Planetaren giltzurrun ahaztuak
Eta hain zuzen betidanik arreta eta jaramonik egin gabe izan direlako dator istingak kontserbatu eta zaintzeko mundu mailan dagoen kezka, kontsumitzen dugun ura biltzen duten erreserba natural edo artifizial horiengatiko kezka. Nork ez du entzun edo ezagutu gaur egun etxebizitza multzo bat edo industriarako nabea ikusten dugun leku hartan aintzira bat, arrantzan egin, ur ertzean ibili edo solasean aritzeko? Ekologistek diotenez, 1990tik munduko istingen erdia baino gehiago suntsitu da.
Zer da istinga eta zertarako balio du?
Ur geza, gazia edo bien nahasketa duen edozein sistema natural edo artifizial dela esan daiteke, aldi baterako daudenak (putzuak) edo iraunkorrak (lakuak, errekak, aintzirak, padurak…). Lurrazalaren %6,4 -Europa baino azalera handiagoa – istinga dela uste da eta horietan animalia, landare eta hidrofiloak bizi dira. Udan ezinbesteko bihurtzen dira lehorteari aurre egiteko; horregatik, garai horretan urtero altxatzen dute ahotsa ekologistek, ingurune horiek zaintzea eskatzeko. Istingek beren funtzioarekin jarraitzea da helburua: uraren kudeaketa iraunkorrerako tresna izan daitezen. Horrekin batera, kanpainak egiten dira kontsumitzaileok gure ohiturak uraren osasunean zerikusi handia dutela ohar gaitezen; istingak zelai, itsasertz edo gailurren apaingarri hutsa ez direla eta ez euren egiteko bakarra ez dela herri eta hiriak edateko urez hornitzea bakarrik. Ohar gaitezen funtzio garrantzitsua dutela naturan: ekosistema pribilegiatu bateko bizitzari eustea. Eta ez hori bakarrik. Istingak ezinbesteko bihurtu dira epe luzera ur edangarria lortzeko. Horregatik, “planetaren giltzurrunak” deitzen zaie, ura iragazteko prozesu naturala egiten dutelako: ura istinga batetik lurpeko akuiferora iristen denean, lur azpitik doan ura berritzeaz gain, gizakiarentzat edangarri bihurtzen da. Urpeko ur horren zati bat gainazalera aterako da berriro beste istinga batean, lurpeko uraren deskarga gisa eta horrelaxe jarraitzen du zikloak.
Ur-emariaren erregulatzaile
Ibai askotako ura ur iturri bihurtzen da urtero, emaria ubide nagusitik desbideratu eta arroetako urtegi eta zingiretara iristen delako. Eurite garaian ura astiroago mugitzea lortzen dute istingek, eta lehorte garaian ur gehiago izateko bidea ematen dute. Ur korronteak desbideratu eta aintzira edo padurak desagerrarazten badira, ekaitzen ondorengo uholdeek anabasa eragiten dute eta baita hondamen ikaragarriak ere; eta ur-korronteak azkartzeak udako lehorteari aurre egiteko urik gabe uzten gaitu. Jaten ditugun arrain gehienek istingen beharra izaten dute beren bizitza-zikloko uneren batean eta lautada alubialetako belardiek milioika abelburu eta basoko espeziez elikatzen den hainbat belarjale elikatzen dute. Jateko zereal nagusietako baten, arrozaren habitat naturala ere badira istingak; arroz mota gehienak gizakiak aldaturiko istingetan hazten dira. Baina ez da horretan amaitzen gune natural hauen garrantzi ekonomikoa: batzuetan, leku jakin batzuetako arrantza produkzioa urez estalitako azalera hauen menpe izaten da. Eta beste batzuetan, turismo ekologikoa erakartzen dute, ingurunearen kalitateari gero eta lehentasun handiagoa ematen diona eta jende pilaketetatik ihesi, aintziren ertzetako ihitokiez gozatzen duena. Artisautzak, bestalde, beti baliatu izan ditu ihitoki horiek papergintza eta saskigintzarako. Adibide horiek mikroekonomia besterik ez dira eta horien baitan dago eskualde batzuen garapena eta aberastasuna.
