Ondasun higiezinen zerga aztertu dugu, Espainiako 18 hiritan

Bartzelonak dauka etxebizitza zerga garestiena orain ere

·Hiritik hirira, alde handiak daude OHZ edo etxebizitza-zergan, eta lau urtetik hona, oso gutxi aldatu dira gauzak.
·Kataluniako hiriburuan, Burgosen halako hiru ordaintzen dute maila ertaineko familiek (589 euro batean eta 181 euro bestean).
·Bartzelonako tasak bikoiztu egiten du guk aztertu ditugun hiririk gehienek daukatena
1 ekaina de 2010
Img tema listado 126

Bartzelonak dauka etxebizitza zerga garestiena orain ere

Urtean behin, guk gonbidatu gabe ere, bisitan etortzen zaizkigu etxera. Ondasun Higiezinen Zerga (OHZ) izaten da ate joka, eta ez dago atarian uzterik; barrenera sartzen da, eta sakelatik tiraka hasten. Udalek ia 53.000 milioi euro bildu zituzten 2008. urtean zergatan, eta sei eurotatik bat, tasa horrek eman zien (Espainiako datuak dira). Udal batzuetan, hala ere, besteetan baino dezente garestiagoa izaten da zerga hori, eta halaxe egiaztatu du EROSKI CONSUMER-ek egin berri duen azterketa batek. Hiru familia mota bereizi ditugu gure lana aurrera eramateko: goi mailakoa edo diruduna, erdi mailakoa (horiek dira gehien) eta behe mailakoa (baliabide ekonomiko gutxi dituztenak), eta kalkuluak egiteko, euren ezaugarri sozio-ekonomikoen araberako etxebizitza batean bizi direla irudikatu dugu (azalera, eraikuntza-kalitatea, bizigunea). Guk egin dugun sailkapen horrekin, 18 hiriburutara jo dugu, eta familia bakoitzak 2010. urtean zenbat ordaindu izango duen kalkulatu dugu. Honako hiri hauen datuak bildu ditugu: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Donostia, Gasteiz, Granada, Iruñea, Kordoba, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza.

Datuak aski adierazgarriak dira: maila ertaineko familia batek (100 metro koadroko pisu batean bizi dela irudikatu dugu), urtean 589 euro ordaintzen du Bartzelonan OHZ (2006. urtean baino 78 euro gehiago), eta Burgosen, berriz, 181 euro (duela lau urte baino 32 euro gehiago). Normala izan liteke hiriren bat nabarmentzea goitik eta behetik, baina Bartzelonarekin gertatzen dena deigarria da oso: bikoiztu egiten du hiririk gehienek ezarri duten tasa (guk aztertu ditugun hirien % 80rena bikoizten du, hain zuzen).

Madrilen ere garestia da OHZ -429 euro izaten da urtean-, baina urruti samar geratzen da Bartzelonakotik. 2006. urtean, Bartzelonako tasaren erdia kobratzen zuten Madrilen, baina lau urtean, beste inon baino gehiago garestitu da, % 70, eta orain ez dago orduko alderik. Bi faktorek eragin dute igoera hori: batetik, lau urtean, % 12 igo da zerga-tasa, eta, bestetik, etxebizitzen balioa igotzen joan da, eta katastroa berrikusi ahala, igoera horrek eragina izan du kuotan. Zergarik apalena Burgosek ezartzen du, eta beste hainbat hiri ere 260 euroren azpitik dabiltza: A Coruña, Iruñea, Malaga, Murtzia, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza.

Bartzelonaren eta Madrilen ondotik, Donostiak dauka zergarik garestiena maila ertaineko familentzat: 363 eurokoa. Gasteiz dator jarraian, 335 eurorekin (hiru auzo erabili ditugula eredutzat hiri horretan, Zabalgune, Koroatzearen kalea eta Adurtza kalea). Gainerako hirietan, Alacanten, Bilbon, Kordoban eta Oviedon, 270 eta 300 euro arteko zerga ordaintzen dute maila ertaineko familiek (eredutzat erabili dugun etxebizitza mota aintzat hartuta, betiere).

