IZOZKIAK: JARRI MUGA TENTALDIARI

ZER DA HOBEA, IZOTZEZKOA EDO ESNEZ EGINA? IZOZKIAK DIRA JAUN ETA JABE UDA GARAIAN, BAINA HAIN OSPETSUAK IZANIK ERE, JENDERIK GEHIENAK EZ DAKI EGIAZ ZER DAUKATEN.
1 uztaila de 2019
Portada guia

IZOZKIAK: JARRI MUGA TENTALDIARI

190529 helados 0Z6A7698

Izozkien kontsumoa gero eta gehiago zabaltzen ari da urte sasoi guztietara, nahiz eta oraindik ere oso lotua dagoen urtaro jakin bati. Jakina den bezala, produktu horiek uda garaikoak izaten dira nagusiki, eta jende askok beroari aurre egiteko hautatzen ditu, gehienbat hondartzara, igerilekura eta aire zabaleko beste leku batzuetara joaten direnean. Etxetik kanpo jatea oso ohikoa den arren, etxean bertan egiten da kontsumoaren zatirik handiena, %83a zehazki, halaxe dio Elikagaien Kontsumoari buruzko Txostenak, Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak 2017. urtean egin zuenak.

Ikerketa horretan ageri denez, pertsona bakoitzak 3,9 kilo edo litro izozki hartzen ditu urtean, nahiz eta beste txosten batzuetan 6 kiloko/litroko zifra ematen duten, adibidez Esne Produktuen Nazioarteko Erakundeak egindakoan. Izozkien kontsumoa zenbatekoa den zehazten hasitakoan, ez da erraza izaten balorazio bat egitea eta estatistikak alderatzea, beti ez baitira irizpide berak erabiltzen.

Ikerketa batzuek, esaterako, litrotan ematen dituzte zifrak, eta beste batzuek, berriz, kilotan, eta horrek garrantzi handia du, zeren izozkien dentsitatea asko aldatzen baita osagaien eta egituraren arabera, eta, ondorioz, gerta daiteke produktu batek bolumen handia edukitzea baina pisu gutxi, eta alderantziz ere bai (aurrerago ikusiko dugu hori). Badago beste alderdi bat ere kontuan hartzekoa: izozki mota bat baino gehiago dago, eta beti ez dira guztiak kontuan hartzen kontsumoa neurtzeko garaian.

IZOZKI GUZTIAK EZ DIRA BERDINAK.

190529 helados 0Z6A7700

Puntu honetara iritsita, izozkien artean dagoen sailkapena aurkeztea da hurrengo pausoa, Espainiako legediak ezartzen dituen irizpideak kontuan hartuta. Sei mota bereizten dira, eta bakoitzak zernolako ezaugarriak dituen jakinda, hobeto hautatu ahal izango dugu:

  • Kremazko izozkia. Esne jatorriko koipekiarekin egiten da, adibidez esne- gainarekin edo gurinarekin (%8 gutxienez) eta esnearen proteinekin (%2,5 gutxienez). Sail horretakoak dira Nuii bonboi almendraduna eta Magnum Almond eta HäagenDazs terrinak.
  • Esnezko izozkia. Esnearekin egina da, eta gutxienez %2,5 eduki behar du esne jatorriko koipekia eta %6 esne estraktu lehorra (adibidez, esnearen proteinak).
  • Esnezko izozki gaingabetua. Aurrekoa bezalakoa da, baina esne gaingabetuarekin egina. Gutxienez %0,3 eduki behar du esne jatorriko koipekia, eta esne estraktu lehorra, berriz, %6 gutxienez.
  • Izozkia. Esnearen proteinekin eta koipekiarekin egiten da; azken hori jatorri batekoa baino gehiagotakoa izan daiteke, eta, gutxienez, %5 eduki behar du. Supermerkatuetan dauden izozkirik gehienak sail honetakoak dira, eta baita gida hau egiteko aztertu ditugun gehienak ere.
  • Urezko izozkia. Gutxienez, %12 izaten du estraktu lehorra guztira, edo bestela esanda, ura %78 gehienez. Sail horretan sartzen dira Colajet, Frigo Chuches eta Eroskiren Minipolo laranja-limoia.
  • Sorbetea. Gutxienez %15 izaten ditu frutak eta %20 estraktu lehorra guztira; hau da, asko jota, ura %80 izaten du. Sail horretakoa da Eroskiren limoizko sorbetea.

