Zukuak: tentazio (oso) gozoa
Zukua hartzea oso ohikoa izaten da etxe askotan. Datuak zertan diren jakiteko, ANIBES 2019 ikerketa erabiliko dugu, Espainiako Nutrizio Fundazioak egina. Hor ageri denez, Espainiako Estatuko herritarren %31,2k zuku motaren bat hartzen dute, bereziki haurrek eta nerabeek, zeinak gehiago hartzen duten helduek baino. Zaporeei dagokienez, laranjazkoak maite ditu gehien jendeak (%34), ondoren ananazkoak (%19,2) eta melokotoizkoak (%18,8). Baina ba al dakigu horien ezaugarriak bereizten erosteko unean? Egia da, begiratu batean, frutaz egindako edari guztien ontziak oso antzekoak direla, eta hori horrela izanik, zeri begiratu behar diogu zer erosten ari garen jakiteko? Hiru alderdi hartu behar genituzke kontuan:
- Produktuaren izena. Horrek adierazten du zein sailetakoa den legearen arabera, eta gehienean osagai zerrendaren ondoan agertzen da: adibidez, “fruta zukua” (“zumo de frutas) edo “kontzentratuarekin egindako zukua” (“zumo a partir de concentrado”).
- Osagai zerrenda. Produktuak zer-nolako osagaiak dituen esaten du, gehien duenetik gutxien duenera ordenatuta (adibidez, “laranja zukutuak” edo “melokotoi purea, ura eta azukrea”).
- Nutrizio arloko informazioa. Produktuak zenbat energia eta mantenugai ematen duen esaten du 100 ml bakoitzeko.
Dena ez da zukua
Produktuaren izenari begiratzen badiogu, ikusiko dugu sail bat baino gehiago dagoela (legeak ere bereizi egiten ditu).
- Fruta zukua. Fruten zati jangarrietatik lortzen den produktua da metodo fisikoak erabiliz (birrinduta, zapalduta, ehota…). Hau da, ez du eduki behar ez hazirik eta ez azalik ere, baina eduki ditzake zukua egiteko erabili den frutaren mamia eta lurrinak. “Fruta zukutua” izenarekin saltzen da (“zumo exprimido”). Sail horretakoa da, adibidez, Eroski Seleqtia saileko laranja zukua.
- Kontzentratuarekin egindako fruta zukua. Fruta zuku kontzentratua urarekin nahastean lortzen da. Kontzentratua egiteko, fruta zukuari kendu egiten zaio uraren zati bat metodo fisikoen bidez, gehienean berotuta. Legeak muga batzuk jartzen ditu ur gehiegirik ez eransteko, eta horren bidez, bermatu egiten da abiapuntuko zukuaren antzeko osaera izango duela. Aurreko sailekoetan bezala, hauetan ere erantsi daitezke fruta beretik datozen lurrinak eta mamia. Sail horretakoa da Granini etxeko tomate zukua.
- Fruta nektarra. Produktu bat baino gehiago erabiltzen da nektarra egiteko: fruta zukutua, zuku kontzentratua, kontzentratuarekin egindako zukua, fruta purea (fruten zati jangarria, zuritua edo osorik, bahetu, birrindu edo papurtua) edo pure fruta kontzentratua (pure horri uraren zati bat kentzen zaionean), zeinari ura eransten zaion ondoren eta beste osagai batzuk ere bai, nahi izanez gero, adibidez azukreak, eztitzaileak eta fruta beraren lurrinak, eta baita gehigarri baimenduak ere (adibidez, herdoilaren aurkakoak). Horretaz gain, gutxieneko fruta kopuru bat eduki behar du (laranjaz edo melokotoiz egindakoetan, adibidez, %50 izan behar du gutxienez). Sail horretakoa da Sannia Eroski melokotoi nektarra.
