EGUZKITAKO BETAURREKO GUZTIEK EZ ZAITUZTE BABESTEN

KARRATUAK, HEGAZKINLARI BESOEKIN. BIRIBILAK EDO ANGELUZUZENAK. AZETATOZ EGINAK EDO RETRO ERAKOAK. MONTURA EDO ARMAZOIA BEKAINEN LERROAN BAKARRIK DAUKATENAK (BROWLINE ESATEN ZAIENAK) EDO BATERE GABEAK. EGUZKITAKO BETAURREKOEK DISEINU ERAKARGARRIAK IZATEN DITUZTE BEREN BERTSIO UGARIETAN. BAINA BEGIEN OSASUNA ARRISKUAN JAR DEZAKE EGOKIAK EZ DIRENAK HAUTATZEAK EDO ITSAS PASEALEKUAN HOMOLOGATUTA EZ DAUDEN BATZUK EROSTEAK. ADITUEK OHARRA EGITEN DUTE: EGUN LAINOTU EDO EURITSUETAN ERE, EGUZKIAREN ARGIAK KALTE HANDIA EGIN DIEZAIEKE BEGIEI.
1 uztaila de 2019
Sunglasses in a store

EGUZKITAKO BETAURREKO GUZTIEK EZ ZAITUZTE BABESTEN

GettyImages 952487460

Gure begiek kezka sortzen digute eta datuetan ere ikusten da hori: Espainiako Estatuko herritarren %66 oftalmologoarengana joaten dira urtean behin gutxienez, halaxe dio Begi Osasunaren Liburu Zuria 2019 izeneko dokumentuak. Zazpitik batek, gainera, are maiztasun handiagoarekin aztertzen ditu begiak, sei hilean behin, eta herritarren %5 bakarrik joaten da kontsultara arazoren bat sumatzen duenean bakarrik. Batzuetan, ordea, ez gara jabetzen argiak zer-nolako kaltea egin diezaiokeen gure ikusmenari. Espainian saltzen diren eguzkitako hiru betaurrekotatik batek ez ditu gainditzen beharrezko kontrolak, eta ez daude homologatuta. Bazarretan erosten ditu jendeak, azoketan… Ez saltoki ofizialetan edo optiketan, beti egin behar genukeen bezala.

Eguzki ordu asko izaten ditugu gure inguruan (urtean 1.600 eta 2.000 artean direla dio Espainiako Geografia Institutuak), eta larruazala ez ezik, begiak ere babestu egin behar dira: egin ezean, arazoak ager daitezke. “Epe luzera, zuzeneko argia arrisku faktore bat da kataratak ager daitezen, baina baditu berehalakoagoak diren eragin kaltegarriak, adibidez korneari erasaten dion konjuntibitisa (karatitisa) eta begietako gorritasuna”, ohartarazi du Gema Yuntak, Optikari-Optometristen Espainiako Elkargoko bozeramaileak (CNOO). Betaurrekoak ez dira jolaserako osagarriak edo itxura hobea edo kaskarragoa ematen digutenak. Eta denak ez direnez egokiak, aztertu egingo dugu zeri begiratu behar zaion eguzkitarako leiar on batzuk aukeratzeko kalitate berme guztiekin.

ADI IZPI ULTRAMOREEKIN (UV).

Leiarrek xurgatu egin behar dute argia eta saihestu egin behar dute begiak itsutzea, baina horretaz gain, iragazi eta desagerrarazi egin behar dute eguzkiaren erradiazio ultramorea, zeina espektro ez-ikusgarrian erortzen den. Kolore batekoak edo bestekoak izan, leiar on batzuek blokeatu egin behar dute UVA eta UVB izpi guztien sarrera (400 nanometrotik beherako uhin luzera daukaten uhinena). Ezaugarri horri UV400 iragazkia esaten zaio, eta betaurreko homologatu gehienek izaten dute. Hori bai, informazioa ez da egoten armazoian edo leiarretan grabatua: eranskailu batean edo betaurrekoek dakarten eskuorrian joan ohi da.

ILUNA IZATEAK EZ DU ESAN NAHI BABESTEN DUENIK.

Jende batek uste izaten du beira beltz edo opakuak hobeak direla argiak baino, baina leiarraren koloreak ez du eraginik babes mailan: “Babestu iragazkiak egiten du, ez koloreak edo tinduak”, ohartarazi du Yuntak. Hain zuzen, badira UV izpien aurkako iragazki gardena duten betaurreko graduatuak. Hartu kontuan azoka batean betaurreko ilunak erosita arrisku gehigarri bat hartzen duzula: hobeto ikusi nahian, zure begi ninia gehiago dilatatuko da eta argi gehiago sartuko da begietan (eta UV izpi gehiago); horren ondorioz, hanpatu egin daitezke konjuntiba eta kornea. “Betaurreko txar batzuk kalterako izaten dira: hobe da batere ez eramatea homologatu gabe daudenak hautatzea baino”, aholkatu du optometristak.

NESKA-MUTIKOEN BEGIRADA.

Haurretan are beharrezkoagoa da eguzkitako betaurreko homologatuak erabiltzea, haien begiak garapen betean daudelako eta kristalinoa guztiz eratu gabe daukatelako (berezko babes gisa jokatzen du). “Haurrek hondartzan erabili behar dute, mendian edo parkean denbora asko eman behar dutenean; baina neurrian hori ere, zeren modu jarraituan erabiliz gero, gerta baitaiteke fotofobia sortzea edo argiarekiko sentiberatasun muturrekoa”, adierazi du optikari-optometristak.

Betaurrekoak ez badira onak, hobe ez jartzea (helduekin gertatzen den bezala). Iragazki homologatua eduki behar dute, eta aukera izaten da armazoi organiko bat jartzeko, arinagoa eta sendoagoa. Haurtxoetan, berriz, haien begiek sekula ez lukete jaso behar eguzkiaren argia zuzenean, eta, beraz, txanotxoekin edo eguzkitako babesekin estali behar dira

GARESTIAGOA BETI EZ DA HOBEA.

Leiarren iragazkiak erabakitzen du betaurrekoen kalitatea, ez diseinatzailearen izenak. “100 euroko batzuek ez dute zertan izan hobeak edo gehiago babestu 40 euro kosta diren batzuek baino, zeren askotan armazoiak garestitzen baitu prezioa”, nabarmendu du Yuntak. Hori bai: joan zaitez beti optika ofizial batera, eskatu aholkua profesional bati eta aztertu ongi iragazkiaren maila, ez baitu izan behar 3tik beherakoa (ikus 45. orriko koadroa). Horretaz gain, eskuorri bat ere eduki behar du eta hor agertu behar dute haren ezaugarriek eta gordetzeko eta garbitzeko aholkuek (ura, xaboi neutroa eta gamuza erabiliz, leiarra ez dadin marratu).

EZ DAGO “OROTARIKO” BETAURREKORIK.

Nahiz eta tentagarria den, “ez dago betaurreko bakar bat egoera guztietan erabiltzeko”, ohartarazi du optikari-optometristak. Gehien hurbiltzen zaion aukera 3. mailako leiar bat erabiltzea da, baina horiek, adibidez, ez dira aski elurretarako edo udan hondartzara eramateko, argia gainazal distiratsuetan islatzen denean handitu egiten delako izpien indarra eta horiek begietan duten eragina. Egoera horietan, 4. mailako iragazki bat behar izaten da. Dena den, gidatzeko nahiko bazenitu, iragazki hori ez litzateke egokia izango, tindua opakuegia baita; askoz hobe da 0tik 3ra bitarteko leiar bat aukeratzea. Laburbilduz: gidatzeko behar badituzu eta, gainera, mendira eta hondartzan bainu bat hartzera joatea maite baduzu, eguzkitako bi betaurreko beharko dituzu gutxienez, 3. mailako leiarrarekin bat eta 4. mailakoarekin bestea.

