Askotariko turroiak

Askotariko turroiak: aniztasunak eta azukreak aseko zaitu

Aukera sorta amaigabea dugu eskura, baina beti ez da erraza izaten ongi hautatzea. alde handiak Dituzte nutrizio osaerari buruz eta osagaien balio komertzialari dagokionez
1 abendua de 2020
Guiaaparetur

Askotariko turroiak: aniztasunak eta azukreak aseko zaitu

Turroiak oso aspalditik ageri zaizkigu Eguberrietako festetan. Turroi gogorra eta guria dira ezagunenak eta tradizionalenak, baina beste batzuk ere klasiko bihurtzeko bidean doaz, adibidez gorringoz egindakoa edo txokolatezkoa. Azken hamarkadetan asko ugaritu dira aukerak, eta hainbat turroi mota berri aurki dezakegu: arroz esnez eginak, esne gainez eta intxaurrez eginak eta baita txokolate eta txurroen zaporea dutenak edo garagardoz eginak ere. Hainbesteko aniztasuna izanik, batek baino gehiagok galdetuko dio bere buruari ea betiko turroien antzekoak ote diren edo ez. Galdera horri erantzuteko, begiratu bat eman behar zaio legediari (1787/1982 Errege Dekretua), hor ageri baitira gisa horretako produktuen definizioak:

  • Turroia. Eztiari edo azukreari almendrak erantsi eta guztia egosiz lortzen den orea da; arrautza zuringoa erants dakioke. Talde horretan sartzen dira turroi gogorra eta guria, eta horixe dute, gainera, legezko izena.
  • Turroi askotarikoak. Legez izen hori daukate beste turroi motek. Eztiz edo azukrez egindako oreak dira, almendrak nahasiz eginak. Horien ordez beste edozein fruitu lehor ere erabil daiteke eta oinarrizko beste materia batzuk, hau da, “osagai nobleak”, adibidez kakaoa edo arrautza gorringoa, eta beste konposatu batzuk ere eransten ahal zaizkie, adibidez azukreak edo arroz puztua, baina legeak onartzen duen zerrenda mugatu batean agertzen direnak bakarrik.

Turroi guztiek bi osagai izaten dituzte: gozotasuna ematen duen elementua (azukrea, eztia edo eztitzaile bat izan daiteke) eta almendra, baina askotariko turroietan oinarrizko beste materia batzuk erabil daitezke almendren lekuan, eta horregatik, gerta liteke betiko turroiek (gogorrak eta guriak) zerikusi gutxi izatea turroi askotariko batzuekin, itxuraz eta neurriaz harago. Gida hau egiteko, turroi askotarikoak hartu ditugu kontuan. Zehazki, txokolatez, pralinez, gorringoz eta beste osagai batzuez (“fantasiazkoak” esaten zaie) egindakoak aztertu ditugu. Berezitasun bat ere badute horietako batzuek: eztitzaileak darabiltzate azukrearen ordez.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, turroiak hautatu ditugu, merkatuan puntapuntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu nagusiki:

  • Nutri-Score sistemaren puntuazioa. Azukre, gantz eta energia kopuruak asko baldintzatzen du azken emaitza.
  • Osagaiak. Gehienbat oinarrizko lehengaiei jarri diegu arreta, almendrari, kakaoari eta arrautza gorringoari, eta azukre edo eztitzaile kantitatea ere kontuan hartu dugu.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili produktuaren kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Nolakoa da turroi hau?

