Jaime del Val, Lurraldea Babesteko Hiritar Koordinadoraren bozeramailea

"Eraikuntza da Espainiako ingurumen-hondamendirik handiena"

1 martxoa de 2012
Img entrevista listado 769

Zer-nolako eragina izan dute eraikuntzak eta herri-lanek Espainiako ingurumenean?

Espainian inoiz izan den ingurumen-hondamendirik handiena izan da, eta, segur aski, Europako handiena ere bai.

Zer datu nabarmenduko zenituzke?

‘Boom’-a gertatu zen urteetan, 50.000 futbol-zelaik hartuko luketen gainazala urbanizatu zen urtean, eta Europako gainerako herrialdeetan baino % 500 handiagoa izan zen eraikuntza-tasa. Alemanian, Frantzian eta Erresuma Batuan, hiruretan adina etxe egin zituzten Espainian.

Zein dira inguru kaltetuenak?

Malaga, Valentzia, Alacant, Murtzia, Kataluniako kostaldea, Balear uharteak eta Madrilgo erkidegoa dira kasurik muturrekoenak, baina lurralde guztiei eragin die, salbuespenik gabe. Kostalde guztia adreiluz josia dago, eta barnealdean ere badira oso kasu ezagunak; Avilakoa, adibidez, non mega-urbanizazioak planifikatzen ziren, 40.000 biztanle hartzeko, edo parte tematiko erraldoiak, Monegrosko basamortuan egin nahi izan dutena bezalakoa, “Las Vegas” efektua lurralde guztira hedatzeko.

Krisiaren ondoren, gutxitu egin al da ingurumen-eragina?

Ez, txikizioa egina dago, eta ez du atzerakorik. Ekoizpena dibertsifikatzearen aldeko apustua egin beharrean, eredu jasanezin berberaren alde ari dira: kenkariak eskaintzen dituzte erosteagatik, BEZa beheratzen diote etxe berria erosten duenari, milaka plan urbanistiko ari dira lantzen lurralde guztian… Milioika etxe berri egiteko prestatzen ari dira, nahiz eta hiru milioi baino gehiago dauden hutsik eta nahiz eta beste milioika batzuk dauden onartuta eta egitear. Eredu suizida da, eta ingurumen-txikizioa eragiteaz gain, hainbat arazoren iturburu ere izan da: etxebizitzari lotutako arazoak, ustelkeria, krisi ekonomikoa eta langabezia.

Ezagutzen duzu ingurumen-eragin handia izan duen kasu jakinen bat?

Playa Macenasen (Mojácar), adibidez, Limonium Estevei landarearen berezko espeziea deuseztatu dute ‘Macenas Med Group’ makroproiektuarekin (probintzia horretan hondamendirik handiena eragin duena izango da, segur aski): 1.400 etxebizitza, bi golf zelai -funtzionatzen ari dira, eta legez kanpo ureztatu dituzten azken sei urteetan- eta zenbait hotel lurzoru babestuan. Ia bukatua dago, nahiz eta krisiak geldiarazi egin duen. Jarri ditugun helegiteek oraindik ez dute lortu badaezpadako galarazpenik.

Zu Europako Parlamentuan izan zinen gai hori salatzeko? Zer erantzun zizuten?

Zenbait urteren buruan, Auken txostena onartu zuten, zeinak argi eta garbi azaltzen baitu zenbaterainoko eragina izan duen urbanismo basatiak Espainian. Eskabide Batzordeari bidali genion informazioaren zati bat agertzen da. Era horretako erakunde batek Europako herrialde bati buruz idatzi duen testurik erabatekoena da. Espainiari kohesio funtsak kendu behar litzaizkiokeela iradokitzen du.

Txosten horrek balio izan al du zerbaitetarako?

Ez askorik. Ez da loteslea, eta komunikabideek ez diote jaramonik egin, ustelkeriaren muina ukitzen duelako. Espero dugu parlamentuak jarraituko duela adierazpen gehiago egiten. Gutxienez, aurrekari beharrezko bat ezarri du.

Zer egin dezakete kontsumitzaileek?

Hiru gauza. Bat: iruzur handi honen kontzientzia hartu, eta ohartu guzti-guztiok murgiltzen gaituela krisi ekonomikoan, sozialean, ingurumen-krisian eta krisi demokratikoan. Bi: onartu, luzera begira, guztiok ordaindu beharko dugula ingurua suntsituz aberastu nahia. Hiru: alokairu sozialaren alde egin, eta ez espekulatu lurzoruarekin eta etxebizitzarekin.

El Algarrobico hotela eraitsi egingo al dute azkenean?

Baliteke prozesua azkartzea. Uste dugu, Granadako Auzitegiak epai irmoa ematen duenean, ezingo dutela helegiterik jarri Auzitegi Gorenean. Baina prozesu mantsoak dira, eta zenbait urte joango dira. Andaluziako Junta eta Carbonerasko Udala eginahalak eta bi egiten ari dira legeztatzeko, jendeari beste gauza bat sinetsarazten badiote ere.

Zer iruditzen zaizu eraikuntza iraunkorra esaten dioten hori?

Ez dut behar bezala ezagutzen, baina eskatu nahi dut ez dezatela modu demagogikoan erabili burugabekeria espekulatzaileak mozorrotzeko. Espainian erabateko atzerapen edo moratoria behar da eraikuntzan, eta zenbait hamarkadatan, azken 30 urteetako desmasiak desegiteko erabili behar lirateke udal-aurrekontuak: gorozki-isuriak nonahi, garraio arloko eta bilgune publikoetako gabeziak, hezkuntza eta osasuna…

Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak adierazi du Kosta Legea berritzeko asmoa duela.

Higiezinen burbuila bultzaberritzeko asmoa adierazten du, eta kezkatzekoa da. Batzuetan entzuten dira halako esaldiak: “Ingurumenak ezin du geldiarazi hazkunde ekonomikoa”. Ondasun komun oinarrizkoenei erasotzea da hori. Gizarte-protesta indartzea beste biderik ez dago. Iragartzen dugu mobilizazio handiak izango direla neurri horien aurka.