Hartzeko prest dagoen kafea

Hartzeko prest dagoen kafea: mundua esnatzen duen edaria

Oinarrizko hiru osagai baino ez, baina hainbat aukera eta mota: kafea, esnea eta azukrea. Lehenbizikoak zaporea eta lurrina ematen ditu. Bigarrenak gantz eta proteina kopurua baldintzatzen du eta edariaren testura. Eta hirugarrena zaindu egin behar da beti: zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto.
1 martxoa de 2022

Hartzeko prest dagoen kafea: mundua esnatzen duen edaria

Helduen artean gutxi izango dira egunero samar kaferik hartzen ez dutenak. Ez alferrik, egunerokoan gehien kontsumitzen den edarietako bat da. Espainian 14.000 milioi kafe katilukada hartzen dira urtean, datu hori eman du Kafearen Nazioarteko Erakundeak. Horrek esan nahi du heldu bakoitzak urtean 350 katilukada hartzen dituela batez beste, nahiz eta zifra hori engainagarria izan daitekeen, pertsona askok egunean hiru eta lau kafe ere hartzen baititu, eta beste batzuek bakarra (edo hori ere ez).

Orain dela hamarkada batzuk arte, etxean eta kafetegietan hartzen zen kafea. Baina azken urte hauetan ohiko bihurtu da beste hainbat lekutan ere hartzea edari hori, edozein ordutan gainera; horretan erraztasun handiak eman ditu kontsumitzeko prest heldu den kafeak.

Oinarrizko osagai bat eta mila konbinazio

Banakako edalontzi edo ontzietan merkaturatzen dira errazago hartu ahal izateko, eta, gehienetan, hotzak hartzen dira. Aukera bat baino gehiago dago horien artean, eta osagai batzuk berdinak dituzten arren –ia denak esnez, kafez eta azukrez eginak daude nagusiki–, alde nabarmenak ere badira batzuen eta besteen artean, adibidez ontzi motari eta kafea prestatzeko moduari dagokienez. Azken alderdi hori nabarmendu ohi dute ontziaren aurreko aldean. Horien artean, honako hauek dira ohikoenak:

  • Espres (edo Espresso). Kafe ehoan zehar ur beroa presioan pasaraziz prestatzen da. Zapore eta lurrin sendoko kafea lortzen da, kafeina ugarikoa. Era horretakoa izaten da kafetegietan edo italiar kafe makinetan prestatzen dutena.
  • Esneduna. Kafe espresa da, esnea erantsita, normalean 1:3ko proportzioan. Aztertu ditugun produktuen artean, hiru dira mota horretakoak: Kaiku, Nescafé eta Eroski.
  • Caffe latte. Kafe espres horri esne aparduna eransten zaio gainetik (kafe makinako lurrun hodiarekin lortzen da gehienean). Aztertu ditugunetako bi dira mota horretakoak: Starbucks eta Mocay.
  • Kaputxino (edo capuccino). Kafe espresez egindako oinarri bati esnea eta esne aparduna eransten zaizkio (eta gehienean kakao hautsa ere bai). Aztertu ditugun produktuen artean, hiru dira mota horretakoak: Kaiku, Kaiku Oloa eta Nescafé.
  • Macchiato. Kafe espresa da, esne apardunaren ukitu txiki batekin.
  • Frappé. Kafea izotzarekin, esne aparrez estalia. Aztertu ditugun produktuen artean, Starbucks Frapuccino izan liteke horren antzeko zerbait, nahiz eta egiaz kafe mota horren eta kaputxinoaren arteko zerbait den.

Zaporea eta lurrina, motaren arabera

Kafe mota ere nabarmenduta agertu ohi da ontziaren aurrealdean. Bi dira mota nagusiak, bakoitza landare espezie batetik datorrena: arabikoa (Coffea arabica) eta robusta (Coffea canephora). Azken horrek zapore eta lurrin sendoagoak ditu eta kafeina ere gehiago, eta lehenbizikoa, berriz, lurrintsuagoa eta leunagoa da. Munduan ekoizten denaren %70 kafe arabikoa da, eta gida honetan aztertu ditugun produktuak ere horrekin eginak daude, bai behintzat informazio hori ematen duten guztiak (denak Nescafé izan ezik).

Etiketan daude gakoak

Kafea prestatzeko modutik eta kafe espezietik harago, komeni da bestelako xehetasun batzuk ere jakitea kafeak nolako ezaugarriak dituen ikusteko, eta horretarako, arretaz irakurri behar da etiketa. Egokiena litzateke legezko salmenta izenetik hastea, zeina osagai zerrendaren ondoan egon ohi den gehienean. Produktu horiek legez sailkatuta ez daudenez, deskribapen bat agertu ohi da, nolako ezaugarriak dituen jakiteko: adibidez, “esnezko edari kafeduna esne eta kakaoarekin” edo “esnezko edaria kafearekin eta gaileta zaporearekin”. Produktu guztiak daude esnez eta kafez eginak, salbu eta Kaiku Oloa, zeina olo edariz eta kafez egina dagoen.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, hartzeko prest dauden kafeak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Kaloriek, gantz kantitateak eta azukreak bereziki baldintzatzen dute balorazioa.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat kafe eta esne duten jakiteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Kafea, benetako protagonista

Osagai zerrenda irakurtzea ere nahitaezkoa da zer-nolako osaera duen xehe-xehe jakiteko. Elementu guztiak ordenatuta eman beharra dago, gehien duenetik gutxien duenera, eta horietakoren bat ontzian nabarmenduta egonez gero, izan hitzez edo izan irudiz, zehaztu egin behar da zenbat duen. Kafea proportzio txikiagoan ageri da esnea baino, baina, hala ere, kafea da edari horietako protagonista handia, horren araberakoa izaten baita zaporea eta lurrina (kafeina ahaztu gabe). Berariaz zehazten den arren produktu horiek zenbat duten, zaila da alderatzea, formatu desberdinetan ageri baitira:

  • Kafe likidoa. Etxean prestatzen duguna bezalakoa da, ur beroa pasaraziz kafe ehoan zehar. Kafe mota hori daukate Kaiku eta Starbucks etxeetako produktuek, non %15 eta %20 arteko proportzioan ageri den: Kaiku Capuccinok du gutxien eta Starbucks Caffe Lattek gehien.
  • Kafe disolbagarria. Zorroko kafea bezalakoa da, kafetegi askotan zerbitzatzen duten hori bezalakoa. Ur beroa pasarazten da kafe ehoan barrena, eta kafe estraktua lortzen da horrela. Ondoren, kendu egiten zaio ura. Horrela, ale disolbagarri horiek gelditzen dira. Kafe mota hori darabilte Nescafé etxeko produktuek, %1 eta %1,4 arteko proportzioan, hau da, 1,9-2,7 ale edalontzi bakoitzeko; antzeko kopurua dauka Eroski etxeko edariak ere (%1,5). Kafe disolbagarrizko zorrotxo baten pareko kopurua izango litzateke (gehienean 2 gramoko formatuan merkaturatzen dira).
  • Kafe estraktua. Kafe ehoan barrena ur beroa pasaraziz lortzen da hori ere. Kafe likidoa baino kontzentratuagoa izaten da, horixe du alde bakarra. Horixe darabil Mocay etxekoak (%2,5). Ontzian esaten da kopuru hori 40 gramo kafe [ehoaren] baliokidea dela 100 ml bakoitzeko, hau da, edalontzi bat prestatzeko 80 gramo erabiltzen dira.

Esne gehiago kafea baino

Esnea da osagai nagusia guztietan, hori ageri da-eta lehen lekuan osagai zerrendan (salbu eta Kaiku Oloa delakoan, non olo edaria den ugariena). Gainera, osagai hori legezko salmenta izenean berariaz aipatzen denez, esan egiten da zehazki zenbat duen. Guztietan, portzentajea %75 eta %87 artekoa da, gutxien duena Starbucks etxekoa eta gehien duena Mocay etxekoa; batez besteko kopurua, berriz, %81ekoa da. Kaiku Oloa izenekoan, %77 da olo edariaren kantitatea.

Zenbat kafe da gehiegi?

Kafea gehien kontsumitzen den edarietako bat da munduan, zaporeagatik hein batean, eta estimulatzeko gaitasuna duelako ere bai; kafeinari zor dio gaitasun hori, kafe landarean berez agertzen den alkaloide bat. Kafeak badu lekua dieta osasungarri batean, baina gehiegi hartuz gero eragin kaltegarriak jasan ditzakegu kafeinak eraginda, adibidez urduritasuna, antsietatea, loezina, goragalea, buruko mina edo bihotz taupadak bizkortzea, besteak beste. Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzak (EFSA) egindako kalkuluen arabera, egunean 400 mg hartzeak (4-5 kafe kikara) ez du eragin kaltegarririk populazio orokorrarentzat (200 mg egunean haurdun eta bularra ematen ari direnentzat), baina pertsona bakoitzaren sentiberatasunak baldintzatzen du guztia. Are gehiago alkaloide horrek tolerantzia eragiten duenean, hau da, maiz hartuz gero gutxiago eragiten digu.

