Dirua sakelan, edo sakelakoan
Etxetik ateratzean, diru pixka bat hartu beharra dago, kanpoko atea zeharkatu orduko izaten da-eta zer ordaindu. Aparkalekua, autobusa, bulegoko kafea, eta abar. Eskua sakelan sartu, eta txanponak atera, hori izan da ohiko keinua orain arte. Baina gauzak aldatzen ari dira. Orain ere, sakelan bilatzen du jendeak ordaintzera doanean, baina ez dirua, ezinbestean: sakelako telefonoak diru-zorroarenak ere egiten ditu hainbat lekutan. Botoi bati eman, eta kito kontuak! Japonian eta Korean erabat hedatu da joera hori, Indian ere asko, eta Afrikako zenbait lurraldetan ere nahiago dute hala egin, telefonia zelularrak eskaintzen dituen baliabideak seguruagoak direlako lurrekoak baino. Europan, aldiz, orain arte aski gutxi erabili da telefonoa ordainketak edo diru-transferentziak egiteko, oso garestia delako eta protokoloa bera ere zail samarra. Aurrerantzean, dena den, guztiz alda liteke egoera: gero eta telefono gehiagok eskaintzen dute sarerako sarbidea, eta ordainketa-zerbitzuek ere gero eta erraztasun gehiago ematen dituzte (PayPal eta gisakoek).
Etorkizuna zein izango den ez dago esaterik, baina, gutxi-gehiago, suma liteke nondik joango den, eta horren erakusgarri, hona datu bat: telekomunikazio-operadore batek informazio gehiago du erabiltzaileari buruz, haren bankuak baino. Ondorioz, informazioaren aroan, operadoreak zerbitzu hobeak eskaintzen ahal ditu, eta herrialde batzuetan halaxe gertatzen da gaur egun. Mendebaldeko begiekin begiratuta, pentsa dezakegu mundu guztiak eduki behar duela kontu korronte bat bankuan, baina ohitura hori ez da mundu guztikoa; mendebaldekoa da beste inongoa baino gehiago. Ekialdean, beste bide batzuk sortu dituzte gastuak kredituan ordaintzeko, eta besteren artean, eskuko telefonoa erabiltzen dute horretarako.
Europan, jendeak erruz erabiltzen ditu kreditu-txartelak, baina Japonian eta Korean ez da hain ohikoa. Han, bankuek beste funtzio batzuk dituzte, eta horregatik izango da, segur aski. Japoniako banku nagusia, adibidez, posta zerbitzua eskaintzen duen erakundea da (hasieran, dirua postaz bidaltzea izan zen haren egitekoa). Gaur egun, berriz, operadore handien bidez egiten dituzte era guztietako diru-mugimenduak (NTT DoCoMo eta SK Telecom aipa litezke). Japoniarrek eta korearrek eskuko telefonoarekin ordaintzen dute han eta hemen: aurrez ordaintzeko txarteletik kentzen diete dirua, edo, bestela, ordainagiriak erabiltzen dituzte kreditu gisa; alegia, operadoreak erantzuten du hasieran, eta bezeroari kobratzen dio gero (kreditu-banku moduan funtzionatzen du, beraz).
Indian eta Afrikan, telefono-operadoreak dira milioika lagunen bankuak; irispide zailak dituzten guneetan bizi dira asko eta asko, edo oso baliabide gutxirekin, eta bankuek ez diete mailegurik ematen; aldiz, operadorearen bidez eskura ditzakete diru-mailegu txikiak. Halaber, dirua truka dezakete euren senitartekoekin edo bazkideekin, modu fidagarri eta egonkorrean, eta segurtasun maila onargarriekin. Harrigarria dirudi, baina urte batzuetatik hona, esku telefonoa bihurtu da hirugarren mundukoen kreditu txartel (halako bat erosteko baliabideak dituztenentzat, jakina).
Ez da berdin gertatzen Europan edo Ameriketako Estatu Batuetan. Herrialde horietan ere bada aukera ordainketak sakelakoarekin egiteko, baina esan liteke bide horrek porrot egin duela, oso garesti irteten delako, batetik, eta zaila gertatzen delako, bestetik. Eragile askok esku hartzen dute ordainketa egiteko orduan (erabiltzailea, bankua, operadorea, plataforma eskaintzen duen enpresa…), eta horrek garestitu egiten du sistema. Gainera, kredituan ordaintzen denez, interes tasa bat jarri behar izaten da diruaren igoera orekatzeko, eta interes hori, erabiltzaileak ordaintzen du azkenean.
Hori dela eta, halako zerbitzuak eskaintzen dituzten sistemek ez dute aurrera egin (Espainian, adibidez, Mobipay delakoak). Bulegoko kafea, izan ere, mikatzegia suertatzen zen sakelakoarekin ordainduta: SMS mezu pila joan-etorrian, kode ezkutuak, eta abar. Gainera, Mobipay bidez ordaintzea garestiago ateratzen zen kreditu-txartela erabiltzea baino.
Baliteke erabiltzaile askok eskuko telefonoa erabili izana ordainketak egiteko, nahiz eta haiek ohartu ez. Oraintsu arte, lau zifra zituzten zenbakietara bidal zitezkeen mezuak, telebistako programetara edo beste zenbait erakundetara, arrazoi humanitarioengatik eta; Premium SMS izena ematen zaie mezu horiei, eta horien prezioari gehigarri bat eransten zieten ordainketak edo dohaintzak egiteko. Gaur egun, legeak arautzen du zer zenbaki erabil litezkeen eragiketa horiek egiteko: bost edo sei zifra eduki behar dituzte, eta 280 zenbakiekin hasi.
Internet ere iritsi da sakelako telefonoetara, eta horrek guztiz alda dezake egoera. Hamarkada batetik hona, bilakaera handia izan du Internet bidezko bankuak, eta horien web orrietara sartuta egin litezke hainbat eta hainbat eragiketa, bulegoetara joan beharrik gabe. Sarean eta saretik mugitzen dituzte euren finantza-egiturak, eta segundo gutxi aski izaten dira erosi, saldu edo transferentziak egiteko. Ondorioz, sakelako telefonoan Internet edukiz gero, erabiltzaileak esku-eskura eduki ditzake bankuko kontuak. Zenbat eta gehiago hedatu smartphone direlakoak -Interneterako sarbidea eta sistema eragile konplexua daukaten telefonoak-, orduan eta ohikoagoa izango da ordainketak eta transferentziak sakelakoek eskaintzen dituzten aplikazioen bidez egitea. Azkar sar liteke Internetera, handik nor bere kontura, eta ez luke gehigarririk ordainduko. Bestalde, PayPal aplikazioa ere hortxe dago, sakelakoentzat bereziki egokitua, eta horrek ere erraztu egiten du ordainketak eta transferentziak egitea. ç
Azken hilabeteetan fenomeno deigarria gertatu da Ameriketako Estatu Batuetan, eta erne jarriak daude finantza- eta teknologia-analistak: PayPal erabiliz, diru-mailegu txikiak egiteko joera asko zabaldu da erabiltzaileen artean (zerbitzua bere ere ordaintzen dute, nola ez). Hori ikusita, The New York Times egunkariak iragarpena egin du: sakelakoek hartuko ote duten VISA txartelen lekua kreditu pertsonalen sisteman. AEBetan, kreditu-txartelik eduki ezean, ia ezin da zerbitzu bat bera ere kontratatu.
Bankuen atarietara sartu eta egin nahi dena egiteak baditu eragozpenak sakelakoarekin ari garenean: zenbaki pertsonalak sartu behar dira, teklatu txiki-txiki batekin eta sistemak eskatu ahala, gainera (halaxe agintzen dute segurtasun protokoloek). Ondorioz, sistemak automatismoa galtzen du erabiltzeko orduan.
Irtenbide bat izan daiteke txartel-irakurleak erabiltzea sakelakoan; kreditu-txartela irakurletik pasatu eta telefonoak datafono moduan funtzionatuko luke, edo ordain-igorle gisa. AEBetan, bada programa bat iPhone motako telefonoa txartel-irakurle bihurtzen duena, eta nahiko harrera ona izan du, saltoki elitistenetan, batik bat. Square izena du, eta Twitter-en sortzaileek finantzatzen dute (etorkizunean diru iturri izan litekeela ikusi dute, nonbait, sakelakoaren bidez ordainketak egitea).
- Egiaztatu nori eta zergatik ari garen ordaintzen. Irudi lezake huskeria dela euro bat eta hogeita bost zentimo ematea, baina erabiltzaile guztiak batuz gero, oso kopuru handia izan liteke.
- Ziurtatu gure sakelakoak duen sistema eragilearekin ongi doan aplikazioa erabiltzen ari garela ordainketak telefono bidez egiteko. Gerta liteke norbaitek aplikazio bat sortzea erabiltzailearen bankuko kodeak eskuratzeko.
- Zenbakiak sartzerakoan, ez ibili modu nabarmenean, eta ez utzi beste inork ikus dezan zer idatzi dugun.
- Kodeak ez gorde telefonoan bertan.