Klimarentzat ongile
Ur erreserbek eragiten duten lurruntze eta transpirazioak eutsi egiten diote hezetasun maila lokalari. Zuhaixkak dituzten istinga-guneetan, euri-uraren zati garrantzitsu bat atmosferara itzultzen da lurruntze edo transpirazio bidez eta berriro euri eran erortzen da inguruan. Istingak desagerrarazteak inguru horretan euriteak gutxitzea eragiten duela uste da eta horrek kontrako eragina duela laborantzan (besteak beste). Ugandako hego-mendebaldeko eskualdeko ibarretan, adibidez, istingak galtzeak aldatu egin zuen bertako mikroklima eta faktore garrantzitsua izan zen hori istingak desagerraraztea debekatzeko.
Hain ekosistema baliotsuak galtzea, gehienetan, horien garrantziaz ez dakigulako gertatzen da, adituen esanetan. Istingak desagerraraztea aurrerapena zela uste izan da urte luzez, uholdeak izateko arriskua gutxitzen zelako, inguruneko higiene-baldintzak hobetzen zirelako eta lurrak nekazaritzarako eta beste erabilera batzuetarako berreskuratzeko aukera ematen zuelako, etxeak edo industrialdeak egiteko besteak beste. Gaur egun erabat urritu dira putzuak, urtegi naturalak eta aintzirak. Zergatik? Erantzuna erraza da: estali egin dira, landetxeak, etxeak, errepideak edo bestelako obra zibilak egiteko. Edo drainadura bidez lehortu egin ditugu, bertan nekazaritzako jarduerak egiteko edo etxe, industria edo meatzetako hondakinen hustubide bihurtzeko. Egia esan, itxura denez inork ez du horien falta sentitu: zaharren oroitzapena baino ez dira eta istingek ezertarako ez dutela balio uste du jende gehienak. Inguruan zangaluzeak eta zumeak hazi eta tximeletek hegan egiten duten arren, paisajearen aldetik duten balio ukaezina ahaztu gabe. Baina, urteak joan ahala, istinga edo urezko gorputz hauek balio natural handiko lekuak eta gizakiarentzat oso baliagarri direla ohartu dira zientzialariak. Aipatutako onurez gain, “munduaren giltzurrun” deitu izan zaie, ziklo hidrologiko eta biogeokimikoetan izan dezaketen funtzioagatik; eta baita “supermerkatu biologiko” direlako ere, beren baitan hazten den elikadura-sarearen eta aniztasun biologiko handia dela eta. Ekologia eta produkzioaren aldetiko balore multzo horrek merezi du, noski, zainketarako estrategia oso bat lantzea, denboran zehar iraunarazi eta baliabide naturalak berritzea ekarriko duen ustiakuntza-tasari eusteko. Baina ez da zientzialarien eta agintarien ardura bakarrik. Ura zentzuz kontsumitzea eta zingira-guneak errespetatzea erraz hartzen diren ohiturak dira eta horien onura biderkatu egiten da. Eta horrela hobeto zainduko dugu gure ondasun handienetako bat, laster urre zaporegabe, eta usaingabea deituko duguna: ura.
- Estuarioak: deltak, lokatza-bankoak eta zingirak
- Itsasokoak: litoral eta koralezko arrezifeak
- Ibaietakoak: urak hartutako lautadak eta basoak eta meandroko aintzirak.
- Zingiratsuak: urtegi, zingira eta lokaztiak.
- Lakuetakoak: aintzirak, glaziar-aintzirak eta sumendien kraterretako lakuak.
- Ur biltegiak dira eta garrantzitsua da horien hornidura eta kalitatea eta kopurua zaintzea.
- Erauntsi handien aurrean babes funtzioa duten eta uholdeak kontrolatzen dituzten biltegi handiak dira.
- Ur-ertzak egonkortu eta erosioa gutxitzen laguntzen dute.
- Ura akuiferoetarantz eramaten laguntzen dute;horien mailari eutsi eta berriak sortzeko aukera ematen dute.
- Ura arazten dute, nutrigarriak, sedimentua eta kutsadura iragazten dutelako.
- Uraren tratamendurako teknologia artifizialak sortzeko inspirazio iturri dira.
- Klima egonkorrago egiten dute.
- Arrantza eta nekazaritzako produkzio-iturri dira.
- Artzaintzarako guneak sortzen dituzte.
- Turba, eraikuntzarako zura eta bestelako landare-materiala produzitzen dute.
- Basa-bizitzarako erreserba dira.
- Batzuetan, nabigagarri izaten dira eta garraiorako erabiltzen dira.
- Aisialdi eta turismorako aukera eskaintzen dute.
- Aniztasun biologikoa eta kultura- eta paisaje-ondarea eta inguruko tradizioa aberasten dute, adibidez, ihien artisautzaren bitartez.