Emakumeen infartuak: sintoma berdinekin, hilgarriagoa

BERRIKI EGIN DEN IKERKETA BATEK FROGATU EGIN DU DESBERDINTASUNIK EZ DAGOELA. BULARREAN MIN HANDI ETA ZAPALTZAILE BAT SENTITZEA DA BIHOTZEKOAREN SINTOMA NAGUSIA, ETA EZAUGARRI BERDINAK IZATEN DITU BI SEXUETAN. SEINALEAK IDENTIFIKATZEN JAKITEAK ETA BIHOTZEKOA GIZONEN KONTUA DELA EZ SINESTEAK LAGUNDU EGINGO DU HAINBESTE EMAKUMEREN HERIOTZA SAIHESTEN: GIZONAK HALAKO BI HILTZEN DITU BIHOTZ GUTXIEGITASUNAK.
3 martxoa de 2020
GettyImages 906005242

Emakumeen infartuak: sintoma berdinekin, hilgarriagoa

Sharonne Hayes estatubatuar kardiologoak berriki Time aldizkarian esan duenez (Emakumeen Gaitz Kardiakoetarako Mayo klinikaren sortzailea da), laurogeiko hamarkadaren bukaeran, unibertsitatean espezialitatea ikasten ari zela, zera erakusten omen zieten: bihotzeko gaixotasunak ezohikoak zirela emakumeetan. Halaxe onartzen zen. Antonia Sambola kardiologoak ere horixe dio, urteetan esan izan dela bihotzeko “gizonen kontua” zela (Espainiako Kardiologia Elkarteko kidea da, Emakumeak Kardiologian lantaldeko koordinatzailea hain zuzen, eta Vall d’Hebron ospitaleko espezialista, Bartzelonan). Mediku horrek ikusi izan du bularreko minarekin kontsultara joanak ziren emakume batzuei antsiolitikoak hartzeko agintzen zietela, eta horregatik, alde guztietan kontzientzia hartu beharra dagoela nabarmentzen du: “Medikuntzako fakultateetan bertan, lehen mailako arreta zerbitzuetan, barne medikuntzakoetan eta kardiologiakoetan”, azaldu du.

Okerreko mezua

Okerreko uste horren erruz, gaixotasun kardiakoen inguruko ikerketa handiek baztertu egin dituzte emakumeak beren laginetatik hainbat hamarkadatan. Jarraibide horiek aldatu egin ziren 90eko hamarraldian, eta gaur egun ikertzaileek arrazoitu egin behar izaten dute ikerketa bat (edozein dela ere) zergatik egingo duten sexu bakarrarekin, baina ikerketa zientifikoen historia luze horretan arreta gizonengan jarri izanak abantaila nabarmena ekarri dio gizonen osasun kardiakoari. Baina, batez ere, mezu oker eta kaltegarri bat helarazi dio gizarteari: laguntza eskatu behar genukeela gizon bat ikusiko bagenu eskua bular gainean jarrita minaren minez, eta, aldiz, emakume bat egoera berean ikusiko bagenu, lasaitzeko eta atseden hartzeko gomendioa eman behar geniokeela, antsietate kolpe bat izango duela pentsatzeko joera egon baita, nahiz eta antzeko mina eduki. Gaur egun badakigu, estatistikak esku artean ditugula, bihotzekoa ez dela gizonen kontua bakarrik.

Ohikoagoa da gizonen artean, egia da, baina emakume gehiago hiltzen dira, gizonak halako bi ia: 2017an, 12.201 emakume hil ziren eta 6.964 gizon, Espainiako Estatistika Institutuaren arabera. Zergatik da hain hilgarria emakumeentzat? “Arrazoiak ez dira biologikoak, sozialak baizik”, azaldu du Antonia Sambolak. Kardiologo horrek emandako datuen arabera, emakumeek denbora gehiago hartzen dute laguntza eskatu aurretik (60 minutu, eta gizonek, berriz, 40), uste izaten baitute (oker) haiek ez dezaketela bihotzekorik eduki. Hasieran, ez diete garrantzirik ematen sintomei, ezer ez balitz bezala jokatzen dute eta luzaroago eusten diote minari (edo gizonek baino modu arinagoan adierazten dute).