- Frutekin egindako edari freskagarriak eta bestelako edariak. Nektarrak bezala, produktu bat baino gehiago erabiltzen da edari horiek egiteko ere, adibidez fruta zukutua edo fruta purea, eta horiei ura eransten zaie eta bestelako konposatu batzuk, esaterako azukrea, eztitzaileak eta gehigarriak. Sail honetakoetan, ordea, ez dago legezko mugarik fruta kopuruarentzat, eta bestelako gehigarri batzuk ere erabil daitezke (adibidez, koloragarri jakin batzuk), eta beste osagai batzuk ere bai. Hor sartzen dira, besteren artean, laranjazko Zü Premium, zeinak eztia eta errege jelea ere badituen, eta kiwi-limazko Zü Premium, zeinak klorofilazko gatz kuprikoa darabilen koloragarri gisa.
Gida hau egiteko, merkatuan punta-puntakoak diren markek egindako 25 produkturen etiketak aztertu dira: fruta zukutua (hotzean edukitzekoa: laranja mami eta guzti, Zumosol etxekoa; laranja, Don Simón La Huerta; laranja mamirik gabea, Zü Premium-ena; laranja eta granada mediterraneoa, biak Eroski-renak; hotzean eduki behar ez dena: laranja mamirik gabea eta laranja mamiarekin, Don Simónenak; laranja mamirik gabea eta laranja ekologikoa, Zü Premiumenak; tomatea eta laranja, Seleqtia Eroskirena), kontzentratuarekin egindako zukua (tomatea eta anana-sagarra-mahatsa, Don Simónena; laranja eta tomatea, Graninirena), nektarra (fruta anitzekoa, Zü Premiumena; pomelo arrosa, Graninirena; melokotoia, Sannia Eroskirena) eta zukuz egindako edariak (kiwi-lima; laranja azukre erantsirik gabea; laranja eztiarekin eta errege jelearekin, Zü Premiumenak; disfruta laranja, Juver-ena; disfruta laranja, Don Simónena; laranja eta Sannia laranja azukre erantsirik gabea, Eroskirenak).
Zer dakar ontziak?
Produktu horiek erosteko garaian, lehenik eta behin lehengai gisa zenbat fruta erabili den hartzen da kontuan. Datu hori ontziaren aurrealdean ageri da gehienean, hitzen bidez edo irudiekin, nahiz eta ez den nahikoa izaten produktuak zehatz-mehatz nolako osaera duen jakiteko. Hori dela eta, osagaien zerrendari begiratzea komeni da beti. Horrela jakin ahalko dugu zer fruta mota duen (adibidez, laranja, anana, granada…) eta zenbateko proportzioan, datu hori ere eman egin behar baita osagai hori ontzian era batean edo bestean nabarmenduta dagoenean (adibidez, hitzekin edo irudi bidez). Halaxe egiten dute gida honetarako aztertu diren ia produktu guztiek (adibidez, Graniniren nektarrak, non honela ageri den: ““zumo de pomelo rosa 47%”, %47 pomelo arrosaren zukua).
Osagaien zerrendak esan egin behar du, halaber, zein diren produktua osatzen duten beste osagaiak. Zukuetan, oso gehigarri gutxi erabil daitezke, adibidez azido askorbikoa edo azido zitrikoa, biak ere azidotasuna doitzeko, nahiz eta ez dituzten oso sarri erabiltzen; gehien-gehienetan, fruta bakarrik izaten dute. Halaxe izan da gida honetarako aztertu ditugunetan, salbu eta tomate zukuan, non gatza ere ageri den (Granini markakoak, gainera, bitaminak ere baditu erantsita). Esan dugun bezala, nektarretan eta edari freskagarrietan, frutaz gain, beste osagai batzuk ere izaten dira, adibidez ura, koloragarriak, azukreak edo eztitzaileak.
Fruta motak eta proportzioak, eta baita eztitzaile eta azukre erantsiek ere, baldintzatu egiten dituzte produktuaren ezaugarri organoleptikoak (zaporea, usaina, testura), eta nutrizio profilari ere eragiten diote. Horregatik da hain garrantzitsua informazio hori etiketan aztertzea.
Ez da gauza bera fruta edatea edo jatea
Askotan, fruta jan beharrean, zuku bat hartzen dugu, pentsatzen dugulako gauza bera dela, baina ez da hala, eta berdin du zukua etxean egina baldin bada ere. Frutak azukreak izaten ditu berez, beste osagai batzuekin batean, adibidez zuntza, eta, ondorioz, digeritzeko garaian ez dira egoten hain eskura. Hori dela eta, fruta jaten denean, azukre horiek xurgatzeko eta metabolizatzeko prozesua mantsoagoa izaten da zuku bat hartzen denean baino; zukuetan, izan ere, libre egoten dira azukreak.
Garrantzitsua da hori kontuan hartzea, zeren azukre libreak kopuru handietan hartuz gero, azkar metabolizatzen direnez, transmisio bidezkoak ez diren gaixotasunak ager baitaitezke, adibidez txantxarra, diabetesa eta bihotz-hodietako patologiak. Horrexegatik, azukre gutxiago hartu behar dela esaten du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME). Zehazki, gomendatzen du egunaren buruan hartzen diren kaloria guztien %10 baino gutxiago izan behar luketela azukre libreak, eta horrek esan nahi du pertsona heldu batek 50 gramo baino gutxiago hartu behar lituzkeela egunean, eta haur eta nerabeek, berriz, 25-45 gramo baino gutxiago. Horrekin batean, OMEk nabarmentzen duenez, kopurua %5etik behera jaitsiko bagenu mesede gehigarriak sumatuko genituzke (helduek 25 gramo baino gutxiago eta haur eta nerabeek 13-23 gramo baino gutxiago). Hau da, zuku horietako batzuetatik basokada bat edanda, kopuru horietara iritsiko ginateke helduetan, eta haur eta nerabeek gainditu egingo lituzkete, eta, hain zuzen, azken horiek edaten dute lehendik ere zuku gehien.
Horrek azaltzen du dietaren arloan ereduzkoak diren gidek, adibidez Harvard-eko Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolak atera duenak, zergatik gomendatzen duten zukuen kontsumoa mugatzea: egunean edalontzi txiki bat, gehienez ere (200 ml inguru).
Azukre erantsirik gabeak
Zuku ontziratuek mesfidantza sortzen diote pertsona askori, uste baitute horiek egiteko prozesuak ez direla oso fidagarriak edo fruta ez den beste osagai batzuk eransten dizkietela, adibidez azukrea. Baina etxeko zukuak bezalaxe egiten dituzte fruta zukuak: fruta zukutuz batzuetan eta birrinduz besteetan. Zukuei azukrea eranstea, bestalde, galarazia dago 2013. urteaz geroztik (berdin du fruta zukutuz eginak dauden edo kontzentratuarekin). Orduz geroztik, nektarrei eta frutekin egindako beste edari batzuei bakarrik erants dakieke, adibidez edari freskagarriei. Hori bai, ez dugu ahaztu behar produktu horiek guztiek azukre libreak izaten dituztela, frutak berezkoak dituenak, eta horien eragin metabolikoa azukre erantsienaren antzekoa da.
KOPURURIK HANDIENAK
- Seleqtia granada hotzean edukitzekoa: 24,60
- Zü Premium laranja eztiarekin eta errege jelearekin 1 L: 22,80
- Don Simón anana, sagarra eta mahatsa: 22,40
- Zü Premium fruta anitzeko nektarra 2 L: 22
KOPURURIK TXIKIENAK
- Seleqtia tomate zukua %100 0,33 L: 5,60
- Granini tomatea 1 L: 6
- Sannia melokotoi nektarra 6X0,2 L: 6
- Don Simón tomatea: 6,60
* Errazio baten azukre kantitatea, gramotan emana. Errazioa 200 ml-ko edalontzi bat da. Bi alderdiren araberakoa da azukre kantitatea: zer-nolako fruta erabili den eta produktua zein maila komertzialetakoa den. OMEren arabera, pertsona heldu batek egunean 50 g azukre libre baino gutxiago hartu behar lituzke (egunean 2.000 kcal hartzen dituela kontuan hartuta). Haurrek, berriz, 44 gramo baino gutxiago hartu behar lituzkte (1.750 kcl-eko dieta batekin).
Zenbat azukre dauka zuku batek?
Edari horien nutrizio arloko etiketa aztertzeko garaian, azukre kantitatea izaten da gauzarik interesgarriena, veste makromantenugaiak oso kopuru txikietan ematen baitituzte, esaterako proteinak eta gantzak.
