AZUKREAREN MUGA GUZTIAK TRAGO BAKARREAN GAINDITZEN DIRENEAN

BEROAREKIN, NEURRIRIK GABE HANDITZEN DA EDARI AZUKRETSUEN KONTSUMOA. FRESKAGARRI LATA ASKOK AZUKRE KANTITATE HANDIAK IZATEN DITUZTE, OSASUNAREN MUNDU ERAKUNDEAK GOMENDATZEN DUENA HALAKO BI. HORI DELA ETA, EDARI HORIEK MAIZ HARTZEA DIABETESARI ETA BIHOTZ-HODIETAKO GAIXOTASUNEI LOTUA AGERI DA. ETA MITO BAT KANPORATU BEHARRA ERE BADAGO UDAKO DESHIDRATAZIOAZ ARI GARELARIK: BETI EZ DA AUKERARIK ONENA EDARI ISOTONIKOAK ERABILTZEA. ESPEZIALISTEN GOMENDIOA DA DIETATIK ERABAT BAZTERTZEA ETA EGARRIA ASETZEKO URA EDATEA.
1 uztaila de 2019
Low Angle View Of Man Drinking Cola Against Sky

AZUKREAREN MUGA GUZTIAK TRAGO BAKARREAN GAINDITZEN DIRENEAN

GettyImages 1148581451

Pertsona batek lata bat ireki eta freskagarri azukretsu bat edaten duen aldiro zazpi-zortzi azukre koskor hartzen ditu, markaren arabera. Egunean bi hartuz gero (nahiko ohikoa izaten da), urtearen buruan 5.475 azukre koskor metatu izango ditu gorputzak, 22 kilo azukre ia. Epe ertain eta luzean ondorio hondagarriak eragiten ditu ohitura horrek osasunean (milioika pertsonatan gainera). Medikuntzak ebidentzia argiak ematen ditu oso.

“Ikusi da karbohidrato sinple asko hartzeko joera duten pertsonak gizenagoak daudela, hipertentsioa eta hipertriglizeridemia izaten dutela, intsulinarekiko erresistentzia agertzen zaiela eta jaitsi egiten zaizkiela HDL mailak (kolesterol ona). Horrek guztiak izen bat dauka: sindrome metabolikoa, 2 motako diabetesa agertu aurreko fasea alegia”, azaldu du Jose Lopez Mirandak, Ikerkuntza Biomedikuko Maimonides Institutuko zuzendariorde zientifikoak (Imibic), Kordobako Reina Sofía Ospitalekoak.

ONURARIK EZ.

Horixe gertatzen da gorputzean edari horiek maiz samar hartuta, baina pertsona baten osasuna arriskuan ote dago noizbehinka freskagarri azukretsu bat hartzeagatik? Medikuntzak horri erantzun bat eman ahal izateko, zehaztu egin beharko litzateke zer den “noizbehinka” hartzea, eta hori ezinezkoa da ia, zeren adituek dioten bezala, batere osasungarriak ez diren ohiturak zuritzeko erabiltzen baita, eta, egiaz, esaten den baino askoz handiagoa izaten da kontsumo maiztasuna.

Medikuntzak frogatu du, dena den, lata bat irekitzeak ez dakarrela inolako onurarik. Egia da kolazko edari batek zertxobait igo dezakeela arteria tentsioa, kafeinatik datozen suspergarriak dituelako, nahiz eta inondik ere ez den erabili behar tratamendu gisa; profesional batek esan behar du zer egin hipotentsioarekin. Era berean, edari isotonikoak ez dira komenigarriak beherako akutua tratatzeko, nahiz eta jende artean entzuten diren halakoak.

Egoera horietan, gorputzak ura eta potasioa galtzen ditu nagusiki, eta produktu mota horrek ia ez du izaten konposatu hori. Are gehiago, edari horiek hartuta, larritu egin daiteke arazoa. Hainbeste azukre daukatenez (4,4 gramo 100 gramo bakoitzeko), organismoak ura askatu behar izaten du, eta horrek gehiago okertu dezake beherakoa. Gaitz horiek agertzean, ahotik hartzeko gazurak dira aukerarik onena gorputza berriz hidratatzeko.

ESPAINIAN EDAN EGITEN DA AZUKREA.

Azken 20 urteetan, %8tik %14ra igo da diabetesa herritarren artean Espainiako Estatuan, eta horrek argi erakusten du edari azukretsuek eta gisako produktuek zer-nolako eragina daukaten osasun publikoan. Anibes izeneko ikerketak ondorioztatu zuenez (FEN Espainiako Nutrizio Fundazioak koordinatu zuen), “egunero hartzen ditugun edariek ematen digute guk barneratzen dugun azukrearen heren bat”.

Herritarrek nolako kontsumo ohiturak eta bizi estiloak dituzten aztertzeko egin da ikerketa hori, eta zenbat makromantenugai eta mikromantenugai hartzen duten ikusteko (Espainian arlo horietan egin den handiena da), eta faktore bat nabarmentzen du besteen gainetik, Osasunaren Mundu Erakundeak egiten duen bezala: edari azukretsuen kontsumoa handitzea lotuta dago gero eta kalitate apalagoko dieta egitearekin, non bazterrean gelditzen ari diren osasunerako funtsezkoak diren elikagai batzuk, adibidez esnea. OMEk bere jarraibideetan dioenez, emaitza hau ekarri du joera horrek: “2 eta 18 urte arteko haurrak pisua hartzen ari dira”.

ZENBAT AZUKRE EDATEN DUZU LATA BATEAN?

GettyImages 1042132744

Ia freskagarri guztiek lata bakarrean daukaten azukreak gainditu egiten du Osasunaren Mundu Erakundeak egun osorako gomendatzen duen gehienezko kopurua. Azukre libreek ez lukete eman behar egunaren buruan hartzen ditugun kaloria guztien %10 baino gehiago, halaxe dio munduko osasun erakunde nagusiak. Horrek esan nahi du egunean 25 gramo baino gutxiago hartu behar lituzkeela 2.000 kaloria erretzen dituen heldu batek. Azukre koskorretara ekarrita (4 g azukre bakoitzak), egunean ez lirateke hartu behar sei baino gehiago. Ikus ezazu zenbat azukre daukaten edaririk ezagunenetako batzuek.

  • Red Bull (473 ml): 52 g
  • Coca Cola (330 ml): 35 g
  • Pepsi (330 ml): 35 g
  • TriNa (330 ml): 29,4 g
  • Fanta (330 ml): 28 g
  • Tónica Schweppes (330 ml): 27,7 g
  • Aquarius (330 ml): 26 g
  • Nestea (330 ml): 25,4 g
  • Shandy Cruzcampo (330 ml): 24 g
  • Alkoholik gabeko garagardoa (330 ml): 10,2 g

Egunean zenbat azukre hartzea komeni den gehienez (25 g). Iturria: Sinazucar.org

Lehentasuna: kontsumoa murriztea.

GettyImages 1135829024

Jose Lopez Miranda Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen bi urtez, lizentzia atera ostean, eta berehala ohartu zen azukreak nolako arriskuak zituen: “Ordurako ari ziren jasaten gizentasun epidemia bat, eta izugarri ugaritu ziren bihotz-hodietan sortzen diren arazoak. Ohikoa zen gizentasun morbidoa zuten pertsonak ikustea. Bada, gauza bera gertatzen ari da Espainian, eta zerbait egin ezean, oso gaizki ibili behar dugu”.

Espezialista askoren ustez, txikitatik erakutsi behar da elikagai eta edariek duten zapore aberastasuna dastatzen, zapore gozoarekin mozorrotu gabe. Tabakoarekin gertatu zen bezala, edari azukretsuen kontsumoa murrizteko neurririk eraginkorrena zergak eta tasak ezartzea izan da. Katalunian %5 eta %10 garestitu dute laten prezioa, eta ikusgarria izan da emaitza.