“Batzuetan, larrialdietara iristen direnerako, bihotzekoak aurrera egin du eta bihotz gutxiegitasun bihurtu izaten da, eta horrek ez du minik ematen. Laguntza berandu eskatze horrek, gainera, ondorioak izaten ditu. Askotan beranduegi izaten da perfusio bidezko tratamendua egiteko (angioplastia bat da, oso teknika garrantzitsua bihotzekoaren ostean bizirik irauteko, non ireki egiten den arteria buxatua eta odol fluxua lehengoratu) edo sendagai jakin batzuk erabiltzeko, adibidez betablokeatzaileak, zeinak oso eraginkorrak izaten diren lehenbiziko 24 orduetan”, azaldu du Sambolak.

Zer da bihotzekoa?

Arterietako odol fluxuak irrigatu egiten du gihar kardiakoa, eta fluxu hori urritzen denean, kardiopatia iskemikoa (KI) gertatu dela esaten da. Miokardioko infartua da ohikoenetakoa, “bihotzeko” gisa ezagutzen duguna, alegia. Arteria koronarioa erabat buxatzen denean gertatzen da. Arrazoi bat baino gehiago egon daiteke blokeatzeko, adibidez odolbildu bat sortzea edo gantza mantsomantso iragaztea arterien paretetan, arrisku faktore batzuek eraginda, adibidez diabetesa, hipertentsioa, kolesterol handia, erretzea, gizentasuna, sedentarismoa edo adin aurreratua.

 

Sintoma gehigarri bortitzagoak

Hortaz, emakumeen sintomak eta gizonenak ez al dira desberdinak? “Mito bat da hori. Sintomen inguruan egiten den interpretazioan dago aldea”, erantzun du Antonia Sambolak. Sintoma nagusia berdina da emakumeetan eta gizonetan: bularreko min handia, eta bi besoetara, lepora eta bizkarrera ere zabaldu daiteke. Badituzte, dena den, bestelako sintoma begetatibo batzuk (osagarriak), gizonenak baino bortitzagoak: izerdia, goragalea, zorabioa, nekea eta goitika egitea.

Interpretaziori lotutako hutsegiteak

2012. urtean ikerketa bat argitaratu zen Journal of the American Heart Association aldizkarian, eta lan horren inguruan egin ziren interpretazioetatik dator gizonek eta emakumeek sintoma desberdinak dituztelako ideia hori. Baina, denborarekin, ohartu ziren datu batzuk zalantzazkoak zirela eta nahasmena sortzeko modukoak; adibidez, paziente askok bihotzekoa pasatu eta gero azaldu zuten beren sintomen berri (emakumeek gehiago eusten diote minari eta deskribapena ere modu arinagoan egiten dute; egonkor zeudenean, txikitu egiten zitzaien) eta laginean paziente diabetiko asko samar zegoen (gaixotasun horren eraginez, ia ez dute izaten toraxeko minik).

“Bihotzeko bat jasaten duten emakumeen sintomak eta gizonenak desberdinak direla onartzeak eta hutsegite hori egiteak ondorio bakarra dakar, okerreko diagnostikoa egitea alegia, tratamendua atzeratzea eta eskaintzen diren esku-hartze medikuak ez izatea hain intentsiboak”. Ondorio hori atera du Edinburgoko Unibertsitateko kardiologoen taldeak (Eskozia), non Amy V. Ferry doktore andrea ibili den taldeburu. Berriki argitaratu da ikerlan zabal eta zehatzago hori, JAHA aldizkarian. Aurreko ikerketen joerak ikusita, ikertzaile talde horrek erabaki zuen erregistratu egingo zituela Eskoziako ospitale bateko larrialdi zerbitzuetara joandako pertsonen sintomak diagnostikoa jakin aurretik, eta 2013ko ekainetik 2017ko martxora, 1.941 lagunen datuak bildu zituzten. Horietatik, 274ri egin zieten miokardioko infartu akutuaren diagnostikoa (90 emakumeri eta 184 gizoni).

Sintomarik ohikoena zein izan zen galdetu zietenean, bi sexuetako pertsonen %93k erantzun zuten min handia sumatu zutela bularrean, eta gizonen %48k eta emakumeen %49 azaldu zuten, gainera, ezkerreko besoan ere sumatzen zutela mina. Era berean, emakumeen artean gehiago izan ziren matrailezurrean eta bizkarrean ere mina sentitu zutenak, eta emakumeetan joera handiagoa agertu zen goragalea izateko ere (%33, eta gizonetan %19).

Diagnostiko goiztiarra

Sambolak argi eta garbi adierazi du zein den gakoa bihotzeko baten ondoren bizirik irauteko: diagnostiko goiztiarra egitea (bigarren ordutik aurrera, pertsonak nekez osatzen dira erabat), zenbat eta denbora gehiago pasatu ohikoagoa baita pazienteak konplikazio larriak izatea eta are hiltzea ere. “Pertsona bat larrialdietara edo bere osasun etxera iristen denean bihotzekoa izan duelako susmoarekin, ebidentzian oinarritzen den diagnostikoa egin behar da beti. Hau da, ez daiteke uste izan pertsona batek antsietate kolpe bat jasan duela, frogekin baieztatu beharra dago”, azaldu du kardiologoak.

Lehenik eta behin, elektrokardiograma bat egin behar da (ECG), eta proba horrek esango du bihotzeko zein zatik jasan duen kaltea. Hortik abiatuta, tratamendu eraginkorrena ezar daiteke. Beharrezkoa da, halaber, odol analisi bat egitea eta horrekin triponina mailak neurtzea; proteina batzuk dira eta bihotzeko giharrak kalteak jasaten dituenean jariatzen da. Batzuetan, horrekin batean, ergometria bat edo esfortzu proba bat ere eginarazten da. Pazienteak bihotzekoa izan duela egiaztatzen denean, premiazkoa izaten da angioplastia bat egitea arteria buxatuaren gain eta odol zirkulazioari ohiko fluxua itzultzea. Antsietate kolpeek beti ez dute minik ematen. Ez dezagun ahaztu.

Erne jarrarazi behar zaituzten seinaleak

Eguneko edozein ordutan gerta daiteke bihotzekoa, baina nagusiki goizeko lehen orduan izaten da.
Sintoma hauek guztiak ez dira aldi berean iristen, batzuk besteekin konbinatuta baizik

  • Toraxeko min handi-handia. Ondoez eta presio sakona bularraren erdialdean, inola ere desagertzen ez dena. Ez da joaten ez mugimendua aldatzean eta ez arnasketa ariketak egitean ere. Minutuak iraun dezake, gero desagertu eta berriz itzuli.
  • Beste gune batzuetako kalteak. Bularreko min handia batzuetan ezkerreko besorantz zabaltzen da. Eta baita eskuinerantz, matrailezurrera, lepora, bizkarrera eta urdailera ere.
  • Ondoeza. Airea falta zaigulako irudipena, batzuetan mina ere bai eta besteetan ez.
  • Ager litezkeen beste sintoma batzuk. Izerdi hotza, goragalea eta zorabioa.

 

Noiz agertzen dira arriskuak (batez beste)

  • Emakumeen: 71 anys
  • Gizonen: 64 anys

Bihotzekoa izan eta hiltzeko arriskua

  • Emakumeen: 18%
  • Gizonen: 9%

Errehabilitazio programetan parte hartzea

  • Emakumeen: 19,9%
  • Gizonen: 33,9%

ConsumerEroski revista MARZO EUS

Iturria: Síndrome coronario agudo en mujeres y hombres en España, Ramón y Cajal Ospitaleak (Madril) eta Mapfre Fundazioak sustatua, 2017ko urtarrilaren eta irailaren artean. Miokardioko infartuaren diagnostikoa egin dioten gizonen eta emakumeen sintoma zerrenda, sexuen araberako irizpide espezifikoak erabilita (JAHA Journal of the American Heart Association aldizkariak argitaratua).

Desberdintasunak

Gizonetan bezala, emakumeetan ere bularreko presio edo min handia izaten da sintomarik ohikoena. Emakumeek, ordea, joera gehiago izaten dute ohiko beste sintoma batzuk sumatzeko, adibidez aire falta, goragalea, goitika egitea eta bizkarreko edo matrailezurreko mina.