Aztertu ditugun produktu guztiek –Nescafék eta Mocayk izan ezik– adierazten dute zenbat daukaten. Kafe espresek dute gehien, Kaikuk (51,3 mg/100 ml) eta Eroskik (47 mg/100), eta gutxien, berriz, Kaiku Oloak eta Kaiku Capuccinok, 38,7 eta 36,6 mg-rekin 100 ml bakoitzeko. Horrek esan nahi du lehenbiziko horietan 119 mg dela kafeina basokada bakoitzeko, eta bigarrenetan 84-89 mg. Informazio hori kontuan hartu behar dugu kafeina asko hartuz gero, zeren 400 mg kafeinatara iristeko aski baita hiru basokada kafe espresa hartzea; bestelako kafeekin, berriz, bost ere hartu ahalko genituzke.

Zenbait kafeina daukate… 

  • Kolazko freskagarriak (330 ml): 35 mg
  • Te kikarak (240 ml): 30-50 mg  
  • Kafe kikarak (200 ml): 80-100 mg
  • Edari “energetikoak” (500 ml): 150 mg

 

Ohikoena, erdigaingabetua

Esnea denez osagai nagusia, horrexek eragiten du gehien produktu horien osaeran. Osagai zerrenda irakurrita jakin dezakegu gaingabetua, erdigaingabetua edo osoa den, legeak hiru sailkapen horiek ezartzen ditu-eta gantzari dagokionez. Esne gaingabetuak du gantz gutxien, %0,5; erdigaingabetuak ondoren, %1,5-%1,8 artean, eta osoak gehien, %3,5 edo gehiago.

Esnea daramaten bederatzi produktuetatik bostetan, erdigaingabetua da: Kaiku Capuccino eta Espresso, Starbucks Frappuccino, Mocay eta Eroski. Azken horrek zehaztu egiten du, gainera, zenbat gantz duen: %1,5. Starbucks Caffe Latte delakoaren esneak %3,1 du gantza, eta osoa izatetik hurbil dagoen arren, legez ez daiteke osotzat hartu.

Nescafé etxeko produktuetan, bestalde, esne gaingabetua erabiltzen da esne gainarekin eta esne hautsarekin batean, arrazoi teknologikoengatik segur aski: nahastura eta testura hobetzeko, krematsuago geldi dadin eta gorputz gehiago izan dezan. Zenbat esne erabili den eta zenbat gantz duen kontuan hartuta, kalkulatu egin dezakegu produktu horietan esne gaingabetuak eta esne gainak elkarrekin ematen duten gantza %3,2 ingurukoa izango dela.

Azken batean, guztien osaera kontuan hartuta, bakar batek ere ez dauka esne gaingabetua edo osoa. Gehienek erdigaingabetua (edo baliokidea) darabilte, salbu eta bakan batzuek, non gantza esne osoak duenaren antzekoa den (%3,5etik gertu). Espero izatekoa zen hori, esne gaingabetuak badituelako desabantaila batzuk (ia ez du zaporerik eta gorputzik ematen, testura ez da hain krematsua eta zailagoa izaten da aparra ateratzea) eta osoak mesfidantza eragiten duelako osasun arrazoiak direla medio. Azken kontu hori aspalditik dator; izan ere, hirurogeiko urteetan gantzak deabrutzeko joera hasi zen, eta laurogeita hamarreko urteetan berebiziko indarra hartu zuen horrek. Gaur egun, ordea, badakigu gantz guztiak ez direla berdinak eta esneki osoek ere badutela beren lekua dieta osasungarri batean. Are gehiago, abantaila batzuk ere badituzte, adibidez bitamina lipodisolbagarriak ematen dituzte eta asetasun irudipen handiagoa.

Gantzean dago desberdintasuna

Produktu horien artean dagoen desberdintasunik handiena gantz kopuruan dago hain zuzen. Alderaketa egiteko 100 ml hartzen baditugu, ikusiko dugu Nescafé etxekoek dutela gantz gehien (%2,7-%2,8), osagaien artean esne gaina dutelako. Produktu gehienek oso kopuru txikietan ematen dute mantenugai hori. Ohikoena %1,2 izatea da, adibidez Kaiku Capuccinok eta Espressok, Starbucks Frappuccinok eta Eroski Espressok bezala, zeinak esne erdigaingabetuarekin eginak dauden.

