Organo bakoitzak bere elikagaiak
Elikadura eta organoen jardun egokia bikote bereizezina da: ongi elikatu ezean, organoa hondatu eta behar bezala ez funtzionatzeko arriskua izaten da. Oro har, pertsona bakoitzak badaki zein den bere gorputzeko zatirik ahulena eta, beraz, jakin egin behar luke zer-nolako produktuak komeni zaizkion organo hori zaintzeko, eta jakin egin behar luke, halaber, naturak berak eskaintzen dituela hainbat elikagai, beren osaera berezia dela eta, ezinbesteko izan behar luketenak dieta terapeutiko batean (norberak kaltetuen duen atalaren arabera osatu behar litzateke dieta hori). Garunak, adibidez, glukosa eta bitaminak behar izaten ditu bere konexioak optimizatzeko; zirkulazio-aparatuarentzat ezinbestekoa da arteriak egoera onean izatea eta odolaren jario etengabea; hezurrak hainbat mineralen gordailu dira eta horien homeostasia giltzurrunek erregulatzen dute (organismo biziek eta beste sistemek egoera berrietara egokitzeko eta orduan ere orekari eusteko duten gaitasunari esaten zaio homeostasia); eta gibela, berriz, oso sentibera da elikagaien osagai batzuekin (oso erraz kaltetzen eta gaixotzen da, baina osagaiak berreskuratzeko eta arazteko ere gaitasun handia du).
Begientzat
Elikadurak izugarri eragiten die begiei. A, C eta E bitaminak eta herdoilaren aurkakoak (luteina eta zeaxantina) ezinbestekoak dira eta, bereziki, ikusmenaz arduratzen diren zatietan daukate eragina: erretina, kristalinoa eta makula. Azterketa kliniko askok ondorioztatu dutenez, herdoilaren aurkako gaiak urri samar edukitzeak, itxuraz, badu zerikusia endekapenezko begi-patologiekin (kataratak izan daitezke, adibidez, edo makularen degenerazioa). Beraz, osagai horiek guztiak funtsezkoak dira begiak ongi funtziona dezan.
Hori horrela izanik, elikadurari dagokionez, eguneroko dietan ezin dira falta honako elikagai hauek: berdura berdeak (espinakak, brokolia, azak, zerba, txikoria eta azenarioa), fruta laranjak (zitrikoak, melokotoiak, meloia) eta basoko fruituak (masustak, ahabiak, mugurdiak eta basamarrubiak). Elikagai askotarikoak jatea da gako nagusia begiak osasuntsu egon daitezen: alegia, ikusmen-sentiberatasun gehiago eduki dezaten; erdiguneko ikusmena hobea izan dadin, arazorik gabe irakurtzeko, telebista ikusteko edo aurpegiak ezagutzeko; eta endekapenezko begi-patologiak edukitzeko arriskua txikiagoa izan dadin.
Merkatuan badira herdoilaren aurkako gaiak ematen dituzten osagarriak, baina azterketek erakutsi dutenez, badirudi beta-karoteno dosi handiak hartuta handitu egiten dela makularen degenerazioa pairatzeko arriskua. Dena den, osagarri bat sekula ez da erabili behar oinarrizko tratamendu gisa, ezta elikadura egoki baten ordezko gisa ere.
Arnasketa-sistemak ere jaten du
Hotzeria bat bestearen atzetik harrapatzea, sinusitisa, mukiak eta karkaxa, asma eta bronkitisa dira arnasketa-gaitzik ohikoenak. Pneumologoek esaten dute, arnasketak ongi funtziona dezan, elikadura egokia egin behar dela eta, horretarako, ezinbestekoak direla herdoilaren aurkakoak (A, C eta E bitaminak eta selenioa). A bitamina, adibidez, oso baliagarria da muki-mintzak birsortzeko -kaltetu eta hanpatu egiten dira asmarekin- eta bronkitisari eta BGBK delakoari aurre egiteko (Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa).
Adituek ohartarazten dute, arnasketa-nahasmendu askok mukiak agerrarazten dituztenez eta muki-mintzak hanpatu ondoren zaildu egiten denez arnasa hartzea, beharrezko dela dieta aldatzea. Ezaugarri espektoranteak dituzten elikagaiak lehenetsi behar lirateke (karkaxa botatzen laguntzen dutenak), eta hanpaduren aurka egiten dutenak, eta, aitzitik, baztertu egin behar lirateke, beren osaera kimikoaren eraginez, muki gehiago sortzen dutenak. Hori dela eta, muki askorekin bagabiltza, aski izan liteke aldi batez esnekirik ez jatea eta horrek zer-nolako emaitza ematen duen ikustea. Karkaxa kanporatzeko eta muki-jarioa areagotzeko, berriz, likido gehiago edatea komeni izaten da (baita jengibre infusioak ere), eta zapore mina duten elikagaiek ere on egiten dute, lagundu egiten baitute arnasa hartzen (baratxuriak, tipulak, porruak, errefauak eta errafautxoak).
Adituen eskutik iritsi diren azken gomendio eta neurri dietetikoek esaten dute bereziki garrantzitsuak direla omega-3 gantz azidoak (arrain urdin gehiago jan behar da, beraz), ez baitute uzten arnasketa-mintzak hanpa daitezen, eta emaitza onak ematen dituzte nahasmendu larriekin (bronkitisa eta BGBK, adibidez).
Bihotzak maite dituen elikagaiak
Bihotz-hodietako eritasunek hiltzen dute jende gehien Espainian. Horiei aurre hartzeko moduetako bat elikagai egokiak hautatzea da. Elikagaiek dituzten osagaietatik, hiru dira funtsezkoak bihotza eta arteriak ongi elikatzeko: gantz saturatugabeak, zuntza eta herdoilaren aurkakoak.
