Nola hautatu psikoterapeuta
Bost lagunetik batek buru-nahasmenduekin lotura duten sintomak dauzka Espainian. Beste zenbait arazok, berriz (segurtasun falta, herabetasuna edo logura), patologikoak ez izan arren, deserosotasuna eragiten diote hainbat eta hainbat jenderi, eta sufrimendua ere bai batzuei. Horientzat guztientzat, laguntza profesionala bilatzea izaten da irtenbidea, eta gai hori tabu antzera bizi izan badugu ere zenbaitetan, gauzak aldatzen ari dira. Beldurrek eta aurreiritziek indarra galdu dute, eta psikologotara edo psikiatrarengana joatea ez zaio lotzen erotasunari. Eskaria handitzen ari da, eta era berean eskaintza. Asko dagoen tokian, ongi aukeratzea da lehen urratsa, norberari zer tratamendu-eredu dagokion asmatuko duen psikoterapeuta hautatzea, alegia. ,
Buru-osasunaren alorreko profesionala da psikoterapeuta (psikologoa edo psikiatra izaten da), eta tratamendu psikologiko bat egiteko gaitasuna ematen dio bere prestakuntzak. Baina nola jakin horrelako baten beharra dugula? Ameriketako Psikologia Elkarteak (APA) dio kontsultara joatea komeni dela baldin eta guztiz babesgabe eta triste sentitzen bagara luzaroan, iruditzen bazaigu ahaleginduta ere arazoek ez dutela hobera egiten, zail eta nekeza gertatzen bazaigu eguneroko jarduerak egitea, beti urduri bagaude edo norberaren kaltetan edo besteren kaltetan diren ekintzak egiten baditugu.
Tratamendu psikoterapeutiko bat zera da, profesional batek egiten duen esku-hartzea, teknika psikologikoak erabiliz. Kaltea jasaten duenaren sufrimendua desagerraraztea izaten dute helburu, eta erakutsi nahi izaten diote nola eta zer baliabiderekin aurre egiten ahal dien eguneroko bizitzan sor litezkeen hainbat arazori. Arrazoi askok eraman dezakete norbanako bat (haurra, nerabea, heldua) piskoterapeutarengana: depresioa, antsietatea, obsesioak, trebetasun sozialen falta edo sexu-arazoak. Baina harreman-gorabeherak dituen bikote batentzat ere aukera ona izan liteke, edo seme-alabekin nola jokatu asmatu ezinik dabiltzan gurasoentzat. Terapia banaka egin liteke, bikotean, taldean edo familian.
Lehen bisita
Lehen bisitan, zalantza guztiak azaldu behar zaizkio espezialistari. Argi eduki behar da terapiak zer eman dezakeen, zenbat iraun dezakeen eta -hori ere bai- zer prezio duen. Gaur egun, mutualitateek eta mediku-aseguruek doan eskaintzen dituzte kontsulta batzuk, edo merkeago, behintzat. Mutualitate horiekin lan egiten duen psikoterapeuta bat hautatzea modu egokia izan liteke prezio on samarreko zerbitzua jasotzeko. Beste aukera bat izaten da Gizarte Segurantzako osasun-zerbitzuetara jotzea. Hor ere eskaintzen dituzte psikoterapia saioak, psikologoek gidatuta, baldin eta psikiatra batek esaten badu gaixoak horren beharra daukala.
Kontsultara doanak jakin behar du psikoterapeutak lagunduko diola arazoak gainditzen, baina terapia, elkarlanean egin behar dute. Adituak emango dion laguntzari esker, norbere burua hobeki ezagutzen ikasiko du bezeroak, bere bizitzan atsegin ez zaizkion alderdiak aldatzen eta autonomoago sentitzen. Tratamendu-eredu guztiak, berez, egokiak dira pertsona guztientzat, baina zenbait nahasmenduri aurre egiteko, hobe da alor horretan espezializatua dagoen profesional bat bilatzea, hark jakingo du-eta zein den tratamendurik egokiena.
Tratamendu nagusiak
Behin psikoterapeutarengana joateko erabakia hartuta, galdera sortzen da: zein komeni zait niri? Jende askok lagunei edo ezagunei galdetzen die, baina kontua ez da soilik psikoterapeuta batek zer gaitasun dauzkan edo ez jakitea; psikoterapia-ereduak ere bat baino gehiago dira, eta horietako bakoitzak teoria bat du oinarrian, eta horretatik abiatuta lantzen dituzte arazo psikologikoak.