Proteinei dagokienez, berriz ere Nescafé etxekoek dute gehien (%3,5-%3,6), esnez eta esne hautsez eginak daude eta. Gainerakoak %2,7-%2,9 artean dabiltza. Alderaketa 100 ml bakoitzeko egin beharrean ontzien arabera egingo bagenu, ikusiko genuke guztiak ere antzera dabiltzala proteinei dagokienez: 7 gramo ditu Starbucks Frappuccino etxekoak eta 6,2 gramo Starbucks Caffe Lattek eta Mocayk. Gantzari dagokionez bai, badira aldeak edalontzi batzuetatik besteetara. Nescafé etxeko produktuek ematen dute gehien, 5,1-5,3 gramo artean, eta Starbucks Caffe Lattek ere bai (5,8 g); gainerakoak, berriz, 2,8-3 gramo artean dabiltza.

Ikusi dugu esnearen gantzak ez lukeela arazorik eragin behar osasuntsu dauden pertsonetan, baina kontuan hartzekoa da hala ere, batik bat kaloriak ematen dituelako. Hain zuzen, ontzi bakoitzeko gantz gehien duten produktuak dira kaloria gehien dutenak ere, 152-160 kcal artean (hiru sagarrek edo azukre gabeko bi jogurt naturalek ematen dutena da hori). Nolanahi ere, aldeak ez dira hain aipagarriak ere besteekin konparatuz; horietan 124 kcal (Mocay) eta 143 kcal (Eroski) artean dabiltza.

Olo edaria ez da gauza bera

Kaiku Oloa izeneko edariak aipamen berezia eskatzen du, olo edaria daukalako esnearen ordez, eta nutrizio osaera desberdina, jakina. Behi esneak, adibidez, balio biologiko hobeko proteina ematen du, eta beste mantenugai batzuk ere bai, adibidez kaltzioa. Gantzari eta proteinei dagokienez ere, badira aldeak. Olo edariak (produktuaren %77 osatzen du) 0,9 gramo gantz eta 1,4 gramo proteina baino ez du ematen, olo irina %6 besterik ez baitu. Azken batean, beste produktuek baino askoz proteina eta gantz gutxiago dauka, eta berdin beste mantenugai batzuk ere, adibidez kaltzioa. Produktu hori egokia da pertsona beganoentzat, eta halaxe egiaztatzen du “vegan” zigiluak, eta egokia da, halaber, esnearen proteinarekiko alergia edo laktosarekiko intolerantzia duten pertsonentzat ere.

Azukre erantsia

Kaloria gehien ematen duten edarien multzoan, Starbucks Frappuccino sartu beharra dago, baina ez esneagatik, azukre eran tsia duelako baizik. Hain zuzen alderdi horretan jarri behar genuke arreta etiketa irakurtzen dugunean, ikusteko ea baduen azukre erantsirik (aztertu ditugun produktu guztiek daukate). Nutrizio arloko informazioa ematen duen taulan guztizko azukreak ageri dira, hau da, ekoizleak erantsi dituenak eta esneak berez dituenak, bereziki laktosa. Azken hori ez da kezkagarria osasunerako, baina azukre erantsiak badira, horiek neurriz kanpo edo maiz samar hartzeak osasun arazoak sortzen dituelako, adibidez txantxarra, 2 motako diabetesa eta gizentasuna.

Begiratu hutsean ez daiteke jakin zenbateko proportzioan dauden erantsiak eta berezkoak, baina gutxi gorabeherako kalkulu bat egin dezakegu jakinik behi esnearen laktosak %5 inguru izaten duela eta ontzi bakoitzak zenbat esne duen ikusita. Horrela jakin ahalko dugu, gutxi gorabehera, azukre erantsiak 9 gramo inguru direla Kaiku Caffe Latte eta Mocay izenekoetan, eta 15,5 gramo Starbucks Frappuccino delakoan. Hau da, edalontzi bakoitzak bi eta hiru koilarakada eta erdi artean du azukrea.

Nutri-Scorek emandako puntuazioa

Guztiek daukate puntuazio berdina Nutri-Score sisteman: B maila. Izan ere, esnea eta edari begetalak neurtzeko orduan, elikagai solidoentzat izaten diren irizpide berdinak erabiltzen dira; adibidez, freskagarrietan baino azukre gehiago onartzen da, laktosak ez duelako eragiten azukre erantsiek bezalako kalterik osasunean.

