Zer egin: iTunes Match-era pasatu edo Spotify-rekin jarraitu?
Berriki iritsi da gure artera iTunes Match zerbitzua, eta oso prezio lehiakorra ekarri du, gainera: 25 euro urtean. Apple etxearen gailuak dauzkatenek soilik erabil dezakete musika-zerbitzu hori, Interneterako edo datu-sarerako konexioa dutenek: iPhonea, iPod Toucha, Mac ordenagailuak edo iPad tableta. Horietan guztietan entzun daiteke, streaming bidez, norberak nahi duen musika, nahiz eta aski izango den gailu bakarrean gordetzea eta Appleren hodeiko (iCloud) zerbitzariekin sinkronizatzea. Sagarra irudi gisa darabilen enpresak, eskatzen diogun bakoitzean, entzun nahi dugun abestiaren kopia bat eskainiko digu streaming bidez. Baldintza bakarra bete behar dugu horretarako: abesti horrek gure ordenagailuetako baten disko gogorrean egon behar du. Hortxe dago, beraz, aukera berria, baina zenbateraino merezi du holako zerbitzu bat kontratatzea, hilean hamar euroren truke Spotify Premium erabil badezakegu?
Suediako zerbitzuak, izan ere, iTunes Match delakoaren antzeko aukerak eskaintzen ditu: musika sinkronizatu egin dezakegu gure gailu mugikor guztietan, Apple etxearenak izan edo ez, abestiak eta abesti-zerrendak deskarga ditzakegu, eta beste erabiltzaile batzuenetara ere sar gaitezke. iTunes Matchekin, aldiz, disko gogorrean dagoen musika soilik entzun daiteke, eta ez du axola iTunes dendan erosia den (Appleren denda da), lehenago erositako disko konpaktu batetik hartua den edo partekatze-sareren batetik deskargatua.
iTunes Matchek ez du kontuan hartzen musikak zer jatorri duen; identifikatu soilik egiten du, eta bere zerbitzarietan abesti horren kopiarik baduen aztertzen du. Kopia baldin badauka, abestia disko gogorretik zerbitzarira kargatu beharrean, streaming bidezko bertsio bat gailu mugikorretan entzuteko aukera emango du iCloud izeneko hodeitik. Abestia ez badago iTunesen, erabiltzailearen gune pertsonal batera igoko du, eta modu berean eskainiko dio hark eskatu bakoitzean, mugikorrera, iPodera edo tabletara deskarga dezan, eta deskonektatua dagoenean ere kopia bat eduki dezan entzuteko.
Bi zerbitzu eta filosofia bakarra
Filosofia berbera darabilte iTunes Match eta Spotify zerbitzuek: edozein gailu eta lekutatik musika-liburutegira etengabe sartzeko aukera eskaintzea. Biek ere streaming bidez ematen dute musika, eta biek eskaintzen dute norbere gailu guztiak sinkronizatzeko aukera; estrategia berbera darabilten arren, bakoitzak ditu bere abantailak. Spotifyk, adibidez, katalogo oparoa eskaintzen dio zerbitzua kontratatzen duenari. Nolabait esateko, munduan digitalizatua dagoen musika guztia eskura dezake, hilean hamar euroren truke.
Baina kontuak egiten hasten badira, ohartuko dira, egiaz, iTunes Match merkeagoa dela, 25 euro balio du-eta urtean. iTunes Matchek, ordea, abesti muga bat jartzen du, 25.000koa, hain zuzen ere, nahiz eta hor ez diren sartzen iTunes dendan erosiak. A priori, abesti asko direla pentsa liteke, eta hala dira, baina estilo berriak edo artista ezezagunak bilatu nahi direnean, erabiltzailea mugatuta aurki liteke zerbitzu horrekin. Segur aski, 25.000 abestirekin, erabiltzaile askok ez dute gehiagoren beharrik izango eta estilo berriak bilatzeko jakin-minik ere ez dute edukiko. Azken batean, erabiltzaile bakoitzaren beharrek baldintzatuko dute zerbitzu bat edo bestea hautatzeko erabakia.
Nori komeni zaio Spotify?
Erabiltzaile musikazaleek edo ipurterreek, musikaz inoiz asetzen ez direnek eta gustu sailkaezinak dituztenek, hobe dute Spotify Premium hautatzea, egokiagoa baita haiek bilatzen dutena eskuratzeko. Urtean diru gehiago ordainduko dute, baina beren gailuetako edozeinetan entzun ahalko dute musika guztia. Applek, berriz, hamar gailuko muga jartzen du. Bestalde, Spotifyren alderdi sozialari esker, abesti, joera eta estilo berriak ezagut daitezke eta hainbat gauza ikasi (Facebook-ekin bat egin du, eta erabiltzailearen solaskideek ikusi egin dezakete zer-nolako musika entzuten duen hark).
Ildo horretan, beste erabiltzaile batzuen abesti-zerrenden harpidetza egiteko aukera edukitzeak areagotu egiten du abesti berriak bilatzeak sortzen duen zirrara, eta, gainera, musika-gaietan oso jantziak dauden erabiltzaileen esperientzia aberasgarria gureganatzeko ere balio du. Horrek ere badu, dena den, alde ez hain ona: internauta batzuek “hari musikal efektua” deitu dutena, hain zuzen. Hau da, erabiltzaileak berak sortu ez dituen abesti-zerrendak entzutea, azken batean, kantu-segida bat entzutea besterik ez da, eta ez da jakiten abestiaren egilea nor den.
Nori komeni zaio iTunes Match?
Zerbitzu egokia da musikarekin interes handi-handirik eduki ez, baina abesti jakin batzuk oso gustuko dituzten erabiltzaileentzat. Spotify Premium ez da egokia horientzat, garestia delako eta ez dutelako behar adinako ezagutza eta irizpide musikalik abesti eta estilo berrien bila nondik hasi jakiteko. Ez dute behar adinako jakin-minik eta kulturarik Suediako zerbitzuari etekin guzti-guztia ateratzeko, baina Appleren eskaintza, aldiz, egokia gerta dakieke.
Urtean 25 euroren truke, iPhonean edo iPadean eduki dezakete musika guztia (60 eta 75 gigabyteko biltegia eskaintzen dute), eta denda batean, berriz, disko berri bat eskuratuko lukete diru horrekin. Gainera, nork bere abesti-bilduma edozein gailutan entzun ahal izatea gauza handia da askorentzat, eta saihestu egiten da “hari musikalaren efektua” esaten zaiona, nahiz eta abesti-zerrendak ausaz eskuratzeko aukera ere ematen duen, Genius aplikazioa instalatuta.