2017ko maiatzaren 17an hasi ziren ezartzen zerga berezia, eta lehen urtean %22 murriztu zen freskagarri horien kontsumoa, halaxe dio Ekonomia eta Osasuna Ikertzeko Zentroak (Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatekoa da). Ikerketa horretan, 105 produkturen asteroko salmentak aztertu zituzten (Kataluniako 160 dendatako datuak bilduta), eta ikusi zuten gizentasun tasarik handiena zeukaten lekuetan jaitsi zirela gehien salmentak.

Egileen esanetan, “zergak lortu du epe motzera jarritako helburua”, eta zera eransten zuen: datuek azaltzen dutenez, edari azukretsuen kontsumoa sei litrotan murriztu da aste, produktu eta denda bakoitzeko, light/zero erakoen aldean. Karbohidrato sinpleen kontsumoa murrizteak, adibidez freskagarriek izaten duten glukosa eta fruktosa, beste neurri batzuekin batean (ariketa fisikoa egitea, gatz gutxiago hartzea eta ez erretzea), “eragin handiagoa du jendearen osasunean edozein sendagaik baino”, azaldu du Lopez Mirandak. Baina edari azukretsuak bazterrean uztea ez da batere erraza, jendeari ez baitzaio iruditzen kalte egiten diotela organismoari, eta, ondorioz, sozialki onartua dagoen ohitura da.

EZ DIRA KOLAZKO EDARIAK BAKARRIK.

Zenbat pertsonak erabakitzen du freskagarri osasungarriagoak aukeratzea etxetik kanpo bazkaltzera edo zerbait hartzera joaten direnean: ura gasarekin eta limoiarekin, kafea izotzarekin, alkoholik gabeko garagardoa, tomate zukua, tea izotzarekin eta limoiarekin… Lopez Mirandak oroitarazten digu freskagarri azukretsuak oso berriak direla gizakion elikaduran: “Mende bat baino zertxobait gehiago daukate, eta ez dugu ahaztu behar, iturri naturaletatik atera arren, erabat artifizialak direla eta gure gorputza ez dagoela diseinatuta horiek hartzeko”.

Osperik txarrena freskagarriek eduki arren, adibidez kolazkoek, aukera osasungarriagotzat aurkezten dituzten beste edari batzuk ere ez dira hobeak, kalte bera eragiten baitiote gizakion osasunari. Irabiakiek eta nektarrek, adibidez, opil industrial batek adina glukosa eta fruktosa izaten dute; 500 mililitroko edari energetiko batek 18 azukre koskor dauzka (72 g) eta fruta zukuarekin datorren banakako brick batek sei koskor (24 g).

‘ZERO’ EDO ‘LIGHT’, NOIZBEHINKA BAKARRIK

Azukreen ordez eztitzaile artifizialak daramatzaten freskagarrien izena marketin kontua izaten da: light etiketa batez ere emakumeen kontsumora bideratua dago eta zero marka gizonen kontsumora. Osaera ia berdin-berdina dute biek. Eztitzaile hauek erabiltzen dituzte gehienbat: sakarina, aspartamoa, sukralosa eta K azesulfamoa. Substantzia kimiko horiek osasunari kalte egiten diotela entzuten da han-hemenka, baina espezialistek ziurtatzen dute, kantitate baimenduetan, seguruak direla.

Baina segurtasunaz harago, edari horiek aukera hobeak al dira ohikoak baino? Jose Lopez Mirandaren esanetan, “garbi eduki behar da ura, kafea edo tea edatea dela hidratatzeko modurik onena, eta noizbait freskagarri bat hartzen bada salbuespen gisa, azukrerik gabea izan behar du beti”. Ez da ezer gertatzen noizbehinka zero edo light erako edari bat hartuta, baina freskagarri horietara ohitzeak elikatzeko eredu desegokietara eraman ohi gaitu, espezialistek diotenez. Halo efektuak edo sakarina efektuak eragiten du hori: itxuraz osasungarriak diren elementuak sartzen dira dietan (kasu honetan, azukrerik gabeko edaria), baina kaloria ugariko elikagaiekin konpentsatzen da gero. Beraz, pertsona batek zero erako freskagarri bat har dezake eta, hala ere, 2.000 kaloriako pizza bat hartu.

