Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

: Gehigarriak: industriako ‘gaiztoak’

EZ TXARRAK ETA EZ ARRISKUTSUAK. MEREZI GABEKO OSPE TXARRAK INGURATZEN DITU ELIKADURA ARLOKO GEHIGARRIAK, ETA INDUSTRIAK BERAK ERE BADU ERRUAREN ZATI BAT, “%100 NATURALA”, “KONTSERBAGARRIRIK ETA KOLORAGARRIRIK GABEA” ETA GISAKO ETIKETAK ERABILTZEN DITU-ETA AMU GISA. BADA GARAIA HORIEN IZENA GARBITZEKO. KONTATU EGINGO DIZUGU ZER DIREN, ZERTARAKO ERABILTZEN DIREN ETA ZERGATIK DIREN SEGURUAK.

Jendeak elikagai seguruak nahi ditu, eta kezka hori gorantz egiten ari da. Eurobarometroa izeneko inkestaren azken galdetegian, elikadura arloko segurtasunari buruz galdetu diete herritarrei, eta europarren %50ek diote segurtasunaren alderdia funtsezkoa dela erosketa saskia betetzeko garaian. Europarren %72k noiz edo behin entzun izan dute elikadura arloko gehigarriei buruzko aipuren bat, eta hori ona da berez, baina kontua da herritarrek ez dutela ikuspegi onik horien inguruan. Inkesta horretan bertan ageri denez, elikadura arloko segurtasunaren inguruko kezkak zerrendatzen hasi, eta Espainiako Estatuko herritarrek gehigarriak sartu dituzte ezinegon gehien sortzen dieten hiru arazoen artean. Baina ba al dago kezkatzeko arrazoirik?

Zer dira eta zertarako erabiltzen dira

Osasunaren Mundu Erakundeak hauxe dio elikadura arloko gehigarriei buruz: “Elikagaiei eransten zaizkien substantziak dira, eta mantendu edo hobetu egiten dute horien kaltegabetasuna, freskotasuna, zaporea, testura edo itxura”. Definizio hori oso zabala da eta era guztietako substantziak sartuko lirateke hor, hasi elikagaia zaporetsuagoa egiten dutenetatik eta segurua izateko beharrezkoak direnetaraino. Europako legedia (1333/2008 Araudia) urrutixeago doa eta hiru irizpide ezartzen ditu gehigarri guztietarako: ebidentzia zientifikoak berma dezala segurua dela, zentzuzko beharrizan teknologiko bat egon dadila (beste bitarteko batzuekin lor ez daitekeena) eta horien erabilerak ez diezaiola kontsumitzaileari pentsarazi produktu horrek ez duen ezaugarriren bat daukala.

Hau da, ez da legezkoa xerra fresko bati kontserbagarri bat eranstea eta ez dezakegu erabili burura datorkigun edozein substantzia, aurrez segurua dela aztertu gabe. Gehigarriak ez dira erabiltzen elikagaiari nutrizio balioa eransteko, orduan mantenugaiak izango bailirateke. Funtzio nagusia izaten dute elikagaiaren ezaugarri bat edo batzuk hobetzen laguntzea, adibidez segurtasuna, kontserbazio denbora, zaporea, kolorea edo testura.

Ezagutu behar genituzkeen zortzi kodeak

Industriak gehien erabiltzen dituen gehigarriek (beheko taulan) ez dute susmorik eragiten kontsumitzaileengan, adibidez azido askorbikoak (C bitamina), karamelu naturalak edo azido zitrikoak (fruta zitrikoei lotzen zaie). Baina beste batzuek, ordea, ez dute hain izen ona.

Aspartamo izeneko eztitzailearen inguruan, adibidez, eztabaida sortu zen Ameriketako Estatu Batuetan; lehenik onartu egin zuten, gero galarazi eta ondoren berriz onartu. EFSAk aztertu egin zuen segurua ote zen 2013. urtean, eta adierazi zuen esposizio mailak oso urruti daudela Eguneko Dosi Onargarritik (40 mg kilo eta egun bakoitzeko).

Glutamatoaren kasuan, ebidentzia gehiago dago susmo txarrak izateko. Oso toxikotasun gutxikoa da, baina badirudi “sintoma multzo bat” eragiten duela eta, oso modu arinean bada ere (beroaldiak, buruko mina, tentsioa igotzea), pertsona sentiberei eragin diezaieketela eta kilo eta egun bakoitzeko 42,9 mg edo gehiago hartzen direnean ager daitezkeela. Herritar gehienek gainditu egiten dute EDOa (30 mg kilo eta egun bakoitzeko), eta, horregatik, EFSAren gomendioa izan da berrikusi egin behar direla maila onartuak. Aurtengo urtarrilean bukatu da elikadura arloko industriari jarri zitzaion epea erabilera datuak eta horien justifikazio teknikoa aurkezteko. Aztertu ondoren hartuko dute erabakia, eta gerta daiteke beste muga bat jartzea edo erabat galaraztea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

  •  Ez dago aurreko orririk
  • Orri honetan zaude: [Pág. 1 de 3]
  • Ir a la página siguiente Seguruak al dira? »

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak