Etxean izan ohi diren intsektu izurriteak

Erasoan datoz zomorroak!

Ustez betiko bukatu ziren gure inguru eta etxeetako intsektu izurriteak, baina hemen dira berriz ere inurriak, zimitzak eta beste, merkantzia garraioak eta turistek ekarriak
1 apirila de 2009
Img medioambiente

Erasoan datoz zomorroak!

Hitzordurik eskatu gabe agertzen dira, eta bidea ongi ikasia dutenez, etxe barruraino sartzen zaizkigu, leihoetatik eta edozein zirrikitutatik. Ohe-zimitza, labezomorro amerikarra, Argentina inurria, Lasius izeneko lorategi-inurria… intsektu izurrite batzuk behin betiko desagertu zirela uste genuen, aspaldi ez baikenituen ikusten gure artean, baina orain berriz agertu dira, eta gero eta maizago erakusten dute beren burua pisuetan, etxe atxikietan, bulegoetan eta hoteletan. Merkantzia eta lur garraioak ekarri ditu berriz gurera, eta turistek berek ere bai; nola kontrolatu horiek? Intsektizidak erabiltzea eta inguruak etengabe garbitzea izan daiteke irtenbidea.

Zimitzak itzuli dira

Intsektu zapala da zimitza, marroi argia kolorez, eta garai batean ohikoa izaten zen ohean agertzea, baina Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren desagertu ziren Europatik. Orain, ordea, hainbeste merkantzia eta pertsona hara-hona ibilki, berriz agertu dira, eta halaxe jakinarazi du ANECPLA erakundeak ere (Izurriteak Kontrolatzeko Enpresen Elkarte Nazionala da, Espainiakoa). Erakunde horrek egin duen ikerketa batek datu adierazgarriak eman ditu: Espainian, % 10 eta 20 bitartean ugaritu dira ohe-zimitzak, eta zenbait eremu geografikotan, askoz gehiago. Mediterraneo inguruan, esaterako, % 50 handitu da kopurua, eta Kanarietan, % 90eraino.

Ikerketa horrek datu gehiago ere eman ditu, eta esaten duenez, 4 eta 5 izarreko hotel eta ostatuek galdegin dituzte gehien zimitzak desagerrarazteko zerbitzuak, eta etxebizitza partikularrek hurrena. Horrek erakutsiko luke turistek ekarri dituztela euren maletetan (Asiatik etorritako bidaiariek, batik bat).

Gizakien odola da zimitzen elikagaia, eta gaua izaten dute gustuko euren lanak egiteko. Horregatik, gizakiak non, han ibiltzen dira zimitzak, eta gaueko lanari ahalik eta etekinik gehien ateratzeko, koltxoiei, gau-mahaiei eta logelako beste altzariei itsasten zaizkie. Izurritea handia bada, ordea, etxeko edozein bazterretan ager daitezke. Baina ikusita ere, gaur egun nekez jakingo dugu zimitzak dauzkagula etxean, zomorro horiek aspaldi desagertu zirenez, ez baitakigu nolakoak diren; ondorioz, beste zerbait izango dela uste izaten dugu, eta ez diogu kasu handirik egiten. Horrek, jakina, are gehiago okertu dezake egoera, tratamendu berezia behar baita zimitzak desagerrarazteko, eta zenbat eta gehiago atzeratu, orduan eta gehiago ugarituko dira.

Zimitz helduek gorpuzkera obalatua eta zapala izaten dute, gorri-herdoil kolorekoak izaten dira, eta sagar hazi baten neurrikoak. Ezkutuan egoten dira, eta ez da erraza izaten antzematea. Seinalerik garbienak haien ziztadak izaten dira: gorriune handi bat agertzen da azalean, arkakuso batek eragiten duena bezalakoa, baina erdian puntu gorririk gabea. Zimitzaren ziztakoak ez du minik egiten hasieran, baina gero hazkura handia ematen du.

