Txertoak helduaroan: bizitza gehien salbatzen duen injekzioa

Nahiz eta gehienak 18 urteak bete baino lehenago jartzen diren, helduentzat ere badago txertatze egutegi bat. Tratamendu horren bidez immunitatea lortzea lagungarria izaten da bizitzak salbatzeko eta baita hainbat gaixotasun geldiarazteko ere. Covid-19aren aurkako txertoaz hainbeste hitz egiten den garai honetan, aztertu ditzagun berebiziko garrantzia duten beste batzuk ere.
1 urria de 2020
Vacunas

Txertoak helduaroan: bizitza gehien salbatzen duen injekzioa

Txertoek izugarri lagundu dute bizi itxaropena handitzen, beste edozein tratamenduk baino gehiago. Rino Rappuoli txertoak ikertzen aritzen da Harvard-eko Medikuntza Eskolan, eta haren hitzek ongi laburbiltzen dute egoera: “Txertorik gabe, berriz ere 50 urteko bizi itxaropena edukiko genuke, edo gutxiagokoa”. Baina zer da zehazki txerto bat? “Oso ezaugarri bereziak dituen sendagai bat da, ez baita substantzia kimiko bat izaten gehienetan, biologikoa baizik, eta hala izaki, kontrolak egiten dizkiote segurtasuna, egonkortasuna, eraginkortasuna… neurtzeko. Haren helburua izaten da immunitatea sortzea gaixotasun baten aurka, eta antigorputzen ekoizpena sustatzen du horretarako”. Angel Gilek eman du azalpen hori, zeina Medikuntza Prebentiboko eta Osasun Publikoko katedraduna den Rey Juan Carlos Unibertsitatean (Madril), eta bi txerto mota bereizi ditu sailkapen mikrobiologikoaren eta klinikoaren arabera:

  • Txerto ahuldu edo biziak; mikroorganismoekin edo horien eratorriekin eginak egoten dira, eta urritua izaten dute jarduera. Adibidez, elgorriaren txertoa, errubeolarena, barizelarena edo rotabirusarena. Herritar guztietan erabil daitezke, pertsona immunokonprometituetan izan ezik, horietan gaixotasuna agerraraz dezakeelako.
  • Ez-aktibatuak, non lehengai hori (bakterioa, birusa edo azpiunitateak) hilda egoten diren. Adibidez, gripearen txertoa, A hepatitisarena edo giza papilomaren birusarena (GPB). Herritar guztiei ematen ahal zaizkie, baita haurdun daudenei ere. Seguruagoak dira, baina dosi bat baino gehiago behar izaten dute.

Ez haurrentzat bakarrik

Jaio eta berehala ia, lehenbiziko txertoa jartzen diete haurtxoei, B hepatitisarena, eta hortik aurrera beste batzuk ere bai gaitz horren aurka (oroitze dosiak) eta beste batzuen aurka 2., 4., 11. eta 12. hilabeteetan. Haurtzaroari oso lotua dagoen tratamendua da, baina ez da bizitzako garai horretarako bakarrik. Helduek ere hartu behar dituzte txertoak, hiru arrazoirengatik:

  • Heldu askok izaten dituzten gaixotasun batzuetan immunodepresioa ere agertzen da, adibidez diabetesarekin. Horrek esan nahi du zaurgarriagoak direla kanpoko eragile kutsatzaileen erasoen aurrean.
  • 60 urtetik aurrera, immunoseneszentzia esaten zaion fenomeno bat gertatzen da, eta gure immunitate sistema ahulduz joaten da eta organismoak okerrago erantzuten die infekzio bidezko gaixotasunei.
  • Haur ginela jarritako txertoak eskaintzen duen babesa desagertuz joaten da denborarekin, eta, kasu batzuetan, beharrezkoa izaten da oroitze dosiekin sendotzea.

Zergatik dira beharrezkoak?

Helduek txertoak hartu behar dituzte, hori delako modurik onena beren osasuna eta ingurukoena babesteko, murriztu egiten duelako gaixotzeko probabilitatea eta zenbait patologia transmititzekoa. Bakterioek eragindako gaixotasunen aurkako txertoei dagokienez, beste modu bat da bakterioek antibiotikoen aurka lortzen duten erresistentziari aurre egiteko. Sendagai horiek desegoki erabiltzeak ekarri du infekzioen aurkako gaitasuna galdu izatea, eta horixe da osasun publikoak duen erronka handienetakoa. Txertatzeak, beraz, murriztu egiten du antibiotikoetara jotzeko beharra, eta, ondorioz, murriztu egiten da bakterioek horiekiko erresistentzia bereganatzeko probabilitatea. “Txerto mota horrek zeharka duen eragin bat da, batez ere pneumonia pneumokozikoaren aurka erabiltzen direnek, zeina heriotza arrazoi nagusia den infekzio bidezko gaixotasunetan”, azaldu du Angel Gilek.

