta hori ere betetzen da. Eta, azkenik, fruta sartzea litzateke egokiena”, azaldu du Morenok. Hori da zatirik zailena eta gutxien zabaldu dena. Hori betetzeko, zera gomendatzen du Morenok: “Gosari osasungarria egiteko gomendioak ematen direnean, hamaiketakoa ere sartzen da hor, eta fruta orduantxe jan daiteke, hamaiketakoan”.

“Onartezina da haurren %40k gehiegizko pisua edo gizentasuna izatea Espainian”

Luis Alberto Moreno Zaragozako // Unibertsitateko irakaslea. Gizentasunaren Fisiopatologia eta Nutrizioa Sarean Ikertzeko Biomedikuntzako Zentroko kidea (CIBE ROBN). 

Zifrak ez dira batere onak. Espainiako Kontsumo Ministerioak eta Elikadura arloko Segurtasunaren Espainiako Agentziak (AESAN) Aladino izeneko azterketa egin zuten 2019an elikadurari, jarduera fisikoari, haurren bilakaerari eta gizentasunari buruz, eta hor ikusten denez, haur gizentasunaren datuak 2015eko berberak dira. Sei eta bederatzi urte arteko haurren %40k gehiegizko pisua edo gizentasuna dute. Eta argi samar dago zein diren hori saihestu edo borrokatzeko bitartekoak: elikadura osasungarria, jarduera fisikoa eta atseden ona. Baina ez da erraza errutina horiek gauzatzea. Genetikak ere zeresan handia du, baina ez erabakigarria, eta halaxe dio Luis Alberto Morenok, zeina aditua baita epidemiologian eta haur eta nerabeen nutrizio arazoen prebentzioan, eta haur gizentasunaren inguruko ikerketa askotan parte hartu du, bai Espainian eta bai Europan, adibidez Helena ikerketan (Europako Batzordeak sustatu zuen, haurren nutrizio ohiturak ulertzeko eta modu eraginkorrean hobetzeko).

Egungo munduan, jendeak gero eta kezka handiagoa du elikadura osasungarriarekin, hori ikusten dugu sare sozialetan eta komunikabideetan, baina haurrekin gertatzen denak ez dirudi eredu horri jarraitzen dionik. Zergatik? Mezuak hor daude, baina ez dakit herritar gehienengana iristen ote diren, zeren gizentasunaren gaian oso kontuan hartzekoa baita desberdinkeria sozialen auzia. Gizentasuna dezente hedatuagoa dago populaziorik behartsuenetan, eta ez hain hedatua baliabide ekonomiko gehiago dutenen artean. Segur aski, sare sozialetan dabilen informazio hori guztia, adibidez, gehiago iritsiko zaie behar gutxien duten pertsonei.

Askotan aipatzen da haur gizentasunaren pandemia. Hala al da? Ez zait gustatzen gai honetan lerroburu populistak erabiltzea, baina, zalantzarik gabe, haurren gizentasuna eta gizentasuna bera, oro har, pandemia bat dira. Ez gara ari birus bati buruz hizketan, gaixotasun kroniko bati buruz ari gara. Zein da epidemia baten bereizgarria? Epe motzean asko ugaritzen dela kasu kopurua; hori gertatu zen joan den mendearen bukaeran, laurogeiko eta laurogeita hamarreko urteetan hasi zen igotzen, eta denboran mantendu egin da mundu guztiari eragiteraino. Zeren gaur egun, herrialde guztietan, malnutrizioa baino ohikoagoa baita gizentasuna. Baita behartsuenen artean ere.

Epidemiaz hizketan ari garelarik, eta Aladino ikerketa eredutzat hartuta, zein izango lirateke daturik asaldagarrienak? Aladino ikerketari jaramon egiten badiogu, Espainian ageri diren gizentasun zifrak onartezinak dira. Onartezina da haurren %40k gehiegizko pisua edo gizentasuna izatea. Nahiz eta egia den zertxobait puztua egon litekeela agian.

Zergatik? Neurtzeko erabiltzen den metroak haur gehiegi identifikatzen dituelako gehiegizko pisuarekin eta gizentasunarekin. Aladino ikerketaren emaitzak aztertzeko, alderatu egin dira OMEren ereduzko balioekin, eta balio horiek handiagoak dira beste metodo batzuetakoak baino, adibidez Gizentasunaren Munduko Federazioak erabiltzen dituenak baino.

Zein litzateke, zure ustez, datu “errealagoa”? Seguru Espainiako haurren %25ek gehiegizko pisua edo gizentasuna dutela, eta hori ere asko da.

Ikerketak dioenez, guraso gehienei iruditzen zaie haien haurrak pisu “normala” duela, nahiz eta gehiegizko pisua edo gizentasuna eduki. Gurasoek nola ezagutu dezakete arazo hori? Osasun etxeetako pediatrek, haur osasuntsuei ohiko azterketak egiten dizkietenean, beti neurtu behar lituzkete pisua eta luzera, eta gorputz masaren indizea kalkulatu. Hori litzateke gutxienekoa eta nahitaez egin beharrekoa, nahiz eta beste gauza batzuk ere egin daitezkeen. Arazoa da oraindik ez daukagula metodo erraz eta zehatzik gizentasunaren diagnostikoa egiteko. Zeren gizentasuna gantz gehiegi izatea baita, ez pisu gehiegi izatea. Har dezagun, esaterako, Cristiano Ronaldoren adibidea, oso ezaguna den norbait aipatzearren: gorputz indizearen masa zenbatekoa duen kalkulatzen badugu haren pisua eta neurria kontuan hartuz, segur aski gizentasuna duela aterako zaigu edo, gutxienez, gehiegizko pisua, baina, bistan denez, Ronaldok ez dauka gantz gramo bat ere, baina bai gihar asko. Haurrekin, dena den, neurri hori ongi egon liteke lehen hurbilketa gisa. Arazoa da “metro” bat baino gehiago dagoela gizentasuna neurtzeko.

Zein dira erabilienak eta fidagarrienak edo eraginkorrenak? Batzuk gehiago dira ikerketa arlokoak, adibidez Aladinon erabili dena. Baina uste dut osasun etxeetan herritarren grafikoak erabiltzen dituztela, eta jardun klinikorako oso egokiak direla dirudi. Grafiko horien arabera, haurra 85eko pertzentiletik gora dabilenean, gehiegizko pisua duela esaten da, eta 95etik gora joan denean, gizentasuna duela. Pediatrek grafiko horiek erabiltzen badituzte, zeinak Orbegozo Fundazioarenak baitira, erraza da gehiegizko pisua edo gizentasuna duten haurrak identifikatzea.

Arazoa gero heldu da, diagnostikoa egin ondoren; zer egin daiteke? Gehiegizko pisua duen haur bati ongi legoke gomendio batzuk ematea –edo gehixeago azpimarratzea haur guztiei beti ematen zaizkien aholku batzuk–, ez daitezen gizentasunera iritsi. Gizentasuna duten haurrei ez zaie dieta bat jarri behar, baina uste dut helburu batzuk finkatu behar zaizkiela. Baina hor sortzen da arazoa: denbora behar izaten da helburu batzuk lantzeko eta lortzeko, eta normalean ez da izaten denborarik. Horregatik, uste dut oso garrantzitsua litzatekeela osasun etxeetan nutrizionistak izatea, baina gaur egun ez dago. Erizainek zeregin garrantzitsua dute, baina, zalantzarik gabe, arlo jakin horretako espezialista bat osasun etxeetan izatea litzateke onena.

Zer-nolako helburuak jarriko genizkieke familiei? Hasteko, jakin egin behar litzateke familiak nolako kultura duen elikadura arloan eta nolako bizimodua. Gauza bat betetzeko modurik ez dutela baldin badakigu, ikusi dugulako gabezia asko dutela horretarako, ezingo diogu proposatu; hobe izango da haiek egiten duten horretara erraz egokituko den zerbait proposatuz hastea eta sendotuz joatea. Hau esatea: “Astean hirutan egiten duzuen hori, hobe litzateke bostetan egingo bazenute”. Egokiena da ohiturak ongi ezagutzea eta, horren arabera, helburu egokituak jartzea; honelako zerbait: “Egunean bost atal fruta eta berdura jan behar duzu hurrengo hilabeteetan”. Hori izango da helburua haurrarentzat eta familia guztiarentzat, horixe baita egokiena, hobekuntza denen artean egitea.

Elikatzeko kultura desegokia bezala, zama genetikoa ere erabakigarria al da haurrek gehiegizko pisua edo gizentasuna eduki dezaten? Zalantzarik gabe, genetikak badu eragina. Gorputz masaren indizeak izaten duen aldakortasunaren %60 genetikaren araberakoa da. Eta pertsona bakoitzarengan pentsatzen hasten bagara, loteria bat bezalakoa da hau: zenbat eta zenbaki gehiago eduki norberaren saskian, errazagoa izango da loteria txarra ateratzea, hau da, gizentasuna izatea. Zenbat eta joera genetiko handiagoa, orduan eta erraztasun gehiago gizentasuna izateko. Hori esanda, kontua ez da utzikerian erortzea eta geure buruari esatea, jaten dugun guztia ongi sartzen zaigulako eta gose handia dugulako, ez dugula besterik egin behar.

Ba al dago modurik zama genetiko hori zuzendu, geldiarazi edo aldatzeko? Haur batek zenbat eta zenbaki gehiago eduki loterian, orduan eta zailagoa izaten da, baina gauza asko egin daiteke, eta txiki-txikitatik gainera. Ekintza garrantzitsu eta egingarria da haurrek elikagai askotarikoak jatea, hau da, denetarik sartzea haien dietan. Haiek maite dutena bakarrik hartzen badugu gida moduan, lauzpabost urteren buruan pasta, hanburgesak eta patata frijituak janez ibiliko dira. Berdurak eskaintzen dizkiegunean ez bazaizkie gustatzen eta berriz ez badizkiegu jartzen, barneratzen ari gara sekula ez zaizkiela gustatuko, baina ez da egia. Edozein haur txikiri plater bat errepikarazten zaionean, azkenerako onartu egiten ditu zapore eta elikagai guztiak, edo gehienak. Ideia hori ulertarazi egin behar diote jendeari pediatrek eta haurren ardura duten pertsonek: pazientzia eduki behar da, haurrek barneratu egin behar dutelako familiaren elikaduran.

Baina zure haurrak jaten ez duenean edo gaizki jaten duenean, bukatu egiten da pazientzia. Hau da, denbora falta horretara itzultzen gara. Jokatu egin behar da gauzekin. Kontua da askotan esaten dela “nire haurrak ez du jaten”, eta eramaten dute pediatrara, neurtzen dute, pisua hartzen diote eta 75eko pertzentila ematen du; kontxo!, zerbait jaten du haur horrek, argi dago hori. Gertatzen dena da nahi ez duena ez duela jaten. Kasuistika asko dago. Eta, jakina, badira gutxiago jaten duten haurrak.

Faktore goiztiar batzuek handitu egiten dute gizentasuna izateko arriskua; horri dagokionez, noiz eta nola komeni da hastea elikadura osagarriarekin? Bularra hartzea oso ona da gizentasunari aurrea hartzeko, eta gutxienez sei hilabeteraino luzatu behar litzateke. Eztabaidagarriagoa da sei hilabete horietan bularra bakarrik hartu behar ote luketen. Badirudi ingururik behartsuenetan edo hain garatuta ez dauden herrialdeetan bularra bakarrik hartu beharra dagoela, une horretan elikagai hori bakarrik eduki dezakete eta. Herrialde garatuetan, ordea, egokiena litzateke sei hilabeteen aurretik hastea elikagai batzuk sartzen. Elikadura osagarriaren arloan eztabaida ez da oso aspaldikoa; orain arte esaten zen zentzua hartu behar zela kontuan edo medikuen esperientzia, baina ikertu gutxi egin izan da.

