Barratxo energetikoak

Barratxo energetikoak: fruitu lehorrak, zerealak... eta azukre asko

Itxurari begiratuta, badirudi zaporea bakarrik dutela desberdina, baina ñabardura handiak daude batzuen eta besteen artean, bai osaeran eta bai prezioan ere. Barratxo bat ongi hautatzeko, osagaiak ongi aztertzea komeni da.
1 martxoa de 2021

Barratxo energetikoak: fruitu lehorrak, zerealak... eta azukre asko

Hamarkada baten buruan erroerrotik aldatu dira gure elikadurako zenbait alderdi. Adibide batzuk jartzearren: oro har, haragi eta esne gutxiago hartzen dugu, eta lekua egiten ari dira orain artean ia exotikoak edo ezezagunak izan diren zenbait produktu, adibidez edari begetalak, soja testurizatua, guakamolea, olo malutak… Horiek guztiak besteen ondoan ageri dira gaur egun supermerkatuetako apalategietan.

Barratxo energetikoekin ere antzeko zerbait gertatu da. Ez dira berriak merkatuan, lehendik ere bazeuden-eta “barratxo dietetikoak”, itxura batean “otorduen ordezko” izateko sortuak eta “argaltzeko” balio dutenak ustez, eta barratxo espezializatuak ere bai kirolarientzat. Baina azken urteetan asko hedatu da produktu formatu hori, eta, ondorioz, eskaintza ugaritu eta zabaldu egin da nabarmen.

Gida honetan aztertu ditugun barratxoak ez dira saltzen erabilera espezializatu baterako, adibidez erabilera “dietetikoa” emateko edo kirolerako; era guztietako kontsumorako dira, eta halaxe ageri da barratxoen ontzi edo bilgarri batzuetan ere. Iradokizun bat baino gehiago egiten dute: adibidez, gosaritan hartzeko (Golden Grahams, Nestlé Fitness), kirola egiteko (Nature Valley, Nestlé Fitness), haurrei emateko (Kellogg’s etxeko Chocokrispies-ak), edo edozein egoeratan jateko, izan bulegoan, mendian edo gimnasioan (Eroski). Baina zernolako ezaugarria dituzte produktu horiek?

Oso desberdinak izan daitezke 

Begiratu batean, barratxo guztiak berdintsuak direla pentsa liteke, ezaugarri batzuk dituztelako elkarrekin; adibidez, antzeko itxura eta neurria. Baina arreta gehixeago jartzen badugu, ikusiko dugu badirela aldeak: barratxo batzuetan oso argi antzematen da zerealak osorik daudela (Hero muesly eta Nature Valley; beste batzuek fruitu lehorrak dituzte, adibidez El Almendro eta Bekind etxeetakoek, eta beste batzuk zerbaitekin estalita daude, nahiz eta ez dagoen oso argi zer den, esaterako Kellogg’s etxeko Chocokrispies eta Golden Grahams barratxoak. Horrek argibide batzuk eman ditzake horien osaeraren inguruan, baina garrantzitsua da etiketa irakurtzea, itxura eta ontziko mezuak nahasgarriak izan daitezkeelako batzuetan.

Itxura engainagarria da batzuetan

Etiketa irakurtzean, garrantzitsua da funtsezko hiru alderdi kontuan hartzea: salmenta izena, osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa. Barratxoetarako ez dago legedi espezifikorik, eta, horregatik, salmenta izen gisa produktuaren deskribapena jarri behar da, ahalik eta zehatzena. Deskribapen hori osagai zerrendaren ondoan agertzen da gehienean, eta ekoizleak erabakitzen du zer jarri; etiketa batzuetan nahiko izen lauso eta laburra ageri da, adibidez Nestlé Fitness delakoan (“zereal barratxoa txokolatearekin”), eta beste batzuetan xeheagoa, adibidez Kellogg’s txokolate esneduna izenekoan (“osoko gari malutaz eta zerealez egindako barratxoa, txokolate esnedunaren zatiekin eta oinarriarekin”).