Streptococcus Pneumoniae delakoak urtero 9.000 eta 10.000 heriotza artean eragiten ditu Espainiako Estatuan pneumoniaren erruz, batez ere adin handikoen artean. Horri aurre egiteko arazoetako bat da mikroorganismo horrek erresistentzia bereganatu duela ohiko antibiotikoen aurrean, eta txertaketak lagundu egin du prozesu hori iraultzen: “Pazienteen artean, %20 izaten dira antibiotikoak hartu bai baina tratamenduari erantzuten ez diotenak. Bakterioaren zirkulazioa murrizten duen txerto bat edukitzeak ekarri du bakterioa berriz ere sentibera izan dadin tratamendu horietara”.

Immunitate motak

Bi txerto mota daudela esan dugu, eta bakoitzak immunitate mota bat ematen du. Mikroorganismoetatik abiatuta sortzen diren txertoek ematen dutena immunitate naturalaren antzekoa da, baina badute muga bat: ez daitezke erabili populazio guztiarekin. “Immunitate naturala beti da indartsuagoa eta luzaroago irauten duena”, azaldu du Angel Gilek. Nolanahi ere, horrek ez ditu indartzen txertoen aurkakoen argudioak. “Gaixotasun bat modu naturalean pasatzeak baditu alferreko arrisku batzuk, eta ez dirudi babesteko modu logikoa denik”, erantsi du Gilek. Txerto ez-aktibatuetan, tetanosaren eta gripearen aurkakoetan adibidez, hasierako immunitatea ez da hain indartsua, “baina oroitze dosiak ematen direnez, babes maila handia lortzen dugu patogenoaren aurka”, jakinarazi du Rey Juan Carlos Unibertsitateko katedradunak.

Garai bat dosi bakoitzerako

2019.urteaz geroztik, autonomia erkidego guztiek txerto berdinak jartzen dituzte. Osasunaren Lurraldearteko Kontseiluak onartu zuen bizitzan hartu beharreko txertoen egutegia (erkidegoetako osasun zerbitzuak koordinatzeko organoa da). Txertoaren modalitatea aldatu egin daiteke batetik bestera, baina gaixotasun berberen aurka babesten dute. Osasun publikoa da helburua, herritar guztiak babestea, bizitokia bat edo bestea izan. Erkidego guztiek daukate, ohiko egutegiaz gain, egutegi bizkortu bat herritar talde espezifikoentzat, adibidez migratzaileentzat, beren jatorrizko herrialdeetan hartu ez dituzten txertoak eguneratzeko. Programa hori haurrei eta helduei ezartzen zaie. Era horretan, urritu egiten da gaixotasunak transmititzeko arriskua.

Egutegi orokor hori moldatu egiten dute aldian behin, ebidentzia zientifikoek agintzen dutenean hain zuzen. Aldaketarik ohikoenetakoa oroitze dosiari lotua egoten da. Tetanosaren aurkakoa hamar urtetik behin jartzen zen lehen helduaroan, baina orain zabaldu egin da tartea, eta halaxe azaldu du Angel Gilek: “Pertsona batek txertoaren bost edo sei dosi hartu baditu haurtzaroan, aski litzateke oroitze dosia 35 urteak bete aurretik jartzea, beste bat 60 urteak bete aurretik, eta azkena adin horretatik aurrera”. Dosi kopurua ere aldatu egin da giza papilomaren birusaren aurkako txertoan (GPB). Jartzen hasi zirenean, 2008an, hiru dosi jartzen ziren, eta orain bi.

Nahitaezkoak al dira? 

Espainiako Estatuan gomendatu egiten dituzte txertoak. Hala ere, nahitaezkoa ere izan daiteke izurriteren bat agertuz gero. Osasun arloko agintariak, halakoetan, Osasun Publikoko Lege Orokorraz baliatzen dira, zeinak esaten baitu onura kolektiboak behar duela lehentasuna. “Elgorriaren kasuan, egutegiak aurreikusten du, arrisku egoeretan, 6. hilabetean jartzea (orain 12.ean egiten dute), betiere taldearen onura lehenetsita”, adierazi du ANgel Gilek. Epaileen ebazpenek beti egin dute osasun publikoa babestearen alde, jurisprudentzia argia dela oroitarazi du katedradunak. Legea norabide horretan do a Espainian. Hori dela eta, gerta daiteke txertoa nahitaezkoa izatea izurrite arriskua dagoenean. Gaur-gaurkoz ez dago ezer erabakita, baina Covid-19aren txertoa eskura dagoenean, baliteke nahitaez hartu beharrekoa izatea irizpide horretan oinarrituta.

Hurrengo hilabeteetan koronabirusaren eraginak ez dezan bat egin beste birus batzuek eragin dezaketenarekin eta osasun sistemak ez dezan gainezka egin, autonomia erkidego batzuek aipatu dute agian aurreratu egingo dutela gripearen aurkako txertatze kanpaina. Angel Gilek nabarmendu du beti dela ona gripearen eta pneumonia pneumokozikoaren aurkako txertoa hartzea, eta aurten koronabirusarekin bat egingo dutela jakinda, hainbat gehiago.

Tratamendu seguru baten nahi gabeko ondorioak

Txertoek, edozein sendagaik bezala, kontrako eraginak utz ditzakete, baina, gehienean, arinak eta iragankorrak izaten dira. Eragin horietako batzuk larruazalean agertzen dira (gorriuneak, hantura) besteak arnasketa sisteman, bihotz-hodietako sisteman (takikardiak, hipotentsioa, arritmia) eta digestio sisteman. Sintoma jakin bat ohikoa izan daiteke txerto batzuen ondoren eta arraroa beste batzuetan. Erreakziorik ohikoena sukarra izaten da. Kukutxeztularen aurkako txertoarekin, adibidez, pazienteen erdietan agertzen da. Sintoma horrek, ordea, B hepatitisaren aurkako txertoa hartzen duten pertsonen %1-%6ri erasaten die. Txertoen erreakzio larriak ez dira ohikoak, baina segurtasuna sekula ez da erabatekoa, eta horregatik gertatzen dira. Txerto triple birikoarekin sukar konbultsioak agertu izan dira (paziente batek izaten ditu 3.000 bakoitzeko) eta alergia erreakzio larriak ere bai (pertsona batek milioi bakoitzeko). Ohikoena izaten da tratamendua hartu eta lehen orduetan edo egunetan agertzea ondorioak, baina gerta liteke urtebete geroago agertzea ere, nahiz eta salbuespena izan.

Txertoak dituen osagaien eraginez ager daitezke alergia erreakzioak (elementu batekiko edo gehiagorekiko alergiak eraginda). Adibidez, difteriaren eta kukutxeztularen aurkakoa hartu ondoren, gorriuneak ager daitezke, mina eta sorbaldako hantura. Nahiz eta txertoei segurtasun kontrol zorrotzak egiten dizkieten onespena eman aurretik, noizbehinka erreakzioak izaten dira produktuak kalitate akatsen bat duelako edo txertoa jartzeko gailuek dutelako akats hori. Hutsegiteak egon daitezke, halaber, agindu den errezetan, manipulazioan edo tratamendua ematean. Gertatu izan da norbaiti infekzio bat transmititu izana tutu kutsatu bat erabiltzeagatik, baina arrisku hori ia erabat desagertu da orain, erabili eta botatzeko materiala erabiltzen dute eta.

Txertoa hartu aurretik, hartzeko unean edo ondoren, pertsona batzuek antsietate agerraldiak izaten dituzte. Honako hauek dira sintomarik ohikoenak: hiperbentilazioa, konorte galera, goitika egitea eta konbultsioak, baita zorabioak, zefalea eta eskuak eta ahoa inurritzea ere. Zenbaitetan, aurrez zegoen infekzio batek eragiten du sukarra; ez du zerikusirik izaten txertoarekin, baina tratamendua hartu den garai berean agertzen da.

Nola bermatzen da segurtasuna eta eraginkortasuna? 

Sendagaiekin gertatzen den bezala, txertoek 0 fase bat gainditu behar dute gizakiekin probatzeari ekin aurretik. Garai aurre-kliniko horretan, in vitro probak egiten dituzte eta animaliekin ere probatzen dute. Hori bukatu ondoren, beste lau fase pasatu behar izaten dituzte.

1. Fasea. Pertsona talde mugatu batekin probatzen da, 20 eta 100 pertsona arteko taldearekin, arriskuak baztertzeko, nahi gabeko eraginak identifikatzeko eta eraginkorra dela frogatzeko. Dosi egokia finkatzeko ere balio du.

2. Fasea. Ehunka pertsonarekin probatzen da, eta bi alderdi aztertzen dituzte: zer-nolako eragin kaltegarriak agertzen diren maiztasun handienarekin epe motzean eta immunitate sistemak nola erreakzionatzen duen.