Turroia zer motatakoa den eta oinarrizko materiak zein dituen jakiteko, etiketan begiratzea komeni da, eta zehazki produktuaren izenari erreparatzea (osagai zerrendaren aurrean agertu ohi da). Askotariko turroietan bereziki garrantzitsua da hori, zeren itxurari bakarrik begiratuta, ez den gauza bat pentsaraz baitiezaguke itxurak. Adibidez, Lacasa etxeko eta Eroski etxeko krema katalanezko turroien itxurari begiratzen badiogu, pentsa dezakegu biak antzekoak direla, baina ez da hala. Produktuaren izena irakurtzen badugu, ikusiko dugu Eroski etxearenak hau jartzen duela: “turroi askotarikoa, krema katalanez egina”, eta horrexegatik ditu oinarrizko materiak almendra eta arrautza gorringoa. Lacasa turroiaren izena, berriz, hau da: “turroi askotarikoa, krema katalanezko pralinez egina”, eta, ondorioz, oinarrizko materiak desberdinak dira. Hauexek ditu: kakao gantza, esnea, almendra eta gorringoa. Antzera gertatzen da Eroskiren Hiru txokolateko turroiarekin edo Delaviuda etxeko Txokolate moussearekin; bi horiek ere pralinez eginak daude, eta ez txokolatez, Suchard etxekoa ez bezala.

Turroiaren kalitatea

Turroiak arautzen dituen legediak ia 40 urte ditu (1982koa da). Horrek esan nahi du zaharkitua dagoela alderdi batzuetan, eta esan beharra dago, bestalde, nahiko zehaztugabea dela. Arautzen dituen alderdien artean, kalitate komertziala dago, eta hor lau maila egiten ditu: gorena, estra, estandarra eta herrikoia, turroiak darabiltzan oinarrizko materien arabera. Horrela, gutxieneko batzuk jartzen ditu turroi mota bakoitzerako. Adibidez, turroi guriek gutxienez %54 eduki behar dituz te almendrak maila gorenekoak izateko, %50 estra izateko, %44 estandarrerako eta %30 herrikoirako. Gida honetan aztertu ditugun produktu guztiak maila gorenekoak izan dira.

Gorringoz egindako turroietan, gutxienez %40koa izan behar du almendra kopuruak eta %1ekoa gorringoarenak, eta baturak ez du izan behar %45ekoa baino txikiagoa. El Almendro, Eroski eta Vicens etxeek ongi betetzen dute arau hori. Gainerako turroietarako, legeak esaten du almendrak eta oinarrizko beste materia batzuek %45eko proportzioan egon behar dutela, gutxienez. Hori erraz egiaztatu daiteke marka batzuetan, adibidez Eroski krema katalana izenekoan, esan egiten baitu zenbat duen bakoitza: %38 almendra, %7 gorringoa eta %3 esne gaina. Baina produkturik gehienetan ez dezakegu egiaztatu behar bezala betetzen direla maila goreneko turroiek bete beharreko baldintzak, etiketan ez baita nahitaez adierazi behar zenbateko proportzioan dauden oinarrizko materiak, non eta horietako bat ez den ageri ontzian nabarmenduta, bai hitz bidez edo bai irudietan.

Gakoak
  1. Ikusi zein den produktuaren izena, eta horrela jakingo dugu zein motatako turroia den.
  2. Irakurri osagaien zerrenda, oinarrizko materiak zein diren jakiteko. Ikuspegi komertzialetik eta nutrizioaren ikuspegitik, almendra askokoek dute estimazio handiena (beste fruitu lehor batzuk ere izan daitezke), eta baita beste osagai noble batzuk dituztenak ere, adibidez arrautza gorringoa edo kakaoa.
  3. Aztertu osagaien zerrenda, hor agertuko baita zer erabili duten gozotasuna emateko, azukrea, eztia edo eztitzailea, eta irakurri nutrizio arloko informazioa ere, bakoitza zenbateko kopuruan ageri den jakiteko.
  4. Turroiaren kalitatea idatzia agertu ohi da ontzian, eta horrek arrasto bat ematen du oinarrizko materiak zenbateko proportzioan ageri diren jakiteko. Kalitate gorenekoak dira mailarik handienekoak.
  5. Ontziak lagundu egiten du produktuak egoera onean iraun dezan. Hobea da plastikotan bildu eta kartoizko kutxan datorrena.

