Nutrizioaren adinak, 0-3 urte: osasunaren zimenduak

Esne garaiak berebiziko garrantzia du haurraren osasunean eta bilakaeran (haurtxoak esnea bakarrik hartzen duelako esaten zaio horrela). Izan amarena edo artifiziala, bakoitzak eskaintzen dituen aukerak sakon ezagutzea komeni da ahalik eta probetxurik handiena ateratzeko.
1 urria de 2020
Lactancia

Nutrizioaren adinak, 0-3 urte: osasunaren zimenduak

Gizakiaren bizitzako lehen mila egunak aukera bat direla esaten da, bilakaera eta osasun egokia bermatzeko aukera bat, baina ez hortik aurrerako hilabeteetan bakarrik, baita helduaroan ere. Jaio eta hurrengo 4 edo 6 hilabeteetan, gutxi gorabehera, haurtxoa gai izaten da xurgatu eta irensteko, baina oraindik ez du gaitasunik izaten proteina batzuk digeritzeko, eta giltzurrunak ez ditu izaten erabat garatuak. Hesteak ere bilakaeran jarraitzen du lehenbiziko urte horietan: denbora horretan, heldutasuna lortzen du digestioa egiteko eta xurgatzeko funtzioan. Berdin gertatzen da gainerako sistema eta organo funtsezkoekin ere: garuna, gibela eta immunitate sistema, besteren artean, horiek ere heldutasuna lortuz joaten dira fetu garaitik 2 urte arteko denboran.

Horregatik, elikatzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko estrategiak erabakigarriak izaten dira bizitzako lehen hilabete horietan. “Kalkuluek diote geneek, asko jota, gure osasunaren %20 baldintzatzen dutela bizitzan zehar, eta transmisio bidezkoa ez den gaitz bat izateko arriskuaren %80, gutxienez, inguruari zor zaiola eta bizitzako ohiturei eta nutrizioari, besteak beste”, azaldu du Marta Cabrera Lafuentek, Madrilgo La Paz Unibertsitate Ospitaleko neonatologoak.

Amaren esnea, amarentzat ona…

La Paz ospitaleko adituaren iritziz, amaren esneak hainbat onura dauka amaren osasunerako (horretaz gain, ez du behar ekoizpen prozesurik, ontzi eta garraiorik, eta, beraz, ez du sortzen gas isuritik, hondakinik eta energia kontsumorik). Hona hemen mediku horrek nabarmendu dituen batzuk.

  • Erraztu egiten du umetokiaren inboluzioa eta murriztu egiten du erditu osteko hemorragia edo odol jarioa.
  • Atzeratu egiten du obulazioa: horrek ez du esan nahi kontrazepzio metodo eraginkorra denik, baina lagundu egiten du haurdunaldien tartea handitzen.
  • Lagundu egiten du pisua galtzen haurdunaldiaren ostean.
  • Murriztu egiten du bularreko, obulutegiko eta umetokiko minbizia izateko arriskua.
  • Haurdunaldiko diabetesik izan ez duten emakumeetan, bularra luzaroago emateak itxuraz murriztu egiten du 2 motako diabetesa izateko arriskua.
  • Txikitu egiten da bihotz-hodietako gaitzen eta osteoporosiaren eragina. Gainera, haurra bularrean jartzeak lagundu egiten du lotura afektiboa hobetzen.

eta haurrarentzat ere bai

Haurtxoaren osasunari ere on egiten dio bularra hartzeak. Elikagai orekatua da jaioberriaren nutrizio beharrak eta metabolikoak asetzeko, ongi hornitua baitago mantenugaiz: karbohidratoak, proteina eta gantzak, baita oligoelementuak, mineralak eta bitaminak ere. Era berean, bere osaera aldatu egiten da edoskitzealdia luzatu ahala eta harraldian bertan, halaxe jakinarazi du Marta Cabrera doktoreak. Oritza izaten da “lehenbiziko txertoa”, erditu ondoko 48 orduetan sortzen den esnea alegia: lehenbiziko 24 orduetan, jaioberriak 300 mg inguru bereganatzen ditu IgA jariatzailea esaten zaionetik; immunoglobulina bat da, listuko, arnasketako eta digestioko jarioetan ageri dena, eta babes hesi gisa jokatzen du, birusak eta bakterioak ez daitezen odolean sartu. Eragin prebiotikoa ere badu oritzak, eta erraztu egiten du laktobaziloen hazkundea eta eragotzi egiten du bakterio patogenoena, eta baita hesteetako mugimenduak ere.

Jaioberriaren urdailak gaitasun txikia izaten du eta, bizitzako lehen 24 orduetan, harraldi bakoitzean 1,5 ml hartuta ase daiteke, 2 edo 3 ordutik behin. Oritzaren ondoren, trantsizioko esnea sortzen da, jaio eta zazpigarren eguna bitarte, eta, hortik aurrera, esne ondua izaten da. Marta Cabrera neonatologoaren hitzetan, amaren esneak dituen proteinak hobeto onartzen eta xurgatzen ditu organismoak. “Omega-3 eta 6 saileko gantz azido polisaturatugabeak ugariagoak izaten dira elikagai mota horretan, eta gantz horiek eragina izaten dute neuronen eta erretinaren bilakaeran”, azaldu du adituak. Oligosakaridoen kontzentrazio handia izaten du, eta hori lagungarria izaten da hesteetako bifidobakterio onuragarriak hazi daitezen, eta eragile prebiotiko gisa jokatzen du.

Beste hainbat osagairen artean (adibidez, tokiko hazkunderako faktoreak, zitokinak, bitaminak, mineralak, hormonak eta mikrobioen aurkako peptidoak), nukleotidoak nabarmendu ditzakegu: mantenugai ezinbestekoak dira haurtxoarentzat, suspertu egiten baitute digestio traktuko immunitate sistema, eta horrek lagundu egiten du traktua bera hazten eta konponbidean jartzen du sor daitekeen edozein kalte. Gainera, hobetu egiten du burdina xurgatzeko prozesua eta doitu egiten du lipidoen metabolismoa. Laktoferrina, bestalde, kontzentrazio handiagoetan ageri da amaren esnean, eta mikrobioen aurkako gisa jokatzen du eta babestu egiten du digestio traktuko infekzioetatik. Moldatu egiten du immunitate sistema, hanturen aurka egiteko gaitasuna du, lagundu egiten du kaltzioa xurgatzen eta hezurretan finkatzen, eta baita burdina xurgatzen ere.

Garrantzitsua da amak argi izatea haurtxoari ezin zaiola gehigarririk eman (ura, gazur glukosaduna eta bestelako likidoak), non eta ez duen medikuak agindu.

Heldu batek osasun hobea izango al du amaren esnez elikatu bada?

Medikuek ez dute zalantzarik horren inguruan, halaxe nabarmendu du Marta Cabrerak, La Paz Unibertsitate Ospitaleko neonatologoak. Amaren esnea hartzeak murriztu egiten du adin helduan agertu ohi diren gaixotasunak izateko arriskua. OMEk ere nabarmendu izan ditu abantaila horiek azaltzen eta frogatzen dituzten ikerketak, adibidez “Bularra hartzea eta giza esnea erabiltzea”, Ameriketako Pediatria Elkarteak argitaratua. Honako datu hauek ageri dira bertan:

  • Murriztu egiten du gizentasun tasa %15-30 artean nerabe eta helduetan. Bularra hartuz elikatu direnek doitu egiten dute harraldiaren bolumena, eta uste da doitzeko gaitasun goiztiar horrek egokitzen dituela gero helduaren janaldiak eta pisua hartzeko joera.
  • 1 motako diabetes mellitusa %30 gutxiago aurkitu da amaren esnea bakarrik hartu dutenetan. Ameriketako Nutrizio Elkarteak egindako beste ikerketa batek dio %40 murrizten dela 2 motako diabetes mellitusaren eragina (giltzurrunetako gutxiegitasun terminala izateko lehen arrazoia da gaitz hori).
  • Ikusi da amaren esneak babestu egiten duela haurren leuzemiatik eta linfomatik.
  • Lehenbiziko sei hilabeteetan amaren esnea bakarrik hartu dutenek puntuazio hobeak lortzen dituzte ahozko adimen testak egitean eta bilakaera kognitiboan.

