Bideo-jokoetarako ‘tarifa laua’: “Gainditzen baduzu hilabeteko harpidetza egingo dizut”
Microsoft eta Sony etxeek belaunaldi berriko bideokontsolak merkaturatu zituzten 2020. urtea hasi berritan, eta horien ildotik, iraultza handia gertatzen ari da merkatu horretan. Mantsomantso sortuz joan da, eta horrek markatuko du ez bakarrik industria horren etorkizuna, baita aisialdi mota horretara sartzeko modua ere. Joera bat baino gehiago da: kontsola batzuk, autoetako audio gailuak bezala, jokoa sartzeko tarterik gabe merkaturatzen dituzte. Digitala da guztia. Eta lehenik musikan eta gero zineman eta telebistan gertatu zen bezala, bideo-jokoen munduan ere iritsi dira (eta ez dira joango) harpidetzak eskaintzen dituzten zerbitzuak hilean tarifa bat ordainduta, ehunka titulu izan ditzagun eskura.
Bideo-jokoen harpidetza zerbitzua
Merkatuan plataforma askok eskaintzen dute, hilean kuota bat ordainduta, dozenaka bideo-joko mugarik gabe deskargatzeko aukera (batzuek ehunka dituzte katalogoan). Bereziki aipatzekoak dira Playstation Now, Sony etxearena, eta Game Pass, Microsoftena. Baina badira gehiago ere, adibidez EA Play, Google Stadia eta Ubisoft Plus, batzuk aipatzearren. Funtzionamendua erraza da, aisialdiko beste zerbitzu batzuek darabiltenaren antzekoa oso, adibidez Netflix-ek edo Spotify-k. Hilean kuota bat ordaindu eta katalogorako sarbidea eskuratzen da. Zerbitzuaren arabera, funtzio eta produktu gehiago edo gutxiago izango ditu. Erakusleiho aldakorrak dira guztiak, eta tituluak erantsi eta kendu egiten dituzte hilero harpidedunak erne egon daitezen berrikuntzetara, eta heterogeneo samarrak izaten dira joko motari dagokionez.
Horrela erakargarria izango da bai haurrentzat eta bai helduentzat ere. Eta beste abantaila bat ere badu: streaming bidezko telebistarekin gertatzen den bezala, familiako edo etxeko pertsona bakoitzak profil bat eduki dezake kontsola berean jolasteko. Adituen esanetan, argiak eta itzalak dituzte zerbitzu horiek. Fernando Muñoz Bordona psikologoa da, bideo-jokoek haurrengan daukaten eragina ikertu duen espezialista, eta haren iritziz, “adingabeek gaur egun ez dakite zer den gauzen zain egotea, berehala lortzen baitute guztia harpidetza zerbitzuei esker. Hau nahi dut eta hurrengo egunerako eskuratu dut; horrekin uste izaten da gauza guztiak berehala lor ditzaketela, baina okerreko irudipena da hori”, ziurtatu du.
“Zerbitzu mota horrek ekar dezake, halaber, haurrek ez bukatzea jokoa, erronkei ez aurre egitea, zeren jokoren baten blokeatzen banaiz… beste bat jaitsi eta kito”. Dena ez da txarra, Muñoz Bordonaren iritziz: zerbitzu mota horrek lagundu egin diezaieke gehien gustatzen zaien jokoa azkarrago aurkitzen. “Eta aukera ematen du bestelako batzuk ere erraz eskaintzeko, beste zenbait arlo landu eta alderdi batzuk hobetzeko balio dutenak, adibidez psikomotrizitate fina”, adierazi du.
Zer-nolako aldeak ditu erosketa digitalarekin
Oso xehetasun garrantzitsua da hori. Harpidetza digitalak ez gaitu egiten deskargatu dugun horren jabe (berdin gertatzen da film, telesail eta musika zerbitzuekin). Hau da, joko horiek alokatzen ari gara egiaz, eskura dauden bitartean eta kuota ordaintzen dugun bitartean. Baina badira salbuespenak. Xbox-en adibidez, nahiz eta Game Pass-en dagoen joko bat katalogotik kendu, jolasten jarraitu ahalko dugu gure disko gogorretik ezabatzen ez dugun artean. Halakorik ez du uzten haren lehiakide handiak, Sony etxeak, Playstation Now zerbitzuan. Gainerakoan, joko bat modu fisikoan eskuratzen den bezalaxe egiten da modu digitalean ere. Jokoa deskargatu eta, denda bakoitzaren baldintzak kontuan hartuta, nahi bezainbeste alditan ezabatu, deskargatu eta instalatu dezakegu, gure kontuari atxikia baitago, eta ez dago kuota bat ordaintzearen mende.