Honako hauek dira tratamendu motarik aipagarrienak: kognitibo-konduktualak, psikoanalitikoak, terapia humanistak eta sistemikoak, bakoitza bere adarrekin. Psikologoen Elkargo Ofizialek izaten dute maiz aholkularitza-zerbitzua, psikoterapia moten inguruko zalantzak-eta argitzeko. Saio bakoitza 40 eta 90 euro artean kostatzen da.
Terapia psikoanalitikoa
Inkontziente dena kontziente bihurtzea da tratamendu horren helburua. Eta zer da, bada, inkontzientea? Pertsona bera ohartu gabe, kontziente izan gabe, haren sentimenduetan, pentsamenduetan eta jarreretan eragiten duten faktore guztiak. Psikoanalisi batean hasten den pertsonak, harreman bat sortzen du espezialistarekin, eta hortik iritsiko da bere gatazkak aztertzera, hobeki sentitzeko eta aldatu beharreko jotzen dituen jarrerak moldatzeko.
Eredu hori ez da batere gidatuzalea, eta pertsona askok uste izaten dute hainbat urtetako tratamenduaren ondoren agertzen direla terapiaren onurak. Baina ez da hala: eragina agudo sumatzen da. Larrimina gutxitzen da, beste sintoma batzuk hobetzen… Baina hobekuntza egonkortzeko eta psikoanalistarekiko lotura askatzeko, urtebeteko tratamendua behar izaten da, gutxienez. Astean saio bat egin ohi da, 40-50 minutukoa.
Terapia sistemikoaren oinarrian, honako ideia hau dago: norbanakoak inguruko pertsona esanguratsuekin dauzkan harremanek eragin handia dute arazo psikologikoetan. Terapia horietan, hurbileko pertsona esanguratsuak ere deitzen dituzte saioetara (gurasoak, lagunak, bikotekidea, eta abar).
Dena dela, ez dute derrigor joan beharrik. Ezin joan badira, modu sinbolikoan lan egiten da, jarleku hutsaren teknika erabiliz, esaterako: gaixoak jokatu behar du jarlekuan norbait balego bezala, eta pertsona horrekin sortu zaion gatazkaren inguruan hitz egitea izaten da helburua. Edozein arazo lantzeko balio dute terapia mota horiek, baina bereziki egoki jotzen dira bikote-harremanetan edo familian sortu diren edo sortu ziren arazoei irtenbidea emateko.
1960ko hamarkadan sortu zen psikologia humanista, garai hartan nagusi ziren bi ereduei aurre egiteko: konduktismoari eta psikoanalisiari, hain zuzen. Terapia eta teknika bat baino gehiago sartzen dira eredu horren barrenean. Ezagunenetakoa, Gestalt izenekoa da: pertsonari ase gabe geratu zaizkion beharrak asetzea du helburu, eta horretarako bidea izaten da autosabotajeak identifikatzea; hau da, pertsonak bere buruari zer oztopo jartzen dizkion antzematea helburu horiek lortzeko orduan.
Baina badira gehiago ere. Hor daude, esaterako, analisi transkzionala, bioenergetikoa -gorputza lantzen da asko-, eta terapia humanista integratiboa, zeinaren helburua baita gaixoak dolu terapeutiko bat egin dezan bere gatazkagatik (izan daiteke harreman-haustura bat, lanarekiko itsumena, eta abar). Terapia horrek urtebete irauten du, gutxienez
Tratamendu bat hasterakoan, argi eduki behar da zer alde dagoen psikiatra baten eta psikologo baten artean. Bi horiek jardun ohi dute psikoterapeuta moduan. Psikiatra medikua izan ohi da, medikuntzaren adar horretan espezializatu dena; psikologoak, berriz, Psikologia ikasi du. Psikiatrak soilik egin ditzake psikofarmakoen errezetak. Psikiatriak buru-nahasmenduen arrazoi organikoei erreparatzen die, eta psikologiak, berriz, faktore psikologikoei ematen die garrantzia (zer heziketa jaso den, zer harreman sozial ditugun, pertsonak nola ikusten duen bere burua, nola eragiten duten sentimenduek eta emozioek…). Sarri askotan, psikologoa arduratzen da tratamendu psikoterapeutikoa egiteaz, eta psikiatrak medikazioa kontrolatzen du, halakorik behar izanez gero.