Bidea libre

Aire zabalean, jende pilaketarik gabe. Segur aski, horrelako aukeren bila gabiltza gutako asko egun hauetan. Garai bateko trenbideak zeharkatzea izan daiteke irtenbide bat, aski osasungarri, seguru eta jasangarria gainera. 3.000 kilometro eskaintzen dizkigute naturbideek edo bide berdeek. Ongi etorri oinezkoak eta txirrindulariak.
1 uztaila de 2020
GettyImages 638796856

Bidea libre

Naturbide edo bide berde esaten zaien ibilbideek garai bateko burdinbideak zeharkatzen dituzte; bereizgarri hori dute beste bide batzuen aldean, trenari loturiko jatorria dutela eta oso irisgarriak direla. Espainiako Estatuan 2.900 kilometro hartzen dituzte bide horiek guztiek, eta oinez, bizikletaz eta patinekin ibiltzeko modua eskaintzen diete helduei eta haurrei, eta egokiak dira, halaber, ezgaitasunen bat duten pertsonentzat ere. Covid-19ak aldarazi egin ditu turismo arloko joerak, eta bide zoragarri horiek aukera interesgarriak dira aire garbia arnasteko eta udaz gozatzeko jende pilaketarik gabe. Alarma egoerako 1. fasetik erabili ahal izan dira, betiere osasun agintariek ezarritako neurriak errespetatuz –ez ditugu berehalakoan ahaztuko– eta segurtasun tarteak zainduz. Bizikletan doanaren eta oinezko baten artean, adibidez, 10 metro uztea komeni da. Bi txirrindulariren artean, 20 metro. “Oso litekeena da uztailean eta abuztuan ohi baino jende gehiago ibiltzea, aurreikuspenek esaten baitute ugaritu egingo dela barnealdeko turismoa, landakoa eta gertukoa”, adierazi du Arantxa Hernandezek, Espainiako Burdinbideen Fundazioak (FFE) Bide Berdeetarako duen Saileko buruak (erakunde horrek 1994an erregistratu zuen marka hori). Haren esanetan, segurtasuna bermatua dago, erabilera dentsitate txikiko eremuak baitira, “bereziki Espainia hustua esaten dioten horretan”. Hala ere, erantzukizunez jokatzera dei egin du. “Osasun krisiaren ondoren bide horiek ezagutzeko pausoa ematea aukera guztiz zentzuzkoa da, eta modu ona itxialdian izan dugun natura gabezia arintzeko eta zeharkatzen dituzten tokietako ekonomia laguntzeko”, nabarmendu du. 

Tren bakoitzak bere historia

Gaur egun, 120 naturbide edo bide berde inguru daude Estatuan. 1993an hasi ziren horiek lehengoratzen, Espainiako Herri Lan, Garraio eta Ingurumen Ministerioaren eskutik, eta gaur egun Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioa ari da inbertsiorik handienak egiten azpiegitura horietan, baina baita Adif, erkidegoetako gobernuak, diputazioak eta udalak ere, eta berdin txirrindulari taldeak, ekologistak eta herritarren kolektiboak ere. Bere webgunea ere badute, www.viasverdes.com, eta hor ikus daitezke ibilbide guztiak (autonomia erkidego gehienetan bada baten bat). Ibilbide bakoitzak bere fitxa dauka, eta hor zehazten da zenbateko luzera duen, zorua nolakoa den, eta ibilbidean zer-nolako azpiegiturak, gorabehera geografikoak eta kultur ondarea aurki daitekeen, eta bidearen historiaren berri ere ematen du. Mugikorrerako aplikazio bat ere sortu dute, Vías verdes y Red Natura 2000 izenekoa (Android-erako), zeinak geokokatu egiten duen ibilbideko edozein puntu, eta YouTube-n Vive la vía kanala daukate. Bi tresna horiek ere lagungarriak dira bide bat hautatzen laguntzeko. Gustu guztietarako modukoak daude: mendikoak, lautadakoak, itsasertzekoak, barnealdekoak, oihanekoak, landazabaletakoak, mediterraneoak, atlantikoak… “Denek daukate gauza bat elkarrekin, magia eta natura konbinatzen dituztela”, ziurtatu du Hernandezek.