Bideo-jokoetako harpidetza guztiek ez dute balio gauza bererako
Kontuz ibili behar da, zeren bideokontsola baten barneko harpidetza guztiek ez baitute ematen bideo-jokoak deskargatzeko tarifa laua. Aukera bat baino gehiago dago:
- On-line jolasteko harpidetza. Sony etxeak, adibidez, PS Now eta PlayStation Plus eskaintzen ditu. Kuota desberdina eta independentea da, eta besteak beste jokalari anitzeko zerbitzua eskaintzen du bideo-jokoetarako –titulu ezagun batzuetan ordaindu gabe jolastu daiteke on-line, adibidez Fortniten–, eta hilean joko batzuk opari ere ematen ditu. Horiek bai, guretzat har ditzakegu eta nahi dugun guztietan deskargatu, baldin eta harpidetza ordaintzen badugu. Antzera gertatzen da Nintendo Switch Online eta Xbox Live Gold zerbitzuekin ere.
- Denboraldiko baimena, joko askok eskaintzen dutena. Ordainketa bakarra izaten da eta aukera ematen du denbora jakin batez eskainiko diren eduki guztiak eskuratzeko (hedapenak, objektu paketeak, hobekuntza estetikoak…), baina erosi dugun joko horretarako bakarrik. Eduki hori bera beste joko baterako eskuratu nahi badugu, baimen hori ere ordaindu egin behar da.
- Banakako harpidetza, jokoen truke. Titulu batzuek, adibidez World Of Warcraft delakoak (beti dago modan), banakako harpidetza eskatzen dute jolastu ahal izateko. Eta hilabeteren batean ez badugu ordaintzen, ez dugu sarbiderik izango bideo-jokora. Aukera bat izan daiteke sari gisa erabiltzeko eskolan emaitza onak atera izanagatik.
Bideo-jokoen ‘streaming’-a: harpidetzak bezalakoa al da?
Harpidetza zerbitzuek eskaintzen duten funtzio bat da bideo-jokoetan streaming bidez aritzea. Google Stadia-k, adibidez, teknologia horren bidez bakarrik eskaintzen ditu bideo-joko guztiak, eta ez du uzten deskargatu eta norbere bideokontsolan, ordenagailuan eta gailuan jolasten. Microsoft-ek harpidetza osatuenaren barrenean sartzen du, Game Pass Ultimate delakoan, zeinak xCloud-erako sarbidea ematen duen. Sony etxeak, berriz, bere katalogoaren harpidetza estandarrean eskaintzen du, Playstation Now delakoan. Bideo-jokoetako beste marka handi batzuetara joanez gero, adibidez Nintendo-ra, Switch Online ordainpeko zerbitzuak ez dauka streaming bidezko eskaintzarik.
Hodeian jokatzeko aukera ematen duen funtzio horren abantaila da, egiaz, zerbitzari batean exekutatzen ari garela, eta, beraz, ez da gailu jakinik behar horretarako. Telefono mugikorretik, ordenagailutik edo bideokontsolatik sar gaitezke berdin-berdin. Zenbaitetan, smart TV-etan ere txertatu dituzte. Bluetootha darabilen aginte bat baino ez dugu beharko, mugikorrerako ere bai, eta Interneterako konexio on bat (ahal dela zuntz simetrikoa, 100 Mpbs-etik gorakoa, edo 4G-ko konexioa ahalmen osoan). Baina abantailarik handiena bera da eragozpenik handiena ere: Interneterako konexiorik ezean, ez daiteke jolasean aritu inola ere.
Nola izan daiteke hain merkea harpidetza, jolasek 80 euro balio badute?