Aztertu ditugun produktuetan, honako hau izan da azukre kantitatea gutxien eta gehien dutenen artean: Seleqtia Eroski tomate zukuak 2,8 gramo ditu 100 ml bakoitzeko, eta Granini tomate zukuak eta Sannia Eroski melokotoi nektarrak 3 gramo 100 ml bakoitzeko; veste muturrean, 11,4 gramorekin ageri da Zü Premium laranja zukua eztiarekin eta 12,3 gramorekin Seleqtia Eroski granada zukua.
Hau da, azken bi zuku horietatik basokada bat edaten denean (200 ml), 22,8 eta 24,6 gramo azukre hartzen dira hurrenez hurren, ohiko freskagarri batek ematen duena bezainbeste (kolazko edari batek, adibidez), nahiz eta bien arteko aldea begi bistakoa den, zukuak bitaminak eta bestelako mikromantenugai batzuk ere ematen ditu eta. Lehenbizikoak kaloria hutsak besterik ez du ematen, eta azken horrek, berriz, bitaminak eta beste mikromantenugai batzuk ditu (laranja zukuaren edalontzi batek, esaterako, C bitamina, azido folikoa eta potasioa izaten ditu).
Zuku batek edo frutaz egindako edari batek daukan azukre kopurua zenbait faktoreren araberakoa izaten da. Fruta mota izaten da bat, guztiek ez baitaukate azukre kopuru bera. Adibidez, tomate zukuek 2,8 eta 3,3 gramo artean izaten dute 100 ml bakoitzeko (Seleqtia Eroski eta Don Simón, hurrenez hurren), eta granadaz egindakoak, berriz, 12,3 gramo ditu (Seleqtia Eroski). Fruta barietateak eta ontze mailak ere badute eragina (fruta ondu ahala, areagotu egiten da azukre kantitatea). Horrek azaltzen du fruta mota berarekin egindako zukuek zergatik daukaten azukre kantitate desberdina; hori gertatzen da, adibidez, laranja zukuekin, non badiren 8,4 gramo daukatenak 100 ml bakoitzeko (Zü Premium etxekoa) eta badiren 10 gramo daukatenak (Don Simón La Huerta).
Azukre kantitateari eragiten dion hirugarren faktorea produktu mota da. Fruta zukutuetan eta kontzentratuarekin egindako zukuetan, esaterako, legeak galarazi egiten du azukreak edo gozatzeko diren elikagaiak eranstea (adibidez, eztia), eta, beraz, azken produktuak duen azukre kantitatea abiapuntuko frutaren osaerak baldintzatzen du zuzenean. Nektarretan eta edari freskagarrietan, aldiz, erantsi daitezke azukreak eta eztitzaileak (halaxe egin dute gida honetan aztertu ditugun nektarretan); hortaz, azken produktuak duen azukre kopurua ekoizleak egiten duen hautuaren araberakoa da. Zuku askotan beste eztitzaile batzuk erabiltzen dituzte, eta horregatik jartzen dute “azukre erantsirik gabea” dela eta horregatik izaten dute azukre gutxiago (ez da ahaztu behar frutak berez dituen azukreak hortxe egoten direla zukuetan). Horren adibide dira Sannia Eroski melokotoi nektarra (3 g/100 ml) eta Juver Disfruta laranja (4,5 g/100 ml), bi adibide jartzearren.
Energia kantitatea.
Azukreak dira produktu horiek dauzkaten makromantenugai ia bakarrak, eta, ondorioz, horiek dira energia kantitatearen arduradun nagusiak ere. Aztertu ditugun zukuetan, Seleqtia Eroski tomate zukuak 16 kcal ematen ditu 100 ml bakoitzeko, eta 17 kcal ematen dituzte Zü Premium etxeko laranja zuku azukre erantsirik gabeak eta Graniniren eta Don Simónen tomate zukuek (kontzentratuz egindakoek); Seleqtia Eroskiren granada zukuak eta Zü Premium etxeko eztiz eta errege jelez eginak, berriz, 50 kcal ematen dituzte 100 ml bakoitzeko.