Amaren elikadura

Haurdunaldian bezala, bularra ematen ari den garaian ere (edoskitzealdian alegia), amak oso ongi zaindu behar du zer jaten duen. Eta horixe nabarmentzen dute nutrizionistek ere. Eduard Baladiak, esaterako (Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako kidea da), hauxe azpimarratzen du: “Haurdunaldian erabili zituen printzipio osasungarri berberak erabil ditzala elikatzeko garaian”. Kontuan izan behar da oraingo honetan ere ez duela birena jan behar, esnea sortzeko, amak ez baitu gehiago jateko beharrik.

Falta ez daitezkeen mantenugaiak

Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez, dieta osasungarria izan dadin, ezaugarri hauek bete behar ditu: kopuru orekatuetan eman behar ditu energia, proteinak, bitaminak eta mineralak, eta askotariko elikagaietatik lortu behar dira horiek. “Hau da, ugari behar ditu frutak eta barazkiak, lekaleak, ale osoko zerealak, oliba olioa, esnekiak, arrautzak, arraina, gantz gutxiko haragiak”, azaldu du Baladiak. “Errutina hori modu naturalean egokitzen zaio bularra emateko garaian izaten diren eskakizun zertxobait handiagoei, gosea eta asetasuna doitzen duten mekanismoen bidez, haurdunaldian gertatzen zen bezala.

Dietista-nutrizionistaren gomendioa da “lehentasuna ematea elikagai gutxi prozesatuei, elikagai ultraprozesatuak mugatzea edo, are hobeto, elikagai osasungarrietarako sarbidea erraztea eta mugak jartzea osasungarriak ez direnei (opil industrialak eta edari azukretsuak), hau da, kaloria asko duten produktuei, bete bai baina elikatzen ez dutenei”. Kafeina ere nabarmen murriztu behar da. Eta komeni da oroitaraztea tabakoa kendu egin behar dela edo, gutxienez, ahalik eta gehiena murriztu. Produktu galarazirik? Zalantzarik gabe, alkohola. “Nahiz eta haurrari kantitate txikia iritsiko litzaiokeen, uste dut saihestu beharrekoen artean sartu behar genukeela”, zehaztu du Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako adituak.

Komeni al da gehigarriak hartzea?

Ez modu sistematikoan. Adituek onartzen dute batzuetan ezinezkoa dela bularra emateko garaian behar diren mantenugai kopuruak lortzea elikaduraren bidez bakarrik, ohi baino beharrizan handixeagoak izaten baitira zenbaitetan; dena den, ezinbestekoa da medikuari galdetzea edozein bitamina edo mineral hartu aurretik. “Frogek esaten dute behar denean hartu behar direla gehigarriak; hau da, gabeziak antzematen direnean edo gabezia nabarmen bat diagnostikatzen denean. Hori bai, beti espezialistak aginduta”, adierazi du Baladiak.

Eta pisua galtzeko dietak?

Haurdunaldian ez bezala (garai horretan guztiz galarazita daude argaltzeko planak), bularra emateko garaian egin daitezke energia gutxiago ematen duten dietak, haurtxoa arriskuan jarri gabe, Eduard Baladiak azaltzen duen bezala: “Edoskitzealdia egonkortua dagoenean, gehiegizko pisua duten amek pisua galtzeko pausoak eman ditzakete bularra luzaroago emanez eta ekarpen energetikoa mugatuz; hau da, argaltzeko dieta arina egin dezakete, esnearen ekoizpena eta kalitatea arriskuan jarri gabe”. Hori bai, beti mediku batek edo dietista-nutrizionista batek gainbegiratu behar du, eta, jakina, inork ez ditu bere kontura hartu behar argaltzeko produktuak osasun arloko profesional baten kontrolik gabe.

Bularra emateko gorputz jarrera egokia

Garrantzitsuena da jarrera bat edo gehiago aurkitzea haurtxoa eta ama eroso egon daitezen. ‘Bularra ematen duten amentzako gida izeneko argitalpenean’ (Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarena da) zenbait gomendio ematen dira haurtxoak ongi heldu diezaion bularrari eta egoki hustu dezan.