Zentzuzkoa da galdera hori egitea. Harpidetzen artean, badira urtean 60 eurokoak eta badira hilean 15 eurokoak ere; bideojoko batek edo bik balio dutena izango litzateke hori (PS5a iritsi delarik, bakoitzak 80 euro balio du dendan). Nola liteke prezio horren truke hainbeste joko deskargatu eta erabili ahal izatea? Konpainiak beren estrategiak zehazten ari dira oraindik kontu horrekin, baina Simon-Kurcher aholkularitza etxeak egindako txosten batean ageri denez (elkarrizketa egin diete bideo-jokoen 13.000 erabiltzaileri), negozioan denetariko aukerak sartzen direla dirudi. Zaletasun gehien duten jokalariak (astean 20 ordu sartzera irits daitezkeenak) prest daude hilean 19 eta 40 dolar artean ordaintzeko harpidetzetan, eta “noizbehinkako” jokalariak ere antzera dabiltza (astean 5 ordu inguru ematen dituztenak), eta onartuko lukete hilean 10 eta 30 euro arteko harpidetzak egitea (8,50 eta 25,60 € artean).
Guraso kontrolerako funtzioa kontsolan dago, ez zerbitzuan
Erabiltzaileei aukeran eskaintzen zaizkien titulu horietan, badira PEGI kodea dutenak eta hartzaile guztientzat modukoak direnak (Pan European Game Information esan nahi du ingelesez, bideo-jokoen inguruko informazio paneuroparra alegia), eta badira +18 ikurrarekin datozenak ere. Gurasoen ardura da, beraz, haurren esku uzten duten kontsolak nola kontrolatu ditzaketen jakitea haiei harpidetza bat ordaindu aurretik, gainerakoan beren adinerako egokia ez den edukia eskuratu ahal izango baitute. Muñoz Bordona haurren psikologoak dioenez, gurasoen kontrolak zorrotzagoa izan behar du adin batzuetan. “Lehenbiziko faseetan, haurrak 10 urte inguru dituenean, haren helburu nagusia segur aski izango da joko asko pilatzea, batzuetan ibili ere egingo ez den arren. Eta hau izan liteke beste kontrol neurri bat: plataformak berak egiaztatzea aurreko jokoaren zati bat osatu duela”. Gaur-gaurkoz, bakar batek ere ez du egiten halakorik. “Fisikoki erosten diren jokoetan, ez da agertzen metatzeko grina hori, dendarako bidea egin dutelako, eta, askotan, gurasoek lagunduta”.
Simon-Kucher & Partners aholkularitza eta marketing etxeak inkesta bat egin die berriki bideo-jokoen 13.000 erabiltzaileri 17 herrialdetan. Erabiltzaileen ia %30ek dagoeneko harpidetza bat daukate era horretako zerbitzuetan. Eta ia %9k bat baino gehiago daukate. Bestalde, era horretako harpidetzekin, jendea gero eta harrapatuagoa dabil, HBO eta Netflix plataformek telesailekin eta filmekin egiten dituzten maratoietan bezala. Elkarrizketan parte hartu duten jokalarien %70 inguruk adierazi dute orain denbora gehiago ematen dutela kontsolan edo PCan.
- Harpidetza gabe: %65
- Harpidetzarekin: %35
- Plataforma batean baino gehiagotan harpidedun: %9
- Plataforma batean baino gehiagotan harpidetzeko interesa: %71
- Plataforma batean baino gehiagotan harpidetzeko interesik gabe: %20
Iturria: Simon-Kucher & Partners aholkularitza etxeak 13.000 erabiltzailerekin egindako inkesta.
10 markarik ezagunenen dohainak eta gabeziak
Xbox Game Pass
Zerbitzurik osatuena eskaintzen du. Plataforma batean baino gehiagotan partekatu dezakegu (PC eta Xbox) eta partidak sinkronizatuta mantendu horien artean, baita streaming bidez ere. Hau da, batean hasi partida eta bestean jarraitu.
- Plataformak: Xbox One / Xbox Series S / Xbox Series X / PC.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): bai, xCloud.
- Katalogoa: 400 jolas baino gehiago (70-80 adin tarte bakoitzerako, PEGI* kodearekin).
- Prezioak: Ultimate: 12,99 euro hilean (Xbox Live Gold barne). PC-rako edo kontsolarako bakarrik: 9,99 € hilean.
- Onena: Xbox Games Studios zerbitzuko jolas guztiak sartuta daude beti eta ez dira desagertzen. Merkaturatzen dituzten egunean sartzen dituzte. Ultimate bertsioak sarbidea ematen du Xbox Live Gold-erako, non hilero opari ematen dituzten jokoak. Horietan ere aritu zaitezke, kuota ordainduz gero.