Inurriak: txikiak bai, baina kaltegabeak ez

Inurriak ikustera ohitu samarrak gaude, eta intsektu txiki eta kaltegabeak iruditzen zaizkigu, labezomorroak-eta baino garbiagoak askoz. Horregatik, maiz ez dugu esku hartzen inurritea izurrite bihurtu arte. Eta horixe da, hain zuzen, arazoa, izurrite bihurtzea, halakoetan inurri espezie inbaditzaileak izaten baitira eragile (Argentina inurria edo Lasius neglectus motako lorategi-inurria), bertako inurriei lekua kentzen ari diren espezieak. Izurriteen aurkako zerbitzuetan ari diren teknikarien esanetan, zimitzak eta inurriak ari dira buruhauste gehien ematen, ziztada desatseginak ematen dituztelako eta oso azkar hedatzen direlako.

Argentina inurria, Linephitema humile izenekoa, Hegoamerikako espeziea da berez, baina mundu guztira hedatu da. Lasius neglectus izeneko lorategi-inurri txikia ere azkar zabaldu da Asian eta Europan barrena, eta arazo larri bihurtzen ari da. Adituek uste dute Asia hego-ekialdekoa dela jatorriz, baina Hungarian aurkitu zuten lehenengoz, 1990ean (Budapesteko auzo bat osorik izurritu zuen inurri horrek). Ordudanik, Europa osora hedatu da; parke eta lorategietan agertzen da nagusiki, bertako espezieak desagerrarazi egiten ditu, eta etxe barruetaraino ere heltzen da. Espezie inbaditzaileak dira, eta izurrite bihurtzeko arriskua oso handia da, baldintza bereziak baitituzte: batetik, talde-antolamendu bitxia dute oso (erregina bat baino gehiago izaten dira habia bakoitzean, habia batekoek ez diete erasotzen beste habietakoei, habia barruan ernaltzen dira eta gemazio bidez hazten dira, olio orban bat bezala), eta bestetik, ez daukate parasito edo patogeno naturalik.

Izurriteen aurkako
zerbitzuetan ari diren
teknikarien esanetan,
zimitzak eta inurriak ari
dira buruhauste gehien
ematen

Inurri horiek, gainera, superkolonietan biltzen dira. 2002. urtean, Argentina inurrien superkolonia bat aurkitu zuten Lausanne-ko Unibertsitateko ikertzaileek; milioika habia zituen, eta bilioika intsektu, guztiak genetikoki berdin-berdinak, eta 6.000 kilometro hartzen zituen Mediterraneo eta Atlantiko itsasertzean. Guztiak berdinak direnez, familia berekotzat jotzen dituzte batzuek besteak, eta ez diote elkarri erasotzen. Bertako inurriek, aldiz, guztiz bestela jokatzen dute: habia txikietan antolatzen dira, eta ondoan dituzten habien aurka ekiten diote lurraldea kontrolatu nahian. Espezie inbaditzaileek ez daukate kontrol neurri natural hori, eta etengabe ugaritzen dira; horrek areagotu egiten du haien inbasio-ahalmena. Inurri espezie hori, itxuraz, 1920. urtean iritsi zen Europara Argentinatik, merkantziaren batekin nahasian, eta horregatik dira guztiak genetikoki berdinak, talde berean dutelako jatorria.

Lasius lorategiko espeziea, berriz, Europa guztira hedatu da, eta beste izurrite tropikal batzuk ez bezala, leku hotz samarrak ere iritsi ditu. Iparralderantz eginda, adibidez, Jena-n agertu da (Alemania), Gante-n (Belgika) eta Varsovian (Polonia). Espainian, oraingoz ipar-ekialdean soilik agertu da. Adituak beldur dira Argentina inurria bezala hedatuko ote den, eta zein eremu har lezakeen esateko gai ez diren arren, uda hezea eta beren aldeko klima duten lekuetara irits litezke. Eta uste dute, gainera, gizakiak eraldatu dituen eremuetan ugarituko dela, egoitza multzoetan eta golf zelaietan, adibidez.

