Nondik jo GPS nabigatzaile bat hautatzerakoan
Aspaldi galdu zen iparrorratza! Bere garaian gidari ezin hobea izan da tresna txiki hori, baina tokitan geratu da orain. Iraultza teknologikoa gertatu da azken urteetan, eta gaur egun, sateliteei esker, zehatz-mehatz jakin dezakegu non gauden eta zer bide egin behar dugun nahi dugun lekura iristeko, oinez bezala autoz. GPSak esaten digu hori guztia. Oso erosoak dira, aski eraginkorrak, eta prezioak ere eskura samar jarri direnez, gero eta gidari gehiagok jartzen dituzte halakoak ibilgailuetan.
GPS guztiek, hala ere, ez dituzte aukera berak eskaintzen, eta erabiltzeko orduan ere ez dira berdinak. Era askotakoak daude merkatuan, eta ikusi egin behar da nork zer behar duen. Badira profesionalentzako gailuak, errepidean lan egiten dutenentzat, alegia (aski garestiak), eta badira apalagoak ere, ohiko auto baterako guztiz egokiak izan litezkeenak. Gehien saltzen diren GPSek 200 euro inguru balio dute, eta honako hauek dira: Garmin Nüvi 200, Tomtom One eta Navman S50. Gailu garesti bat erostea, 600-700 euro ingurukoa, etsigarria gerta daiteke, mila aukera eskaintzen dituelako, eta hori traba izan liteke erabiltzeko orduan. Merke-zurrean ibiltzea ere ez da komeni: gidariak behar duen baino gailu eskasagoa erosiz gero, aldatu egin beharko du aste edo hilabete batzuen buruan, eta osatuxeagoa den bat erosi. Hori dela eta, ongi jakin behar da zer faktore hartu behar diren aintzat norberak behar duen modelo hori eskuratzeko. Horretarako, galdeketatxo bat prestatzea da egokiena, eta saltzailearengana joatea galdezka.
Funtzionamendua
Nabigatzaile batek zer ezaugarri biltzen dituen zehaztu aurretik, garrantzitsua da jakitea zein den gailu horien funtsa eta nola lan egiten duten. Jendeak GPS izena ematen die, baina, berez, ez dira hala. GPS delakoa, izan ere, kokapen-teknologia bat da (Global Positioning System edo Kokapen Sistema Globala), eta, laburbilduz, hauxe egiten du: gure planetaren jiran dabiltzan sateliteen seinalea jasotzeko gai diren gailuak une orotan zer kokapen duten esaten du. Gailu horiexek dira GPSak, eta horien funtzioa nagusia zera izaten da, sateliteen seinaleak iristeko zenbat denbora igaro den zehaztea, zer kokapen duen kalkulatzea eta informazio hori mapen bidez erakustea erabiltzaileari. Oinarrizko funtzio horietatik abiatuta, beste batzuk ere ematen dizkiete, errazago erabil ditzagun eta gure helmugara zuzen-zuzen gida gaitzaten. Erabilerrazak eta zehatzak izatea funtsezkoa da, eta ezaugarri horiei esker, denbora aurrezteaz gain, traba gutxiago egiten diegu errepidean dabiltzan gainerako gidariei.
Honako alderdi hauek hartu behar dira kontuan, zer modelo erosiko dugun erabakitzeko:
- Sateliteen seinalea hartzeko denbora: GPSa pizten denean, denbora bat behar izaten du sateliteak aurkitu eta horien seinalea neurtzeko (minutu erdi aski izaten dute batzuek eta bost minutu pasatzen dituzte beste zenbaitek). Hortik aurrera esan ahalko diogu gailuari zer kokapen duen ibilgailuak eta nora iritsi nahi dugun. Datu horiekin kalkulatzen du ibilbidea, eta mapetan marraztua erakusten digu. Beraz, zenbat eta denbora gutxiago behar izan sateliteen seinalea hartzeko, hainbat lehenago jarri ahalko gara abian. Beste faktore garrantzitsu bat izaten da zenbat satelite antzemateko gai den gailua: zenbat eta gehiago, orduan eta zehaztasun handiagoa.
- Estaldura: Sateliteen seinalea ez da gai hormak zeharkatzeko. Ondorioz, ez da ongi harrapatzen kale estuetan eta tuneletan. Tunel batean sartu eta estaldura galtzen badugu, ez da arazo larria, atera orduko berriz hartuko dugu-eta seinalea; aldiz, kalezulo batzuetan barrena goazela galtzen badugu, gerta daiteke nabigatzaileak ezin gidatu izatea guk nahi genukeen bezain zehatz. Dena dela, autoak zer abiadura duen jakinda, egungo nabigatzaileak gai dira kokapena kalkulatzeko eta, estaldura berreskuratzen dutenean, laster batean mapan erakusteko.