- Txarrena: Zerbitzurik garestienetakoa da.
PS Now (Playstation)
Sony etxeak jolas bilduma izugarria eskaintzen du (PS2, PS3 eta PS4) hainbat gailutan jolasteko: PlayStation 4 edo 5ean edo Windows darabilen PC-an streaming bidez.
- Plataformak: PS4 / PS5 / PC (streaming).
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): bai, bereizmen txikiko irudietara mugatuta (720p-koak gehienez).
- Katalogoa: 700 joko baino gehiago.
- Prezioak: 9,99 euro hilean. 24,99 euro hiruhilekoan. 59,99 euro urtean.
- Onena: Katalogorik handienetakoa du, eta kalitatepreziorik onenak.
- Txarrena: PS3 eta PS2ko jokoetan streaming bidez aritu behar da, eta, beraz, ez dago eskuragarri lineaz kanpo, eta partidak ez dira sinkronizatzen plataformen artean. Ez da sartzen PS Plus plataforma eta ez dago katalogo finkorik joko esklusiboekin, Xbox-ek daukan bezala.
Nintendo Switch Online
Hiru konpainia handienen artean, honek dauka zerbitzu mugatuena, baina merkeena ere bai. Ezinbestekoa da Switcheko jokorik gehienetan on-line jolasteko, baina deskargatzeko moduan dagoen katalogoa NES jokoena (8 bits) eta SuperNintendorena (16 bits) bakarrik da, 80 eta 90eko urteetan merkaturatu zituztenena.
- Plataforma: Nintendo Switch.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): ez.
- Katalogoa: 70 joko baino gehiago.
- Prezioak: 3,99 euro hilean. 7,99 euro hiruhilekoan. 19,99 euro urtean. 34,99 euro urtean (familiako harpidetza, 8 konturainokoa).
- Onena: Zerbitzurik merkeena da, eta familiako kide baten baino gehiagoren harpidetza egiteko aukera ematen duen bakarra.
- Txarrena: Doan deskargatzeko tituluen zerrenda zaharkitua gelditu da egungo erabiltzaileentzat.
Google Stadia Pro
Soilik streaming bidez funtzionatzen du zerbitzu honek, baina bateragarria da telefono mugikorrekin eta ordenagailuekin Google Chrome nabigatzailearen bidez. Sarbide libreko katalogo bat dauka, jokoak opari ematen ditu hilero eta jokoak banaka erosteko aukera ere bai.
- Plataformak: PC / Mac / Mugikorrak.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): bai.
- Katalogoa: 72 joko.
- Prezioak: 9,99 euro hilean
- Onena: Ia edozein mugikorretatik edo PC-tatik jolastu daiteke hardware arazorik gabe (hodeian baikaude), eta hilero 6 joko lor daitezke opari gisa.
- Txarrena: Beharrezkoa da konexio ona izatea eta doako katalogoa oso mugatua da, eta hor ageri ez diren jokoetan aritzeko ordaindu egin behar da (40-60 euro, batez beste).
Amazon Luna
Aurkeztu berria da eta oraindik beta fasean dago: gonbidapen bidez bakarrik sar daiteke eta Espainian oraindik ez dago eskura, baina bateragarria da honako hauekin: PC, Mac, Fire TV eta iPhone eta iPad-eko aplikazioak.
- Plataformak: PC / Mac / Fire TV, iPhone, iPad.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): bai.
- Katalogoa: ezin jakin, oraindik beta fasean baitago.
- Prezioak: 5,99 euro hilean, gehi kanaletako harpidetzak (oraindik ez dute prezio ofizialik).
- Onena: Bi gailutatik erabil daiteke aldi berean, eta kalitate handia eskaintzen du (joko batzuek 4K bereizmena daukate).
- Txarrena: Harpidetzaz gain, jolasak argitaratu dituen marka bakoitzaren kanala ere ordaindu egin behar da titulu bildumetarako sarbidea edukitzeko.
EA Play
Bideo-jokoen argitaratzailerik ezagunenetakoa da, eta berak eginak dira FIFA, Battlefield, Need for speed, Los Sims eta Star Warseko bideojokoak; harpidetza zerbitzu bat eskaintzen du, eta horren bidez, sarbidea izango dugu merkaturatuko dituen joko berriekin proba egiteko.