  1. Amak zertxobait etzan behar du atzerantz bularra ematean.
  2. Haurtxoaren gorputzak eta amarenak kontaktu estuan egon behar dute. Buruak bular aurrean egon behar du, bular muturra goiko ezpainaren eta sudurraren parean dela. Hobe da umetxoa mugitzea bularra umearen ahora gerturatzea baino.
  3. Umetxoaren buruak eta gorputzak ongi lerrokatuta egon behar dute (lepoak ez du tolestuta egon behar, eta buruak biratuta ere ez).
  4. Erabilgarria da bere kabuz finkatzea (edo bere kabuz heltzea); alegia, jarri umetxoa zure gainean, bular muturra sudurraren parean eta kokotsa bularraren gainean jarrita duela. Umetxoak burua atzera botako du bular muturra bilatzeko, eta ahoa irekiko du. Normala da hainbat aldiz saiatu behar izatea, bular muturrari berez heltzea lortu aurretik. Emaiozu denbora, eta ez hartu aurre bular muturra ahoan sartuz. Zailtasunak baldin baditu, orduan soilik izango da beharrezkoa laguntzea.

Bularrari bere kabuz heltzea lortzen ez badu, lagungarri izan liteke heltze bideratua. Gehien erabiltzen den tekniketako bat sandwicharena da: bularrari sakon hel diezaion errazteko, bularrari forma obalatua eman behar zaio, umetxoaren ahoak duena bezalakoxea. Horretarako, jarri eskuko hatzak bular gainean, C forma eginez, umetxoaren ezpainen norabide berean (haiekiko paraleloan), eta presio pixka bat egin. Garrantzitsua da areola libre uztea, bularrari heltzeko oztoporik ez jartzeko.

  • Umetxoak ahoa irekitzen duenean, amak bularrerantz ekarriko du eta bular muturra mihiaren gainetik gidatuko du, belarri pabiloirantz (ahosabai bigun aldera).
  • Ez kendu eskua bularretik, bularrari ongi heldu diola egiaztatu arte
Bularra ematea: pisuzko arrazoiak
  • Sei hilabete bitarteko haurtxoen %40 amaren esnearekin bakarrik elikatzen dira.
  • Gomendioa da haurra jaio eta lehen orduan bertan hastea bularra ematen .
  • Komeni da elikagai osagarri seguruak eta nutrizioaren ikuspegitik egokiak sartzea 6. hilabetetik aurrera, eta bularra ematen jarraitzea 2 urte edo gehiago egiten dituen arte, amak eta haurtxoak nahi badute.
  • Horrek izan behar luke haurtxoaren elikagai iturri bakarra lehenbiziko sei hilabeteetan (baita garaia baino lehen jaio direnean ere, bikiak direnean eta haurrek gaixotasun bat dutenean).
  • Osasun arloan egin daitekeen beste ezein esku-hartzek ez du ekartzen hain onura handirik amarentzat eta haurtxoentzat: garapen bidean dauden herrialdeetan, elikadura mota hori hartzen duten haurrek 13 aldiz aukera gehiago dauka bizirik irauteko, eta jaiotzatik bertatik bularra emateak murriztu egiten du jaioberriaren hilkortasuna: %45.

Iturriak: Osasunaren Mundu Erakundea (OME), Unicef, Espainiako Pediatria Elkartea eta Europako Gastroenterologia, Hepatologia eta Nutrizio Pediatrikoko Elkartea.

Edoskitzealdi artifiziala

Amak batzuetan ez du modurik izaten haurrari bularra emateko, sortzen duen esnea ez delako egokia, egoera sozialak edo lanekoak ez diolako uzten edo, besterik gabe, bularrik ez ematea erabaki duelako; halakoetan, esne artifiziala edo formulakoa ematea egokia izaten da haurtxoaren hazkunderako. Mireia Roselló doktoreak azaltzen duen bezala (Valentziako Doctor Peset Unibertsitate Ospitaleko pediatra da, pediatriako larrialdietan espezializatua), esne moldatuak izaten dira, gehienak behi esnearekin eginak, eta gizakion esnearen osaera biokimikoa imitatzen dute. “Eta egoki betetzen dituzte haurtxoak dituen energia beharrizanak gorputzean prozesu metabolikoak gauzatu ditzaten eta garapen egokia izan dezaten; horretarako, %40-60 behar izaten dituzte karbohidratoak, %30-45 lipidoak eta %7-15 proteinak, baita bitaminak eta mineralak ere”, adierazi du.

Nola hautatu formulako esnerik onena? 

Formulako esneen artean hautatzeko orduan, amaren lehentasunak aginduko du, pediatraren aholkuak kontuan hartuta betiere, baina argi eduki behar dugu merkatuan dauden guztiek pasatu dituztela segurtasun kontrol zorrotzak, eta haurtxoak nutrizioaren aldetik dituen beharrizanei erantzuteko gai direla. Formula bat baino gehiago dago: hasierakoak edo 1 motakoak, 0 hilabetetik aurrera hartzekoak, eta baita jarraipenekoak edo 2 motakoak ere, 6. hilabetetik aurrera hartzekoak. Urtebetetik aurrera, behi esne osoa eman dakioke edo hazkunderako formulak. Haurrak 4 eta 6 hilabete artean dituenean, burdina gehiago behar izaten du eta beharrezkoa izaten da elikadura osagarria ematea, adin horretatik aurrera, izan ere, esnean bakarrik oinarritzen den dietak anemia ferropenikoa agerraraz dezake.

Ba al dago esne egokiturik?

Merkatuan badira “esne berezi” izenekoak: nahasmendu metabolikoren bat duten haurtxoen nutrizio beharrak asetzeko prestatuta dauden prestakinak. Horiek egiteko, haurrentzat diren ohiko esneak hartzen dituzte oinarri gisa, eta behar diren moldaketak egiten dizkiete. Eta erabiltzeko garaian, pediatraren gomendioak are garrantzitsuagoak dira.

Laktosarik gabeko esneak. Behi esnearekin eginak daude, baina laktosaren ordez beste karbohidrato bat izaten dute (adibidez, soja). Egokiak dira laktasa izeneko entziman gabeziaren bat izanez gero. Horiek erabiltzea gomendatzen da entzimaren jarduera berreskuratu artean.

Berrahoratzearen aurkako formulak. Haur batzuei janaria maiz etortzen zaie urdailetik ahora (urdail-hesteetako errefluxua), eta horiei gomendatzen dizkiete esne horiek. Lodigarriak erabiliz egiten dituzte, esnea ez dadin igo urdailetik aho barrunbera.

Formula hidrolizatuak. Esne horietan proteinak hidrolisi bidez zatikatuak egoten dira (molekulak destolestu egiten dira uraren ekintzarekin) zati txikiagoetan (proteina txikiagoetan eta baita aminoazidoetan ere), eta horrela errazago digeritzen eta xurgatzen dute behi esnearekiko intolerantzia duten haurrek, hesteetan xurgatzeko arazoak dituztenek edo proteina horiekiko alergia dutenek.

Arazo metabolikoetarako formulak. Entzima jakin baten funtzionamenduan akats bat dagoenean, batzuetan dietaren bidez bakarrik tratatu daiteke gaixotasun hori. Horrela, dietatik kendu egin behar izaten dira entzima akastun horren beharra duten elikagaiak. Esne horiek espezifikoak dira kasu bakoitzerako, eta medikuak zorrotz kontrolatuta erabili behar dira.

Garaia baino lehen jaio direnentzako eta pisu gutxiko jaioberrientzako formulak. Pisu gutxirekin edo garaia baino lehen jaio direnek nutrizio baldintza jakinak eskatzen dituzte, mantenugai erreserba urria izaten baitute oso, eta funtzio digestibo eta metaboliko heldugabea. Haurraren beharrizanak aseko dituzten mantenugaiak eman behar dituzte esne horiek, funtzio horiek heldu gabe daudela kontuan hartuta.