Zertaz ari garen hobeto ulertzeko, bi multzo handitan sailkatu ditzakegu izozkiak. Lehenbizikoan, urezko izozkiak eta sorbeteak sartuko lirateke. Biek dauzkate osagai hauek, nagusiki: ura, azukrea, glukosa ziropa eta egonkortzaileak, eta sorbeteek zukua edo fruta ere izaten dute. Oinarrizko nahastura horri beste osagai batzuk eransten zaizkio, adibidez lurrinak edo koloratzaileak.

Bigarren multzoan esnez egindako izozkiak sartuko lirateke, eta osagai hauek izaten dituzte nagusiki: esnea, azukrea, glukosa ziropa, koipekia, egonkortzaileak eta emultsionatzaileak. Horiei beste osagai edo elementu batzuk eransten zaizkie, adibidez koloragarriak, lurrinak banillazkoa esaterako), fruitu lehorrak, zukuak, frutak, txokolatea edo gaileta.

ANALISIA

190529 helados 0Z6A7683

Gida hau egiteko 24 izozki mota aztertu ditugu, markarik ezagunenetakoak. Zazpi multzo hauetan sailkatu ditugu: familia formatuko terrinak (Carte D’Or banilla eta Carte D’Or jogurta basafruituekin, Frigorenak, eta limoizko sorbetea, Eroskirena); terrina ertainak (Magnum Almond eta Magnum Double Chocolate Deluxe, Frigorenak, eta Häagen-Dazs makadamiako intxaurrekin, General Mills-ena); bonboi erakoak (Magnum Mini askotarikoa eta Magnum Double Chocolate, Frigorenak, Oreo eta Nuii almendraduna, Froneri etxekoak, eta Bonboi almendraduna, Eroskirena); kono erakoak (Chocolate Clásico, Frigorena, Extreme hiru txokolatekoa, Nestlé-rena, eta Esne-gain zaporekoa, Eroskirena); sandwich erakoak (Maxibon, Nestlérena, Oreo, Froneri-rena, eta Esne-gainezkoa, Eroskirena); haurrentzako modukoak (ColaJet eta Pirulo Mikolápiz, Nestlé-renak, FrigoChuches, Frigorena, eta FruitPops laranja eta limoia, Eroskirena); eta azken sailean, osasunarekin zerikusia duten alderdiak kontuan hartzen dituzten produktuak sartu ditugu, adibidez Mini erako bonboi almendradunak azukrerik gabe eta Mini bonboi almendradunak laktosarik gabe, biak Eroskirenak, eta Banillazko mini konoak azukre erantsirik gabe, Nestlé-rena. Izozki horiek aztertzeko garaian, ezaugarri bat baino gehiago hartu dugu kontuan, adibidez zer-nolako osagaiak erabili diren, nolako profila duten nutrizioaren ikuspegitik, zer prezio duten edo nolako informazioa ematen duten etiketan.

Nola egiten da izozki bat?

190529 helados 0Z6A7657

Xehetasun handietan sartu gabe, hauxe da izozki bat egiteko prozesua: osagaiak nahasi eta nahastura hori -6 ºC-an izoztu irabiatzen den bitartean. Helburua izaten da izotzezko beira txikiak eratzea eta, aldi berean, airea eranstea, nahi den kantitatean.

Alderdi horiek funtsezkoak dira, horiek finkatzen baitituzte izozki baten ezaugarri garrantzitsuenetakoak, adibidez testura (esaterako, izotzezko beirak neurri handikoak izango balira, testura hareatsua edukiko luke), eta urtzeko behar duen denbora. Airea funtsezko elementua da izozkien egituran, eta horregatik ematen da kantitate gordinaren berri bolumenean (mililitroak) eta pisuan (gramoak).

ZEINOSAGAI DARAMATZA?

Egitura egoki bat eratu dadin, ezinbestekoa da orain ikusiko ditugun osagaiak erabiltzea.

  • Esnea. Urezko izozkietan eta sorbeteetan, ura izaten da osagai nagusia, eta gainerakoetan, berriz, esnea. Esne hauts gaingabetua erabiltzea izaten da ohikoena, eta batzuetan antzeko produktuak edo eratorriak erabiltzen dira, adibidez esne hautsa, esne gazura edo esnearen proteinak. Badira salbuespenak ere, adibidez Carte D’Or jogurta basafruituekin, non jogurt pasteurizatua den osagai nagusia.
  • Koipekia. Urezko izozkiek eta sorbeteek ez dute koipekirik izaten osagaien artean (adibidez, Eroski etxeko limoizko sorbeteak eta minipoloak), nahiz eta batzuetan agertzen den osagaietako baten elementu gisa (Colajet izenekoak, adibidez, txokolatea izaten du, eta Frigo Chuches delakoa apar gozoekin estalia dago, eta horiek badute koipekia). Kremazko izozkietan, esne jatorrikoa izan behar du koipekiak. Gehienetan esne-gaina erabiltzen da, baina gurina ere eransten zaie batzuei. Aztertu ditugun izozkietan, Häagen Dazs etxekoak dauka esne-gain gehien (%35; horixe du osagai nagusia), eta atzetik datoz Magnum Almond (%15) eta Nuii almendraduna (%13,5).

190529 helados 0Z6A7705

Gainerako izozkietan, kokoarena da koipeki nagusia, eta batzuetan konbinatu egiten da beste batzuekin, adibidez gurinarekin, palma olioarekin, ekilore olioarekin, koltza olioarekin, karité olioarekin… Horietako gehienek kopuru handietan izaten dituzte gantz saturatuak (neurrian hartu behar dira), eta horrexegatik izaten dira solidoak edo ez hain likidoak giroko tenperaturan. Tenperatura txikietan portaera ona eduki dezaten lortu nahi da, eta testura egokia eman diezaiotela produktuari. Garai batean, gantz hidrogenatuak edo partzialki hidrogenatuak erabiltzen zituzten horretarako, baina horiei trans erako gantzak sortzen zaizkie ekoizpen prozesuan, eta horiek handitu egiten dute bihotz-hodietako gaixotasunak izateko arriskua. Hori jakinik, ospe txarra etorri zitzaien gainera, eta utzi egin zioten hainbat produktutan erabiltzeari; gaur egun, adibidez, oso zaila halakoak aurkitzea. Eroski markako izozkiek, esaterako, berariaz ohartarazten dute ez daukatela landare gantz partzialki hidrogenaturik.

  • Azukrea eta ziropak. Pentsa litekeen bezala, izozkiari gozo zaporea emateko erabiltzen da azukrea (sakarosa). Horretaz gain, funtzio teknologiko garrantzitsua ere betetzen du. Elementu solidoak ematen ditu izozkiaren egitura eratzeko, eta jaitsi egiten du izozte puntua; horri esker, baldintza egokiak sortzen dira izotzezko beirak eratzeko. Beste azukre batzuekin osatuta dauden ziropak ere erabiltzen dira, bereziki glukosaz eginak, zeinak saihestu egiten duten neurri handiko izotz beirak sortzea eta laktosa kristalizatzea.
  • Emultsionatzaileak. Emultsionatzaileek erraztu egiten dute gantzaren eta uraren arteko nahasketa. Horregatik, urezko izozkietan eta sorbeteetan ez dituzte erabiltzen (batzuek badauzkate, beste elementu batzuen formulzioan erabiltzen direlako, adibidez Frigo Chuches izozkiaren estalgarrian edo Colajeten txokolatean). Honako emultsionatzaile hauek erabiltzen dira gehien: gantz azidoen monoeta diglizeridoak, eta soja lezitina edo ekilorearena. Aztertu ditugun izozkien artean, Häagen-Dazs etxekoa da emultsionatzailerik ez duen bakarra; horien ordez, arrautza gorringoa dauka, zeinak emultsionatzeko gaitasuna duen lezitinari esker (horregatik egin daiteke maionesa). Nolanahi ere, erabat segurua da horiek erabiltzea, eta indarrean dagoen araudiak ere onartzen du.
  • Egonkortzaileak. Izenak dioen bezala, produktua egonkorragoa egitea da konposatu horien zeregina. Zaildu egiten dute izotz beirak elkartzea eta atzeratu egiten dute neurri handiko beirak eratzeko prozesua (hori gertatuko balitz, testura hareatsua edukiko lukete). Izozkietan, garrofin goma, guar goma eta karragenanoak erabiltzen dira gehienbat; horiek guztiek ongi betetzen dituzte beren funtzioak lodigarri eta gelifikatzaile gisa izozkiek izaten dituzten baldintzetan (batez ere tenperaturari dagokionez), eta elkarrekin jarduten dutenean, indartu egiten dute beren funtzioa. Polisakaridoak dira, eta hiru iturritatik ateratzen dituzte: algarrobo hazietatik, guar hazietatik (lekale bat da) eta alga espezie batzuetatik, hurrenez hurren. Emultsionatzaileek bezala, horiek ere ez dute ezeren arriskurik.
  • Beste osagai batzuk. Izozkietan ohikoa izaten da beste osagai batzuk ere aurkitzea, adibidez fruitu lehorrak (batez ere almendrak: Magnum Almond, Nuii almendraduna edo Eroski esne-gainezko konoa, adibide batzuk jartzearren), frutak (Carte D’Or jogurta basafruituekin), zukua (Eroski limoizko sorbetea), lurrinak (bereziki banillazkoa) edo koloragarriak (ez daude guztietan, baina daukatenek ez darabilte koloragarri eztabaidaturik, adibidez hipersentiberatasun arazoekin zerikusia dutenak, eta beste batzuk hautatu dituzte, esaterako karotenoak eta kurkumina).
GOZOTASUNAREN ARABERAKO SAILKAPENA