Haurrak ere bai, jakina... Baita karrotxoekin ere

Ibilbiderik gehienak errazak dira, irisgarriak eta seguruak, eta ondorioz, eso egokiak haurrekin egiteko. Maldarik handienek ez dute izaten %3-4tik gorako pendizik, baina haurrekin joanez gero, agian ideia ona izan daiteke goitik behera egiten duen bide zati bat hautatzea. Erabaki hori, dena den, haurren adinaren eta bizikletan ibiltzeko ohituraren araberakoa izango da. Familian joandakoan, Vías Verdes elkartetik gomendatzen dute ez jartzeko helburu finkorik, zeren haurrak jolasean hasiko baitira bidean aurkitzen dituzten gauzekin. “Merezi du uztea bidearekin beren erritmoan goza dezaten. Hobe da espiritu lasaiarekin joatea, eta ez kilometroak jatera”, adierazi du Sharon Martinez de Egilazek, Vías Verdes elkarteko kideak. Beste pizgarri on bat izan daiteke garai bateko tren geltokiak dituzten ibilbideak aukeratzea, “han gelditu, zerbait hartu eta haurrek jolas egin dezaten tren zaharrekin amestuz”. Ibilbideetan ohikoa izaten da familia osoak ikustea karrotxo eta guzti, etxeko txikienak eramateko. Baita trailgator sistemekin edo haurren bizikletak atoian eramateko aukera ematen duten beste tramankulu batzuekin ere, haurrak nekatu egiten dira eta. Guztiak onartzen dituzte.

Bizikleta eraman nahi?

Norbere ibilgailuan. Bizikleta auto barrenean eraman daiteke, baldin eta maletategia aski handia bada, edo lotuta jarri daiteke, ez dadin mugitu eta ez diezaien trabarik egin ez gidariari eta ez bidaiariei ere. Beste aukera bat da bizikletak eramatekoa jartzea atzean (autoari erantsita edo atzeko ateari lotuta). Sistema horiekin, zamak ez du nabarmendu behar bi alboetatik, eta luzean, ez du eduki behar autoak duen luzera baino %15 gehiago; bestalde, V-20 erako seinale bat jarri behar zaio (karratua, zeharkako marra zuri-gorriekin). Atoi bat ere jar dakioke autoari edo parrila bat sabaian. Gailu horietakoren batek galarazi egiten badu ikusmena auto barreneko ispilutik, nahitaezkoa izango da eskuinaldean ispilu bat eramatea (legez, ezkerrekoa eta barnekoa bakarrik dira beharrezkoak). Era berean, zamak estali egiten badu matrikula edo atzeko argiak, beste plaka bat jarri beharko zaio ikusteko moduan edo beste argi sistema bat.

Trenean. Berez, bidaiari bakoitzak bizikleta bat eman dezake ekipaje gisa honako zerbitzu hauetan: Ave, Distantzia Luzea, Avant Media, Distantzia Ertain Konbentzionala, Aldiriak eta Feve, baina baldintzak eta erraztasunak dezente aldatzen dira zerbitzu eta bizikleta motaren arabera. Horregatik, hobe da renfe. es webgunean begiratzea eta gure bidaiaren eta zamaren berezitasunak aztertzea. Katalunian barrena ibiltzeko asmoa badugu, komeni da aldirietako zerbitzuen baldintzak begiratzea rodalies.gencat.cat/es helbidean.

Autobusean. Konpainia bakoitzak bere arauak ezartzen ditu, eta batzuk ez dira oso argiak, zenbaitetan lekua egonez gero bakarrik onartzen baitute bizikleta. Bestalde, autobus batean normalean ez daitezke eraman hiru edo lau bizikleta baino gehiago guztira, eta, beraz, ez da garraiobiderik onena taldean joanez gero. Alsa konpainian, adibidez, 10 euroko gehigarri bat ordaindu behar da; PLM-n beste 10, baina desmuntatua edo bildua egon behar du, eta gauza bera eskatzen dute beste batzuetan ere, adibidez Bilman Bus-en. Socibus-ek merkantzia berezi gisa sailkatzen du eta Avanza-n erregistratu egin behar da. Aukerarik izanez gero, onena da aurrez galdetzea eta ziurtatzea lekua izango dela bizikleta eramateko, txartela erosi eta ustekabe desatseginik ez hartzeko.

Correos. Beste aukera bat da Correos bidez bidaltzea bizikleta abiapuntura edo garraio enpresa batekin. Prezioa 45 euro ingurukoa da penintsulara eramateko eta 66 eurokoa Balearretara.

