Obrak etxea... ezustekorik gabe

ETXEA BERRITZEKO ASMOTAN BAZABILTZA, OSO LAGUNGARRIA IZANGO ZAIZU JAKITEA ZER-NOLAKO PAUSOAK EMAN BEHAR DIREN LANEI EKIN AURRETIK, LANAK EGIN BITARTEAN ETA ONDOREN, KONTUA EZ DADIN AMESGAIZTO BIHURTU. BELTZEAN ORDAINTZEA, AURREKONTURIK EZ AURKEZTEA, DIRU LAGUNTZAK JASOTZEKO AUKERAK GALTZEA... HUTSEGITE BATZUK OSO GARESTI ORDAINTZEN DIRA, ETA HEMEN AZALDUKO DIZUGU ZER ETXEAN EGIN BEHARREKO LANAK LASAI JOAN DAITEZEN.
1 urria de 2019
GettyImages 941965912

Obrak etxea... ezustekorik gabe

Izan liteke egoera kaskarrean dagoen etxebizitza bat erosi eta goitik behera berritu beharra dagoelako, edo izan liteke gure betiko etxea berritzea erabaki dugulako. Egoera bat edo bestea izan, kontsumitzaile gisa zer-nolako eskubideak eta betebeharrak ditugun jakitea beti da lagungarria, eta ezusteko bat baino gehiago saihesteko balioko digu. Ez alferrik, urtea bukatzen denerako, Espainiako Estatuan 1,6 milioi etxek baino gehiagok eginak izango dituzte berritze lan batzuk, datu hori eman du Zeramika eta Eraikuntzako Material Banatzaileen Espainiako Elkarteak (Andimac). Esku-hartze horiek, gainera, handitu egiten dute higiezinaren balioa (alokatu nahi duenak %30 garestiago egin lezake agian, eta saldu nahi duenak %20 gehiago jaso).

Gauzak ongi egiteak babestu egingo gaitu edozer gertatzen dela ere: obraren aurrekontua edukitzea, lanak noiz bukatuko diren zehaztea, materialek nolako kalitatea duten jakitea eta lanen zati bat (edo lan guztiak) beltzean ez ordaintzea (jardunbide ohikoa da, baina ez da ahaztu behar legez kanpoko dela). Kontratista bat hautatzeko orduan, kontuan hartzekoak izaten dira antzinatasuna eta antzeko lanak egin izana, bere arloko profesionalen elkarteetara atxikita egotea edo kalitate zigiluak eskuratu izana, adibidez ISO 9001 ziurtagiria (enpresa ongi antolatua dagoela bermatzen du, eta produktua kalitate hobekoa izaten da kontsumitzailearentzat) edo ISO 14001 araua, ingurumenaren gaineko eraginari eta segurtasun eta osasun betebeharrei buruzkoa.

Kontuan hartu behar da, oso garrantzitsua baita, bi aldeek sinatu ez dituzten kontratuek (edo aurrekontuek) ez daukatela legezko baliorik, eta ahozko hitzarmenek ez dute ezertxo ere bermatzen legearen ikuspegitik. Miriam Garciaren esanetan (ANERR Zaharberritze eta Berritze Lanetako Enpresen Espainiako Elkarteko zuzendari nagusia da), “egokiena izaten da profesional, arkitekto edo peritu bati eskatzea berritze proiektu bat egin dezala, eta, horren gainean, aurrekontuak eskatzea modu eraginkorrean. Bestela, bakoitzak gauza bat jarriko du aurrekontuan, eta zaila izango da alderatzea”. Proiektua eta aurrekontua lantzeko zerbitzuak ere badu bere kostua (300 eta 800 euro artekoa izaten da, proiektuaren eta profesionalaren arabera), eta zalantzak izanez gero, erakunde horretara jo dezakegu eta Zaharberritze Eraginkorrerako Informazio Zerbitzuan galdetu (anerr.es/sire). Doakoa da.

Proiektua eta aurrekontua

Etxea berritzeko lan guztiek aurrekontu bat eduki behar dute aurretik (edo lan agindu bat, besterik ezean) eta faktura bat ondoren. Lehenbizikoak baliorik izango badu, kontsumitzailearen sinadura eduki behar du, eta kopia bat gorde beharko du (beste kopia, berriz, zerbitzua ematen duen enpresarentzat izango da). Aurrekontua onartzen bada -kontratu gisa balio dezake -, enpresak gorde egin beharko du bermealdia bukatu eta beste urtebetez gutxienez (bermea bi urtekoa da eskulanarentzat, nahiz eta produktu eta zerbitzu batzuek handiagoa izaten duten). Aldiz, aurrekontua onartuko ez balitz, enpresak kobratu egin dezake hura egiteko hartu duen lana, baina horretarako, bezeroari aurrez jakinarazi egin behar zaio ordaindu egin beharko duela, eta dokumentu baten bidez frogatu beharko da hori. Eta aurrekontuari uko egiten bazaio, lan aginduak (horrek baimentzen du berritze lanak egitea) honako esaldi hau eduki behar du: “Uko egiten diot aurrekontuari eta baimendu egiten dut berritzea”, erabiltzaileak idatzia eta sinatua.