Informazio hori bereziki garrantzitsua da, produktu batzuen marka komertziala bakarrik irakurrita ateratzen den ondorioa okerra izan daitekeelako eta egiaz ez dituzten ezaugarrien jabe direla pentsa litekeelako. Adibidez, Hero hurrak barratxoari begiratuta, pentsa liteke fruitu lehor hori dela osagai nagusia, baina salmenta izenak hau dio: “Zereal barratxoa hurrekin”; hor argi ikusten da produktua zerealez egina dagoela nagusiki. Antzeko zerbait gertatzen da Chocokrispies izenekoekin: markak pentsaraz dezake produktuak txokolatea duela (hau da, kakaoa eta kakao gantza), baina egiaz ez dauka kakaorik. Ontzian horregatik ageri da ohar hau: “Txokolate zaporekoa”.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, barratxo energetikoak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Energia, gantz, proteina, azukre eta zuntz kopuruak asko baldintzatzen du azken emaitza.
  • Osagaiak. Aztertu egin dugu barratxoak zerekin eginak dauden, eta horrela neurtu dugu kalitate komertziala.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Fruitu lehorrak eta zerealak?

Osagaien zerrendan agertu behar dute produktuak dituen elementuak, pisu gehien duenetik gutxien duenera ordenatuta. Horrekin batean, osagairen bat ontzian nabarmentzen denean, izan hitzekin edo izan irudiekin, adierazi egin behar da zenbateko proportzioan daukan. Horrela jakin dezakegu produktuak nolako osaera duen. Laburbilduz, bi multzotan sailka daitezke barratxoak, osagai nagusia kontuan hartuta:

  • Fruitu lehorrak. Osagai horrekin egindakoen artean nabarmentzen dira Bekind, zeinak %76 dituen almendrak eta anakardoak, eta El Almendro, non %61 diren almendrak eta hurrak. Produktu batzuen ontzietan nabarmendu egiten da fruitu lehorrak dituztela, eta uler liteke hori dela osagai nagusia, baina beti ez da hala. Hero hurrak izenekoa, adibidez, zerealekin egina dago nagusiki (osoko olo malutak, garagarra eta garia du %27), eta %10 baino ez da fruitu lehor hori. Eroski fruitu lehorrak barratxoak %25 ditu kakahueteak eta %16,5 fruitu lehorrak: horiek dira osagai nagusiak, eta nutrizioaren ikuspegitik antzera dabiltza proteina eta gantz kopuruan (nahiz eta kakahueteak, egiaz, lekaleak diren).
  • Zerealak. Merkatuan sail horretakoak dira barratxorik gehienak. Baina guztiak ez dira berdinak. Egokiena litzateke zerealak osokoak izatea (hau da, zereala osatzen duten hiru zatiak edukitzea: endospermoa, zahia eta hozia) eta osorik egotea. Era horretan mantenugai gehiago ematen dute, adibidez zahiaren mineralak eta hoziaren gantz azidoak, eta zuntza ere bai; azken horri esker, mantsoago xurgatzen dira, eta odoleko glukosa apalago igotzen da. Ase ere gehiago egiten dute, eta horretan lagungarria da osorik egotea, luzaroago eta hobeto murtxikatu behar baitira. Osoko zereal malutak dituzten produktuen artean, Nature Valley (%59 oloa) eta Hero muesly (%48 oloa) nabarmentzen dira.

Beste muturrean, badira zereal edo irin finduekin egindako barratxoak ere, adibidez Kellogg’s etxeko Chocokrispies, zeina arroz finduarekin egina dagoen. Mantenugai gutxiago ematen dute, gutxiago asetzen dute eta azkarrago igoarazten dute odoleko glukosa; hori dela eta, guztietan eskasenak direla esan liteke.

Bestalde, ohikoa da zerealak formatu batean baino gehiagotan dituzten barratxoak aurkitzea: osoko maluta osoak, osoko irina eta zerealak edo irin finduak. Hori gertatzen da, adibidez, Kellogg’s txokolate esneduna izenekoarekin: garia eta oloa ditu %37,5, eta horrekin batean osoko gari irina eta arroz irina; Nestlé Fitnessek osoko garia eta oloa ditu %30,3, arroz findua %14,4 eta osoko gari irina %4,4; Golden Grahamsek osoko garia eta oloa %25,6, osoko gari irina %8,9 eta arto semola eta arroz irina %5,1.

Azukreen lekua

Barratxorik gehienen ezaugarri bat da eztitzaileren bat izaten dutela osagaien artean. Glukosa edo fruktosa ziropa izaten da ohikoena, gozotasuna emateaz gain itsasgarri edo aglutinatzaile gisa ere jokatzen baitu barratxoa osatzen duten elementuei batasuna emateko.

Hori gertatzen da Hero eta Kellogg’s etxekoekin. Azukrea ere ohiko osagaia da, gozotasuna eta testura ematen dituelako osagai batzuetan, adibidez txokolatean eta zereal harrotu azukretsuetan; horixe gertatzen zaie Eroski txokolatedunari, Nestlé Fitness izenekoari eta Kellogg’s etxeko Chocokrispies direlakoei.