Horrek esan nahi du produktu horietatik basokada bat edanda (200 ml), 34 eta 100 kcal artean hartuko genituzkeela, Maria erako hiru gailetak edo meloi xerra batek (75 kcal) ematen duten bezainbeste. Hau da, ez dute ematen hainbeste energia ere. Hori bai, kontuan hartu behar da dena ez dela kaloriak kontatzea. Kasu honetan, beharrezkoa izaten da azukre libreen eragin metabolikoa kontuan hartzea, kopuru handietan kontsumitzeak transmisio bidezkoak ez diren gaixotasunak eragiten dituela baitirudi, adibidez txantxarra, diabetesa eta bihotz-hodietako patologiak.
Mamia daramaten zukuek zuntz gehiago al daukate?
Jendeak pentsatzen du hobe dela zukua mami eta guzti hartzea, era horretan askoz zuntz gehiago ematen duelako eta horrek on egiten diolako osasunari. Aztertu ditugun zukuetan, dena den, oso kopuru txikietan ageri da mantenugai hori: gehien duena ere ez da iristen gramo bat izatera 100 ml bakoitzeko, ezta mamia daramatenak ere. Zuntz gehien daukana Sannia Eroskiren melokotoi nektarra da (0,8 g/100 ml) eta horren ondotik, Zü Premium etxeko kiwi-lima edaria dator (0,6 g/100 ml). Laranja zukuei dagokienez, Seleqtia Eroski sailekoak eman du kopururik handiena (0,6 g/100 ml).
Zifra horiek egiaz zer esan nahi duten ohartzeko, jakin behar da laranja txiki batek (100 g) 2,4 gramo ematen dituela eta kiwi batek (100 g) 3 gramo. Azken batean, zukuek mamia izatea ez da hainbeste osasun kontua, gehiago da gustu edo irudipen kontua: pertsona batzuek uste dute horrela zukua “naturalagoa” dela eta beste batzuei, berriz, gehiago gustatzen zaie testura hori, nahiz eta kontsumitzailerik gehienek nahiago duten mamirik gabeko zukua.
Beste mantenugai batzuk
Zukuekin gehien lotzen den mantenugaia, bereziki laranja zukuekin, C bitamina da, zalantzarik gabe. Ildo horretan, bereziki nabarmentzen dira Don Simón La Huerta laranja zukua, hotzean edukitzekoa eta Sannia Eroski melokotoi nektarra (kasu horretan, ekoizleak erantsia da); biek ere 40 mg dauzkate 100 ml bakoitzeko, eta horrek esan nahi du, edalontzi bat edanda (200 ml), egunero batez beste hartu behar dosira (80 mg) iritsiko ginatekeela. Kontuan hartu beharreko beste mantenugai bat gatza da, tomate zukuei erantsi egiten baitiete zaporea indartzeko.
Aztertu ditugun produktuetan, Don Simón zukuak ageri du gutxien (0,45 g/100 ml) eta gehien, berriz (0,7 g/100 ml) Graninik eta Seleqtia Eroskik. Zifra horiek ez dira oso handiak (elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da 1,25 gramo dituenean 100 g edo 100 ml bakoitzeko), baina kontuan hartu behar da basokada batek (200 ml) 0,9 eta 1,4 gramo artean emango lukeela gatza, eta hori dezente da, bereziki substantzia hori mugatu behar dutenentzat. Ez da ahaztu behar, gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) zer gomendatzen duen: egunean ez hartzea 5 gramo gatz baino gehiago, eta Espainiako Estatuan, pertsona bakoitzak 10 gramo hartzen ditu egunean, halaxe dio Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Agentziak (AESAN).
Nutri-Scoreren ‘begia’.
Nutri-Score kodearen bidez, elikagaien nutrizio ezaugarriei buruzko informazio erraz eta berehalakoa eman nahi zaie kontsumitzaileei, ahalik eta aukera onena egin dezaten. Horretarako, kolore kode batekin sailkatzen ditu, hasi berde ilunetik (horiek daukate nutrizio baloraziorik onena) eta laranja iluneraino (baloraziorik apalena), eta letra bat ere eransten die errazago ulertzeko: A izaten du berde ilunak eta E laranja ilunak.
