Autobusen %7k 16 urte baino gehiago ditu, araudi berriak onartzen duena gaindituta
Era honetako garraioetan istripu gutxi izaten den arren, guraso elkarteek eta Administrazioak badakite sektore horrek hutsune garrantzitsuak dituela, eguneroko garraio beharrezko honetan eragin handia izan dezaketenak: autobus zaharregiak, bidaia gehiegitan gidaria izaten da autobuseko pertsona heldu bakarra, eta autobus askotan segurtasuneko elementu gutxi izaten da, ABS eta retarder-a, iraulketaren aurkako arkua edo larrialdi kasuan autobusa azkar husteko bitartekoak, besteak beste.
CONSUMER Gure ikasleak egunero eskolara eramaten dituen zerbitzuaren segurtasuna begiratzera hurbildu da CONSUMER. Eta emaitzak ez dira pozgarriak izan. Eskola-garraioan aritzen diren enpresetako arduradunei egindako 92 elkarrizketaren bitartez eta Madril, Bartzelona, Valentzia, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa, Alacant, Murtzia, Malaga, Burgos eta Kantabriako hainbat ikastetxetara iristean 424 autobus hurbiletik aztertuta, hainbat aldagai aztertu da, ondorengoak besteak beste: haurrak eramaten dituen ibilgailuaren antzinatasuna eta segurtasuna, gidariaz gain beste pertsona helduren bat autobusean joaten den ala ez eta prezioa. Autobusa zaharregia ez bada, segurtasuna hobetuko duten teknologia mekanismoak eta prestazioak izango ditu. Eta bidaian zehar pertsona heldu batek ikasleak kontrolatu eta autobuserako igoera-jaitsierak zaintzen baditu, dezente gutxitzen da istripu arriskua.
Eskola-garraioan aritzen diren enpresek esaten dutenez, autobusen %55ek bakarrik dauka iraultzearen aurkako arkua izeneko segurtasun sistema eta %40 baino gehiago haurren laguntzailerik gabe ibiltzen da errepideetan zehar.
Eskola garraioaren egoera asko aldatzen da leku batetik bestera eta ez prezioan bakarrik. Segurtasunean (autobusetan segurtasunarekin zerikusirik duten bitarteko teknikoak, hala nola ABS balaztaak edo iraulketaren aurkako arkua), Gipuzkoa, Murtzia, Burgos eta Bizkaia nabarmentzen dira eta atzeko muturrean geratzen dira Kantabria eta Malagako autobusak. Autobusean laguntzaile heldua eramateari dagokionez, Bartzelona, Bizkaia eta Araba dira onenak, autobusen %80k betetzen baitu baldintza hori; Burgos, Malaga eta Kantabrian, berriz, ibilgailuen %30 baino gutxiago dira horrelako arduraduna daramatenak.
Madril, Bartzelona eta Burgosen aurkitu ditugu autobusik modernoenak, flotaren %30 baino gutxiago baitzuten 10 urtetik gorakoa. Autobusik zaharrenak Kantabrian (ia %60 10 urtetik gorakoak), Malagan (lautik batek 17 urte baino gehiago), Gipuzkoan eta Araban (bietan, flotaren %60 baino gehiago 10 urtetik gorakoa). Malagan (%7), Alacanten (%2) eta Bizkaian (%2), CONSUMERek egindako probaren emaitzen arabera, 18 urte baino gehiagoko autobusak ere erabiltzen dira. Horiek arauz kanpo daude, gaur egungo legeriak 18 urte artekoak bakarrik onartzen baititu. Laster onartuko den arauak, berriz, gehienez ere 16 urteko muga ezartzen du. Azterturiko autobusen %7 ezin izango litzateke errepidera atera legeria berria indarrean sartzean.