Biberoiak eta harraldiak: zalantzarik ohikoenak

Nola jakin formulako esneetan zein behar duen haurtxoak? Haurtxoak formulako esne bereziak hartu behar dituen edo ez, hori pediatrak esan behar du, historia klinikoa kontuan hartuta, haurrari azterketa eginda eta, batzuetan, proba osagarrien emaitzak aintzat hartuta. Haurtxorik gehienak ongi elikatzen dira hasierako formulekin (6. hilabetea bitartekoak) eta jarraipenekoekin (6. hilabetetik aurrerakoak), horiek mantenugai guztiak ematen dizkiete-eta garapen egokia eduki dezaten. Batzuetan, dena den, beharrizan bereziak agertzen dira, adibidez behi esnearen proteinarekiko intolerantzia, haurtxoaren digestio hodia heldu gabe egoten baita proteina handiak xurgatzeko. Ia kasurik gehienetan, arazo hori berez konpontzen da urtebete baino lehen, digestio aparatua ongi heldu ahala.

Zer hartu behar da kontuan biberoia prestatzeko? Funtsezkoa da biberoia egoki prestatzea, formularen eta uraren kopuruak egoki erabili ezean, hau da, behar baino hauts gehiago edo gutxiago erabiliz gero, deshidratazio koadroak sor daitezke edo desnutrizioa. Horregatik jarraitu behar zaie ekoizleak ematen dituen aginduei biberoia prestatzean. Iturriko ura erabil daiteke (kalitatearen arabera, agian minutu batez irakitea komeni izango da lehen hilabeteetan) eta ur mineral naturala ere bai (sodio gutxiko urak gomendatzen dituzte), eta azken horiek ez dira irakin behar. Haurtxoari eman aurretik, egiaztatu egin behar da tenperatura egokia duela, tanta batzuk norbere eskuaren gainaldera botata. Jakina, biberoia prestatu aurretik, ezinbestekoa da eskuak ongi garbitzea. Gure herrialdean, egungo osasun baldintzak kontuan hartuta, ez da ibili behar aldiro biberoiak eta tetinak irakiten; aski da uretan garbitzea xaboiarekin eta eskuila batekin (propio horretarako dena).

Kantitateei dagokienez, haurrak eskatu ahala eman behar da edo pediatrak ezarritako baldintzei jarraituz? Bularra modu egonkorrean ematen denean, haurtxoak egunean 160 edo 180 ml hartu behar ditu gorputzeko kilo bakoitzeko. Harraldiak kalkulatzeko, haurtxoaren pisua eta hazkunde erritmoa hartzen du kontuan pediatrak. “Kantitateez ari garenean, ez da zorrotza izan behar; haurtxo bakoitzari egokitu behar zaizkio eta malgutasun pittin bat onartu”, adierazi du Roselló doktoreak. Haurtxoa sekula ez da behartu behar biberoi guztia buka dezan. “Haurtxo batzuei janaria berrahoratu egiten zaie maiz eta kolikoak ere izaten dituzte gehiegi jaten dutelako. Hori bai, biberoi asko hartzeari uzten badio, pediatrari galdetu beharko zaio eta zergatia aztertu”, argitu du pediatrak.

Zenbateko denbora pasatu behar du harraldi batetik bestera? Ez da zurruna izan behar harraldi kopuruekin eta ordutegiekin. Lehenbiziko hilabetean, alderdi hauek hartzen dira kontuan egunean zenbat hartu behar duen zehazteko: jaioberriaren pisua, haurtxoaren bilakaera eta jarraipen pertzentilen tauletan ageri den hazkundea. Oro har, gomendioa da egunean 7 edo 8 harraldi ematea (hiru ordutik behin), batez ere lehen hilabetean, haurtxoen urdaila oso txikia izaten delako eta azkar husten delako; denbora tarte handiagoak utziz gero, hipogluzemiak sor daitezke (azukre beheraldiak). Haurtxoak 15 egun bete ondoren, gauetan etenalditxo bat egin daiteke, lau-sei ordukoa. Haurra heltzen eta handitzen joan ahala, handitu egin daitezke harralditik harraldirako tarteak eta 3 ordu eta erditik behin edo 4 ordutik behin eman (hau da, egunean bost edo sei harraldi). Harraldiaren iraupena, berriz, haurtxoaren araberakoa izango da. Oro har, ez du iraun behar 20 minutu baino gehiago.

Nola jakin esne egokia hautatu dugula? Mireia Roselló-ren arabera, haurra ongi elikatua dagoela jakingo dugu:

  • Gernua maiz egiten duenean (egunean bost aldiz gutxienez).
  • Maiz kaka egiten duenean.
  • Pisua egoki hartzen duenean (200 g inguru astean). Garrantzitsua da, halaber, muki mintzak heze eduki ditzala, larruazala hidratatua eta interesa ager dezala inguruarekin eta ingurukoekin interakzioan aritzeko.

6 hilabetetik 3 urtera

Haurrak sei hilabete egiten dituenetik aurrera, elikadura osagarria hasten da eta, horrekin batean, zalantza berriak. Zer eman behar diogu? Nola eskaini behar diogu? Bularra ahalik eta denbora gehienean ematea, elikagai berriak banan-banan eskaintzea eta kezkarik ez izatea eskaintzen diogun horretatik asko edo gutxi jaten duen, horra hor kontuan hartu beharreko alderdi nagusiak.

Adin horretarako egokiak diren elikagaiak eskainiz hastea da lehenbiziko pausoa elikadura dibertsifikatzeko; horrela prestatuko dugu haurtxoa etorkizunean elikatzeko –baina ez orain–, eta ezinbestekoa da amaren esnea hartzen ari den garaian ematea pauso hori, horrek murriztu egiten baitu elikagai berri horiekin kalteak jasateko arriskua (glutena dutelako, alergenoren bat…). Haurrak 6 hilabete inguru dituenean hasten da elikadura osagarria, haurrek gehienean –ez beti, hala ere– behar bezalako garapena izaten dutelako bestelako elikagai batzuk onartzeko. Hiru seinalek adierazten dute haurra prest dagoela urrats hori egiteko:

  1. Eserita mantentzen da eta buruari tente eusten dio.
  2. Gai da bere gorputza koordinatzeko elikagaiak ikusi, hartu eta ahora eramateko.
  3.  Ahoan jartzen dituenean, ez ditu mihiarekin kanporatzen (estrusio errefluxua).

Bizitzan gauza guztiekin gertatzen den bezala, haurtxo batzuek 6 hilabetetan egoki beteko dituzte baldintza horiek, baina beste batzuek denbora gehiago beharko dute. Elikagai berriak eskaintzean, baliteke trebetasun horiek dituzten haurtxo batzuek hartu eta ongi jatea; beste zenbaitek, ordea, manipulatu baino ez ditu egingo, eta litekeena da hirugarren talde batek hartu ere ez egitea. Jokabide guztiak dira erabat normalak, eta ez da ezer berezirik egin behar aldatzeko, bularra edo formulako esnea eman baino ez, elikagai osasungarriak eskaintzen jarraitu eta ikuskizunarekin gozatu.

Noiz etanola sartu elikagaiak

Garai batean egutegi zorrotz bat zegoen elikagaiak adinaren arabera sartzen joateko, eta hor esaten zen zer-nolako elikagaiak, kantitateak eta testurak ziren egokiak adinez adin. Ezagutzan sakondu ahala, malgutu egin da kontua, egutegia hura desagertzeraino. Haren ordez, askoz errazago bete daitezkeen gomendioak gelditu dira eta, segur aski, egokiagoak direnak. Eduard Baladiak oroitarazi dizkigu:

  1. Lehenik bularra edo formulako esnea eskaintzea: esneak jarraituko du izaten elikagai nagusia.
  2. Sei hilabetetik aurrera: gomendioa da elikagai osasungarriak hautatzea, guriak (hatzekin erraz zapaltzeko modukoak) eta itotzeko arrisku handirik eragiten ez dutenak. Adibidez, pasta, arroza, kinoa, osoko artatxikia (ongi egosia), barazkiak lurrunetan, indioilar edo oilasko haragia, arraina lurrunetan, ahuakatea, fruta hautatuak. Zatiak eman ahal zaizkio, eskuekin eusteko modukoak eta miazkatu eta hozkatu ditzakeenak; fruta eta ahuakatea izan ezik, gainerakoak hanburgesa edo ziritxo (birrindu) bihur daitezke, eta era horretan, testura homogeneoa lortzen da, baina hatzekin hartu eta hozkatu daitekeena.
  3. Hamabigarren hilabetetik aurrera:
    • Haurtxoak amaren esnea hartzen badu, esnekiak gerorako utziko ditugu. Haurrek esne moldatua hartuz gero, gomendioa da 12. hilabetetik aurrera hori baztertu eta esneki osoak hartzen hastea.
    • Zerbak, espinakak eta neurri handiko arrainak har daitezke 12. hilabetetik aurrera, baina kantitate txikietan, barazkiek nitratoak izaten baitituzte eta arrainek metal astunak.
  4. Hiru urtetik aurrea, has gaitezke solido txikiagoak eskaintzen, adibidez fruitu lehor osoak, krispetak, mahats ale osoak (edo antzekoak) eta testura gogorreko beste elikagai batzuk, adibidez azenario gordina. Adin horretan, haurtxorik gehienek behar bezalako garapena izaten dute itotzeko arrisku larririk ez izateko (koordinazioa, hortzhaginak aterata, elikadura boloa kudeatzeko gaitasuna).
  5. Elikagai baztergarriak: azukreak, eztia, marmeladak, txokolatea, opilak (gailetak barne) eta hestebeteak ez dira osasungarriak, eta, horregatik, ahal den guztia atzeratu eta mugatu behar dira.
Gomendioak