Gantzei dagokienez, dieta bat bihotzarentzat osasungarria izan dadin, gantz onak hartzea komeni da batetik, polisaturatugabeak (bereziki, omega-3 gantz azidoak, arrain urdinak eta fruitu lehorrek dauzkatenak) eta monosaturatugabeak (oliba-olio birjina estra eta aguakatea), eta, bestetik, gantz txarrak desagerraraztea (saturatuak eta trans gantzak). Hauxe da helburu terapeutikoa: dietarekin soilik erregulatzea kolesterolaren eta triglizeridoen mailak, baita odolaren dentsitatea ere, arteriak ez daitezen buxatu eta bihotz-hodietako eritasunak saihestu ditzagun (infartua) edo garun-hodietakoak (iktusa, enbolia).
Gantz saturatu gutxiago hartze aldera, ohitura batzuk moldatu egin behar dira: adibidez, ez da komeni egunero edo astero jatea haragi gantzatsuak, horien eratorriak -hestebeteak, hirugiharra-, esnea eta haren eratorri gantzatsuak -esne osoa, gazta onduak, esne-gaina, gurina- eta koko- edo palma-olioz egindako opilak. Trans gantzak, berriz, dietatik erabat desagerrarazi behar dira, lehenbailehen, horiek are kaltegarriagoak dira eta: handitu egiten dute LDL-c edo kolesterol txarraren maila eta txikitu HDL-c edo kolesterol onarena. Osagaien zerrenda irakurriz gero, erraz jakin liteke zer elikagaik dauzkaten trans gantzak (“gantz partzialki hidrogenatuak” / “olio partzialki hidrogenatuak” esaten diete): opilek, gozoek, aurrez prestatutako jakiek, eta abar.
Zuntza eta herdoilaren aurkakoak funtsezkoa dira bihotzarentzat osasungarri den dieta egiteko. Elikagaien bidez hartzen dugun zuntzak desagerrarazi egiten du kolesterolaren zati bat gorozkiekin batera, eta, beraz, odolean gutxiago metatzen da. Eta herdoilaren aurkako gaiak kopuru egokian hartuz gero, murriztu egiten da LDL-kolesterol molekulen oxidazioa, eta hori ona da, zeren oxidatuz gero, itsatsi egiten baitira hodien paretetara eta aterosklerosia ager daiteke (estutu egiten da arterien diametroa, eta odola nekezago igarotzen da). Barazkiak, berdurak, fruta, fruitu lehorrak, lekaleak eta osoko zerealak (integralak) egunero eta ugari janez gero, organismoari kopuru egokietan emango dizkiogu zuntza, herdoilaren aurkakoak, potasioa eta magnesioa (mantenugai horiek guztiek lagundu egiten dute bihotzaren eta arterien osasun ona).
Gibelari, berdura berdeak
Elikagaiak egoki hautatzeak normalizatu egiten du gibelaren eta behazun-xixkuaren funtzioa, eta organo horiek funtsezkoak dira metatu diren hondakin toxikoak kanporatzeko (sendagaien, pestiziden, metal astunen eta abarren hondakinak). Gibeleko gainkarga baten sintomarik arinenak erraz identifikatzen dira, nahiz eta oso gutxitan lotzen zaizkion organo horren ondoezari: pruritoa edo larruazaleko hazkura, buruko mina, nekea edo digestio-ondoeza eta apetitu-galtzea, mina, goragalea eta goitika egitea. Elikagai talde guztiak aintzat hartuta, batzuk egokiagoak dira baldintza egokiak sortu eta gibelaren funtzioa hobetzeko: osoko zerealak (gari aleak, bulgurra, kuskusa), lekaleak (ilarrak), berdura berdeak, germinatuak eta hartzidura laktiko bidez hartzitu diren barazkiak (chucruta), Gainera, dieta bidez gibela zaintzeko, arretaz begiratu behar zaie egosaldiei eta jaiak prestatzeko moduei: lurrunetan eginak izatea komeni da, tarte laburrean egosita, ur irakinetan eginda…
Gozo zaporea atxikitzen zaie organo horiei, eta elikagai guztien digestioa egitea da horien zeregina: pankreak eta hesteek entzimak sintetizatzen dituzte, azukreak, proteinak eta gantzak digeritzeko beharrezkoak direnak. Zelulek ongi funtziona dezaten, eta horren ondorioz gorputzeko gainerako organo eta sistemek ere bai, digestioa ongi egitea da lehenbiziko pausoa.
Digestio-organoak zaintzeko, sustraietikako barazkiak jatea komeni da (azenarioa, adibidez), eta barazki biribilak ere bai (erremolatxa, kalabaza eta tipula); horiek guztiek gozo-ukitu izaten dute, lurreko mantenugaiak xurgatu eta azukre gisa asimilatzen dituzte eta. Berdin gertatzen da behar den sasoian eta ongi umotuta biltzen diren frutekin ere. Elikagai horiek egunero jateak orekatu egiten du digestio-organoen funtzioa. Ildo horretan, funtsezkoa da jakiei berezko gozotasun guztia ateratzeko moduan prestatzea platerak, azukrerik eransten ibili gabe: gozo-ukitua eman eta jakien berezko gozotasuna areagotzen duten espeziak erabiliz (kanela, intxaur muskatua, kardamomoa, anisa, iltzea, banilla), fruta lehortuak erantsita eta jakiei egosaldi luzeak emanez eta gero su eztian frijituz.