Berritze lanak egiten ari direla edo aurrekontua landu ondoren matxuraren bat gertatuz gero edo akatsak antzemanez gero, horiek idatziz eta bikoiztuta aurkeztu behar zaizkio bezeroari, eta arrazoiak zein diren eta kostu gehigarria zenbatekoa den azaldu. Edozein aldaketa egin ahal izateko, kontsumitzailearen onespen idatzia behar da, eta ordainketaren bat aurreratzen denean, dokumentatuta egon behar du eta lanak hastean egin behar da. Kontuan hartu behar dugu, egoera txarrean dagoen etxebizitza bat erosi eta goitik behera berritu behar denean, funtsezkoa izaten dela dokumentatua uztea etxea zer-nolako egoeran zegoen lanak egin aurretik eta nola gelditu den ondoren, horrek eragina eduki baitezake katastroko balioan (gainazal eraikia handitu egingo balitz) eta ordaindu beharreko zergetan, adibidez OHZn.

Faktura, zehatz-mehatz

Ezustekoei aurrea hartzeko, komeni da oroitaraztea dokumentatua ez dagoenak ez daukala legezko baliorik. Faktura baliagarria izango da frogatzeko zerbitzu bat eman dela eta kontratu bidez aurrez adostu den ordaina eman zaiola. Honako datu hauek agertu behar dute, nahitaez:

  • Enpresaren legezko izena (Ogasunean eta Gizarte Segurantzan ageri dena).
  • Enpresaren IFKa.
  • Berritze lanak ordainduko dituenaren datuak.
  • Ordaintze data eta helmugako kontua.
  • BEZa. Kontratu bat edo proiektu bat landu bada, komeni da egindako lan guztiak eta horien kostua agertzea, bestela, “berritze lanen ordaina” bakarrik jartzen badu, ez da argi geldituko, desadostasunen bat sortzen denean, zein alderdi gelditu den bete gabe.

Nolanahi ere, baztertu egin behar dira beltzean ordaintzeko proposamenak, guztiz babesgabe geldituko baikinateke edozein erreklamazio egin behar den garaian; horretaz gain, legez kanpo ariko ginateke. “Erreklamazioa jartzea lortuko bazenu, isun bati aurre egin beharko zenioke BEZa ez ordaintzeagatik (eta berdin enpresak ere)”, adierazi du Garciak.

Komeni izaten da faktura bi urtez behintzat gordetzea, bermealdi hori izaten baitu eskulanak, eta kontuan hartzea elementu batzuek (saneamenduek eta galdarek, adibidez) berme luzeagoak izaten dituztela: horiek ere berritu baditugu, nahitaezkoa izango da egiaztagiri horiek gordetzea, beharrezkoa izango baita bermea eskatu behar denerako.

Eta erreklamazioa egin behar badut?

Berritze lanetan irregulartasunen bat gertatuko balitz (edo lanak bukatuta), lehenik eta behin harremanetan jarri behar dugu enpresarekin, eta, gainera, idatziz egin behar dugu, lekukotza eman diezaiogun arazoari eta frogatuta geldi dadin bezeroak jakinarazi diola. Eta enpresak erantzun egokirik ematen ez badigu -normalean kontratuan azalduko da enpresak zenbat denbora duen erantzuteko -, peritu baten azterketa eskuratu beharko da, hark neurtu dezan zer-nolako aldea dagoen kontratatu ziren lanen eta egin direnen artean. Lanak egiteko, aseguru bat kontratatu behar izaten da, eta gehienean hark ordaintzen du aditu horren txostena.

Pauso hori eman eta arazoa konpontzerik ez bada izan, erreklamazio bat aurkeztu beharko da. Nork bere udalerriko Kontsumo Bulegoan aurkeztu beharko du edo autonomia erkidegokoan, baldin eta enpresa atxikia badago Kontsumoko Arbitratze Sistemari edo kasu jakin horretarako atxikitzea onartu badu. Hala ez bada, beharrezkoa izango da auzitara jotzea; eskatzen den kopurua ez denean 2.000 eurotik gorakoa, abokatu eta prokuradorerik gabe egin daiteke. Edozein erreklamazio egiten denean, nolanahi ere, eskura ditugun froga eta dokumentu guztiak aurkeztu behar dira.