3. Fasea. Milaka pertsonatan, txertoa hartu dutenen bilakaera aztertzen da besteekin alderatuz. Askoz norbanako gehiagoren laginak erabiltzen dituzte eta, ondorioz, hobeto doitu daitezke aurreko fasean antzeman diren nahi gabeko ondorioak.

4. Fasea. Aurreko hiru faseak gaindituta, txertoari onespena ematen dio Sendagaiaren Europako Agentziak, eta jendeari jartzeko moduan egoten da. Fase honetan, sendagaiekin gertatzen den bezala, informazio gehiago biltzen da erabilera masiboa eginda, batez ere kontrako eraginen ingurukoa.

Helduentzako txertoen egutegia

Espainiako Osasun Ministerioak zenbait txerto sartu ditu Txertoen egutegi bateratuan bizi osoan hartzeko, eta horietako bost 18 urteak bete aurretik jartzen dira oso-osorik: poliomielitisa, B hepatitisa, giza papilomaren birusa (GPB), gaixotasun meningokozikoa eta B motako Haemophilus Influezae delakoa. Beste bostetan, ordea, adin heldura ere zabaltzen da tratamendua: barizela, gripea, gaixotasun pneumokozikoa, difteria, tetanosa eta kukutxeztula, eta baita triple birikoa ere (elgorria, errubeola eta paperak).

Txertoen lehen egutegia 1975. urtean ezarri zuten, eta ordudanik, handitzen joan da txerto berriak agertu ahala. Espezialisten ustez, txertaketa tasak nolakoak diren ikusita, Espainiako herritarrak aski ongi babestuta daude. Heldu batek ez badaki zernolako txertoak falta zaizkion, ez daudelako islatuta historia klinikoan edo beste arrazoiren batengatik, odol analisi baten bidez jakin daiteke badituen edo ez antigorputzak (txertoa hartu duelako edo gaixotasuna pasatu duelako).

Metodo hori erabiltzen da beste herrialdeetatik datozen pertsonekin, eta horrela ikusten dute zer-nolako txertoak falta zaizkien. Egutegi hori ezartzeaz gain, Osasun Ministerioak txertatzeko gomendio jakinak ere ematen dizkie arrisku taldeei, adibidez osasun arloko langileei, ezinbesteko zerbitzu publikoetan ari direnei, haurdunei, immunodeprimituei edo gaixo kronikoei. Haren web-orrian ikus daitezke: www.mscbs.gob.es.

Difteria, tetanosa eta kukutxeztula. Txertoen lehenbiziko egutegian sartu zuten, 1975ean onartu zuten hartan. Pertsona heldu bati tratamendua jarri aurretik, egiaztatu egin behar da txertoak hartuta ote dituen edo ez, dokumentuetan begiratuz edo serologia bidez (azterketa horrekin egiaztatzen da odolean antigorputzik baden edo ez). 19 eta 64 urte artean. 19 urteak egin bitartean bost dosiak hartu ez dituztenek osatu egin beharko dute helduaroan. 65 urtetik aurrera. Adin handikoei oroitze dosi bat hartzeko gomendatzen diete.

Triple birikoa (elgorria, errubeola eta paperak). Txerto hori 1978an sartu zuten egutegian. Gomendatzen dute 1970. urteaz geroztik jaio diren pertsonek txertoa har dezatela baldin eta ez badakite bere garaian jarri zieten edo ez. Pertsona guztiek bost dosi hartu behar dituzte bizitzan.

Barizela. Barizelarekiko immunitatea izateko ebidentziarik ez duten pertsonek bi dosi hartu behar dituzte. Immunitatea dagoela esaten da txerto horretatik bi dosi hartu direnean. Egoera zein den ez dakigunean, serologia bat egiten da antigorputzik baden edo ez ikusteko.

Gaixotasun pneumokozikoa. 65 urtetik aurrera. Gaixotasunaren eragin tasa handitu egiten da 65 urtetik aurrera eta, batez ere, 75 edo 80 urtetik aurrera. Horregatik da egokia adin horretan txertoa hartzea

Gripea. 19 eta 64 urte artean. Haurdunek hartu egin behar dute txertoa. Haurdunaldiko edozein hiruhilekotan egin dezakete. Egokia da gaixotasun hauek dituztenentzat: bihotz-hodietako nahasmendu kronikoak, giltzurrunetakoak, gibelekoak, neurologikoak, hematologikoak, metabolikoak (diabetesa) eta biriketakoak (BGKBa, asma…). Pertsona immunodeprimituek ere hartu behar lukete (minbizia dutenek, GIBa). 65 urtetik aurrera. 65 urtetik aurrera gomendatzen dute, populazio talde horretan arrisku handiagoa izaten baita gripearen ondorioz konplikazio larriak izateko.