AZUKRETSUENAK (GRAMOAK, ERRAZIO BAKOITZEKO)

  • Magnum Double Chocolate:19,2
  • Nuii almendraduna: 18
  • Magnum Almond: 18

AZUKRE GUTXIEN DUTENAK (GRAMOAK, ERRAZIO BAKOITZEKO)

  • Nestlé minikonoak azukre erantsirik gabeak: 3,2
  • Eroski mini almendradunak azukrerik gabeak: 3,9
  • Minipolo laranja limoia: 10,8
  • Cornetto Classico: 10,8

Aztertu ditugun izozkietan, azukre gehien eta gutxien dutenak errazio bakoitzeko (60 g).

Gailetarekin edo gabe?

190529 helados 0Z6A7683

Izozki batzuek beste elementu batzuk ere izaten dituzte, adibidez gaileta (sandwich erakoetan, non produktuaren %45 inguru izaten den) edo barkilloa (kono erako izozkietan, non %15 den). Gehienbat gari irinez eginak egoten dira, baina beste osagai batzuk ere badituzte, izozkiek dituztenen gisakoak gainera: koipekia (kokoarena edo palmarena normalean), azukrea, glukosa ziropa edo lezitina. Konoetan, gainera, txokolatea erabiltzen da estalgarri gisa (produktuaren %13), hezetasunak ez ditzan guritu.

OSASUNGARRIAK AL DIRA?

Ikusi dugu nola egiten diren izozkiak eta nolako osagaiak dituzten. Hori jakinda, susma dezakegu zer-nolako ezaugarriak izango dituzten nutrizioaren ikuspegitik. Baina argi eta garbi jakiteko, dietaren arloan ereduzkoak diren gidak aztertzea da onena, adibidez Modu osasungarrian jateko platera, Harvardeko Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolarena, edo Elikadura Osasungarriaren Piramidea, Eroskirena. Horietan ez dira ageri izozkiak, ez baita produktu osasungarria, eta halaxe dio Nutri-Score sailkapenak ere. Ikus dezagun zergatik.

190529 helados 0Z6A7657

Energia balioari begiratzen badiogu, ikusiko dugu aztertu ditugun produkturik gehienak 250 eta 350 kcal artean dabiltzala 100 gramo bakoitzeko, eta hori asko da, nahiz eta ez den neurriz kanpokoa ere. Erreferentzia bat edukitzeko, esango dugu leka platerkada batek 100 kcal dituela, donut batek 250 kcal, dilistak eta arroza nahasian dituen plater batek 300 kcal, eta txokolatezko palmera batek 500. Aztertu ditugun izozkien artean, batzuek oso energia gutxi ematen dute, adibidez Eroski minipoloak (82 kcal), Eroski limoizko sorbeteak (118 kcal) eta Colajet delakoak (121 kcal), eta beste muturrean, badira askoz gehiago dutenak ere, adibidez Nuii almendraduna (390 kcal).

