Laborategiko proteinak: Itxura eta zaporea haragiarenak, baina zer da?

Irtenbide etiko gisa aurkeztu dituzte, animaliak hiltegitik libre gelditzen direlako. Eta karbono arrastoa ere animalia jatorriko beste proteina batzuena baino txikiagoa dela esaten dute. Ama zelulen bidez sortzen den haragia pauso handiak egiten ari da, eta baliteke 2025a baino lehen supermerkatuetan salgai egotea.
1 martxoa de 2022

Laborategiko proteinak: Itxura eta zaporea haragiarenak, baina zer da?

Hemendik eta 2050. urtea bitarte, munduko populazioa 9.770 milioitara iritsiko omen da. Eta mende berrian sartuta, 11.180 milioikoa izango omen gara. Populazioa handitzeak esan nahi du elikagaia beharra ere handitu egingo dela, eta hondakinak ere gehiago sortuko direla. Global Footprint Network erakundearen arabera, gaur egun gizakiok ditugun beharrizanak asetzeko, 1,5 urtean ekoizten dena behar da. Erritmo zoro horri eusteko, elikagaien ekoizpenak %50 eta %60 artean handitu behar luke, eta horrek are gehiago hondatuko luke ingurumena, berotegi efektuko gasak ugaritu egingo liratekeelako, oihanak desegin egin beharko liratekeelako larre bihurtzeko, baliabide hidrikoak agortu egingo liratekeelako eta kutsadura handitu ekoizpen modu horren eraginez.

Petri plaka batean hazitako ‘xerrak’

Baliabideak agortu eta agortu ari garelarik, bereziki animalia jatorriko proteina ekoizteko, laborategian sorturiko haragiari begira jarri gara, etorkizunerako irtenbide bat izan daitekeelakoan. Badira haragiaren ordezko diren jaki batzuk, landare jatorrikoak eta haziekin, zerealekin, lekaleekin eta barazkiekin eginak, baina laborategian sortzen den haragia ama zeluletatik sortzen da (biopsia bidez erauzten dituzte), animaliak hil gabe. Zelula horiek in vitro hazten dira animaliaren gorputza imitatuko lukeen inguru sintetiko batean. Horrela sortzen dira giharren ehunak. Zelula horiek ugaltzeko, ez da ibili behar zelula horiek genetikoki manipulatzen. Utzi egiten da berez ugaldu daitezen, gihar bat animaliaren barnean haziko litzatekeen bezala.

Hurrengo pausoa –hori lantzen ari dira orain– modu masibo eta merkean ekoiztea izango litzateke, ez dadin izan luxuzko produktu bat.

Zer-nolako enpresak ari dira ikertzen

Ikerketa eta garapen proiektu horiek (I+G) enpresa teknologiko oso berritzaileen esku daude gehienean. Frantzian, adibidez, Gourmey enpresa foie grasa sortu nahia ari da ahaterik gabe, laborategian hazitako ahate arrautzen zelulak eta ahate gibelaren gantzak erabiliz. Espainiako Estatuan, BioTech Foods proiektu berezi batekin ari da, Meat4All delakoarekin (Europako Batasunak sustatua da), laborategiko haragia merkatuan sartzeko eta Europako industria denen buruan jartzeko arlo horretan. Konpainia horrek, gainera, beste proiektu bat ere badu esku artean beste zazpi enpresarekin, laborategiko haragiaren inguruko ikerketan pausoak emateko (Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak fi- nantzatzen du). Partzuergo horretan Argal eta Martínez Somala hestebete enpresak daude besteren artean, azken produktuak sortzeko hautagaiak biak ere (hanburgesak, haragi bolak, saltxitxak…) BioTech-ek sorturiko haragitik abiatuta. Proiektu sendoa da, eta horren erakusgarri, iaz akziodunen artean sartu zen JBS, 36 milioi eurorekin, munduko haragi enpresarik handiena.