Barratxo batzuek eztia darabilte gozotasuna emateko, adibidez El Almendro etxekoek. Osagai horrek ospe ona dauka, azukre zuria baino osasungarriagoa dela iruditzen baitzaio jendeari, baina nutrizio ekarpena berdin-berdina da bietan, biek daukate-eta azukre proportzio handia. Azken batean, desberdintasun nagusia zaporean dago, eztiak ukitu berezia ematen baitio; hortaz, gustu kontua baino ez da. Alderdi horri ere arreta jarri behar zaio. Adibidez, Nature Valley barratxoen izena honela ageri da, “Crunchy oloa eta eztia”, eta nabarmendu egiten du osagai hori, ontzian irudi bat jarrita, baina osagaien zerrenda irakurtzen dugunean, ohartuko gara azukre zuria dela eztitzaile nagusia, eta eztia %3 baino ez daukala.

Zer ematen du...

Barratxo batek fruitu lehorrekin (25 g)

  • 140 kcal
  • 10 g gantz
  • 2 g gantz saturatu
  • 7 g karbohidrato
  • 1 g azukre
  • 2,2 g zuntz
  • 4,5 g proteina

Barratxo batek zerealekin (25 g)

  • 110 kcal
  • 5 g gantz
  • 1,5 g gantz saturatu
  • 17 g karbohidrato
  • 7 g azukre
  • 1,5 g zuntz

Almendrak (25 g)

  • 148 kcal
  • 12,4 g gantz
  • 0,9 g gantz saturatu
  • 2,4 g karbohidrato
  • 1 g azukre
  • 3 g zuntz
  • 5,3 g proteina

Bestelako konposatu batzuk

Osagai nagusiak eta aglutinatzaile gisa jokatzen duten eztitzaileak ez ezik, bestelako batzuk ere ageri dira barratxo horietan. Nutrizioaren ikuspegitik formulazio onena dutenen artean, ohikoa da osagai osasungarriak erabiltzea, adibidez kalabaza haziak (El Almendro, Hero muesly edo ahabia deshidratatuak (Hero muesly).

Gainerakoetan ohikoa da osagai baztergarriak agertzea, adibidez txokolate azukretsua (Nestlé Fitness eta Kellogg’s txokolate esneduna), edo nutrizio kalitate apaleko olioak (adibidez palma olioa Kellogg’s txokolate esneduna izenekoan). Barratxo batzuk bitaminaz eta mineralez aberastuta daude (B3 eta B6 bitaminak, kaltzioa, burdina…), adibidez Nestlé Fitness, Kellogg’s etxeko Chocokrispies eta Kellogg’s txokolate esneduna. Gure testuinguruan ez da beharrezkoa, mantenugai horiek maiz ageri baitira ohiko dietan hartzen ditugun elikagaietan. Jokabide horren arazo nagusia da produktu osasungarria dela pentsaraztea, baina kasu honetan ez da hala.

Etiketa ‘garbiak’

Produktu batzuetan ez da erraza etiketa irakurtzea eta interpretatzea, osagaien zerrenda oso luzea delako eta hainbat substantzia ageri delako. Hori gertatzen da barratxoa osatzen duten osagai asko konposatuak direlako, adibidez txokolatea, zeina kakaoz, kakao gantzez eta azukrez osatua dagoen. Ohikoa da, gainera, funtzio teknologikoak betetzen dituzten beste osagai batzuk ere erabiltzea, adibidez emultsionatzaileak (soja pektina) edo testura hobetzen duten substantziak, adibidez esne hautsa edo sorbitola. Dena den, barratxo batzuek askoz formulazio sinpleagoaren alde egiten dute (El Almendro, Nature Valley eta Bekind), eta etiketa errazago ulertzen da. “Etiketa garbia” edo “clean label” esaten zaio horri.

Mantenugaiak

Hirugarren elementu garrantzitsua nutrizio arloko informazioa da. Informazio hori 100 gramo bakoitzeko eman beharra dago, baina barratxoak banakako errazioetan merkaturatzen dira, eta marka bakoitzak erabakitzen du zenbatekoa den errazio hori; horregatik, komeni da zati edo errazio bakoitzari dagokion informazioa ere kontuan hartzea, horrela hobeto jakingo baitugu janaldi bakoitzak zenbat mantenugai ematen digun. Barratxoen nutrizio ekarpena asko aldatu daiteke batzuetatik besteetara, osagaien arabera jakina.