Eskola-garraioaren legeak
Gaur egun indarrean den legeria 1983ko Errege Dekretua da. Trafikoko arauen aldaketek eta ibilgailuei ezarri zaizkien teknologia berriek justifikatu egiten dute garraio mota honetako araudia eguneratzea. Gaienera, hezkuntza arloko araudiak ere aldatu egin dira, LOGSEren ezarpena esaterako, eskolaratzeko derrigorrezko adina 14 urtetik 16ra luzatu da. Hiri handietatik kanpo, Bigarren mailako Hezkuntza herri gune garrantzitsuetan ezarritako ikastetxeen sareen bidez antolatu da eta adin horretan dauden inguruko herri txikietako ikasleak egunero joan behar izaten dute herri handiagora eta horrek areagotu egiten du garraioaren beharra. Gobernuak dagoeneko prest du adingabeen garraioa arautuko duen lege berria eta bertan honako hauek dira berrikuntza nagusiak: 12 urtetik beherako ikasle talde bat eraman behar duen autobusean derrigorrezkoa izango da pertsona heldu bat joatea eta 16 urtetik gorako autobusik ezin izango da errepidera atera. Ikasle bakoitzak jarlekua izan behar duela ere ezartzen du: ezin izango dira bi jarlekutan hiru haur joan, orain arte onartzen zen arren. Autonomia Erkidegoak 2001-2002 ikasturtetik aurrera hasiko dira ezartzen.
Gero eta gehiago eskatzen da autobuserako laguntzailea ere. Eskola-garraioan aritzen diren 92 enpresak eman dizkiguten datuen arabera, ibilgailu horien %59k bakarrik eramaten du barruan laguntzailea. Emaitzarik txarrenak Burgos, Kantabria eta Malagan atera dira, autobusen %30 baino gutxiago baita laguntzailearekin. Arlo honetan nabarmen, berriz, Bartzelona (%100), Bizkaia (%93) eta Araba (%83). Gidariaz gain beste laguntzaile helduren bat joatea ez da oraindik derrigorrezkoa, legeak kasu jakinetan bakarrik eskatzen baitu. Katalunian eta Nafarroan derrigorrezko da, bidaiarien erdia 16 urtetik beherako baldin bada eta Madrilen erdia 12 urtetik beherakoa denean.
CEAPAk (Guraso Elkarteen Espainiako Konfederazioak) kasu guztietarako eskatzen du laguntzailea baina Gobernuaren proiektuan bidaiarien erdia 12 urtetik beherakoa denerako jasotzen da betekizun hori. Onartzeko dagoen arau horrek hobekuntza gutxi egiten dizkio gaur egungoari, izan ere gaur egun 10 urtetik beherako 15 haur baino gehiago daramatzanean, gidariaz gain beste pertsona heldu bat eraman beharra zehazten baitu. Adinaren baldintza zorroztu egin da, baina ikasle kopuru handiagoa eskatzen da (autobusek gehienetan 50 plaza baino gehiago izaten dute) laguntzailea derrigorrezko izan dadin. Laguntzailea sartzeak nabarmen garestitzen du eskola-garraioa eta horrek biziki kezkatzen ditu gurasoak eta enpresak.
Bartzelona eta Burgos, eredugarri flota berritzeko inbertsioetan
Bartzelona eta Burgosko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek dituzte autobusik modernoenak.Bi probintzia horietan bakarrik gertatu da CONSUMER aztertutako ibilgailuetan denak 16 urtetik beherakoak izatea eta flotaren batez besteko adina ere aipagarria da: Burgosen eskolako autobusen batez besteko adina 5 urtekoa da enpresek aldizkari honi emandako datuen arabera eta proba praktikoan adin horixe atera zen.
Bartzelonan berriz, autobusek batez beste 4 urte zituztela adierazi zuten enpresek eta azterketan atera zen emaitza (55 autobus ikuskatuta) ere ona zen, 6 urtekoa. Legeria berria betetzeko ahaleginik handiena egin beharko duten probintziak, berriz, Araba (azterturiko autobusen %19k ditu 17 urte edo gehiago), Malaga (%24), Gipuzkoa (%10) eta Madril (%9) dira. Malagako errepideetan zehar ibiltzen dira ibilgailurik zaharrenak ikasleen garraioan eta hurbil samarretik datoz Arabakoak ere; kasu bietan proba praktikoaren emaitza batez bestekoa 11 urtekoa da. Hala ere, Araban azterturiko ibilgailu guztiek legea betetzen zuten, baina Malagan gainditu egiten zuten 18 urteko muga (%7k); indarrean den legeriak ezartzen duen muga gainditu egiten da, beraz. Egoera berean daude Bizkaian eta Alacanten izena emandako autobusen %2.