Alde / Aurka

Alde

  1. Osasungarriagoa. Nahi bezala moldatu daitekeenez, doitu egin daitezke arazotsuak izan daitezkeen mantenugaiak, adibidez gantz saturatua eta kolesterola.
  2. Seguruagoa. Animalia jatorriko haragiarekin, ez daitezke erabat desagerrarazi infekzio eta zoonosi arriskuak. Hori dela eta, antibiotikoak erabili behar izaten dira nahitaez, eta urteetan neurriz kanpo erabiliz gero, mikrobioen aurkako erresistentziak sortzen dira. Laborategian hazten den haragiarekin erabat desagertzen da arrisku hori.
  3. Garbiagoa. Murriztu egiten dira berotegi efektuko gasen isuriak. Gaur egun, atmosferara iristen diren gas guztien %14,5 eragiten ditu abeltzaintzak.
  4. Etikoagoa. Ez da animalia hil beharrik, eta horrela, bateragarriak izan daitezke animalien ongizatea eta gizakion beharrizanak.
  5. Aukera asko. Formatu ugaritan merkaturatu daiteke, xerratan, haragi bola gisa, nugget eran…
  6. Errentagarria. Ez du azalik, hezurrik eta errairik; merkaturatzeko prest dagoen haragia da %100. Desagertu egiten dira albaitaritzako gastuak eta animalia elikatzeak sortzen dituenak, eta murriztu egiten dira garraioak eta biltegiratzeak eragiten dituenak.

Aurka

  1. Garestia. Milioi askoko inbertsioak behar dira ikertzeko eta produktua sortzeko.
  2. Eskala handiko ekoizpena. Modu masiboan ekoizteko gai izango diren plantak beharko dira errentagarria izan dadin.
  3. Lege kontuak. Oraindik ez dago araudirik haragi hori nola merkaturatu eta izendatu behar den zehazten duenik. Haragiaren sektore tradizionala kezkaturik dago. 2020. urtean saialdi bat egin zuen Europako Parlamentuak “hanburgesa begetala” terminoa galarazi zezan haragirik gabe eginda zeuden produktuentzat; ez zuen lortu, baina pentsatzekoa da laborategiko proteinarekin ere antzeko mugimenduak egingo dituela.
  4. Kulturalak. Kontsumitzaileen joera izaten da mesfidantzaz begiratzea ezagutzen ez dutenari, nahiz eta elikagaiak segurtasun berme guztiak bete.
  5. Testura. Haragi zati txikietatik abiatuz bakarrik sor daitezke produktuak. Ez daitezke sortu oilasko izterrak, txuletak edo entrekotak.

Kontsumitzaileak prest al daude dastatzeko?

Haragi berri horrek jakin-mina eta zalantzak eragin ditu, baina baita mesfidantza ere. 2018. urteak mugarri bat jarri zuen: orduan aurkeztu zuten abelgorri haragiz laborategian egindako lehen hanburgesa. “Animalia bizien giharretako ama zeluletatik abiatuz ekoitzia da produktu hori. Oraingoz ez da perfektua. Gantza falta du, odol-hodiak erremolatxa zukuarekin eta arrautza hautsarekin imitatzen dituzte…”, azaldu zuen urte hartan Beatriz Robles elikagaien teknologoak.

Jose Manuel Lopez Nicolasen iritziz, zeina Transferentzia eta Dibulgazio Zientifikoko errektoreordea baita Murtziako Unibertsitatean eta Nuevos alimentos para el siglo XXI liburuaren egilea (Elikagai berria XXI. menderako), oso proiektu mediatikoak dira, baina ez daude herritarrek dituzten kezka handien artean. Zaporeari dagokionez, aditu horren esanetan “kalitateaz hitz egin daiteke, baina sentsorialitatea oso kontzeptu subjektiboa da. Elikagai bat motela izan daiteke niretzat eta ezin hobea beste batentzat”.

Gazteek osatzen duten adin tarteak dauka jarrera irekiena haragi hori dastatzeko. Halaxe baieztatu du Iñigo Txarolak, BioTech Foods enpresaren sortzaileetako batek. “Ordezko haragiak jateko prest ote leudekeen galdetu genien 20 eta 55 urte arteko 1.000 herritarri Espainiako bost hiri handitan: Bartzelona, Bilbo, Madril, Sevilla eta Valentzia. Erantzun zutenen artean, 20 eta 40 urte arteko herritarren %40 prest egongo lirateke laborategiko haragia dastatzeko, eta 41 eta 55 urte artekoetan, berriz, zertxobait gutxiago, %36”, azaldu du Txarolak.

Araudi lausoa

Ikerketak eta inbertsioak azkar ari dira ugaritzen. Baina eskala handian ekoizteko modua izango balitz ere, ez litzateke iritsiko supermerkatuetako apalategietara. Oraingoz, Singapurrek bakarrik onartu du laborategiko haragia. Eta Israel ere aurrerapen handiak egi ten ari da beste herrialde batzuen aldean. Han ere ofizialki oraindik merkaturatzerik ez dagoen arren, dastatzeko moduan dago aurretik hitzordua hartuta. Helburu hori dauka The Chicken jatetxe ez-komertzialak, non SuperMeat enpresaren laborategietan sorturiko oilasko hanburgesak dastatu daitezkeen.

Probak egiteko gune gisa darabilte, herritarrek atsegin duten edo ez ikusteko. Israel barnean izugarrizko lehia dago arlo horretan. Beste enpresa batek, Future Meat izenekoak, planta bat ireki du laborategian sorturiko proteina modu masiboan ekoizteko, eta 2022. urte bukaeran merkaturatzen hastea da asmoa. “Egunean 500 kilo haragi sortzeko gai gara, 30 behik hilabete batean ematen dutena alegia. Gure teknologiarekin, modu jasangarrian egin dezakegu, eskala handian eta etekinekin”, adierazi zu Yaacov Nahmias-ek, enpresaren sortzaileak. Ameriketako Estatu Batuak eta Europako Batasuna ere bidea egin nahian ari dira, bakoitza bere politika arautzaileekin. Lehenbiziko oztopoa izenarekin sortzen da: zein izenekin atera merkatura kontsumitzaileek ez dezaten zalantzarik eduki nondik datorren eta ez dadin konkurrentzia desleialik sortu abeltegietatik datozen animalien proteinarekin. Ameriketako Estatu Batuetan, Sendagaien eta Elikagaien Agentziak (FDA) adostu du cell-cultured izena ematea (zelulekin hazia) edo zeluletan oinarritua. Europak oraindik ez dio lege bidez erantzunik eman gari horri.

Merkatura iristea

Beatriz Jacoste zuzendaria da KM ZERO Food Innovation Hub enpresan, zeina foodtech arloko inkubagailu bat den –ingelesezko termino horretan, food hitza (janaria) eta technology hitza biltzen dira (teknologia)–; haren ustez, haragi mota hori salgai egongo da Estatu Batuetako supermerkatuetan pare bat urteren buruan. “Europa atzean geldituko da, produktu berriak onartzeko burokrazia oso konplexua delako”, azaldu du.

BioTech Foods enpresan zalantza eta itxaropena dituzte aurrez aurre. “Araudiak abiadura desberdinetan lantzen ari dira munduan. IDTechEx aholkularitza etxe britainiarrak egindako txosten batek dioenez, Cultured Meat 2021-2041 (Hazkuntzako haragia 2021- 2041), baliteke AEBetan luze gabe onartzea laborategian sorturiko haragia, Singapurren egin duten bezala, eta horrek lagundu egingo luke beste lurralde batzuetan ere onespena ematen. Europako Batasunak, bestalde, beste inon baino hobeto zehaztuak ditu arautzeko bideak, laborategiko haragia berariaz aipatzen baita elikagai berriei buruzko araudian”, azpimarratu du Txarolak. Gauzak behar den bezala gertatzen badira, enpresa horren aurreikuspena da 2024tik aurrera hasiko dela bere produktuak merkaturatzen.

Merkatura hain epe motzean iritsiko bada, enpresaburuen ustez betiere, nola liteke herritarrek hain gutxi jakitea urte gutxian erosketa saskia irauli dezakeen kontu baten inguruan? Erantzuna hauxe izan da: bioteknologian eragile asko dago eta sekretismoa ezinbestekoa da jabetza intelektuala babestu eta espioitza industriala saihesteko.

Haragia... eta arraina ere bai

Laborategian animalien zelulak hazten hasita, edozein haragi edo arrain mota sortzera irits gaitezke. Norberaren baldintza kulturalak edo asmo komertzialak kontuan hartuta, enpresa bakoitza proteina mota jakin bat lantzen ari da laborategian. ArtMeat errusiarra zaldi haragia hazten ari da, eta 2023an hasi nahi luke merkaturatzen: HigherSteaks ingelesa hirugiharrarekin ari da; Future Meat israeldarrak kebab-erako haragiaren alde egin du; Menphis Meats estatubatuarrak nahiago ditu ahatea eta oilaskoa, eta BioBQ izenekoak (Texas-ekoa da) beef jerky (haragi ketuaren xaflak) eta beef brisket (abelgorri bularra) lantzen ditu. Cubiq Foods espainiarrak beste apustu bat egin du eta omega-3a lortzeko iturriak aztertzen ari da laborategiko zeluletatik abiatuz. Maskoten elikadurak ere egin du bere tartea ikerketa lerroen artean. Because Animals konpainia katuentzako janaria sortu nahian ari da saguen zelulekin.

Jasangarria al da? 

Laborategian hazitako proteinei “haragi garbia” esaten diete sektoreko eragileek, eragin txikiagoa duelako ingurumenaren gain. Beste batzuek “haragi etikoa” esaten diote, animaliek ez dutelako sufritzen. Oxford-eko Unibertsitateak egindako analisi batek onartzen duenez, laborategian hazitako haragiak energia gutxiago behar izaten du, %7- %45 gutxiago; berotegi efektuko gasen isuria %78 eta %96 artean murrizten da; %99 lur gutxiago erabiltzen du eta ur premia ere txikiagoa da, %82 eta %96 artean jaisten da eta (haragi mota guztiek ez dute behar izaten baliabide kopuru bera, eta horregatik daude tarteak portzentajeetan).

Ingurumenari loturik dauden arrazoiek eta herritarrak bestelako proteina batzuekin elikatzeko bideak aurkituko beharrak eman dio bultzadarik handiena arlo horri. “Ez gara ari esaten laborategikoarekin ordezkatu ahal dugunik, edo nahi dugunik, haragi konbentzionala, baina irtenbidearen zati izan daiteke, populazioa gero eta ugariagoa delako eta, aldi berean, berotegi efektuko gasak murriztu egin behar direlako”, azaldu du Hanna Tuomisto ikertzaileak, zeina Oxford- -eko Unibertsitatean aritzen den, Basa Bizitza Kontserbatzeko Ikerketa Unitatean.

Bestalde, ingurumen arloan dituen abantailez gain, elikagaien segurtasunari loturikoak ere badaude. Zoonosiak eta mikrobioen aurkako erresistentziak ikertzen dituztenek azpimarratzen dutenez, laborategian hazia izaki, desagertu egiten da animalien artean kutsatzeko arriskua eta, ondorioz, ez da antibiotikoak erabili beharrik, eta alderdi horrek kezka eragiten du Osasunaren Mundu Erakundean bertan (halaxe argitaratu du One Health plataforman).

Zein dago proiektu horien atzean? 