Algoritmo batekin kalkulatzen dira NutriScoreren puntuazioak, eta hor kontuan hartzen dira mesedegarritzat jotzen diren alderdi batzuk (zuntza edukitzea, proteinak, frutak, barazkiak eta fruitu lehorrak) eta kaltegarritzat jotzen diren beste batzuk, adibidez kopuru handietan izatea azukrea gantz saturatuak, kaloriak eta gatza. Zukuen kasuan, pisu gehien duten alderdiak azukreak eta fruta portzentajea dira, zalantzarik gabe. Hau da, bi dira faktore erabakigarriak, batetik fruta mota (granadak puntuazio txarragoa du tomateak baino, azukrea daukalako), eta, bestetik, maila komertziala (nektarren puntuazioa apalagoa da zukuena baino, fruta gutxiago daukatelako).
Puntuazio onena lortzen duten produktuak tomate zukuak dira, fruta asko daukatelako eta azukre gutxien, eta puntuazio apalenena, berriz, hiru hauek eskuratu dute: Zü Premium etxeko fruta anitzeko nektarrak, Granini pomelo arrosak eta Zü Premium kiwi-lima edariak, azukre asko daukatelako eta fruta gutxi. Antzeko produktuak alderatzen baditugu (edari eta fruta mota bera), ikusiko dugu denek ere antzeko sailkapena daukatela. Adibidez, laranja zukutuarekin egindakoak eta laranja kontzentratuz eginda daudenak C sailean ageri dira.
Prezioa ere kontuan hartzekoa da.
Faktore batek baino gehiagok eragiten du edari horien prezioan, adibidez maila komertzialak, eta sailkapen horretan, fruta zukutuekin egindakoak leudeke lehen tokian, kontzentratu bidez egindakoak ondoren, nektarrak gero eta, azkenik, zuku bidez egindako gainerako edariak. Oro har, hala izan da gida honetarako aztertu ditugun produktuetan, baina beste faktore batzuek ere eragiten dute. Horien artean garrantzitsuenetakoa abiapuntuko fruta mota da, ez baitute prezio bera granada batek eta laranja batek, adibide bat jartzearren. Elaborazio prozesua ere kontuan hartu behar da, eta, horregatik, gutxi irauten duten zukuak (hotzean edukitzekoak) garestiagoak izaten dira. Faktore horiek azalduko lukete zergatik den guztietan garestiena Seleqtia Eroski granada zukua, hotzean edukitzekoa (0,36 €/100 ml).
Logikoki, preziorik apalena duten produktuen artean, nektarrak eta zukuekin egindako edariak daude, adibidez Eroskiren laranjazko edaria (0,07 €/100 ml), Don Simón Disfruta, Sannia Eroski laranja azukrerik gabea eta Zü Premium etxeko fruta anitzeko nektarra (0,08 €/100 ml), horiek guztiek fruta gutxiago daukatelako, segur aski.
Antzeko produktuak alderatuta, adibidez laranjazko zukuak, honako hauek dituzte preziorik handienak: Zü Premium laranja ekologikoz eginak (0,27 €/100 ml) eta hotzean edukitzeko bi laranja zukuk, Zumosol etxekoa bat eta Don Simón La Huerta delakoa bestea (0,25 eta 0,23 €/100 mlko, hurrenez hurren). Harrigarria egiten da Granini laranja zukuaren prezioa (0,24 €/100 ml), kontzentratuz egina egon arren dezente garestiagoa delako fruta zukutuz eginda daudenak baino. Beste muturrean daude Zü Premium laranja zukua eta Eroski laranja, hotzean edukitzekoa; 0,13 € balio dute 100 ml bakoitzeko, eta aipagarria da hori, fruta zukutuz eginak daudelako eta, hala ere, nahiko prezio ona daukatelako (maila komertzial apalagoko batzuen parean edo horiek baino merkeagoa ere bai, nektarren eta zukuz egindako edarien parean edo merkeago, adibidez).
Hotzean edukitzekoa edo ez?