Autobusen adinarekin gora eta behera
Gauza jakina denez, eskola garraioan agortzen ditu hainbat enpresak prestazio urriak dituen eta bestelako ibilbide edo bidaiarien garraioan errentagarri ez diren autobusen azken aukerak. Konpainietako arduradunek diote ibilgailuen urte kopuruak ez duela arazorik sortzen, ibilgailuak abiadura handirik hartu ezin duelako eta gidariaren trebetasunari esker, bere autobusa primeran ezagutzen duenez, behar diren neurriak hartzen dituelako.
Araudiaren arabera, ibilgailu hauek 10 urte baino gutxiago izan behar dute, baina (hona hemen salbuespen erabakigarria) 18 urtera artekoak ere erabil daitezke 10 urte bete aurretik enpresa berean garraio mota honetan ibili izan badira eta ezohiko ikuskapena ongi pasa badute. Espainiako Gobernuaren proiektuak 16 urtetik beherako ibilgailuetara mugatzen du eskola garraioan aritzeko baimena. Arau berria indarrean sartu aurretik 17 eta 18 urte bitarte dituzten autobusek 18 urte betetzen dituzteneko ikasturtea amaitu arte bakarrik jarraitu ahal izango dute errepidean.
Ibilgailu hauen urte kopuruari erantsi beharreko beste arazo bat barruan segurtasun aldetiko prestaziorik eza da. Izan ere, autobusetarako gailuei buruzko zehaztapenik garrantzitsuenak Genevako 36 Erregelamenduan daude jasorik eta arau hori nahitaez bete beharrekoa da Espainian 1985az geroztik; baina urte horretatik aurrera egindako ibilgailuei bakarrik eragiten die. Arau horretan hainbat xehetasun zehazten da, hala nola autobusaren irteera eta kokapena, larrialdiko leihoak, husteko tranpola eta ibilgailuaren barruko argiak besteak beste; argia funtsezkoa baita bidaia edo bidaiaren zati bat gauez edo argi gutxiko orduetan egiten bada, istripurik gertatuz gero.
Baina oraindik asko dira 1985 aurretik matrikulatu eta eskola-garraiorako erabiltzen diren autobusak (eta, beraz, hauetako gailu batzuk falta dituzte edo ez daude araudira egokituta), egunero gure errepideetan dabiltzanak.
Gehiago ordaintzea ez da beti segurtasun handiagoa
Bi probintzia nabarmendu dira azterketa honetan: Bartzelona eta Malaga. Kataluniako hiriburuan ateratzen da garestien eskola-garraioa (12.685 pezeta batez beste hilean, ikasle bakoitzeko), baina flota modernoenetako bat erabiltzen du eta autobusean pertsona heldua laguntzaile eramatea ia kasu guztietan egiten dela esan daiteke. Malagan ere garestia da zerbitzua (ia 10.200 pezeta hilean), baina hango errepideetan dabiltza autobusik zaharrenak. Gainera, ez da diru askorik inbertitzen gidariaz gain beste laguntzaile bat kontratatzen, enpresek eman diguten informazioaren arabera eskolako autobusen %28k bakarrik erabiltzen baitute hori.
Malaga eta Kantabrian dago (autobus merkeak ditu azken horrek, hilean 6.340 pezeta bakarrik), bestalde, iraulketaren aurkako arkudun autobus gutxien (ibilgailuen %30 inguru). Ibilgailua irauliz gero, autobusaren karrozeria ez da deformatzen eta segurtasun gune bat gordetzen du bidaiarientzat. Nafarroa eta Gipuzkoa dira txanponaren beste aldea (autobusen %70 baino gehiago dira iraulketaren aurkako sistema honekin). Azterturiko 12 probintzietan eskola-garraiorako erabiltzen diren autobusen erdiak baino gehiagok dauka segurtasun sistema hori, ibilgailuaren adinarekin zerikusi zuzena duen berrikuntza izanik.