Noiz hasi eta noiz arte iraun

Amaren esnea. 0 – 6 hilabete / 3 urte

Esne egokitua (amaren esnea hartzen ez duten haurretan). 0 – 6 hilabete / 6 – 12 hilabete

Zerealak –ogia, arroza, pasta, eta abar– (glutenarekin edo gabe), fruta, barazkiak1, lekaleak, arrautzak haragia2 eta arraina3, oliba olioa, fruitu lehor zapalduak edo ehoak. Jogurt pittin bat eta gazta samur pixka bat eskain daiteke 9. edo 10. hilabetetik aurrera. 6 – 12 hilabete / 3 urte

Esne osoa*, jogurta eta gazta samurra (kopuru handiagoan) *Haurrak amaren esnea hartzen ez duenean. 12 – 24 hilabete / 3 urte

Itotzeko arriskua eragin dezaketen solidoak (fruitu lehor osoak, krispetak, mahats ale osoak, sagarra edo azenario gordina). 3 urte

Elikagai baztergarriak (azukreak, eztia4, marmeladak, kakaoa eta txokolatea, flanak eta esnezko postreak, gailetak, opilak, hestebeteak eta urdaitegikoak). Zenbat eta beranduago eta zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto (sekula ez 12 hilabeteak baino lehen)

1. Barazkiak: saihestu egin behar dira espinakak eta zerbak 12 hilabeteen aurretik (eta erabiltzen direnean, ez dezatela hartu plater guztiaren %20 baino gehiago), nitratoak izaten dituzte eta. Urtebetetik aurrera eta 3 urte egin arte, beharrezkoa da barazki horietatik ez dezatela jan egunean errazio bat baino gehiago. Haurrak bakterio bidezko infekzio bat baldin badu urdail-hesteetan, baztertu egin behar dira bi barazki horiek.

2. Haragia: Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) gomendatzen du 6 urtetik beherako haurrek ez luketela jan behar berunezko munizioarekin ehizatu diren animalien haragirik, neuronetan kalteak eragiten dituelako.

3. Arraina: merkurioa dela eta, 3 urtetik beherako haurrek ez dute jan behar ezpata arraina edo luba, gelba, tintoleta eta atuna (3 eta 12 urte arteko haurretan, astean 50 gramo gehienez edo 2 astean 100 gramo, eta espezie bereko bi ez dituzte jan behar aste berean). Gainera, kadmioa izaten dutenez, haurrek ez dituzte maiz jan behar ganben, otarrainxken eta zigalen buruak eta karramarroaren antzeko krustazeoak. Helduek kopuru handiagoetan hartu behar izaten dituzte kalteak sumatzeko.

4. Eztia saihestu egin behar lukete 12 hilabetetik beherako haurrek, botulismo arriskua dela eta. Adin horretatik aurrera, gaixotasuna sortzen duen bakterioak (Clostridium Botulinum) ez du arazorik sortzen.

Iturria: Recomanacions per a l’alimentació en la primera infància (de 0 a 3 anys) lanaren moldaketa (Lehen haurtzaroan elikatzeko gomendioak (3 urte bitarte), Kataluniako Osasun Publikoaren Agentziarena.