Bartzelonako tasak bikoiztu
egiten du guk aztertu ditugun
hirien % 80ak daukatena

Behe mailako familientzat, berriz (83 metro koadroko etxea daukatela irudikatu dugu), Gasteizek du OHZ garestiena (325 euro urtean). Bartzelona da zerrendako bigarrena: 238 euro ordaintzen dute urtean sail horretan sartzen diren familiek (2006an ere bigarren lekuan geratu zen, eta ordutik hona, 35 euro igo zaie zerga familia horiei). Gasteiz eta Bartzelona askoz garestiagoak dira beste hainbat hiri baino; Valladoliden, Oviedon, Iruñean, Burgosen eta Bilbon halako bi ordaintzen dute, eta Murtzian halako zortzi.

Goi mailako familiek zenbateko zerga ordainduko duten kalkulatzeko, honako ezaugarri hauek erabili ditugu: 155 metro koadroko etxebizitza daukate, eta erdigunean bizi dira, auzo dotore batean. Guk aztertu ditugun 18 hirietatik, Valentzia da garestiena horientzat (2006an ere hala zen); 1.275 euro balio du urtean, Madrilen baino % 43 gehiago (894 euro), eta A Coruñan halako hiru ia. Valentziakoren ondotik, Bartzelonako kuota da garestiena, 2006an bezalaxe: 1.258 euro. Tasarik apalena Gasteizek, Oviedok, Zaragozak, Murtziak, Iruñeak, A Coruñak eta Burgosek daukate diru-sarrera gehien dauzkaten familientzat (442 euro eta 597 euro artean).

Zer eskubide dauzka zerga-ordaintzaileak?

Zergak ordaintzerakoan, betebeharrak ez ezik, eskubideak ere badauzka herritarrak, baita Ondasun Higiezinen Zergari dagokionez ere. Zerga-ordaintzaileak honetarako eskubidea du:

  • Katastroan behar bezala deskribatuta ager daitezen haren jabetzakoak diren ondasun higiezin guztiak: bai haien ezaugarri fisikoak, bai juridikoak eta bai ekonomikoak. Haren ondasunak egoki balioetsiak egon daitezen, Legeak dioen bezala.
  • Jakinaraz diezaioten, garaiz eta behar den eran, zer katastro-balio duten haren ondasunek, behin balorazio kolektiboko prozesu orokorrak egin ondoren, prozesu partzialak egin ondoren edo balorazio kolektiboko prozedura sinplifikatuak egin ondoren.
  • Balorazioa egiterakoan zer elementu eta irizpide erabili dituzten jakiteko.
  • Jakinaraz diezaioten balio-aldaketa bat gertatu dela, bai lehen aipatu ditugun egokitzapenen ondorioz, bai Katastroak egindako prozeduren ondorioz.

Nola kalkulatu OHZren kuota?

Herritarrek OHZ zenbat ordainduko duten kalkulatzeko, bi aldagai hartzen dira kontuan: katastroaren balioa (lurrak eta eraikinak zer balio duten; normalean, etxebizitzak merkatuan duen balioaren erdia izaten da), eta zerga-tasa. Kuota osoa zenbatekoa izango den jakiteko, katastroaren balioa biderkatu egiten da zerga-tasa jakin batekin (2/2004 Errege Legegintza Dekretuak, martxoaren 5ekoak, ezartzen ditu tasa horren gutxienekoak eta gehienezkoak; dekretu horren bidez onartzen da Tokiko Ogasunak arautzeko Legearen testu bategina).

Bartzelonan Burgosen halako hiru
ordaintzen dute maila ertaineko familiek
familiek (589 batean eta 181 bestean)

Udalek zerga-tasa handiagoa edo txikiagoa ezartzeak ez du esan nahi zerga-ordaintzaileak kuota handiagoa edo txikiagoa ordainduko duela. Katastroaren balioa ere kontuan hartu behar izaten da hori kalkulatzeko. Donostiak, esaterako, beste hiriek baino zerga-tasa txikiagoa du, baina erdi mailako familia baten kuota 363 eurokoa da, hiru garestienetako bat. Zerga-tasa handiena, berriz, Bilbok dauka, baina erdi mailako familiek 292 euro ordaintzen dute, hiririk garestienetan egiten dutenaren erdia (Bartzelona, 589 euro). Bilbon, urteak daramatzate katastroaren balioa eguneratu gabe (1970-1978ko txostenetan egin zuten azkenekoz), eta ez datoz bat merkatuan duten balioarekin; horregatik, ohi baino zerga-tasa handiagoak ezartzen dituzte hori orekatzeko.