Oinarrizko materiak funtsezkoak dira

Turroi bat hautatzeko unean ere funtsezkoa da osagaien zerrenda irakurtzea. Horrela jakingo dugu zein diren oinarrizko materiak, hau da, lehen aipatu ditugun osagai “noble” horiek, hortxe baitago aldea batzuen eta besteen artean kalitate komertzialean, kalitate gastronomikoan eta ezaugarri organoleptikoetan (zaporea, lurrina…). Irakurrita, gainera, bakoitzaren garrantzia nolakoa den ere jakin dezakegu, gehien duenetik gutxien duenera ordenatzen baitira, pisuaren arabera. Eta ez hori bakarrik. Osagai horietakoren bat ontzian nabarmenduta ageri denean modu batean edo bestean (adibidez, irudi batekin) edo produktuaren izenean agertzen denean, zehaztu egin behar du zenbateko kopuruan ageri den. Adibidez, Nestlé etxeko txokolatezko turroiak zehaztu egiten du hurrak %13 dituela, almendrak %12 eta mahaspasak %5, osagai horiek izenean ageri direlako eta ontzian irudiekin emanak daudelako.

  • Txokolatezko turroiak. Gida honetan aztertu ditugunetan, kakao gantza, kakao pasta eta esnea dira oinarrizko materiak. Gainera, produktu batzuk beste osagai batzuekin beteta daude, adibidez arroz puztuarekin (Suchard, El Almendro eta Eroski), edo fruitu lehorrekin, adibidez Nestlé etxekoa. Almendra edo hur pasta ere askotan ageri da, adibidez Suchard eta Eroski turroietan, baina ez beste marka batzue tan, adibidez El Almendro eta Nestlé etxekoetan: horien osaerak antz handiagoa du txokolate batenarekin eta ez hainbeste turroienarekin. Antzera gertatzen da legearen ikuspegitik ere, produktu horiek erdibidean daudelako turroiaren eta txokolatearen artean. Produktu batzuek horregatik ez dute esaten zenbat kakao duten, turroiaren araudiak ez duelako horretara behartzen; Suchard eta Nestlé etxekoek, adibidez, ez dute esaten eta horrek zaildu egiten du produktuaren balorazioa egitea eta hautatzeko irizpideak eskura edukitzea. Beste turroi batzuek, aldiz, eman egiten dute datu hori, txokolatearen legediak agintzen duen bezala: hori gertatzen da El Almendro (%31 du kakaoa) eta Eroski etxekoekin (%24).
  • Pralinezko turroiak. Almendra edo hur melatuak eta azukre karamelizatua nahasiz sortzen da praline esaten zaion pasta. Lacasa etxekoa (krema katalanezko turroia) eta Eroskiren Hiru txokolatekoa almendrarekin eginak daude, eta Delaviuda etxeko Txokolate moussea hurrekin. Beste osagai bat ere badute guztiek, kakao gantza alegia, eta beste materia gantzatsu bat ere bai, zehazki eki lore olioa Eroskik eta Lacasak; Delaviuda etxekoak gurina darabil, osagai gustagarriagoa gastronomiaren ikuspegitik, zapore, lurrin eta testura hobeak ematen dituelako. Sail honetako turroiek ere esan egiten dute zenbat kakao daukaten: %23 Delaviuda Txokolate mousseak eta %27 Eroskiren Hiru txokolatekoak.
  • Gorringoz egindako turroiak. Turroi guri eta gogorrak azukre zuringoz egiten dira, eta sobera gelditzen den gorringoari probetxua ateratzeko hasi ziren turroiak gorringoz egiten. Izenak dioen bezala, arrautza gorringoz osatuta daude turroi horiek, eta almendrak ere badituzte (markaren arabera, gutxiago edo gehiago). Vicens etxekoak, adibidez %62 dauzka almendrak eta %3 gorringoa; El Almendrok %41 almendrak eta %13 gorringoa, eta Eroskik %40 almendrak eta %10 gorringoa.
  • Fantasia turroiak. Fantasiazkoak esaten zaien turroien multzoan ia denetarik sartzen da, oinarrizko materia eta osagai askotarikoak izaten dituzte, aipatu berri ditugun taldeetan lekurik ez dutenak. Aztertu ditugunen artean, Delaviuda Esne gaina-intxaurra dago, zeinak %13 dituen intxaurrak eta %2 esne gaina. Talde honetan sartzekoa da, halaber, Virginias etxeko Ginga trufatua likore eran delakoa, zeina txokolatezko turroien antzekoa baita osaeraz, kakao gantza, kakao pasta eta esnea baitaramatza. Turroi horrek esan egiten du zenbat kakao duen (%22), zenbat ginga (%24) eta zenbat likore (%5). Etiketa irakurrita jakin liteke alkohol kopurua %1,2tik beherakoa dela produktu horretan, gehiago izanez gero adierazi egin beharko bailuke. Multzo horretan sartzeko modukoa den hirugarren turroia Eroski Krema katalana izenekoa da; gorringoz egindako turroien antzeko osaera du, hori ere nagusiki almendraz (%38) eta arrautza gorringoz (%7) egina baitago, eta esne gaina ere badu (%3).
Oso noizbehinka jatekoa