Aurrekontu (on) batek eduki beharreko 9 datu

  1. Enpresaren informazioa: izen osoa edo izen soziala, helbidea eta telefonoa.
  2. Bezeroaren datuak: aurrekontua norentzat egin den.
  3. Denbora: data eta baliozko data (informazioak eta prezioek noiz arte balio duten).
  4. Beharrezko baimenak eta horien kostua: eraiste lanek, hondakinak ateratzeak eta iturgintza, igeltserotza edo elektrizitate lanek obra baimena beharko dute agian, eta horrek kostu gehigarria dakar. Udalerri bakoitzak bere legedia dauka, eta, ondorioz, udalean eskatu behar da informazioa.
  5. Lanen edukia: xehetasunez eta zehatz azaldua egon behar du. Berrituko den solairu bakoitzak zenbait ataletan zatitua egon behar du, eta horietan zehaztu behar da zer-nolako ekintzak egingo diren eta zenbat kostako den bakoitza: materialak, eskulana (zenbat langile beharko diren), lanak egiteko beharko den denbora (kalkulu bat)…
  6. Bukaera: lanak noizko egongo diren eginak; data hori gaindituz gero, kalte-ordain bat jasotzeko aukera ekarri behar du (aurrekontuan edo obra kontratuan aurreikusi behar da).
  7. Bermea eta asegurua: bermealdiak noiz arte iraungo duen eta erreklamazioak nola egingo diren. Gizarte erantzukizuneko asegurua.
  8. Enpresak bere gain hartzen dituen betebeharrak: adibidez, eraikinaren ataria garbitzea edo kalteak konpontzea.
  9. Prezioa: berritze lanen kostua osotara eta horri dagokion BEZa.
Ba al dut eskubiderik BEZa murrizteko?

Etxean zaharberritze, berritze eta konponketa lanak egiten dituztenek %10eko BEZ murriztua ordaintzeko aukera izan lezakete (%21ekoa beharrean), baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte:

  • Pertsona fisikoak eta etxejabe elkarteek eskuratu dezakete, baina etxeak erabilera pertsonalekoa izan beharko du (ez komertziala).
  • Lehenbiziko etxebizitzari, bigarrenari eta beste batzuei ezar dakioke, baldin eta berritze lanak hasi baino bi urte lehenago bukatu badute etxea eraikitzen.
  • Materialen kostuak lan guztiek izan dutenaren %40 baino txikiagoa izan behar du.
  • Lan mota bati baino gehiagori ezar dakioke, adibidez iturgintzari, zurgintzari, elektrizitateari, pinturari, eskaiolistari, instalazioei eta muntaketei. Galdetu ezazu Zerga Agentzian.

Segurtasunez berritzeko zortzi aholku

1. Bila itzazu esperientzia egiaztatua duten profesionalak, bereziki zuri komeni zaizun lan motan. Garrantzitsua da profesionalen elkarteren bateko kide diren jakitea eta erreferentziak badituzten egiaztatzea, eta gizarte erantzukizuneko asegurua ere eduki dezatela.

2. Jar itzazu jakinaren gainean bizilagunak, eta begiratu etxejabe elkartearen estatutuetan, lanak hasi aurretik, ea bizilagunei baimena eskatu behar zaien. Berritze lanek eraikinaren egitura ukitzen badute (karga hormak, pilareak, teilatua…), bizilagun guztien baimena beharko duzu.

3. Har ezazu kontuan eraginkortasun energetikoari dagozkion irizpideak, zaindu isolamenduko elementuak eta egin apustu led teknologiaren alde: bonbilla horiek %80tik gora aurrezten dute betikoen aldean eta 50.000 ordu inguru iruten dute (halogenoen iraupena 2.000 ordu ingurukoa da eta kontsumo txikikoena 10.000 ingurukoa).

4. Eskuratu itzazu beharrezko diren baimenak. Tramite gehienak oso erraz egiten dira, eta arkitektoak berak edo dekoratzaileak egin ditzake. Udalaren bidez lortzen dira, eta behar duzun informazio guztia ere lortuko duzu han.

GettyImages 1131004830

5. Jar itzazu idatziz lanak gauzatzeko epeak. Aurrekontua aukeratu ondoren, garrantzitsua da bukaerako data eranskin gisa gehitzea kontratuari, eta epe hori gaindituko balute, kontratistak kalte-ordain bat eman dezala: legeak esaten du gehienez ere aurrekontuaren %10 atxiki daitekeela zerbait ongi bukatua ez dagoenean. Kontratuan bi aldeek adostu beharko dute zer-nolako beste kalte-ordainak zehazten dituzten, adibidez lanak egin bitartean etxea utzi beharko balitz nork ordainduko duen “ostatu hartzeagatik” sortzen den gastua. Jakina, bi aldeek sinatu behar dute.

6. Aurrerapen bat eskatzen badizute, komeni da ez dezala gainditu aurrekontuaren %30 edo %40a; faseak bete ahala, beste ordainketa batzuk egin ahalko dira. Ikusi egin beharko da berritze lanak zenbatekoak diren eta zenbateko konfiantza dagoen bi aldeen artean.

7. Aztertu ezazu ea laguntza publikoak eska daitezkeen. Espainiako Sustapen Ministerioak eta autonomia erkidegoek ematen dituzte diru laguntza batzuk, %40ra irits daitezkeenak hesi arkitektonikoak desagerraraziko dituzten lanak egiteko, eraginkortasun energetikoa sustatzeko (adibidez, berokuntza eta hozte sistema berriak instalatzeko) edo isolamendu akustikoa edo termikoa hobetzeko, besteren artean.

8. Eska ezazu aurrekontu bat baino gehiago. Aurrekontu guztietan lan mota berberak jar ditzatela komeni da, batzuk eta besteak alderatzeko; horregatik, aurrez berritze lanen proiektu bat egitea da onena, eta horren gainean eskatzea aurrekontuak. Iturria: ANERR, OCU eta guk egindako lanketa