Fruitu lehor asko dutenek, adibidez El Almendro eta Bekind etxekoek, ugari ematen dituzte proteinak (%19,8 eta %17 hurrenez hurren), kalitate oneko gantzak (%46,2 eta %41), zuntza (%10,3 eta %8,7) eta energia (594 kcal/100 g eta 544 kcal/100 g). Hain zuzen, bi barratxo horiek nabarmentzen dira mantenugai horietan, Eroski fruitu lehorrak izenekoarekin batean, zeinak kakahueteak eta fruitu lehorrak dituen (%36 gantza, %12 proteinak eta 539 kcal/100 g). Bestalde, osagai nagusitzat zerealak dituzten barratxoek, adibidez Nature Valley, Hero muesly eta Eroski zerealak izenekoek, kopuru txikiagoetan ematen dituzte mantenugai horiek (%13 inguru gantza, %7 proteinak, %5 zuntza eta 415 kcal/100 g).

Azukreari dagokionez, fruitu lehorrak dituztenek ematen dute gutxien, El Almendro eta Bekindek (%19,3 eta %12 hurrenez hurren), eta gainerakoak %28aren inguruan dabiltza. Azukre asko da hori. Alderdi horretan bereziki nabarmendu dira (txarrerako) Eroski zerealak (%33), Nestlé Fitness (%30), Nature Valley eta Hero hurrak (azken bi horiek %28rekin). Datu hori barratxo batera ekarrita (25 gramo inguruko pisua izaten du bakoitzak), esan nahi du 3,6-5 gramo azukre hartuko ditugula gutxien ematen dutenekin (koilarakadatxo bat inguru) eta 8,6-12 gramo gehien dutenekin (bi edo hiru koilarakadatxo). Horrek argi erakusten du azken horiek osasungaitzak direla, eta, horregatik, ez dira maiz jatekoak.

Nutri-Score: emaitza txarra

Energia, gantz saturatu eta azukre asko izanik, ulergarria da produktu horiek zergatik ateratzen duten emaitza txarra Nutri-Score sisteman: D mailan daude guztiak, salbu eta El Almendro eta Bekind, bi horiek C maila lortu dute-eta fruitu lehorrei esker eta gantz saturatu gutxiago dutelako. Kellogg’s etxeko Chocokrispies barratxoak ere C maila lortu du, gantz saturatu gutxiago duelako eta energia gutxiago ematen duelako.

Nutrizio balioek orientazio gisa balio behar digute, baina garrantzitsuena osagaiak dira. Adibidez, ez da gauza bera 420 kcal barneratzea 100 gramo Chocokrispies hartuta, non arroz findua eta azukreak diren nagusi, edo 594 kcal hartzea 100 gramo El Almendro janda, non fruitu lehorrak diren nagusi. Azken hori hobea da, osagaiak osasungarriagoak direlako. Eta gauza bera esan daiteke gainerako mantenugaiei buruz ere.

Alde nabarmenak prezioan

Fruitu lehor asko dutenak dira barratxorik garestienak, zehazki El Almendro (2,49 €/100 g) eta, batez ere, Bekind (4,43 €/100 g); lehenbizikoak hala bi balio du ia, eta gainerakoek halako lau. Egia da fruitu lehorrek garestitu egiten dutela produktua, baina horrek ez du azaltzen alde nabarmen hori: Bekind-ek %76 ditu fruitu lehorrak, eta El Almendrok %61 eta osaera hobea. Eroski fruitu lehorrak izeneko barratxoak aurreko bien antzeko osaera du zenbait alderditan, kakahuetez eta fruitu lehorrez egina dagoelako, eta dezente merkeagoa da (1,25 €/100 g).

Nolanahi ere, agian erabilgarriagoa izango da barratxo bakoitzaren prezioa alderatzea, marka guztietakoek ez baitute pisu berdina. Ildo horretan, hiru maila ageri dira prezioan: garestienak, eta hor berriz ageri dira Bekind (1,33 €) eta El Almendro (0,52 €), eta Hero muesly ere bai (0,53 €); merkeenak, non 0,27 € inguruan dabilen barratxo bakoitza, adibidez Eroski zerealak (0,22 €), Hero hurrak (0,28 €), Kellogg’s txokolate esneduna eta Chocokrispies, Kellogg’s etxekoa (azken biak 0,29 €); eta tartekoak, non 0,45 € ateratzen den barratxo bakoitza: Fitness Nestlé, Nature Valley, Eroski fruitu lehorrak eta Golden Grahams .