Prezioan badira aldeak

Hautatzeko orduan, gerta daiteke ontziaren bolumena kontuan hartu gabe egitea, eta hori hutsegite bat da. Hala eginez gero, pentsa liteke Nescafé etxeko produktuak merkeagoak direla Kaiku etxekoak baino, lehenbizikoetan 1,45 € balio duelako ontziak eta bigarrenetan 1,49 €. Baina alderaketa 100 ml bakoitzeko egiten dugunean, ohartuko gara Kaiku merkeagoa dela: 0,65 € 100 ml bakoitzeko eta Nescafé etxekoek 0,76 €. Ale bakoitzak zenbat balio duen kontuan hartzen badugu (kontsumitzaileak hori gastatzen du produktu horietako bat erostean), merkeena Eroski Espresso da, 0,82 € balio du, eta garestiena Starbucks Caffè Latte, 1,89 €; azken hori lehenbizikoa halako hiru kostatzen da, eta produktu gehiago dauka: 250 ml, eta besteak 220 ml.

Oro har, ez dirudi prezioan halako aldeak izateko adinako desberdintasunik dagoenik batzuen eta besteen artean (Starbucks etxekoak lastotxoa eta gantz gehiagoko esnea izatea ez da aski arrazoi), batez ere kontuan hartuta osagai nagusiak antzeko proportzioetan dituztela.

Azukre erantsia*
  • Starbucks Frappuccino: 15,6 g
  • Kaiku Oloa: 13,6 g
  • Eroski Espresso: 12,2 g
  • Kaiku Cappuccino: 11,7 g
  • Nescafé Cookies: 11,7 g
  • Nescafé Cappuccino: 11,5 g
  • Nescafé Espresso: 10,9 g
  • Starbucks Caffè Latte: 10,5 g
  • Mocay: 9,3 g
  • Kaiku Espresso: 9 g

*Balioak gutxi gorabeherakoak dira eta produktu bakoitzak guztira dituen azukreetatik abiatuz kalkulatu dira, horiei laktosak dituenak kenduta (etiketan ageri den esne kantitatea kontuan hartuta).

Zenbat gastatzen du familia batek?* 

  • Eroski Espresso: 426,4 €
  • Mocay Caffe Latte: 670,8 €
  • Nescafé Cookies: 754 €
  • Nescafé Cappuccino: 754 €
  • Nescafé Espresso: 754 €
  • Kaiku Cappuccino: 774,8 €
  • Kaiku Espresso: 774,8 €
  • Kaiku Oloa: 826,8 €
  • Starbucks Caffè Latte: 982,6 €
  • Starbucks Frapuccino: 982,6 €

*Ontziaren prezioak alderatu ditugu. Bi helduk osaturiko familia bat hartu dugu eredutzat, eta egunean basokada bat kafe hartzen dutela jo dugu, astelehenetik ostiralera, urte osoan.

Nola kontserbatu eta kontsumitu

Edari horiek baldintza onetan kontserbatu daitezen edateko unea iritsi arte, tratamendu termiko bat ematen diete elaborazio prozesuan. Elikagaia berotu egiten dute mikroorganismo patogenoak eta nahasgarriak desagerrarazteko, gaixotasunak eragin ditzaketelako eta elikagaia bera hondatu. Horretarako, konbinazio bat baino gehiago erabil daitezke tenperaturari eta denborari dagozkienez:

Pasteurizazioa

100 ºC-tik beherako tenperaturak ematen zaizkio denbora tarte jakin batez (adibidez, 71-74 ºC 15-40 segundoz). Horrela desagerrarazten dira era begetatiboan dauden bakterioak –hau da, “berezko egoeran” daudenak, nahiz eta ez diren desagerrarazten esporak (horiek askoz gehiago irauten dute beroarekin). Horregatik, produktu horien iraupena laburragoa izaten da –aste gutxi batzuk– eta hozkailuan eduki behar dira. Baina abantaila bat ere badute: berotzean ez dietenez tenperatura handi-handirik ematen, hobeto eusten diete produktuaren lurrinari eta zaporeari. Horregatik dute estimu handiagoa eta horregatik dira, oro har, garestiagoak. Aztertu ditugun produktuen artean batzuk pasteurizatuak dira, zehazki Kaiku eta Eroski etxekoak.