Malagan aurkitu da ABS balaztadun eskolarako autobusen proportziorik txikiena (%45 besterik ez). Beste muturrean daude Alacant (%91), Murtzia (%85) eta Gipuzkoa (%79). ABS sistemari esker lau gurpilak berdin gelditzea lortzen da, gurpiletakoren batek gainazal irristakorren bat aurkitu arren. Autobus zaharrek ez dute sistema hau izaten. Balazta elektrikoa eta retarder edo atzeratzailea dutenak ehuneko berean sartu dira, sistema biek funtzioa bera betetzen baitute: balazta arruntaren osagarri izatea, horrek akatsik izanez gero ibilgailua gelditzeko. Alacanten eta Malagan dago sistema hori duten autobusik gutxien, ibilgailuen %38 eta %51 hurrenez hurren. Murtzia eta Araba nabarmentzen dira, autobus guztiek baitute retarder edo balazta elektrikoa, enpresek emandako datuen arabera.
Eskola-garraioan aritzen den gidariak batez beste 15 urteko esperientzia izaten du haurrak eskolara eramaten. Bartzelonako gidariek daramate urte gehien zerbitzu hau eskaintzen (19 urte) eta Bizkaian aurkitu da batez bestekorik apalena, 10 urtekoa. Kasu batzuetan, eta sindikatuetako iturriek aditzera eman dutenez, sektore honetako langileen lan jarduna ez da 16 ordutik beherakoa izaten eta, beraz, egun batetik besterako atseden tartea ozta-ozta iristen da 6-7 ordura. Autobuseko gidariek beren alde dute Trafiko Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen proba psikoteknikoen emaitza, autobus gidarien prestakuntza batez bestekoaren gainetik dagoela erakusten baitute proba horiek, trebeziari eta erreakzionatzeko gaitasunari dagokionez. Datu horrek garrantzi berezia du kontuan izanik istripuen %90ean giza faktoreak zerikusia izaten duela. 1994an, auto istripuen %20an arretarik gabe gidatzea aipatzen zen arrazoien artean eta autobusen istripuen kasuan %11ra jaisten zen arrazoi hori.
Autobus gidari guztiak, bestalde, DGTko (Trafiko Zuzendaritza) errolda berezian izena emanda daude. Kalteengatiko erantzukizun zibila muga ekonomikorik gabe estaltzen duen aseguru osagarririk ez duen enpresarik ez da aurkitu. Autobus guztiek dute Udalaren edo Autonomia Erkidegoko erakundearen baimena, Bizkaiko enpresa batekoek izan ezik, agiri hori gabeko ibilgailu batzuk ere badituela aitortu baitu. Ibilgailuen barruan, bestalde, ez dira falta segurtasunerako elementu arruntenak. Gidari guztiek dute eskuko telefonoa eta zenbaitek emisorea ere badute autobusean; autobus bakoitzak dauka kristalak apurtzeko mailua, larrialdi egoeretan erabili ahal izateko. Hala ere, gidari askok protesta egiten du mailu horiek gehienetan bere lekutik kanpo izaten direlako, autobusetako bidaiari ohikoen umekeriak direla eta.
Nolakoa izango da etorkizunean eskolarako autobusa? eta laburbilduz
- Segurtasuneko bidaiari-lekuak bermatu egiten du ibilgailua irauliz gero karrozeriaren egitura ez deformatu eta bidaiarientzako segurtasun tartea.
- Ibilgailuak ertz kamutsagoak izango ditu barrutik eta kolpeak malgutzeko gaitasuna duten materialak erabiliko dira.
- Suaren aurkako materialei esker, sua motel eta era kontrolatuan hedatzea lortuko da.
- Leihoak txikiagoak izango dira bidaiari babesteko eta gutxieneko neurri bati eutsiko zaio autobusa hustu behar denerako.
- Sabaian argizulo eta leihatilak izango dira irteera errazteko.
- Jarleku bakoitzean segurtasun-uhala, bi ainguraketa puntukoa.
- Erregaiaren biltegia autobusaren erdi aldera eramango da, babestuago egon dadin.
- Jarlekuak: bi urteko epea eman da gai hori sakon aztertzeko, bidaiariak lotuta joatean, jarlekuek gai izan behar baitute bidaiariaren pisuaren “tirakadari” eusteko.