EL EXPERTO

EL EXPERTO: Antonio González Estrada, sinazucar.org erakundearen sortzailea; dibulgazio proiektu grafikoa da, jendea ohar dadin zenbat azukre libre daukaten egunero jaten ditugun elikagai askok: “Ezkutatu egiten dute ‘azukre’ hitza”

BN ARodriguez

Ba al dakigu zenbat azukre hartzen dugun freskagarri lata batean?

Jenderik gehienak ez daki, ez duelako ohiturarik informazio hori ontzian bilatzeko, eta irakurrita ere, batzuek ez dute ongi interpretatzen, azukre kantitatea 100 ml bakoitzeko emana egoten delako. Kontsumitzaile asko ez da ohartzen ontzian ageri den halako hiru eta gehiago izaten duela azukrea lata batek.

Fidatu al gaitezke etiketek esaten dutenarekin?

Bai, osagaien zerrenda ematen dutenean, adibidez, nutrizio arloko informazio gisa. Batzuetan, ordea, ez da izaten behar bezain argia. Azukre terminoa ezkutatu egiten dute, eta sinonimo nahasgarriak erabiltzen dituzte, ez baita argi gelditzen azukrearen baliokideak diren edo ez. Sakarosa aipatzen da, ospe hobea duten azukreak izendatzen dira, adibidez panela, edo eufemismoak erabiltzen dira, esaterako glukosa ziropa eta fruktosa.

Ekoizleek zergatik ez dute murriztu nahi edarien azukre kantitatea?

Coca Cola etxeko nutrizio arduradunak argitu zidan orain dela gutxi: azukrea murriztuta, produktuaren zaporea ez da interesgarria izaten kontsumitzailearentzat, eta utzi egiten dio kontsumitzeari. Eztitzaileekin ordezkatuta, antzeko zaporea lortzen da, baina kontsumitzaileei iruditzen zaie produktu natural bat baztertu eta artifiziala den beste bat erabiltzen ari direla, eta eztitzaileak seguruak diren arren, ez dute horrela interpretatzen. Beren merkatuari eusteko, ekoizleak bi bertsio eskaintzen ditu: freskagarri normala eta eztitzaileak daramatzan bertsioa.

Ekoizleek ba al dute eraginik elikadura arloko piramideak diseinatzeko garaian?

Bai. Nutrizio arloko espezialisten batzorde bakoitzak berea izaten du, eta oso antzekoak izan arren, beti egiten dituzte keinu txiki batzuk babesten dituzten presio taldeen aldera.

Zer egin behar luke Administrazioak edari horiekin?

OMEren gomendioa da tasak jartzea azukreak dituztenei. Etiketa hobetzea ere beharrezkoa da. Txilen koloreetako hexagono bat jarri diete produktuei, eta oso modu bisualean erakusten dute zenbat azukre daukaten. Azkenik, ezinbestekoa da informazio kanpainak egitea haurrentzat. Pentsa dezagun sinazucar.org-en pertsona batek jende askorengan piztu duela kontzientzia oso bitarteko gutxirekin, eta Estatuak askoz gehiago lor lezakeela bere baliabide guztiekin.

Mugatu edo galarazi egin behar al litzateke halakoak ospitale eta ikastetxeetan saltzea?

Leku horietan egitea neurri sinboliko eraginkorra izan liteke agian jendea ohar dadin beste edari batzuei eman behar zaiela lehentasuna freskagarri azukretsuen aurretik.

Aldatu egin behar al litzateke publizitatearen araudia?

Orain PAOS kodea dago indarrean, industriak bere burua erregulatzeko sortu duen araudia, zeinak haurrak babestu nahi dituen zenbait informazioren aurrean, zehazki gizentasuna sustatzen duten produktuak hartzera bultzatzen duten informazioen aurrean. Arazoa da industriak berak zaintzen duela betetzen den edo ez, eta bete gabe uzteak ez dakarrela ondoriorik askotan. Autoerregulazioa ez da oso eraginkorra. Estatuak kontrolatu behar luke, eta isun handiagoak jarri arauaz betetzen ez duenari.