Labezomorroa, aspaldiko ezaguna

Aurreko bi espezie inbaditzaile horiek beste lagun bat ere badute, aski ezaguna: Periplaneta americana izeneko labezomorroa. 90eko urteetan sartu zen Espainian, eta hiri eremuetarantz hedatu da, batik bat estoldetatik barrena. 1995. urtean, iritsi eta gutxira, beraz, 136 kilometro koadro hartzen zituen izurrite bat kontrolatzea lortu zuen Valentziako Udalak. Une honetan, hiri-estolderietako milaka kilometro hartzen ditu Periplaneta labezomoroak.

Leku epeletan biltzen da zomorro hori, nahiz eta orokortu samarra ere badagoen. Gure inguruan, azken urteetako neguak ez dira hain gogorrak izan, eta itxuraz horregatik egonkortu da espeziea.

Etxeak babestu eta izurriteei aurre hartu

Zimitzak:

Bigarren eskuko altzaririk edo altzari zaharrik jartzen badugu etxean, goitik behera begiratu behar dira, zimitzik baduten edo ez ikusteko. Bidaia bat egiten dugun bakoitzean, ekarri dugun arropa guztia garbitu behar da gorde aurretik, bai erabili duguna eta bai erabili gabea.

Etxean zimitzak ditugula antzematen badugu, honako neurri hauek hartu behar ditugu:

  • Ohe-zapi eta tapaki guztiak garbitu behar ditugu, koltxoia xurgagailuarekin garbitu eta “alergenoen aurkakoa” den estalki irazgaitz batekin babestu behar dugu, urtebetez gutxienez. Gainera, koltxoiaren oinarria ere estalki batekin bildu behar da, zimitzik ez dadin pasa. Estalki hori hermetikoki itxita utzi behar dugu urtebetez.
  • Zimitzek ukitu duten objekturen bat garbitu ezin bada, bota egin behar dugu. Gizalege pixka batekin jokatu behar genuke halakoetan, eta ohartxo bat jarri behar genioke zaborretara bota dugun objektuari, beste inork erabil ez dezan.
  • Ez da komeni intsektizidak erabiltzea aurkitu ditugun zimitzen aurka, zeren, produktu egokia erabili ezean, arriskua baitago zomorroak etxe osoan barrena barreiatzeko, eta are zailagoa gertatuko litzateke horiek desagerraraztea. Bestalde, logelan intsektizidak etengabe erabiltzea -batzuk, behintzat- arriskutsu izan daiteke, ordu asko ematen baititugu han, eta produktu horiek ez dira batere onuragarriak.

Inurriak:

Lorategi ongi ureztatu eta hezea nahi izaten dute inurriek, hor ibiltzen dira gustura, baina ez da aski inurriei soilik erreparatzea; landare-zorririk baden ere begiratu behar izaten da, sarri horrek adierazten baitu inurririk baden edo ez. Izurritea etxe barruan antzematen badugu, leku mugatu batean, ohiko intsektizida bat erabiliz eta etengabe garbituz konponduko dugu arazoa.

Labezomorroak

Inurriekin gertatzen den bezala, labezomorrorik ez agertzeko ere, etxea garbi-garbi edukitzea da gauzarik garrantzitsuena:

  • Ez dugu utzi behar ez jaki hondarrik ez ur arrastorik, horrek erakarri egiten baititu
  • Zaborrontziak hermetikoki itxi behar dira
  • Isurbideak eta hodiak aztertu behar dira, horietatik sartzen baitira etxeetara
  • Zirrikituak ongi itxi eta tapatu behar dira, batik bat leku hezeetan daudenak (bainugelan, sukaldean, harraskan)

Izurrite mota bat edo bestea agertzen bazaigu, eta enpresa baten zerbitzua kontratatu nahi badugu zomorroak desagerrarazteko, beti-beti egiaztatu behar ditugu honako alderdi hauek: enpresa horrek baduela baimena biozidak erabiltzeko, Espainiako Osasun Ministerioak erregistratu dituen produktuak erabiltzen dituela eta tratamendu eraginkorra izango dela (bolada baterako, behintzat).