Txakurra txertatu eta babesa bermatu
Txakurra daukatenek ongi dakite. Familiako kide bat gehiago da, eta gainerakoek bezala, badu lotarako ohea, jateko platera, siesta egiteko tartea eta baditu bere jolas-ohiturak ere. Eta familiako gainerako kideak bezala, gaixotu ere egiten da, eta horrexegatik, txertoak behar izaten ditu. Horixe da modurik eraginkorrena eritasun infekziosoak saihesteko. Pertsona helduek eta haurrek bezala, txakurrek ere badute txerto-egutegi bat beren osasuna zaintzeko. Dena den, uneotan ez da derrigorrezkoa inolako txertorik jartzea; duela gutxi arte, nahitaezkoa zen errabiaren aurkakoa, baina orain ez. Edozein zalantza izanez gero, eta txertoen inguruko erabakiak hartu aurretik, albaitariari galdetzea komeni da.
Txakurrentzako txertoen eraginkortasuna
Txertoek asko hobetu dute eraginkortasuna azken urteotan. Zenbaitetan, ordea, txakurrak erreakzio larriak eduki ditzake txertoa hartu eta berehala, edo handik 48 ordura ere bai batzuetan. Nagusiki, honako eritasun infekzioso hauen aurka jartzen zaie txertoa txakurrei: mukieria, parbobirosia, txakur-hepatitisa, leptoriosia eta errabia. Kontuan hartu behar da, hala ere, ez dela komeni gaixo dagoen animalia bati txertoa jartzea, eta, beraz, aurrez azterketa kliniko bat egin behar zaio. Bestalde, txertatze-egutegiarekin hasi aurretik, ziurtatu egin behar da zakurrak ez duela bizkarroirik. Lehen txertoa (lehen lau gaixotasunentzat) txakurrak zortzi aste egin aurretik jarri behar zaio.
Zenbait egoeratan, ez da komeni izaten txakurrari txertoa jartzea; adibidez, eritasun infekziosoren bat duenean, nahasmendu immunitarioak dituenean edo alergiak. Halakoetan, hobe da albaitariari galdetzea, eta hark erabakiko du txertatzea atzeratu egin behar den edo ez.
Berriz txertatzea
Animaliak behar adinako immunitatea lor dezan, bigarren aldiz jarri behar izaten zaio txertoa eta, arraza batzuei, baita hirugarren aldiz ere, txakurrak 15 aste bete baino lehen. Eta urtea igaro ondoren, berriz jarri behar zaizkio. Eta kutsatzeko arriskua oso handia bada, txakurrari urtero jarri behar zaio leptoriasiaren aurkako txertoa, bordetela bronkisetikoaren aurkakoa edo txakur-parainfluenzaren aurkakoa.
Errabiaren aurkakoa jarri edo ez, aldiz, herrialde bakoitzeko osasun-legediaren araberakoa izaten da. Dena dela, albaitariak esango digu inork baino hobeki zer txertatze-egutegiri jarraitu behar diogun. Urtebete baino gehiago daukaten txakurrek, txertatze-plana ongi bete badute, ez dute harrapatuko mukieririk, parborirosirik edo txakur-epatitisik. Eta txertoak eraginkorrak izan daitezen, bi edo hiru urtez jarraian jarri behar zaizkie mukieriaren eta birus bidezko hepatitisaren aurkakoak.
Immunitate-sistema engainatzea
Txertoa jarrita, nolabait “engainatu” egiten da animaliaren immunitate-sistema, haren defentsak prest egon daitezen birusen erasoak datozenean aurre egiteko. Era horretan, aurretik prestatua badago eta eritasuna zer bakteriok sortzen duten baldin badaki, horiei aurre egiteko moduan egongo da haren immunitate-sistema.
Albaitariak inokulatu egiten du txertoa, zeinak organismoari sinetsarazten baitio germen patogenoek eraso diotela. Gakoa hauxe da, ordea: birus patogenoen zati edo kopuru txikiak sartzea. Horrela eginda, txakurraren babes-sistemak memoria bat sortzen du birus horien inguruan, eta horrek lagundu egiten dio modu eraginkorrean erantzuten, animaliaren organismoak egiazko birus erasotzailearekin topo egiten duenean.
Nahigabeko ondorioak
Txerto bakoitza jarri ondoren, gerta liteke txakurrak erreakzio alergikoak edukitzea, hanpadurak agertzea, aurpegian edemaren bat edo goitika egitea. Txertoarekin, izan ere, suspertu egiten da immunitate-sistema, eta horrek eragiten du hanpadura-prozesua. Ohikoa ez den arren, bat-bateko heriotzak ere gertatu izan dira. Dena dela, arrisku horiek hor dauden arren, txertoak garrantzitsuak dira txakurraren osasunarentzat. Txertoa jarri eta txakurrak erreakzioren bat izaten duenean, nahigabeko ondorio arinak eta iraupen laburrekoak izaten dira gehienean. Erreakzio horiek berehala agertzen dira batzuetan, eta txertoa jarri eta handik 48 ordura ere bai zenbaitetan.
- Okerreko erreakzioren bat sortzen bada, albaitariarengana edo larrialdi-zerbitzura joan behar da. Gehienean, hanpaduren aurkako sendagai batekin konpontzen da arazoa.
- Txerto batek arazoak sortu badizkio txakurrari, ez zaio berriz jarri behar.
- Txertatze-liburuxkarekin joan behar da kontsultara (zentro baimendua izan behar du).
- Txertatze-egutegia eraginkorra izan dadin, bete egin behar dira albaitariak proposatu dituen epeak eta hark gomendatu dituen dosi guztiak eman behar zaizkio, eta albaitariak berak egin behar du horren jarraipena.
Txertatzeari buruzko ohiko zalantzak
- Zer txerto dira derrigorrezkoak?: Orain dela gutxi arte, lagun egiteko animalientzat, errabiaren aurkako txertoa soilik zen nahitaez jarri beharrekoa, baina uneotan zenbait autonomia erkidegotan soilik da derrigorrezkoa.
- Ba al da garai jakinik txertoak jartzeko?: Ezin da esan garai bat bestea baino hobea denik. Oro har, urtean behin jartzen dira txertoak, eta txakur bakoitzari bere garaian egokituko zaio.
- Txertoak berberak al dira arraza guztientzat edo neurri guztietako txakurrentzat?: Txerto batek daukan antigeno dosiak eragin berbera izaten du txakur txikietan (chihuahua batean, adibidez) eta handietan (artzakur batean, esaterako). Gainera, berdin balio dute arrazakoak ez diren txakurrentzat ere.
-
Txakur bakoitzari egokitu behar zaio txertatze-egutegia: Eritasun ugariren aurkako txertoak jar dakizkieke txakurrei, baina txerto mota eta txertatze-egutegia albaitariak proposatu behar du, eta honako faktore hauen araberakoa izaten da:
- Txakurraren arraza eta adina. Kumeari goiz kendu bazaio titia, sei aste egindakoan hartu beharko du parbobirosiaren aurkako txertoa, baina bi hilabete baino gehiago baditu, eritasun gehiagoren aurka immunizatzeko balia liteke txertatze aldi bakarra. Txakurkume gazteentzat mukieria eta parbobirosia dira eritasunik arriskutsuenak, eta horien aurkakoak izan behar dute lehen txertoek. Arrazari dagokionez, batzuek arrisku handia izaten dute parbobirosia, mukieria eta koronabirusa harrapatzeko. Honako hauek, besteak beste: alemaniar artzain txakurra, rottweiler-a, boxer-a eta pit bull-a. Beraz, birus bidezko eritasun horien aurkako txertoa jarri behar zaie.
- Txakurraren immunitate-egoera. Kumea amaren esnea hartzen ari bazen birusa harrapatu duen unean, bi edo hiru aste itxaron behar da txertoa jarri aurretik, txertoaren antigorputzak ez dakizkien gainjarri amaren esneak eman dizkion antigorputzei. Kontuan hartu behar da, halaber, ama ere txertatua ote dagoen eta bizkarroiak kenduta, hau da, immunitate-egoera onean, horrek ere indartu egingo baititu kumearen defentsak. Ongi elikatuta eta gorputz-pisu egokiarekin dauden txakurrek (amak bezala kumeek) aukera gehiago dute haien immunitate-egoera bikaina izan dadin.
- Txakurra bizi den inguru geografikoa. Zenbait eremu geografiotan gehiago agertzen dira eritasun batzuk (mukieria edo parbobirosia, adibidez). Landa-eremuan, esaterako, non animalia guztiak ez diren egoten behar bezala txertatuta, arrisku handiagoa ziaten da birus bidezko eritasunak harrapatzeko, eta berdin gertatzen da basati bihurtutako txakurrak dauden eremuetan.
- Txakurraren ohiturak. Beste txakur batzuekin harremanetan bizi den kumeak, bai edertasun-lehiaketetan edo Agility direlakoetan parte hartzen duelako, edo bai txakurrentzako egoitzetan denbora asko egiten duelako, arrisku handiagoa izaten du birus bidezko eritasunak harrapatzeko, eta oso zorrotz zaindu behar da horien txertatzea.
Txerto mota |
Animaliaren adina |
---|---|
Parbobirosia |
6 aste |
Mukieria / Parbobirosia / Hepatitisa / Leptospirosia / Koronabirusa edo Txakurtegi-eztula |
8 aste |
Mukieria / Parbobirosia / Hepatitisa / Leptospirosia eta/edo Koronabirusa / Ezatula |
12-13 aste |
Mukieria / Parbobirosia / Hepatitisa / Leptospirosia + Errabia |
5-6 hilabete |
Txertoren bat behin baino gehiagotan errepikatzen bada, txerto hori bigarren edo hirugarren aldiz ere jarri behar zaiola esan nahi du.