Espainiako Errege Akademia

Hitza oinarri

1 martxoa de 2012
Img informe listado 681

Hitza oinarri

Los Jeronimosen eta Prado Museoaren ondoan dago Espainiako Errege Akademiaren egoitza nagusia; erakunde horrentzat egina da berariaz, eta hiru mende beteko ditu datorren urtean.

Limpia, fija y da esplendor

1713. urtean sortu zen Espainiako Errege Akademia (RAE), Villenako markesaren ekimenez. Urtebete geroago, Felipe V.aren Errege-Zedula batek baimena eman zion Akademiari bere estatutuak idatz zitzan eta zenbait pribilegio eta abantaila eman zizkien akademikoei, Errege Etxeko zerbitzariek zituzten berberak, hain zuzen. Sortu zenean, hauxe izan zen RAEren helburua: “Gaztelaniaren hitzak eta adierak finkatzea, ahalik eta zehatzen, dotoreen eta garbien”. Eta horixe islatzen du haren armarrian ageri den leloak ere: Limpia, Fija y da Esplendor (Garbi, Finko eta Bikain). Garai berrietara egokituz, estatutuak moldatuz joan da RAE, eta orain indarrean daudenak 1993an berretsi zituzten. Gaur egun, zaintza-lana egiteko zeregina aitortzen dio RAEk bere buruari: “Hiztunen beharrizanetara etengabe egokitzeak Espainiar Hizkuntzari ekar diezazkiokeen aldaketek ez dezaten eten hispaniar eremu guztian daukan oinarrizko batasuna”.

Talentu, lan eta ezagutza handiko letrak

Akademiko osoak dira RAEren bizkarrezurra. Guztira, 46 dira, zuzendaria barne, eta bakoitzak bere jarlekua dauka, alfabetoko letra larri edo xehe batek izendatzen duena. Margarita Salasi, adibidez, “i” xehea dagokio, eta Mario Vargas Llosari, “L” larria. Akademikoaren kargua bizi guztirako izaten da, eta bat hiltzen denean, hura ordezkatzeko prozesua hasten da: hautagai bakoitza, gutxienez, hiru kide osok aurkeztu behar dute, eta botoen erdiak eta bat gehiago lortu behar ditu bere alde. Akademikoak, bakoitzaren espezialitatearen arabera, batzorde edo talde txikietan biltzen dira; hor daude, esaterako, Hiztegi zientifiko eta teknikoa lantzen duena, Gramatika, Giza Zientziak, Informazio Linguistikoa, eta abar. Batzorde bakoitzak bere arloari dagozkion lanak egin, eta Osoko Bilkuran aurkezten ditu astero.

Giro berezian sortzen diren hitzak

Ostegunero, 19:30etik 20:30era, hutsik egin gabe, Osoko Bilkuran parte hatzen dute akademiko osoek. Ordua baino lehen iristen badira, agian prentsa irakurtzeko baliatuko dute tarte hori, kafetxo bat hartzeko edo Pasta Gelan solasean aritzeko. Bilkura Aretoaren atarian, esekitokiak daude, akademiko bakoitzari eskainiak eta antzinatasunaren arabera ordenatuak. Martin de Riquer da lehena (antzinakoena), zeina 1965. urtean sartu baitzen akademian. Barrenean, mahai obalatu baten inguruan jarrita daude aulkiak. Aretoak berak oso argi gutxi du, eta, beraz, mahaian biltzen da arreta guztia, kideen aurpegietan eta, batez ere, hitzetan. Espainiar Hizkuntzaren Hiztegia da lan eta bilkura horien guztien emaitza, eta batzordeek eta Osoko Bilkurak ez ezik, badute zeresana Lexikografia Institutuak eta espainiar hizkuntzaren beste hogeita bat akademietako kideek ere; hala nola Kolonbiakoek, Mexikokoek, Filipinetakoek… Hiztegi hori espainiar hizkuntzaren Biblia dela esan daiteke, baina ez dira horretara mugatzen erakundearen argitalpenak: hiztegi espezializatuak eta literatura-lan handien oroitzapenezko edizioak ere argitaratzen ditu.

Bibliofiloen paradisua

Beheko solairuan, beste areto bat biltzen dute sabai amaiezinak eta zurak, eta hormetan, RAEk hiru mendeotan eduki dituen zuzendari guztien erretratuak ageri dira. Lehen solairuan, Damaso Alonsoren eta Rodriguez Moñinoren ondare bikaina dago, Akademiaren esku utzi zituzten bi liburutegi partikular, 60.000 liburukiz osatuak, gutxi gorabehera. Eta zer esan Bilera Areto handitasunez beteari buruz? Han egiten dira sarrera-ekitaldiak eta liburuen aurkezpenak, poesiari eta elokuentziari eskainitako beirate koloretsuz inguratuta.