- Pantailaren neurria: Oso elementu garrantzitsua da pantaila, erosotasunagatik ez ezik, segurtasunagatik ere bai; gidariak ezin du arretarik galdu nabigatzailea zer esaten ari zaion ikusi nahian. Beraz, pantaila handia duen gailua erostea komeni da, begiei lan handi-handirik ez emateko eta errepideari adi jarraitzeko. Pantaila handiak, gainera, aukera ematen du menu grafiko bat ere erakusteko, non azalduko diren nabigatzaileak eskaintzen dituen aukera guztiak. Beste abantaila bat ere badu pantaila handiak: mapetan xehetasun gehiago ikusten dira, eta intereseko gune batzuk ere gehitzen ahal ditugu: gasolindegiak, saltokiak edo zeharkatuko ditugun herrien datuak. Horretarako, 4,8 hazbeteko pantaila litzateke egokiena, nahiz eta 3,5 hazbetekoan ere eroso bereizten den zer kokapen daukagun mapetan.
- Ukipen-pantaila: Pantailak eremu ederra badu eta ukipenezkoa bada, oso erraz ikusten ahal dira menuaren aukerak, mapei trabarik egin gabe. Gainera, aukera ematen du pantailan ukitu beharrekoa azkar eta eroso egiteko.
- Euskarriak: GPSa sendo lotu behar zaio autoaren aginte-panelari edo kristalari, ibilian goazela askatuko balitz, eragozpen bat baino gehiago sortuko lizkioke-eta gidariari. Gailu batzuek etxetik ekarri ohi dituzten euskarriak ez dira izaten behar bezain sendoak, eta beste batzuk erosi behar izaten dituzte erabiltzaileek. Beste euskarri batzuk oso sendoak izaten dira, baina aski aldrebesak gertatzen dira jarri eta kentzeko. Horrexegatik, dendan bertan aztertu behar da zer-nolako euskarria duen gailuak, eta, ahal dela, sendoa bezain erabilerraza dena erosi.
- Konexio-bideak: Funtsezkoa da nabigatzaileak USB atari bat eduki dezan, bai autoaren bateria-kargagailuari kablea konektatzeko, bai etxean ordenagailuarekin erabiltzeko. Erdi mailako modeloen bateriek bi eta bost ordu arteko autonomia izaten dute, eta, beraz, aldian behin, pizgailuari lotu beharko diogu nabigatzailea, karga dadin. Bestalde, ezinbestekoa da ordenagailura konektatu ahal izatea, mapak Internet bidez eguneratzeko edo disko optikoak erabiliz. Osagarri bezala, oso lagungarria gertatzen da nabigatzailea Bluetooth bidezko konexio harigabearekin konfiguratu ahal izatea, eta, adibidez, sakelako telefonoarekin erabiltzeko moduan jartzea, esku libreko gisa. Beste atari bat ere eduki dezakete, RDS TMC gailuak konektatzeko balio duena, zeinak zirkulazioaren informazioa ematen baitu denbora errealean, FMko irrati-sistema baten bidez.
- SD txartelen irakurgailua: Mapei buruzko informazioa kable bidez sar daiteke nabigatzailean, eta eguneratu ere halaxe egin daiteke; bada, ordea, beste bide bat ere hori egiteko: SD memoria-txartelak erabiltzea. Komeni da GPSak txartel-irakurgailua eduki dezan, errazago eguneratuko baitugu informazioa.
- Gau-modua: Gauez gutxiago ikusten da, eta, horrexegatik, nabigatzaile guztiek eskaintzen dute gau-modua delako aukera; pantaila argitu egiten da, eta mapak koloreetan erakusten ditu, hobeki ikusteko. Garrantzitsua da nabigatzaileak berak automatikoki jartzea gau-modua.
- Mapak eta eguneratzeak: Nabigatzaileek oinarrizko mapa batzuk ekartzen dituzte etxetik, eta hor ikus daitezke nondik doazen errepideak eta herri-hirietako kaleak. Askotan, ez dituzte erakusten gidariarentzat interesgarri izan daitezkeen gune batzuk (gasolindegiak, esaterako). Mapak eguneratu ezean, ezin izango dugu eskuratu informazio hori, eta ibilbideetan zer aldaketa egin duten jakiteko modurik ere ez dugu izango (zer errepide berri egin dituzten, edo zer kale edo saihesbide). Interneten, hainbat eztabaidagunek eta komunitatek eskaintzen dute aukera informazio hori doan eguneratzeko, baina ohikoagoa izaten da ekoizlearen orria erabiltzea horretarako (ordaindu egin behar izaten da). Beraz, nabigatzaileak etxetik dakartzan mapak zenbat eta zehatzagoak eta xeheagoak izan, hainbat hobeki.
- Eramateko zorroak eta poltsak: Pentsa liteke txikikeria dela horretaz kezkatzea, baina ez da. Zorro edo poltsa on eta erosoa edukitzea garrantzitsua da, nabigatzailea hara eta hona erraz eramateko, eta eroriz gero edo kolperen bat hartuz gero, ongi babestuta joan dadin.