Jateko unerik egokiena 

Barratxo batzuen ontzian iradokizunak ageri dira kontsumoaren inguruan. Adibidez, Chocokrispies eta Nestlé Fitness izenekoek mezu hau dakarte: “gosaritako barratxoak”; Nature Valley eta Nestlé Fitness-ek kirolaren aipamena egiten dute, eta Eroskik eta Chocokrispies-ek adierazten dute egoera guztietarako direla egokiak: lanean edo ikastetxean jateko, kirola egiteko, mokadutxo gisa… Alderdi hori kontuan hartu beharrekoa da produktu mota hori kontsumitzeko garaian.

Gehienak ez dira egokiak egunero jateko, ez mokadutxo gisa eta ez gosaritan ere, ugari dituztelako azukreak eta bestelako osagai kaltegarri batzuk ere badituztelako, adibidez irin finduak eta nutrizio kalitate eskaseko olioak. Osasungarrienak egokiak izan litezke, Bekind eta El Almendro, baina oso garestiak dira (1,33 € eta 0,52 € hurrenez hurren), eta hobe litzateke aukera merkeagoak egitea eta, batez ere, osasungarriagoak: adibidez, 25 gramo almendrak 0,43 € inguru balio dute (ikus grafikoa 13. orrian). Bestalde, barratxo horiek aukera egokia izan daitezke egoera jakin batzuetan, adibidez kirol jarduera bizi eta luzea egiten denean (90 minututik gorakoa), energia eta mantenugaiak ematen dituztelako, ase egiten dutelako eta erraz eraman eta jaten direlako.

Ondorioak

Gida hau egiteko aztertu ditugun barratxoen artean, bi multzo handi egin ditzakegu osagai nagusiaren arabera: fruitu lehorrak dituztenak (El Almendro, Bekind eta, neurri batean, Eroski fruitu lehorrak, non kakahueteak diren %25 eta almendrak eta hurrak %16,5), eta zerealak dituztenak, non Nature Valley (%59 oloa) eta Hero muesly (%48 oloa) nabarmentzen diren, osoko malutak dituzte eta. Horiek izango lirateke aukerarik onenak, bereziki El Almendro eta Bekind, azukrea ere dezente gutxiago baitute gainerakoek baino (%19 eta %12 hurrenez hurren, hau da, 4,1 eta 3,6 gramo barratxo bakoitzeko, koilarakadatxo bat inguru).

Kontuan hartu behar da, dena den, garestienak ere bi horiek direla (1,33 € Bekind etxeko barratxoak eta 0,52 € El Almendro etxekoak). Eta berdin gertatzen da Hero mueslyrekin (0,53 € barratxoak). Ildo horretan, Nature Valley izenekoak du kalitatepreziorik onena: 0,45 € barratxoak. Garrantzitsua da kontuan hartzea barratxo horiei nolako erabilera emango diegun. Aipatu berri ditugun horietako batzuk egokiak izan daitezke kirol jarduera bizi eta luzeetan erabiltzeko edo otordu artean mokadutxo bat egiteko, baina horietako asko osasungaitzak dira, adibidez Chocokrispies delakoa; hori dela eta, ez da egokiak maiz jateko, eta are gutxiago haurrei emateko, nahiz eta talde horri zuzentzen zaion bereziki. Badira horiek bezain aukera praktikoak eta askoz osasungarriagoak, erraz garraiatzeko eta jateko modukoak, adibidez sagar bat eta gatzik gabeko fruitu lehor eskutada bat.

Egokiak begetarianoentzat, baina denak ez beganoentzat 

Etiketan ageri diren osagaiak kontuan hartuta, aztertu ditugun barratxo guztiak egokiak dira pertsona begetarianoentzat, hau da, haragirik eta arrainik jaten ez dutenentzat. Halaxe ageri da Nature Valley, Kellogg’s txokolate esneduna eta Kellogg’s Chocokrispies barratxoen ontzietan, non informazio hori ematen duen ikono bat dagoen. Hori bai, barratxo guztiak ez dira egokiak pertsona beganoentzat; hau da, animalia jatorriko produkturik jaten ez duten pertsonentzat, gehienak esnez edo eztiz eginak baitaude. Horientzat Hero muesly bakarrik da egokia, eta esan egiten du ontzian.

Osagaiek eta prezioak zehazten dute aldea