Gero eta turroi mota gehiago dago merkatuan. Jaten dugun kopurua ez da hainbeste aldatu urtez urte, eta gaur-gaurkoz 220 gramokoa da pertsona eta urte bakoitzeko turroietan, eta 190 gramokoa txokolatezkoetan. Hau da, pertsona bakoitzak gutxi gorabehera bi tableta turroi jaten ditu. Eta hori zer da, asko edo gutxi? Ikusi egin behar. Garbi eduki behar genuke produktu osasungaitza dela turroia, nahiz eta eztitzaileak eduki azukrearen ordez. Baina ez da gauza bera lau hilabetean bi tableta jatea eta dieta osasungarri baten barrenean, edo bi astean egitea eta beste hainbat elikagai osasungaitzekin batean. Bistan denez, oso neurrian jatea komeni da eta dieta osasungarria egitea, eta jarduera fisikoa ere bai. Nolanahi ere, garrantzitsua da janariarekin harreman osasungarria edukitzea ere. Hau da, egun batean turroia jateko gogoa egiten bazaigu eta tentaldiari men egiten badiogu, ez genuke errudun sentitu behar. Gero ez dugu ibili behar ustezko elikagai miragarriekin edo desintoxikatzaileekin orekatzen. Ohiko errutinara itzultzea da kontua, dieta osasungarria eta jarduera fisikoa eginez.

Azukre gehiegi

Oinarrizko materiek zehazten dute produktu horien identitatea, baina osagaien zerrendari begiratzen badiogu, ikus dezakegu beste substantzia batzuk ere ageri direla osaeran. Azukrea da guztietan garrantzitsuena; horixe ageri da lehen lekuan aztertu ditugun turroi gehienetan, eta horrek esan nahi du hori dela ugariena: batez beste, produktuaren pisu guztiaren %47. Hau da, 30 gramoko turroi errazio batean (bi zentimetro zabal den zati batean) 14 gramo azukre daude, hiru koilarakadatxo alegia. Alderdi horretan bereziki nabarmentzen dira Lacasa etxeko pralinea, krema katalanez egina (%53 ditu azukreak), eta Suchard eta Eroski etxeetako txokolatezkoak (%50 bakoitzak). Azukre gutxien honako hauek ageri dute: El Almendroren Hiru txokolatekoak eta Delaviudaren pralineak, Txokolatezko mousse erakoak; %43 daukate biek, eta hori ere asko da.

Eta zergatik daukate hainbeste azukre produktu horiek? Osagai hori ez delako erabiltzen gozotasuna emateko bakarrik, baita funtsezkoak diren beste funtzio batzuk betetzeko ere: parte hartzen du testura, lurrina eta zaporea eratzen, bereziki praline erakoetan eta gorringo txigortuz eta krema katalanez eginda daudenetan, non azukre horien zati bat kara melizatua dagoen lurrin berezi hori emateko. Baina, batez ere, produktu horien bizitza luzatzeko erabiltzen da azukrea, kopuru handietan dagoenean eragotzi egiten baitu elikagaia hondatu dezaketen mikroorganismoak agertzea. Horrexegatik irauten du hain luzaro (urtebete ere bai batzuetan) kontserbagarririk gabe, nahiz eta osagaien artean arrautza ere izan.