Nolanahi ere, dena ez da kaloriak kontatzea. Ulertzekoa den bezala, ez da gauza bera 300 kcal hartzea dilista platerkada batekin edo donut batekin. Garrantzitsuena zera da: ongi jakitea nolako osagaiak dituzten guk jaten ditugun elikagaiek. Aztertu ditugun izozkien zati handi batek gantz ugari dauka. Nabarmentzekoak dira, besteak beste, Nuii almendraduna (%25), Magnum Double Chocolate, Eroski mini bonboiak laktosa gabe eta Eroski bonboi almendraduna (%23 bakoitzak), eta Magnum Almond (%22). Horrek ez du zertan arazo bat izan, gantza beharrezko mantenugaia baita gure dietan.

Guk, dena den, gehiegizko kopuruetan hartu ohi dugu, eta ez dugu ahaztu behar kaloria asko ematen dutela, eta horretatik ere sobera gabiltza. Baina gauzarik garrantzitsuena gantz mota izaten da. Izozki batzuek, adibidez, esne jatorriko gantza daukate (esne-gaina edo gurina), eta hor ez da zertan arazorik izan. Gehien erabiltzen den koipekia koko olioa da (aztertu ditugun ia izozki guztiek daukate). Gaur egun dauzkagun ebidentzien arabera, esan liteke gantz mota horrek eragin neutroa duela nutrizioaren ikuspegitik, hau da, ez daiteke esan osasungarria denik, baina ezta osasungaitza denik ere.

Hori bai, gantz mota horiek neurrian hartu behar direla gomendatzen dute. Beste izozki batzuek, berriz, kalitate okerragoko gantzak dauzkate, adibidez palma olioa (Nestlé minikono azukre gabeek, Bonboi almendradunak eta Eroski esne-gainezko sandwichak). Azukrea kopuru handietan ageri da izozkirik gehienetan, eta horixe dute alderdirik txarrena, zalantzarik gabe (produktu askok %21 eta %28 artean daukate), eta hor bereziki nabarmentzekoak dira Magnum Double Chocolate (%32) eta Nuii almendraduna (%30). Beste muturrean, badaude azukre erantsirik gabeko bi izozki: Eroski bonboi minialmendradunak (%6,5) eta Nestlé etxeko banillazko minikonoak (%5,3). Nolanahi ere, ez daiteke esan azukrerik gabeko izozki horiek osasungarriak direnik. Elikagai bat nutrizioaren ikuspegitik aztertzeko garaian, ageri diren mantenugaiak aztertu behar dira, baina baita ageri ez direnak ere. Hau da, izozki batek, nahiz eta azukre erantsirik ez eduki, ez du ematen mantenugai interesgarririk, adibidez bitaminak eta mineralak.

SAKELARAKO ONENA ETA TXARRENA

MERKEENAK

  • Minipolo laranja limoia: 0,18 ‘
  • Limoizko sorbetea: 0,20 ‘
  • Eroski esne-gainezko sandwicha: 0,23 ‘
  • Eroski esne-gainezko konoa: 0,27 ‘

GARESTIENAK

  • Magnum Almond: 1,21 ‘
  • Magnum Double Chocolate Deluxe: 1,16 ‘
  • Nestlé minikonoak azukre erantsirik gabeak: 1,09 ‘
  • Oreo mini sandwicha: 1,05 ‘

60 gramoko errazioen zenbatekoa. 2019ko maiatzaren 31n zeukaten prezioa (baliteke aldaketak izatea).

Esnezkoa edo izotzezkoa?

190529 helados 0Z6A7706

Belaunaldiz belaunaldi gertatu izan da gurasoek susmo pittin batekin begiratzea izotzezko izozkiei (“urezko izozkiak”, legearen arabera), eta esnezkoak hobeak direla esan izan dute, eta horiek aukeratzea komeni dela. Baina zein dira hobeak? Gastronomiaren ikuspegitik, kremazkoak dira preziatuenak, zalantzarik gabe, esnearen koipekiarekin eginak (esne-gaina izaten da normalean, eta batzuetan gurina) eta esnearen proteinekin ere bai. Baina nutrizioaren ikuspegitik beste modu batean ikusten dira gauzak, izozki mota horrek kopuru handietan izaten dituelako gantza eta azukrea, eta kaloriak ere erruz ematen dituztelako. Balantzaren beste aldean, sorbeteak eta urezko izozkiak daude; horiek ez daukate gantzik (edo oso gutxi), eta normalean azukre gutxiago izaten dute, eta, ondorioz, kaloria gutxiago ematen dute. Gastronomiaren ikuspegitik, dena den, ez daukate aurrekoen neurriko estimaziorik.