- Plataformak: PC (Steam – Origin) / Xbox One / Xbox Series X / PS4 / PS5.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): ez.
- Katalogoa: 42 joko.
- Prezioak: 3,99 euro hilean. 24,99 euro urtean.
- Onena: Ezagunenetakoak diren jokoetarako sarbidea ematen du, eta Xbox Game Ultimate edo PC-a dutenek doan eskuratu ahalko dute 2020. urte bukaeratik aurrera.
- Txarrena: Oso katalogo mugatua dauka eta joko berriekin proba egiteko tartea 10 ordukoa baino ez da. Gainera, titulu zerrenda hori ez dute oso sarri berritzen.
Ubisoft Plus
Bideo-jokoen argiratzaile handi honek ere bat egin du harpidetzen modarekin, eta bere katalogoko 100 joko baino gehiago jartzen ditu eskura, eta merkaturatu dituen jokoetan aritzeko aukera ematen du salgai jarri diren lehen egunean.
- Plataforma: PC.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): ez.
- Katalogoa: 100 joko baino gehiago.
- Prezioak: 14,99 euro hilean.
- Onena: Doan sartu daiteke markak merkaturatzen dituen jokoetara (etxe honena da, adibidez, Asassins Creed saila) salgai jartzen diren lehen egunean. Eta kostu gehigarririk gabe.
- Txarrena: PC-tik jolasteko bakarrik balio du harpidetzak. Ez daiteke erabili bideokontsoletan, oraingoz.
Prime Gaming
Amazon etxearen beste harpidetza zerbitzua da, duela gutxi arte Twitch Prime izenekoa. Doako probaldia eskaintzen du 30 egunerako, eta sarbide iraunkorra ere bai doako jokoetara; gainera, Prime zerbitzua erabiltzen badugu, doan izango dugu.
- Plataforma: PC.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): ez.
- Katalogoa: 50 joko baino gehiago.
- Prezioak: 3,99 euro hilean. Doan Amazon Prime zerbitzuarekin (36 euro urtean).
- Onena: Doan da Amazon Prime zerbitzuaren harpideduna bazara. Jolasak ez ezik, horietarako edukiak eta osagarriak ere ematen ditu opari (armak, jantziak, eta abar).
- Txarrena: Katalogoko titulurik gehienak apalak dira, independenteak edo free-to-play delakoak (doan sartzeko aukera ematen dutenak, mikro-ordainketekin).
Humble Choice
Humble Monthly izena zuen lehen, eta 10,24 euroren truke, 12 jolaseko sorta eskaintzen du hilero, 256 euroren balioa omen duena. Gainera, ongintzazko erakundeetara bideratu dezakegu harpidetzaren zati bat.
- Plataforma: PC (Steam).
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): ez.
- Katalogoa: 12 jolaseko sorta hilero.
- Prezioak: 12 dolar (10,10 €) hilean.
- Onena: Hilero eskaintzen dituen jolasek beti gainditu egiten dute inbertsioa: betiko izango dira gureak, baita harpidetza ordaintzeari uzten diogunean ere.
- Txarrena: Ez dago aukera handirik, sorta itxia izaten baita hilero, eta sekula ez dugu jakingo zer eskainiko diguten hurrengoan.
Utomik
Katalogorik handiena eskaintzen duena izango da, segur aski: 1.100 jolas baino gehiago ditu eskura, eta berrikuntzak ateratzen ditu astero (eta ez hilero, gainerako harpidetzek bezala).
- Plataforma: PC.
- ‘Streaming’ (Kontsola/ PC gabe jolasteko aukera): ez.
- Katalogoa: 1.145 joko eskuratu daitezke.
- Prezioak: 6,99 euro hilean (kontu bat). 9,99 euro hilean (4 kontu eta guraso kontrola).
- Onena: Katalogo handia eskaintzen du hain harpidetza merkearekin. Titulu asko dauka aukeran.
- Txarrena: Gehienak joko independenteak dira, eta argitaletxe handiek atera dituztenak eskaintzen dituenean (Take2 eta THQ etxeenak bakarrik), ez dira azkena merkaturatuak.
(*) Xbox-ek bakarrik eskaintzen ditu tituluen datuak adin tarteak kontuan hartuta.