Foodtech bat abian jartzeko (ingelesezko food eta technology hitzak bateratzen ditu), milioi askoko inbertsioak egin behar dira. Berokuntza globalarekin kezkaturik dauden filantropoak daude proiektu horien atzean, adibidez Bill Gates eta Leonardo di Caprio, baina baita elikagaien eta sendagaien industriako konglomeratu handiak ere, esaterako, JBS, Merck KGaA, Esco Aster, Nutreco, Griffith Foods, DSM edo Mitsubishi. Etorkizuneko elikadura enpresa pribatuen esku egoteak ezinegona sortzen du hainbat zientzialariren artean. Adituen ustez, inbertsio publiko gehiago behar litzateke proiektu horietan. Horrela bakarrik saihestu daitezke jokabide ilunak ikerketan eta emaitzak ez gelditzea gutxi batzuen eskuetan.

%100 beganoak

Beganorik zorrotzenek ez dituzte onartzen laborategiko proteinekin sortzen diren elikagaiak, jatorrian animaliaren zelulak erabili behar direlako. Badira, dena den, haiek jateko moduko aukera guztiz begetalak.

Begetalak

Landare jatorriko osagaiekin egindako produktu proteikoak dira, haragiz egindako batzuen antzeko itxura, testura eta zaporea dutenak, adibidez hanburgesen, oilasko makilatxoen edo saltxitxen antzekoak. Multzo horretan sartzen dira Beyond Meat etxeko ilar hanburgesa, koko olioz, tipula hautsez eta arrozez lagundua, eta Impossible Foods etxeko soja hanburgesa. Beste batzuk oilasko nuggeten ordezko bila ari dira landareekin, edo arrain zaporea duten karramarro pastel eta hanburgesa begetalak lantzen. Ingurumenean eragin txikiagoa duten arren, oso elikagai prozesatuak dira eta, horregatik, ez dira interesgarriak nutrizioaren ikuspegitik.

Mikroorganismoekin hartzituak 

Mikroproteinei buruz ari gara; genetikoki eraldaturik dauden onddoak hartzituz sortzen dira, baldintza kontrolatuetan dauden bioerreaktoreetan sartuta, behar den adina proteina ekoitzi dezaten. Badute abantaila bat landare jatorriko proteinen aldean, ugari ematen dituztela herdoilaren aurkakoak. Genetikoki eraldaturik dauden elikagaiek, ordea, mesfidantza sortzen dute kontsumitzaileen artean. Proteina mota horren adibide bat da Nature’s Fynd etxeko Fy Breakfast delakoa, zeinak haragirik gabeko enpanadak eskaintzen dituen gosaritarako eta esnekirik gabeko krema gazta.

Animalia jatorriko proteina eta landare jatorriko proteina

Nutrizionistek eta elikagaien segurtasunean adituak direnek gomendatzen dute konbinatu egin behar direla animalia jatorriko proteina eta landare jatorrikoa, hori dela dieta askotarikoa eta osasungarria egiteko bidea. Laborategian hazitako proteina hori bi horien arteko zerbait izango litzateke, eta batarekin eta bestearekin erabat bateragarria proteina hartzeko hirugarren iturri gisa.

Animalia jatorrikoa

  • Bederatzi aminoazido esentzial ditu.
  • Bioeskuragarritasun handia, hau da, hobeto xurgatzen da.
  • Hemo burdina, erraz xurgatzen dena.
  • Ez dauka zinka xurgatzea eragozten duen konposaturik.
  • Gantz gehiago.
  • Berotegi efektuko gas isurien %14,5 eragiten ditu ekoizpenak.

Landare jatorrikoa

  • Gehienek ez dauzkate aminoazido esentzial guztiak, baina badira salbuespenak ere. Sojak eta haren eratorriek (tofua, tempeh-a…), garbantzuek, kinoak, erremolatxak eta pistatxoek landare jatorriko proteina osatua ematen dute eta kalitate onekoa.
  • Ez da hain bioeskuragarria, hau da, organismoak ez dio ateratzen hainbesteko probetxurik.
  • Ez-hemo burdina: okerrago xurgatzen da.
  • Fitatoak ditu, eta zaildu egiten dute zinka xurgatzea.
  • Kopuru handiagoetan ematen dituzte herdoilaren aurkakoak eta zuntza.
  • Ekoiztean berotegi efektuko gas gutxiago isurtzen da.