Ezkutu bat eguzki argiaren aurka

GettyImages 655699786

Leiarrek beti iragazki gisa jokatu behar dute argiaren eta horrek dakartzan arriskuen aurrean. Intentsitatearen arabera, gradutan sailkatzen dira, eta horrek esaten du zertarako erabili litekeen eta zer-nolako mugak dituen. Baina ez UV izpien aurkako babesa: goragoko mailan dauden betaurrekoak ilunagoak dira, baina berdin babesten dute.

  • 0. maila: Leiar oso argiak dira, eta pasatzen uzten dute argiaren %81 eta %100 artean. Funtzio estetikoa baino ez daukate, eta ez dira egokiak eguzkitik babesteko.
  • 1. maila: Zertxobait koloreztatuak dira, eta pasatzen uzten dute argiaren %44 eta %80 artean. Intentsitate apaleko argiarekin erabiltzekoak dira; adibidez, hiritik paseatzeko egun lainotu batean.
  • 2. maila: Tindu ertaina izaten dute, argiaren %19 eta %43 artean pasatzen zaie (xurgatu egiten dute %81etik %57 bitarte). Egokiak dira argiak intentsitate apala edo ertaina duenerako.
  • 3. maila: Argi izpien %8 eta %18 artean uzten dute pasatzen. Betaurreko mota hori aukera ona da eguzkiak intentsitate ertaina edo handia duenerako, adibidez udaberrian edo udan erabiltzeko.
  • 4. maila: Erabat opakuak izaten dira ia, eta argiaren %2 eta %7 artean bakarrik pasatzen da. Argiaren intentsitatea oso handia denean erabiltzekoak dira, adibidez hondartzan, elurretan edo goi mendian, izpiak indar handiz islatzen diren lekuetan.

BETAURREKO FALTSUEN ARRISKUA

Eguzkitako betaurrekorik gabe, UV izpiak begira iristen dira, begi ninia itxiagoa egoten da, eta izpi kantitate gehiago iristen da. Homologatu gabeko leiar batzuekin, UV izpiak begira iristen dira. Kornea irekiagoa egoten da betaurrekorik ez daramagunean baino, eta UV izpi gehiago jasotzen duenez, kaltea handiagoa izaten da. Leiar homologatuek erabateko babesa eskaintzen dute UV izpien aurka. Izpi horiek ez dute gainditzen beirak jarritako hesia eta ez dira iristen begira.

GAKO BATZUK, BETAURREKO BESOETAN

Homologazioaren berme bakarra ekoizlearen etiketan dago, baina argibide batzuk aurkituko dituzu alboetako kodeetan.

  • Modeloaren zenbakia: markaren izena edo inizialak izaten dira, eta zenbaki konbinazio bat ere agertzen da (aldatu egiten da batetik bestera).
  • Leiarren zabalera, eta ondoren zubiarena (leiarren arteko tartea, sudurraren gainetik), milimetroetan emana.
  • Zifra bat zehaztu egiten du betaurreko besoen luzera (milimetroetan emana egoten da).
  • UV400 etiketa (aukerakoa) ageri denean, esan nahi du izpi ultramoreen aurkako babes gorena duela, 400 nanometro artekoa.
  • ‘CE’ ikurrak (Europan onartua) bermatu egiten du produktuak ongi betetzen dituela Europako Batasunean eskatzen diren legezko baldintzak, zeina UNE-EN 1836 arauan ageri diren. Hau da, ziurtatu egiten da leiarrek behar bezalako babesa daukatela UV izpien aurka.
  • … eta Txinako bertsioa. Erne ibili behar da, logotipo horren oso antzeko den beste bat ere badago eta. Letrak askoz ere gertuago daude elkarrengandik, eta “China Export” hitzen siglak dira (Txinatik esportatuak).