- Gidariaren eta laguntzailearen kokapena ohikoa baino altuagoa izango da eta segurtasuneko bidaiari-lekua handitu egingo da.
- Enpotramenduaren aurkako barra, talkarik gertatuz gero autoak autobusaren azpira sar ez daitezen.
- Autobusek iraulketaren aurkako arkua izango dute, ABS balaztaak eta beste segurtasun sistema moderno batzuk.
Guraso, irakasle, laguntzaile eta haurrentzako arauak
- Errespetatu autoko materialak, segurtasunerakoak bereziki.
- Elkarbizitzako beste gune bat da autobusa; garrantzitsuena segurtasuna da.
- Haurrak beti leku berean jarriko dira eta geltokien ordena errespetatu egingo dute, jarlekurik aldatu gabe.
- Puntualtasuna, eta egunen batean haurrak autobusa hartu behar ez badu, jakinarazi arduradunari. Autobusak errespetatu egin behar ditu geltoki bakoitzeko ordutegiak. Presa arriskutsua da gidatzeko.
- Bidaiariak ez dira jarlekutik altxa behar ibilbidean zehar. Ezta garrasika edo jolasean ibili ere: gidariak arreta galdu edo urduri jar lezakete.
- Erabiltzaile nagusienek txikienak zainduko dituzte, lasaitu eta gizalegezko portaera erakutsiko dute autobus barruan eta sartu-irtenetan.
- Motxila eta poltsak ongi helduta eraman behar dira, autobusak kolpetik frenatu eta airean joan ez daitezen.
- Autobusean ezin da jan edo paperik bota.
- Gidariak lasai egon behar du. Errespetatu egin behar da, profesional horrekin atsegin agertu behar dugu eta gidatzen ari denean ez hitz egin.
- Txikienak ez dira aurreko jarlekuetan joango. Autobusaren zatiren bat besteak baino arriskutsuago den arren, aurreko aldea deformaturik eta atea blokeaturik gera liteke ibilgailuak aurrez aurre edo albotik kolpea hartzen badu.
- Segurtasuneko gailuak non diren eta zenbait ate eta non dauden jakin behar da eta larrialdirik gertatuta ere, ateak irekitzeko botoiak eta leihoak apurtzeko mailuak non dauden jakin. Ikasleen kasuan, “ikuskapen” hori ikasturte hasieran egin liteke.
- Ateak desblokeatzen dituzten larrialdiko botoiak non dauden aurrez jakitea komeni da. Gorriak edo beltzak dira (ateetan daudenak eta ibilgailuko aginte-panelekoak), baina ez dira isladatzaileak eta, beraz, ez dira gauez ikusten. Ateak desblokeatu egiten dira segundo batzuetan, baina kasurik gehienetan eskuz bultza egin behar zaie. Segurtasun gailu horiek desaktibaturik egon daitezkeenez, komenigarria da laguntzaile edo gurasoek, noizean behin, funtzionatzen dutela egiaztatzea.
- Larrialdiko leihoak apurtzeko mailuek leihoetatik hurbil egon behar dute, autobusaren horman edo sabaian. Leiho guztiak berdin apurtzen dira, aurrekoa izan ezik. Mailurik eduki ezean, erabili ibilgailuko suitzalgailuak.
- Su handia pizten bada, hautsi leihoa keak irteera zaildu edo oztopa ez dezan.
- Autobusak ate bat baino gehiago baldin badu, ohiko irteera hurbilenekotik egingo da. Ikasleei irakatsi egin behar zaizkie ordena eta horrelakoetan txikienei laguntzeko joera.
- Larrialdi kasuan autobusetik ordenan irteten irakatsi behar zaie ikasleei. Ikastetxeko arduradunen laguntzaz, haurrak protagonista bihurtuko dituen ebakuazio-simulakro baten bitartez eta egunero hartzen duten autobusa erabiliz.
- Zaindu autobusen adina (matrikulari begiratu), segurtasuneko bitarteko teknikoak eta gidarien lan baldintzak (egunean zenbat orduz lan egiten duten). Baldintza egokiak ez badira, aldaketak eskatu beharko zaizkio enpresari.