Denek ez daukate gozotasun bera

Azukreak, ordea, badu eragozpen handi-handi bat: kantitate handietan eta maiz samar hartzen denean, kaltegarria izan daiteke osasunerako. Eragin kaltegarri horiek saihesteko asmoz, produktu batzuetan eztitzaileak erabiltzen dituzte azukrearen ordezko gisa. Horixe gertatzen da guk aztertu ditugun lau produktutan (ez daukate batere azukrerik osagaien artean): Eroskiren Gorringozko turroia eta Virginias etxeko Txokolate trufatua, non maltitol eztitzailea den lehenbiziko osagaia, eta Vicens etxeko Gorringozko turroia, non almendra den lehen osagaia, nahiz eta eztitzaile hori ere baduen. Hiru horietan, batez beste %2koa da azukre portzentajea, baina ez da erantsia, lehengaiek berez daukatena baizik. Komeni da kontuan hartzea eztitzaileek badituztela abantaila batzuk, baina baita zenbait eragozpen ere (ikus goiko koadroa). Nolanahi ere, eztitzaileak erabilita, produktu horiek ez dira osasungarri bihurtzen.

Hobe eztitzaileekin?

Azukrea maiz eta kopuru handietan hartzeak eragin kaltegarriak eduki ditzake osasunean. Adibidez, txantxarra eragiten du eta handitu egiten du gizentasuna eta 2 motako diabetesa izateko arriskua. Horrexegatik komeni da turroi kontsumoa mugatzea, azukreak %47 izaten ditu eta. Eragozpen horiek saihesteko, marka batzuek eztitzaileak erabiltzen dituzte azukrearen ordez, bereziki maltitola. Baina baita beste batzuk ere, adibidez sorbitola, K azesulfamoa eta isomalta. Nahiz eta ospe onik ez duten, konposatu horiek seguruak dira osasunerako. Gainera, zenbait abantaila dituzte. Adibidez, maltitola polialkohol bat da, eta, beraz, ez du txantxarrik eragiten, ez du glukosa bat-batean igoarazten odolean (ondorioz, eragin txikiagoa du diabetesean) eta, gainera, azukreak baino kaloria gutxiago ematen du (2,4 kcal gramo bakoitzeko, eta azukreak 4 kcal).

Eragozpen batzuk ere badituzte, dena den, substantzia horiek. Egunean 30-40 gramoko dosiak hartuz gero, arazo arinak eragin ditzake, adibidez haizeak edo kolikoak, eta dosi handiagoetan, eragin lasaigarria eduki dezake hesteetan. Horregatik, eztitzaile horiek %10etik gora dituzten produktuetan, ohar bat jarri beharra dago nahitaez etiketan. Turroi bakoitzaren araberakoa izango da kopurua; adibidez, Eroskiren Gorringo txigortuzkoaren zati batek 12 gramo ditu eta El Almendro etxeko turroi guriak 8 gramo. Gainera, egungo ebidentziek erakusten dute azukrearen ordez eztitzaileak erabiltzea ez dela eraginkorra gehiegizko pisuaren eta gizentasunaren aurka egiteko. Azken batean, badituzte abantaila batzuk azukrearen aldean, baina ez dira miragarriak eta produktuak ez dituzte osasungarri bihurtzen.