Zuku batzuk hozkailuan gorde behar dira (4 ºC-an) eta nahiko iraupen motza izaten dute (bi edo hiru hilabetekoa); gainerakoak giroko tenperaturan eduki daitezke eta 12 hilabete baino gehiago irauten dute. Giroko tenperaturan irauten duen zuku baten eta hotzean edukitzeko beste baten arteko aldea tratamendu termikoa izaten da, ez baitiete berdina ematen. Lehenbizikoetan, tratamendu termikoa gogorragoa izaten da, giroko tenperaturan edukitzen delako luzaroan eta bermatu egin behar zaiolako egonkortasun mikrobiologikoa. Hozkailuan sartuta egoten diren zukuetan, berriz, tenperatura txikiagoan edukitzen direnez eta iraun ere gutxiago egiten dutenez, tratamendu termiko leunagoak erabiltzen dira. Ontzi motak ere eragina eduki dezake produktuaren bizitzan. Egokiena litzateke material opaku bat hautatzea, argiari pasatzen utziko ez diona, gainerakoan hondatu egin bailitezke ezaugarri organoleptikoak eta nutrizio ezaugarriak. Aztertu ditugun produkturik gehienak tetra brik-ean ontziratuta datoz, baina batzuek botila gardenak erabiltzen dituzte, adibidez Granini markakoek. Beste marka batzuek ere egiten dute hori, adibidez Zumosolek eta Don Simónek, baina hozkailuan edukitzekoak dira, eta hortaz, argiak ez lieke eragingo.
Ondorioa
Gida hau egiteko aztertu ditugun produktu guztien artean, tomate zukua da aukerarik egokiena: horrek dauka azukre libre gutxien (2,8 eta 3,3 g artean 100 ml bakoitzeko). Horien artean, Seleqtia Eroski da maila komertzial handienekoa, tomateak zukutuz lortzen baita, eta gainerakoak, aldiz (Granini eta Don Simón) zuku kontzentratuarekin eginak daude. Prezioa, gainera, nahiko ona du (0,18 €/100 ml), eta batez bestekoaren parean dabil (0,16 €/100 ml). Hau da, horrek izango luke kalitate-prezioen arteko harremanik onena. Hori bai, gatz asko samar dauka, 0,7 g/100 ml bakoitzeko, edo bestela esan, 1,4 g edalontzi bakoitzeko (200 ml). Don Simón etxeko zukuak gatz gutxiago dauka (0,45 g/100 ml) eta prezioa ere txikiagoa (0,10 €/100 ml), baina zuku kontzentratuarekin egina da.
Laranja zukuei dagokienez, Eroskirena litzateke onena, fruta zukutuz egina eta hotzean edukitzekoa, zuzenean frutetatik lortzen delako, prezio ona duelako (0,13 €/100 ml) eta azukre kopurua ere ez delako hainbestekoa (8,6 g/100 ml), ez behintzat gainerako zukuak kontuan hartuta. Zü Premium laranja zukua ere nahiko egokia da, aurrekoak bezalako prezioa duelako eta osaera ere antzeko, nahiz eta C bitamina gutxixeago duen. Hori bai, kontuan hartu behar da Eroskirena hotzean edukitzekoa dela (eta, itxuraz, ezaugarri organoleptiko hobeak edukiko dituela), eta iraupen motzagoa daukala.
HANDIENETIK TXIKIENERA
- Zü Premium ekologikoa: 0,54
- Don Simón La Huerta laranja, hotzean edukitzekoa: 0,50
- Granini %100 (kontzentratua): 0,47
- Zumosol hotzean edukitzekoa: 0,46
- Zü hotzean edukitzekoa: 0,34
- Don Simón mamiarekin: 0,31
- Don Simón mamirik gabe: 0,31
- Seleqtia: 0,29
- Zü Premium mamirik gabe: 0,27
- Eroski hotzean edukitzekoa: 0,27
Errazio bakoitzarentzat kalkulatu dugu prezioa. Errazio bat 200
ml-ko edalontzi bat da. Guztiak dira laranja zukutuz egindako
produktuak, Granini %100 izan ezik, zeina kontzentratuz egina den.
Bete basoa, frutak duen onenarekin?
Gida hau egiteko, 25 erreferentzia ezagun aztertu dira, lau multzotan banatuta: fruta zukuak, kontzentratuarekin egindako zukuak, nektarrak eta edari freskagarriak edo frutarekin eginak. Produktuaren izen komertziala eta osagaien zerrenda lagungarriak izaten dira horien ezaugarrien berri izateko. Eta zalantzarik izanez gero, Nutri-Score sailkapenak lagunduko digu erabakitzen.