UHT

100 ºC-tik gorako tenperaturak ematen dizkiete askoz ere denbora tarte laburragoan (adibidez, 140-150 ºC 2-4 segundoz). Horrela desagerrarazi egiten dira egon litezkeen bakterio guztiak, bai modu begetatiboan daudenak eta bai esporak ere. Horri esker, produktuak luzaroan irauten du oso (zenbait hilabete), eta gehienak giroko tenperaturan eduki daitezke, nahiz eta produktu horietako batzuen etiketak hozkailuan sartzeko esan. Eragozpen bat ere badu hain tenperatura handiak emateak: galdu egiten dira lurrinari eta zaporeari dagozkion ñabardura batzuk. Hori dela eta, produktu horiek ez dute aurrekoen estimurik. Era horretakoak dira Starbucks eta Mocay etxekoak. Nescafék ez du esaten nolako tratamendua eman dieten bere produktuei.

Ondoriak

Hartzeko prest dauden kafeak aztertu ditugu, eta nagusiki hiru osagai dituzte guztiek, esnea (%75- 87), kafea (%15-20) eta azukrea (%9-16), baina alde handiak daude horien artean. Esnearen osaera ez da berdina guztietan eta, ondorioz, gantz kopurua ere ez; mantenugai horrek ez du ospe onik, nahiz eta ez dagoen arrazoirik horretarako (dena den, kontuan hartu behar da mantenugai horrek kaloriak ere ematen dituela). Alderdi horretan Nescafé etxeko produktuak nabarmentzen dira (%2,8 dute gantza, esne gaina daramate eta), eta proteina gehien ere horiek dute (%3,5). Ezaugarri horiek, berez, zapore sendoagoarekin eta testura krematsu eta apartsuagoarekin lotzen dira.

Kafeari dagokionez, prestaera batekoak baino gehiagotakoak daude, eta horrek eragina du zaporean eta lurrinean, eta baita kafeina kopuruan ere. Espresak dira sendoenak, adibidez Kaiku eta Eroski (119 mg kafeina dute ontzi bakoitzeko), eta arinenak, berriz, Kaiku Capuccino eta Kaiku Oloa dira (86 mg kafeina dute ontzi bakoitzeko).

Hautatzeko garaian oso kontuan hartu beharreko beste elementu bat azukrea da; osagai hori ahalik eta gutxiena izan dezala komeni da, eta batere ez badu, hainbat hobeto. Aztertu ditugun produktu guztiek daukate azukre erantsia, nahiz eta alde aipagarriak dauden batzuen eta besteen artean. Ildo horretan, aukerarik onenak Mocay eta Kaiku Espresso izango lirateke, 8 gramo ingururekin edalontzi bakoitzeko (pare bat koilarakadatxo), eta aukerarik txarrena Starbucks Frappuccino litzateke, zeinak 16 gramo dituen ontzi bakoitzeko (hiru koilarakadatxo eta erdi).

Badira, gainera, beste alde adierazgarri batzuk ere aztertu ditugun produktuetan, adibidez etiketa, argiagoa eta zehatzagoa produktu batzuetan, esaterako Eroski etxekoetan, eta ez hainbeste beste batzuetan, Nescaférenetan. Nolanahi ere, alde horiek guztiek beti ez dute azaltzen zergatik dauden halako desberdintasunak prezioan, zehazki merkeenaren (Eroski, 0,33 €/100 ml) eta garestienaren artean (Starbucks Caffe Latte, 0,86/100 ml). Elementu horiek guztiak kontuan hartuta, Eroski etxeko edariak ditu kalitate-prezio onenak, eta Kaiku Espresso eta Kaiku Capuccino datozkio ondotik.

Erosteko gomendioak
  1. Esne mota. Gehienek erdigaingabetua daukate, baina batzuek esne gaina daramate; hori dela eta, gantz gehiago daukate. Alergia edo intolerantzia izan ezean edo beganoa izan ezean, esnea hobea da edari begetalak baino, mantenugai interesgarri gehiago ematen du eta.
  2. Azukrea. Datu hori zaindu behar da gehien. Nahiz eta ez dakigun zenbat diren erantsiak eta zenbat datozen esnetik, zenbat eta gutxiago izan, hainbat hobeto.
  3. Kafeina. Datua ez da ageri produktu guztietan, baina zenbat duen jakiteak lagundu egiten du ez gainditzen gehienezko kopuru gomendatua: 400 mg egunean.
  4. Prezioa. Alderaketa egiteko, bolumena hartu behar genuke kontuan, ez ontzia.

Aztertu beharreko hiru osagai: esnea, kafea eta azukrea