Azukrearen sailkapena 

GEHIEN DAUKATENAK

  • Lacasa Praline turroia krema katalana: %53
  • Suchard Txokolatezko turroia: %50
  • Eroski Txokolatezko turroi kurruskatsua: %50

GUTXIEN DAUKATENAK

  • Vicens Gorringozko turroia: %2,6
  • Virginias Turroi guria: %1,6
  • Eroski Gorringo txigortuzko turroia: %1,3

Gantz mota

Aztertu ditugun turroien nutrizio osaera baldintzatu egiten du gozotasuna emateko erabiltzen den elementu motak (azukrea edo eztitzailea) eta kantitateak. Baina oinarrizko materiek ere eragin handia dute, batez ere gantzari dagokionez. Produktu gehienek kakao gantza darabilte, zehazki txokolatez eta pralinez eginda daudenek, eta beste batzuetan fruitu lehorretatik dator materia gantzatsu nagusia, bereziki almendretatik. Horixe gertatzen da fantasiazko turroietan (Eroski Krema katalana, El Almendro Gorringo txigortua eta Delaviuda Esne gaina-intxaurra) eta azukre gabeko bitan (Vicens Gorringoduna eta Eroski Gorringoduna). Horrek badu garrantzia nutrizioaren ikuspegitik, zeren almendrek dituzten gantz azidoen profila osasungarriagoa baita kakao gantzaren gantz azidoena baino, almendrak ugariago izaten baititu gantz azido saturatugabeak, adibidez oleikoa eta linoleikoa, eta urriago kate luzeko gantz azido saturatuak, esaterako estearikoa eta palmitikoa.

Ontziaren garrantzia

Elikagaiak merkaturatzeko ontzi motak garrantzi handia du, eragina baitu kontserbatzeko moduan. Turroia bi formatutan etorri ohi da gehienean. Txokolatezkoak (Suchard edo Eroski) zenbait geruzatako film batekin ontziratuta saltzen dituzte; plastikozkoak eta aluminiozkoak izaten dira, eta ez dute uzten argia, airea eta hezetasuna pasatu daitezen, baina produktua ez du babesten kolpeetatik. Gainerako turroiak plastikoan ontziratuta saltzen dira gehienean, eta horrek eragotzi egiten du hezetasuna eta airea pasatzea, eta kartoizko kutxa batekin biltzen dituzte, argirik ez dadin pasatu eta kolpeetatik babesteko; horrela datoz, esaterako, Virginias etxekoa eta Eroski Krema katalana. Zaila da neurtzea batzuek eta besteek no lako eragina duten ingurumenean, baina ikuspegi praktikoa bakarrik kontuan hartuta, hobea da kartoizko ontzia.

A-tik E-ra

Gozatzeko erabili den osagaiak eta gantz motak baldintzatzen dute Nutri-Score sistemaren puntuazioa. Txokolatez eta pralinez eginda dauden turroiek azukre asko daukate (%47 inguru), gantz saturatuak ere berdin (%16 inguru) eta energia asko ematen dute (560 kcal/100 g), eta horrexegatik ageri dira E mailan (apalenean). Fantasiazko turroiek ere azukre asko daukate (%46), baina kalitate hobeko gantzak dituzte eta ez hain saturatuak (%3 inguru), eta D mailan daude Nutri-score sisteman. Txokolate trufatuz eta gingaz egindako turroiak, Virginias etxekoak, ez dauka azukre erantsirik, baina gantz saturatuak ditu, kakao gantzak emanak (%11), eta C mailan ageri da. Azukre erantsirik gabeko turroiek ez daukate azukrerik eta gantz saturatu gutxi daukate, eta, horrexegatik, A mailan daude. Honako honetan, Nutri-Score sistemak aukera ematen digu turroiak elkarren artean alderatzeko eta nutrizio profil onena zeinek duen ikusteko. Baina ez dugu pentsatu behar Nutri-Score sisteman A maila lortu duen produktu bat osasungarria dela.