ZER DIO ETIKETAK.

190529 helados 0Z6A7685

Edozein elikagairekin gertatzen den bezala, garrantzitsua da etiketari begiratzea, hor ikusten baita zer ari garen erosten. Produktuaren izenari erreparatzea komeni da, horrek esaten duelako zein sailetakoa den izozkia, eta beste ezaugarri batzuen berri ere ematen du (adibidez, baduen txokolaterik, gailetarik edo fruitu lehorrik). Horrela jakingo dugu esne-gainez egindako izozki baten aurrean gauden (hau da, esne jatorriko gantzarekin egina den, Häagen-Dazs bezala, esaterako), edo esne-gain zaporekoa den (hau da, esne-gainaren lurrinekin, baina esne-gainik gabe; horiek dira Nestleren Maxibonen eta Eroski Basicen esne-gainezko sandwicharen kasuak).

Badira, bestalde, arreta ematen duten zenbait alderdi. Produktu batzuetan, esaterako, oso zaila da produktuaren izena edo osagaien zerrenda dakarren informazioa irakurtzea. Nestlé etxeko izozkietan (Colajet, Mikolápiz eta Minikono azukre erantsirik gabeak), toki asko dago ontziaren atzekoa aldean, baina hor jarri beharrean informazio hori, alboetako tarte txikian ageri da, eta hor zailagoa da bilatzea eta irakurtzea. Beste produktu batzuetan, adibidez Frigo etxeko batzuetan (Magnum eta Frigo Chuches), informazioa ontziaren atzealdean ageri da, baina zaila da irakurtzea, letra ez delako oso handia, tarte txikia dagoelako lerrotik lerrora eta testua hainbat hizkuntzatan ageri delako (eta ez daude ongi mugatuta fisikoki). Alderdi hori bereziki ongi zaindua dute Eroskiren produktuek, eta modu argi eta antolatuan ematen dute informazioa.

ONDORIOAK

Ikuspegi gastronomikotik, kremazko izozkiak dira preziatuenak, esnegain dezente daukatenak. Horretan Häagen Dazs nabarmentzen da, zeinak %35 daraman esnegaina, eta, horretaz gain, beste osagai gustagarri batzuk ere baditu, adibidez arrautza gorringoa (emultsionatzaileen ordez). Azukrez ere ongi hornitua dago, baina ez dauka beste izozkiek baino gehiago, eta berdin gertatzen da kaloriekin eta prezioarekin ere; hortaz, kalitate-prezioetan ere ongi dabil. Arrazoi horiengatik guztiengatik, aukerarik onena dela esan liteke. Nutrizioari dagozkion alderdiak bakarrik hartuko bagenitu, Eroski minipoloak izan litezke aukerarik onena, horiek baitaukate azukre gutxien (%18) eta kaloria gutxien ere horiek ematen dute (82 kcal/100 g-ko).

IZOZKI (ELIKAGARRI) GOZOA

Udan beti sartzen da ongi izozki gustagarri bat. Baina izozkailua ireki aurretik, komeni da jakitea egiaz zer ari garen hartzen. Horretarako, ikusi egin behar da izozkiek zer daukaten -kaloria eta gantz asko samar eta azukre gehiegi-, baina baita zer ez daukaten ere: ez dute ematen mantenugai interesgarririk, adibidez bitaminak eta mineralak. Hortaz, ez da postre osasungarri bat, eta jatekotan, oso noizbehinka egin behar da.

Erosketa egiteko garaian lagungarria izango zaizulakoan, gida honetan 24 erreferentzia aztertu ditugu, markarik ezagunenetakoak, eta zazpi sailetan bildu ditugu beren aurkezpenaren eta osaeraren arabera: familia formatua eta ertaina duten terrinak, bonboiak (makilarekin eta esnearen proteinaz eginak), konoak (barkilloarekin), sandwichak (gailetarekin), haurrentzako izozkiak eta osagairen bat kenduta daukatenak, adibidez azukrea edo laktosa. Analisi honetan, kontuan hartu dugu zer-nolako osagaiak erabili diren, nolako nutrizio profila duten, zenbateko prezioa eta Nutri-Score balorazioak zer dioen.