Nola irakurri ordainagiria?

Ordainagiria etxera iristen denean, hainbat atal eta kontzeptu ikusiko ditugu, eta zalantza bat baino gehiago agertuko zaizkigu irakurtzen hastean. Ordainagiri hori funtsezkoa da ordaintzailearentzat, horixe delako haren informazio-iturri oinarrizkoa. Hona hemen zenbait argibide, ordainagiria zer elementuk osatzen duten jakin dezagun:

  1. Katastro-balioa: higiezinaren balioa da. Higiezinen Katastroan ageri diren datuetatik lortzen da, eta, labur esateko, hauxe da: lurrak duen balioa gehi etxebizitzaren eraikuntza-balioa. Oro har, etxebizitzak merkatuan duen balioaren erdia-edo izaten da.
  2. Oinarri zergagarria: beherapenetatik edo hobarietatik libre ez dauden ondasun higiezinen katastro-balioa izaten da.
  3. Likidazio-oinarria: oinarri zergagarriari beherapenak egin ondoren geratzen dena da (beherapen horiek ezartzen zaizkio balorazio kolektiborako prozedura bat indarrean sartzen denetik aurrera). 1997ko urtarrilaren 1az geroztik katastroa berrikusi duten udalerrietan soilik izango da katastro-balioaren desberdina, eta koefiziente bat aplikatuz zehazten da (zein urtetan berrikusi den, horren arabera aldatzen da). Katastro-balioak handitu egiten dira berrikusi ondoren, eta beherapen honen funtzioa izaten da, hain zuzen, igoera hori orekatzea. Hiri-ondasun higiezinei ezartzen zaie beherapena, eta zerga-ordaintzaileek eskatu gabe egiten da.
  4. Zerga-tasa: ehunekoetan adierazten da koefiziente hori, eta oinarri zergagarriari ezartzen zaio; hortik ateratzen da, azkenean, zenbateko kuota ordaindu beharko den. Udalak ezartzen du ehuneko hori, baina legeak jartzen dizkion mugen barrenean ibili behar du (hiri-ondasun higiezinei, gutxienez, % 0,4ko tasa ezartzen diete, eta, gehienez, % 1,10ekoa).
  5. Zerga-kuota: oinarri zergagarriari dagokion zerga-tasa ezarri ondotik lortzen da. Zergaren kuota osoa da zerga-kuota, hobariren bat ezarri baino lehenagokoa
  6. Hobaria: kuotari portzentajeren bat kentzea da hobaria; arrazoi bategatik baino gehiagogatik ematen dituzte hobariak: Babes Ofizialeko Etxebizitza bat edukitzeagatik, nekazari-kooperatiba bat osatzeagatik, familia ugaria izateagatik, higiezinak eraikitzeagatik, urbanizatzeagatik eta sustatzeagatik, eta abar.
  7. Zerga-zorra: kuota osoari hobariak ezarri ondotik geratzen den kopurua da. Horixe ordaintzen da.

Hori guztiak jakin ondoren, nola egiazta dezakegu guk ordaintzen duguna ongi ote dagoen edo ez. Nahiko formula erraza erabiltzen da. Katastro-balioak (lurraren balioa gehi eraikuntza-balioa) eta zerga-tasak baldintzatzen dute OHZren azken kuota. Urtero zenbateko kuota ordaindu behar dugun jakiteko, zerga-tasarekin biderkatu behar da katastro-balioa.

Baina, urtetik urtera zergatik igotzen da OHZren kuota?

Udal batek etxebizitzaren arloan zer zerga-politika daraman eta zenbateko zergak ezartzen dituen jakiteko, norbere etxebizitzak zer katastro-balio duen ikusi behar da lehenik, eta udalak zenbateko zerga-tasa ezartzen duen. EROSKI CONSUMER-ek argibideak eskatu dizkie etxebizitza eta zerga arloko hainbat adituri, eta horien esanetan, zerga-tasaren berri jakiteko, portzentajeak ezarri behar zaizkio kuotari, eta udalak dituen gastuen eta diru-sarreren kalkulua egin behar da. Hori horrela dela jakinik, errazago uler liteke zergatik udal batzuek % 30 igotzen duten zerga-tasa urte batean, eta zergatik ez duten ia aldatu ere egiten beste zenbait urtetan.

