Orekak laguntzen du haur jelosia baretzen
Familiara kide berri bat iristen denean, poza izaten da nagusi, baina erruz aldatzen dira gauzak, eta batik bat senide zaharragoarentzat. Ordu arte, berak agindu du, eta orain, aldiz, arrotza jarri zaio etxean nagusi. Kosta egiten zaio onartzea aurrerantzean gurasoak ez dituela beretzat soilik edukiko. Bekaitzik eta jelosiarik ez agertzea, edo agertuta ere egoki kontrolatu ahal izatea, hori gurasoen esku dago: haurdunaldiaren eta jaiotzaren berri nola eman jakin behar dute, eta haurra baztertua senti ez dadin, erakutsi behar diote maite dutela, ulertzen dutela eta arreta eskaintzen diotela.
- Ongi aukeratu behar da zein unetan eman berria. Zer gertatuko den azaldu behar diogu. Haurtxo jaioberriak hari nola eragingo dion ulertarazi behar zaio. Gauza onak eta txarrak azaldu behar zaizkio: gela berria izango duela, jostailuak erdibana egingo dituztela, gurasoei lagunduko diela, senide nagusia izatea egokituko zaiola, eta abar.
- Galderak eta kezkak baditu, haren adinari eta heldutasunari dagozkion azalpenak eman behar zaizkio. Amatxoren sabelean dagoen haurrari zer gertatuko zaion galdetzen badu, hark ulertzeko moduan azaldu behar diogu.
- Haurra noiz jaioko den ulertarazteko, egun edo data bereziekin lotzea komeni da une hori. Bederatzi hilabete oso luze joaten dira, eta haur batentzat zaila da hori ulertzea. Gabonak, Olentzero, uda… era horretako aipamenak erabiltzea komeni da.
- Haurdunaldian lekutxo bat egin behar zaio. Ginekologoaren edo emaginaren kontsultara eraman behar genuke, eta anaia, arreba edo ahizpa izango duenaren bihotz taupadak entzunarazi. Ospitalea ikustera ere joan gaitezke haurrarekin, bere senidetxoa non jaioko den jakin dezan.
- Jaio aurreko estimulazio-jolasetan parte hartzera bultzatu behar genuke: hitz egin diezaiola sabelean dagoen haurtxoari, uki dezala sabela haurtxoaren mugimenduak sentitzeko, eta abar.
- Jaioberrien mundua nolakoa den azalduko diogu. Bera haurtxo zeneko argazkiak eta arropak erakutsiko dizkiogu, bera jaio eta hurrengo egunak nolakoak izan ziren azaldu, zer-nolako ilusioz prestatu genituen gauzak… Bera sabelean zegoenean ere arreta eta goxotasun handia eskaini geniola adieraziko diogu, senidetxo berriarekin egiten ari garen modu berean.
- Aukerarik izanez gero, ongi legoke etxean jaioberri bat duten lagunen edo familiakoengana joatea, haurrak ikus dezan nola jaten duten eta lo egiten duten lehen hilabeteetan. Haurrek uste izaten dute umetxoa jaio eta berehala hasiko dela eurekin jolasten, eta ikusten dutenean lo besterik ez dutela egiten, ez dira oso pozik egoten.
- Haurraren lagunen batek senide gazteagoak baditu, haren adibidea erabil dezakegu ulertarazteko gauza polita dela zaharrena izatea, eta badituela abantailak.
- Haurtxo berriaren inguruko elkarrizketetan parte hartzen utziko diogu, eta izena aukeratzeko orduan, haren iritzia ere aintzat hartuko dugu.
- Berari ere arreta berezia eskaini behar diogu, bere gauzez hitz egin, bere esperientziez eta kezkez… Ez da komeni elkarrizketa guztiak haurtxoaren ingurukoak izan daitezen. Berarekin harreman berezia dugula sentiarazi behar diogu, eta aurki beste haurtxo bat iritsiko den arren, lehen bezain kuttuna izaten jarraituko duela.
- Etxean egingo ditugun aldaketetan parte hartzen utziko diogu: haurtxoarentzako gauzak prestatu, armairuak antolatu…
- Haurtxoari ongietorria emateko opari bat prestatzeko esango diogu eta horretan lagunduko dugu.
- Gela batetik bestera aldatu behar badu haurtxoa datorrelako, denborarekin egitea komeni da, ez dezan pentsa haurtxoaren erruz aldatu behar izan duela.
- Haurtxoa jaiotzen denean, norbaitekin utzi beharko dugu zaharrena, eta hori ongi antolatzea komeni da; kontu handiarekin azalduko diogu hori berari, babestua eta zaindua senti dadin.
- Haurrari bizi-ohitura batzuk aldatu behar badizkiogu (txupetea kendu, sehaskatik ohera pasatu, haurtzaindegira edo eskolara hasi), haurtxoa jaio aurretik egin behar dugu, ez dezan pentsatu haurra jaio delako aldatu direla horiek guztiak.
- Haurtxo jaioberria ikustera eramango dugu, eta ahal dela beste inork baino lehenago ikus dezan ahaleginduko gara; lehen aldi horretan, berari eskaini arreta guztia.
- Haurtxoa ikusten duen lehen aldian, guk besoetan hartzea baino hobe da berak haurtxoa laztantzea eta hartzea ere bai. Lehen egunetik utzi behar diogu bere senidetxoa ukitzen eta laztantzen.
- Etxera itzulitakoan, saiatu behar dugu berak ere ahal duen guztia lagundu dezan haurtxoa zaintzen; biberoia eman diezaioke, arropa janzten lagun dezake, sehaska kulunkatzen…
- Jaioberriari kasurik egiten ez badio, ez behartu; hurbilduko da halako batean, egoki iruditzen zaionean.
- Ongi zaindu eta errespetatu behar dira bakoitzaren gauzak eta eremuak.
- Berarekin egoteko denbora hartu behar dugu, eta denbora hori ahal den lekutik ateratzen saiatu behar dugu.
izaten jarraitzen dugula sentiarazi
behar digu, anaia edo arreba badator
ere, beti bezain kuttuna izaten
jarraituko duela
- Jelosia ez da agertzen ospitaletik etxera etorritakoan soilik. Haurtxoak gurasoen arreta eta maitasuna kentzen dizkiola sentitzen duenean ere ager daiteke jelosia eta bekaitza.
- Haren aldartea eta jokabidea aldatzen badira, zerbait gertatzen ari den seinale. Agian, ez du ezer berezirik erakutsiko eta ezer gertatu ez balitz bezala jarraituko du, edo, agian, haurtxoaren gain-gainean egon nahiko du beti, hura zaintzen. Bi mutur horiek adieraziko lukete ez duela ulertu edo onartu haurtxoa jaio izana, eta eragiten ari zaiola.
/imgs/20090401/consejo2.jpg
Haurtxoarekin zakar eta oldarkor jokatzen duen begiratu behar dugu, edo jokabide atzerakorrik edo erregresiborik baduen, hau da, adin txikiagoko haurren joerak hartu dituen: totelka hitz egitea, jateari muzin egitea, lau hankan ibiltzea, komunera joateko gogoa egin zaiola ez jakinaraztea… Egoera horiek sortzen badira, ez dugu haserretu behar, gu haserretzen bagara haurtxoa egingo baitu errudun. Patxadaz hartu behar dugu, eta ulerberak eta toleranteak izan.- Tarte bereziak hartu behar ditugu berekin egoteko, eta ezerk ez digu kendu behar tarte hori. Haurra besarkatuko dugu, kantatu egingo dugu herekin, ipuinak irakurri… Harentzat zenbat eta gutxiago aldatu eguneroko ohiturak, orduan eta estres gutxiago sentituko du.
- Saiatu behar dugu bereizketarik ez egiten bati eta besteari eskaintzen diegun denboran eta ematen diegun arretan.
- Ahal dela, ez dugu ibili behar konparaketak egiten. Gaizki hartuko ditu, eta gutxietsi egiten dugula sentituko du. Horrek pentsaraz liezaioke lehen dena ongi egiten zuela, eta orain, haurtxo jaioberria lehiakide duela.
- Haurrak jelosiarik edukiko balu, ingurukoak jakinaren gainean jarri behar genituzke. Lagunei eta familiakoei eskatuko genieke haurrari kasu gehiago egin diezaiotela eta goraipatu dezatela. Ohikoa izaten da mundu guztia jaioberriari begira jartzea, zeinen polita den esanez, eta zaharrena bazterrean bezala geratzen da. Horrek areagotu egiten du haren jelosia.