Zergatik dago hain ikerketa gutxi? Adin konplikatua delako. Orain ari dira ikerketa onak egiten garai horren inguruan, eta emaitzak ikusten ari gara. Adibidez, gaixotasun zeliakoa ahalik eta gehiena saihesteko modurik onena, itxura batean, zerealak laugarren eta seigarren hilabeteen artean mantso-mantso sartzea da. Baina dena ari da aldatzen, egiten ari diren ikerketa horien arabera. Nolanahi ere, oso garrantzitsua da pediatrarengan konfiantza izatea; esaten ari garen gauza orokor horiek guztiak oso ongi dakizkite eta asko balio du mediku bakoitzaren esperientzia pertsonalak. Horrelaxe egin izan dut nik: beti jarri duk konfiantza osoa gure haurren ardura zuen pediatrarengan.

Berez, haur gizentasunaren inguruko ikerketak, tratamenduak eta prebentzioak hamarkada gutxi batzuk ditu. Espainian laurogeiko hamarkadaren erdialdean hasi zen. Bai, mende honetan eskaini izango zaio, segur aski, interes eta baliabide gehiago. Esperientzia motz samarra da. Nolanahi ere, egokiena da prebentzio lana egitea eta pertsonen jokabideak aldatu edo hobetzea, eta hori zaila da. Horretarako, bide askotatik jo beharra dago. Asko kostako da, baina hobetuz joango gara. Zeren, azkenerako, osasunaren inguruan aipatu ditugun mezu horiek guztiak iritsi egiten dira. Eta elikaduraz ari gara, baina jarduera fisikoaren eremuan ere asko ari da hobetzen, eta hori ere oso garrantzitsua da.

Zuk ez duzu aipatzen dieta mediterraneoa bakarrik, bizimodu mediterraneoak baizik, eta hor sartzen dituzu dieta, jarduera fisikoa eta loa. Haurrentzat zein izango lirateke maila egokiak jarduera fisikorako? Hori oso garbi dago. Eskolaurreko adinetik nerabezaroraino egunean 60 minutu egin behar lituzkete gutxienez, jarduera fisiko moderatua edo bizia: lasterka aritu, jolasean… Eta geldiak izateko joera handiagoa dutenak xaxatu egin beharko dira pixka bat.

Pandemiako hilabete hauetan haurrek gutxiago mugitu ahal izan dute, eta horrek kalte egingo du. Bai, gauza guztiek eragiten dute. Adibidez, duela hilabete batzuk unibertsitateko lagun bat jarri zen nirekin harremanetan kezkatuta zegoela esanez haurrak eskolan gelditzen zirelako jatera eta bideo bat jartzen zietelako otorduak irauten zuen denboran, eta ondoren ez zuten mugitzeko aukerarik, bideo horri lotuta zeudelako. Segur aski, ez da egokiena. Ulertzen dut egungo egoeran zailagoa dela kanpoan jolasean ibil daitezela, baina aire zabalean egotea da onena, nahiz eta hotz handia egin. Finlandiara joan besterik ez duzu. Han hotz handiagoa egiten du hemen baino, eta haurrak kanpoan jolasean dabiltza beti.

Hain zuzen, iparraldeko herrietan txikiagoa da haur gizentasun tasa. Norvegian, adibidez, %6koa da. Ohiturekin ez ezik, hango datuek zerikusia ote dute prebentzio politika publikoekin ere? Zalantzarik gabe, prebentzio politika hobeak dituzte. Adibidez, tradizioa dute lan komunitarioan. Oso ongi antolatuta daude. Osasunarekin zerikusia duten gauza guztietarako oso lagungarria litzateke tradizio hori. Osasun etxeek eta udalerriek sustatu egin behar lukete komunitateko pertsonen parte-hartzea osasuna hobetzeko zereginetan. Egokiena litzateke arazorik garrantzitsuenak identifikatzea eta irtenbide eraginkorrak bilatzea, komunitate bakoitzaren beharrizanetara egokituak.

Zure ustez zer egin liteke edo egin behar litzateke Espainian gai horretan? Zaila da, ez baikaude prest ohitura batzuk ukitzera: berandu afaltzea, berandu ateratzea… Haurrek goiz afaldu behar dute eta goiz lotaratu, beranduenez gaueko 22:00etan. Eskolaurreko adinean dagoen haur batek 11 orduko loa egin behar luke. Eta horrek esan nahi du ordu eta erdi lehenago afaldu behar duela, gutxienez. Telebistan gustuko saioren bat egoteak ere badu eragina. Eta, gainera, logelan telebista badute eta oso adi ez bagaude… Ez ditut, dena den, gurasoak errudun egin nahi, hori baita egin behar den azken gauza: nahikoa badugu lan egin eta bizimodu modernora egokitzearekin.

Nola lagundu daitezke gurasoak? Ekintza bat izan daiteke anglo-saxoiek parent education esaten diotena, hau da, haurrak nola hezi erakustea. Haurrak izaten ditugunean ez datoz argibide liburuarekin, bakoitzak etxean ikusi duena hartzen du oinarritzat, ongi iruditu zaiona edo gaizki iruditu zaiona. Gurasoentzako eskolak sortzeak asko lagunduko luke. Lehenbiziko haurra izatean edo haurdun zaudenean, orduan da unerik onena, harkorrago zaudelako. Hor bai, gauza asko egin ahalko lirateke osasunaren eta eskolaren esparrutik. Eredu bat baino gehiago dago haurrak hazteko jardunbideetan. Adibidez, eredu “demokratikoa”, non gurasoek eta haurrek elkarrekin hartzen dituzten erabakiak, eta gurasoen eredu onak oso zeregin garrantzitsua duen.

Zer egin daiteke politika publikoetatik? Lehenik, arreta handiagoa jarri behar zaie populaziorik zaurgarrienei. Adibidez, Gizentasunaren Fisiopatologia eta Nutrizioa Sarean Ikertzeko Biomedikuntzako Zentroan (CIBEROBN) azterketa bat egiten ari gara gurasoak gizenak izanik gizentasun arriskua duten haurrekin. Gurasoek gizentasuna edukitzea izan daiteke joera genetikoa dutelako edo ohiturek edo bizimoduek horretara eraman dituztelako. Edo bi gauzengatik. Gizentasun arriskua duten familiak dira. Horietan jarri behar genuke arreta. Zeren, hain zuzen, aurrez populazio guztiarentzat egin genituen programetan ikusten genuen pisu osasungarria zutenek berdin jarraitzen zutela, eta gehiegizko pisua zutenek, berriz, hobera egiten zutela, nahiz eta ez zen tratamendu programa bat, prebentziokoa baizik.

Zer-nolako ondorioak ateratzen dira datu horietatik? Adierazten digute, gehiegizko pisua dutenak bereizita hartuz gero, eraginkorrak izan gaitezkeela. Lan gehiago egin behar da gehiegizko pisua duten familia zaurgarrienekin. Hor estrategia bat baino gehiago erabil daiteke. Adibidez, supermerkatuekin lanean ari gara eta lanean aritu nahi dugu, zeren sustapenak edo marketin estrategiak egiten dituztenean, “sari” gisa ematen dituzten elikagaiak askotan ez baitira izaten osasungarrienak. Nahi genuke elikagai osasungarriagoen salmenta saritzea edo sustatzea, eta familiek erosketa saski osasungarria osatu ahal izatea prezio on samarrean.

Faktore sozioekonomikora itzuli gara, erabakigarria baita arazo honetan… Zaurgarritasun soziala esaten zaio; leku askotan agertzen da kontzeptu hori, adibidez Europako Batasuneko deialdietan. Zeri esaten zaio? Ohikoena izan da okupazio eta ikasketa maila hartzea kontuan: soldata, lana izatea edo ez, heziketa… Baina badira beste elementu batzuk ere, adibidez migratzailea izatea edo ez, gizarte sare handiagoa edo txikiagoa edukitzea, familiako egitura… Askoz gauza gehiago. Hori guztia kontuan izan behar da.

Zure ustez, nolako eragina izango du Covid-19aren pandemiak gaitzik gaitzena esaten zaion honetan? Nik esango nuke garai honetan, segur aski, areagotu egingo direla desberdinkeriak. Hain zaurgarriak ez diren familiek lehen bezala edo zertxobait hobeto ere egin dituzte gauzak, eta zaurgarrienek lehen bezala edo zertxobait okerrago. Gizarteko arlo askotan gertatuko dela iruditzen zait desberdinkeriak areagotzea. Gizentasunaren inguruko joera globalari dagokionez, zifrek dauden horretan jarraituko dute segur aski, edo apaldu egingo dira mantso-mantso.