Baina orduan, zerga-tasa aurreko urtekoaren antzekoa bada, zergatik igotzen da OHZ? Katastro-balioak izaten dituen aldaketen eraginez gertatzen da hori. Eta zerk eragiten du katastro-balioa aldatzea? Merkatuko balioek urteetan izan duten bilakaeraren ondorioz alda daiteke katastroaren balioa, edo diruak balioa galdu duelako, edo hirigintza-plangintza moldatu dutelako, edo eraikinaren erabilera aldatu delako, edo aldaketa fisikoak egin zaizkiolako higiezinari (zerbait berria eraiki, zaharberritu, bota…).

Etxebizitza hutsei ezartzen zaien gainordaina: arautua dago, baina ez dute ezartzen

Tokiko Ogasunak Arautzeko Legeak 72. artikuluan esaten duenez, etxebizitza gisa erabiltzeko diren higiezinak hutsik badaude modu iraunkorrean, udalek % 50erainoko gainordaina ezarri ahalko diete (zergaren kuota likidoari dagokion kopurua hartzen da aintzat % 50 hori erabakitzeko). Legeak aukera hori onartu duenetik, udal asko agertu dira hori egitearen alde, eta udal-araudiak ere moldatu dituzte batzuek: A Coruña, Bartzelona, Sevilla, Gasteiz eta Zaragoza. Gehienek % 50eko gainordaina ezartzea erabaki zuten, Zaragozak % 10ekoa eta A Coruñak % 25ekoa.

Alde agertu arren, ordea, udal horiek ez dira hasi legea ezartzen, oso zaila gertatzen baita guztiz zehatz definitzea zer den etxebizitza bat.

Zer hobari ezartzen dituzte udalek? eta konparatzeko taula


  • Familia ugariak:
    Familia-nukleoa zenbat seme-alabak osatzen duten eta etxebizitzak zer katastro-balio duen, horren araberako beherapena egiten dute. Hiri gehienetan, ez dute beheratzen ordaindu beharreko kuotaren % 90 baino gehiago. Beste hirietan ez bezala, Iruñean ez dago gisa horretako hobaririk.

  • Babes Ofizialeko Etxebizitza:
    Etxebizitza mota horiei ere gutxitu egiten diete OHZ; guk aztertu ditugun hiri guztietan, % 50erainokoa izan daiteke beherapena.

  • Eguzki-energiari etekin termikoa edo elektrikoa ateratzeko sistemak:
    Euren etxebizitzetan era horretako sistemak jartzen dituzten familiek % 50eko beherapena izaten dute zenbait hiritan (Bartzelona, Bilbo, Gasteiz, Kordoba eta Sevilla). Madrilen, % 40rainokoa izan daiteke, Zaragozan % 20rainokoa, eta Malagan, % 15erainokoa.

  • Diru-sarrerak:
    Familia-unitateak etxebizitza bakarra badu -ohiko etxebizitza-, eta diru-sarrerak ez badira 21.000 eurotik gorakoak, OHZ gutxitu egiten dute Gasteizen, eta berdin gertatzen da Granadan; han, dena den, etxebizitza bakarraren baldintza ez ezik, beste bi hauek ere bete behar dira: diru-sarrerak ez dute izan behar Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino 1,5 aldiz handiagoak (hilean 633,30 eurokoa da soldata hori), eta etxebizitzaren katastro-balioa ezin da izan 50.000 eurokoa baino gehiagokoa.

  • Alokairua sustatu:
    Donostian, % 25eko beherapena egiten diote Etxebizitza Hutsen Programan izena ematen duen etxejabeari, eta Gasteizen, % 50eko beherapena. Euskal Autonomia Erkidegoan jarri dute abian programa hori, eta hutsik dauden etxebizitzak merkatura atera daitezen lortu nahi dute, alokairuan emateko. Bilbon, berriz, % 90eko hobaria ematen diete Zazpikaleetako higiezinei (Alde Zaharrekoei, alegia), baldin eta eremu horretarako prestatu duten Zaharberritze Plan Bereziaren arabera zaharberritu badituzte. Granadan eta Burgosen, azkenik, beherapen txiki bat egiten dute ordainagiri hori bankuan helbideratzeagatik: % 2koa Burgosen eta % 5ekoa Granadan.