Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: Haur gizentasunaren aurkako borroka: zientzia da funtsezkoena

Gehiegizko pisua eta gizentasuna aski hedatua dagoen arazoa da, eta Europako herrialdeen artean laugarren lekuan ageri da Espainia. Horrek esan nahi du adingabeen %40k arrisku handia izango dutela bihotz-hodietako gaitzak, diabetesa edo zenbait minbizi mota izateko. Badakigu arrisku faktore asko gutxitu edo desgertu egiten direla bizi ohituretan aldaketa batzuk eginda, baina zientziak bakarrik eman diezaguke ezagutza hori.

Haur gizentasunaren aurkako borroka: zientzia da funtsezkoena

Ikerketa ezinbesteko tresna da gizentasunari nola aurre egin eta nola tratatu jakiteko, eta, horrexegatik, jarraitu egin behar da ikertzen. Ez egitea askoz garestiago ordainduko dugu.

Elikaduraren esparruan kanpaina bat egiten denean, adibidez Hijos del azúcar, zeina Espainiako Kontsumo Ministerioak sustatu baitu gurasoak ohar daitezen elkarri lotuta daudela azukre kontsumoa eta haurren gizentasuna, edo Nutri-Score etiketa sistema ezartzea erabakitzen denean kontsumitzaileek informazio hobea eduki dezaten elikagaien inguruan, edo haurrei zuzenduriko elikagai osasungaitzen publizitatea mugatzen denean, arrazoi batengatik egiten da, eta arrazoi horien oinarrian hainbat zientzialariren ikerketak egoten dira. Ikertzaile horien urteetako lanaren emaitza dira erabaki horiek guztiak.

Haiek atera dituzten ondorioei esker, badakigu gizentasunaren prebalentzia %18,1ekoa dela adingabeen artean (%20,4koa mutiletan eta %15,8koa nesketan), eta tasa horrek arrisku handia dakarkiela zenbait gaixotasun izateko, adibidez 2 motako diabetesa, hipertentsioa edo sindrome metabolikoa. Badakigu, halaber, Estatuko gazteen %3k ere ez dutela jaten behar adina fruta eta berdura (400 gramo egunean), haurrek eta nerabeek hartzen duten energiaren %21,5 azukreek emana dela (ia %30 hiru urtetik beherakoetan), eta gero eta haur gehiagorengan agertzen ari dela 2 motako diabetesa, oraintsu arte helduen gaitza zena.

Ezagutzak inbertsioa eskatzen du 

Ia ezinezkoa da finantzaketarik gabe ikertzea, eta inbertsio hori erakunde pribatuetatik lor daiteke (ez da oso ohikoa) eta publikoetatik ere bai. Honela funtzionatzen du sistemak: zenbait deialdiren bidez, ikerketa taldeak beren proiektuekin aurkezten dira, eta proposamen horiek azteRtu ondoren, ebaluazio batzorde batek erabakitzen du zein proiektu finantzatu eta zenbat diru eman, ikerketa taldeak eskatu duena edo gutxiago.

Ez dakigu zehazki zenbat ditu erabiltzen den haurren gizentasuna ikertzeko, halako daturik ez baitago, baina proiektu horietako asko finantzatzeko, Espainiako Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak ematen dituen laguntzak erabiltzen dira, Estatuko Ikerketa Agentziaren bidez eman ere. 2020. urtean, 411,15 milioi euro eman zitzaizkien unibertsitateetako taldeei, zentro publikoei eta irabazteko asmorik gabeko zentro pribatuei. Baliabide horiekin lortu nahi dena da komunitate zientifikoak kalitate handiko ikerketak egin ditzala, berritzaileak eta aipagarriak, ezagutza sortzen lagunduko dutenak eta gizartearen arazoak konpontzeko eta ekonomia bultzatzeko balioko dutenak.

Iaz baliabide gehien eskuratu zuen ikastegia Bartzelonako Unibertsitatea izan zen, zeinak 21,8 milioi euro bereganatu zituen 168 proiektu egiteko, honako fakultate hauetarako nagusiki: Medikuntza eta Osasun Zientziak eta Biologia (25 proiektu) eta Farmazia eta Elikadura Zientziak (hamar proiektu baino gehiago). Kontuak eginda, proiektu bakoitzak 131.000 euro lortu zuen. Baina aski al da?

Ezin konta ahala faktorek baldintzatzen dute ikerlan baten kostua, eta horrek egiten du, hain zuzen, proiektuen azken kostua hainbeste aldatzea. “Ikusi egin beharko da zenbat urte behar den gauzatzeko, zein arlotakoa den ikerketa (sozialagoa, adibidez ohituren inguruko inkesta handi bat, edo zientifikoagoa, immunologia arlokoa, metabolismoaren esparrukoa, genetikari lotua…).

Ikusi egin beharko da, halaber, nolako esperimentuak egingo diren, zenbat pertsona arituko den, laborategirako tresna berriak erosi beharko diren, jendea kontratatu beharko den proiektuaren helburuak lortzeko, animaliekin probak egin beharko diren, laguntza zerbitzurik baden…”, azaldu du Lluis Montoliuk, Espainiako BioteKnologia Zentroko ikertzaileak, zeinak hainbat urtez gidatu eta ebaluatu dituen ikerkuntza proiektuak Estatuko eta nazioarteko administrazioentzat. Horregatik, proiektu baten kostua milaka eurokoa izan daiteke, ehunka mila eurokoa edo milioika eurokoa ere bai. Dirua banatzeko orduan beste bi baldintza ere oso kontuan hartzekoak izaten dira: urte horretan zenbat ditu jarri den ikerkuntzarako eta zenbat ikerketa talde aurkeztu diren dirulaguntzen eskarietara.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak