Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.
Hirugarren adinekoen egoitzak: 125 aztertu ditugu, publiko, pribatu eta itunduak, Espainiako 18 probintziatan : Gero eta garestiagoak dira baina eskaintzen dituzten lekuekin ez da asetzen gizartearen eskaera
Hamar egoitzatatik zazpitan, itxarote zerrendak dauzkate eta % 21k kalitate gabezia nabarmenak dituzte. Prezioak igo egin dira, egoitza publikoetan batik bat, nahiz eta merkeagoak eta hobeak izaten jarraitzen duten
Duela lau urte ere antzeko azterketa bat egin zuen CONSUMER EROSKI-k, eta orduko hartan, egoitzen % 14k ez zuten gainditu gure proba. Aurten, berriz, % 3 geratu dira gutxieneko mailatik behera. Gabeziak, hala ere, ez dira desagertu: hiru egoitzatatik bik ez dute eduki larrialdi txirrinik bainugeletan, % 20k ez dute eskaintzen fisioterapia eta errehabilitazio zerbitzurik, eta erdietan baino gehiagotan, azken urtean ez dute egin larrialdia itxuratzeko saiorik. Egoitza publiko eta itunduek emaitza hobeak lortu dituzte, orohar.
Ondorio horiek atera ditu CONSUMER EROSKI-k 125 egoitza publiko, pribatu eta itundu aztertu ondoren, honako 18 probintziatan, hain zuzen: A Coruña, Araba, Alacant, Asturias, Madril, Bartzelona, Bizkaia, Burgos, Cadiz, Granada, Gipuzkoa, Malaga, Murtzia, Nafarroa, Sevilla, Valentzia, Valladolid eta Zaragoza. Orain lau urte erabili genuen metodologia erabili dugu orain ere: telefonoz deitu dugu egoitza bakoitzera eta teknikariak egoitzetara bertara ere joan dira, haietan izena eman nahiko balute bezala. Bisita horiekin, jakin nahi izan dugu zer-nolako arreta eskaintzen dieten egoiliarrei, zer azpiegitura eta zerbitzu dituzten, adineko zenbat pertsonaren ardura izaten duen zaintzaile bakoitzak, zenbateko intimitatea duten egoiliarrek eta zenbateraino sentitzen diren etxean bezala, nolako mediku-arreta ematen dieten, garbitasuna, segurtasuna eta irispideak nolakoak diren, eta, jakina, zer prezio duten. Guk aztertu ditugun egoitzek, batez beste, emaitza ‘ona’ lortu dute, orain lau urte bezala, eta orduan gertatu zen moduan, egoitza publikoak gailendu egin zaizkie pribatuei eta itunduei (merkeagoak ere badira, gainera): publikoek 7,3 puntu bildu dituzte, batez beste, eta guztiek gainditu dute azterketa; pribatuek 6,7 puntu atera dituzte eta 7,2 itunduek, eta % 4 geratu dira proba gainditu gabe.
Eduki honen barruko orrialdekatzea
- Ez dago aurreko orririk
- Orri honetan zaude: [Or. 1 de 4]
- Joan hurrengo orrialdera Zerbitzuak, garbitasuna eta irispideak »