Prezioan, alde handiak

Desberdintasun handiak daude turroien prezioan; merkeenak 0,48 € balio du 100 gramo bakoitzeko (Eroskiren Txokolatezko turroi kurruskatsuak) eta garestienak 2,52 € (Vicens Gorringozko turroi azukre gabeak). Desberdintasun hori zentzuzkoa da batzuetan, oinarrizko materien kantitateari lotuta baitago. Horregatik da garestiena Vicens etxeko turroia, hark duelako almendra gehien (%62), gorringoaz gain (%3). Talde horretan, hala ere, Eroskiren Gorringozko turroiak kalitate-prezio hobeak ditu: 1,33 € balio dute 100 gramok, eta %40 ditu almendrak eta %10 gorringoa.

Beste batzuetan, ordea, prezioak ez datoz bat oinarrizko materien proportzioarekin. Txokolatezko turroietan, adibidez, Eroski etxekoa da merkeena: 0,48 € balio dute 100 gramok, eta %24 du kakaoa; El Almendro etxekoak, aldiz, bi halako baino gehiago balio du (1,03 € 100 gramok) eta %31 dauka kakoa. Antzeko zerbait gertatzen da pralinez egindako turroiekin; Eroski etxekoak 0,93 € balio du (100 gramok), eta %27 dauka kakaoa; eta Delaviudak, berriz, 2 € (hor ere 100 gramo hartuta), nahiz eta %23 bakarrik eduki kakaoa. Fantasiazko turroien multzoan askoz zailagoa da alderaketak egitea, oinarrizko materiak era askotakoak baitira produktuetan. Eroski Krema katalana da merkeena (%38 almendra, %7 gorringoa, %3 esne gaina, eta 1,10 € 100 gramo bakoitzeko); garestiena, berriz, Virginias Txokolate trufatuzkoa da: bi aldiz gehiago balio du, 2,30 € 100 gramok, eta %22 dauka kakaoa eta %24 gingak.

Ondorioak

Era askotako turroiak daude merkatuan, eta zaila izan daiteke bat aukeratzea, batez ere produktu batzuk antzekoak direlako itxuraz, nahiz eta aski desberdinak izan osaeraz. Ildo horretan, garrantzitsua da osagai zerrendari erreparatzea eta hor ikustea zeinek dituen oinarrizko materiarik onenak eta ugarienak, adibidez almendra eta arrautza. Nutrizio arloko osaeran ere alde nabarmenak daude, bereziki eztitzaileei dagokienez (azukrea edo eztitzailea) eta materia gantzatsuari dagokionez ere bai (fruitu lehorrak edo kakao gantza). Ez dago zalantzarik azukrea dutenak osasungaitzak direla, kopuru handietan baitute osagai hori (%47 inguru). Eztitzaileak dituztenek badituzte abantaila batzuk, baina ez daiteke esan osasungarriak direnik. Materia gantzatsuari dagokionez, hobe da fruitu lehorrek emana izan dadila, horien gantzak osaera hobea baitu kakao gantzak baino. Aztertu ditugun produktuetan, fantasiazkoak nabarmentzen dira oinarrizko materia kontuan hartuta, eta azukre erantsirik ez duten gehienak ere kontuan hartzekoak dira. Lehenbizikoen artean nabarmentzekoak dira: El Almendro Gorringo txigortua, zeinak %41 duen almendra eta %13 gorringoa, Eroski Krema katalana, %38 almendra eta %7 arrautza gorringoa, eta agian Delaviuda Esne gaina-intxaurra ere bai, baina ez dezakegu jakin zenbat almendra duen. Bigarrengoen artean, Vicens Gorringoduna nabarmentzen da, almendrak %62 dituena eta gorringoa %3, eta Eroski Gorringoduna, almendrak %40 eta gorringoa %10 duena. Gauza guztiak kontuan hartuta, Vicens Gorringoduna da turroirik onena, almendra asko daukalako (2,52 €/100 g). Kalitate-prezioetan, berriz, Eroski Gorringoduna da aukerarik onena: 1,33 € balio dute 100 gramok.

Eguberrietako tradizio honetan, arreta jarri behar zaie osagaiei, gantzei eta azukreari

Guia de compra NOV1 Eus
Guia de compra NOV2 Eus
Guia de compra NOV3 Eus scaled