Kopeta-argia tuneletarako

Bizikleta guztiak dira egokiak bide horietan ibiltzeko, baina ergonomia kontuan hartuta, paseatzekoak dira egokienak. Eraman beharreko gauzen artean, ikusi egin behar da egun bakarreko irteera izango den edo egun batzuetakoa, laguntza gisa auto bat eramango den edo ez, zakutoak erabiliko diren edo bikepaking delako hautatzen den, non ahalik eta gehiena murrizten den ekipajea eta bizikletaren gainean eramaten den ahal den guztia (heldulekuan, zelaren hodian, koadroan..), zakutorik eta parrilarik erantsi gabe. “Ura eraman behar da, jateko zerbait, eguzki babesa, arropa eta oinetako egokiak eta zulatuak konpontzeko kita, eta nola ez, argiak ere bai, kopetakoa eta bizikletakoa”, oroitarazi du Hernandezek. “Naturbideetan tunelak izaten dira, eta gehienak argiztatuta dauden arren, gerta liteke batzuk ilun egotea, instalazioak huts egin duelako edo norbaitek nahita hondatu dituelako; komeni da, beraz, ongi prestatuta joatea”, jakinarazi du. Komeni izaten da, halaber, eskularruak eta kaskoa ere eramatea –batez ere haurrek eta trebezia handirik ez dutenek–, eta baita mugikorra edo argazki kamera ere, eta prismatiko on batzuk. Bidea ezustekoz betea egoten da.

100 ibilbide baino gehiago gozatzeko

Erabilerarik ez duten burdinbideek 2.900 km baino gehiago eskaintzen dituzte. Guk bost ibilbide hautatu ditugu, baina informazio gehiago nahiko bazenu beste bideren baten inguruan, sar zaitez hemen: www.viasverdes.com

Eo-ko Bide Berdea //

Basoaren bihotzean 

Ibilbidea: San Tirso de Abres-Villaodrid (Asturias eta Lugo artean). Deskribapena: Meatzeetako tren zahar batek egiten zuen bide bihurria da, Eo ibaiaren ondotik igaro eta baso eder eta freskagarrietan barneratzen dena, txirrindulariei itzal berde gozagarriak eskaintzen dizkiela. Luzera: 12 km. Erabiltzaileak: Oinezkoak, bizikletak, patinak. Zoru mota: Asfaltoa. Inguru naturala: Ibai ertzeko basoa, eukaliptoak, Eo ibaiaren erribera. Kultur ondarea: Kastroak, historiaurreko dolmenak, XVII eta XVIII. mendeko jauregiak eta elizak. Azpiegitura: Sei tunel eta zubibide bat. Selfie asko bihurgune bakoitzean. Bizikletak alokatzeko: San Tirso de Abrés (Asturias). Nola iritsi Autobusez, Ersa eta Alsa enpresekin, San Tirso de Abrés eta Villaodriz herrietaraino joanda. Autoz, 150 kilometro inguru daude A Coruñatik eta 100 inguru Oviedotik.

Sierra-ko Bide Berdea // 

Hegoaldea, topikorik gabe 

Ibilbidea: Olvera-Puerto Serrano (Cadiz). Deskribapena: Cadizko mendilerroan izan zen burdinbide bat egiteko proiektua bere garaian, Jerez de la Frontera eta Almargen lotzeko, baina bertan behera gelditzen zen Gerra Zibilean. Dena den, gaur egun badago modua bide hori egiteko, Cadiz eta Sevilla artean dauden zenbait ibairen ertzean dauden herrixka politak ikusiz. Luzera: 36 kilometro. Erabiltzaileak: Txirrindulariak, oinezkoak eta zaldizkoak. Zoru mota: Asfaltoa eta hartxintxar trinkotua. Inguru naturala: Guadalete eta Guadalporcún ibaien erribera, non badiren lizarrak, zumartxuriak, milazka afrikarrak eta heriotzorriak. Peñón de Zaframagón Erreserba Naturala. Kultur ondarea: Elizak, gazteluak eta aztarnategi arkeologikoak. Azpiegitura: 30 tunel, lau zubibide, bost geltoki, bederatzi atsedengune, haurrentzako bost gune eta sei iturri. Bizikletak alokatzeko: Olvera (Cadiz), Coripe (Sevilla) eta Puerto Serrano (Cadiz). Nola iritsi: Autoz, Sevillatik 72 kilometro daude Puerto Serranora, eta 104 Olverara. Cadiztik, 95 eta 126, hurrenez hurren. Autobusetan, linea hauek dabiltza: Transtrés eta Casal (Sevillatik), Automoviles Casado, S.A. (Malagatik), Los Amarillos (Xerez eta Malaga) eta Transportes Comes (Cadiz).

Vasco-navarro Trenbideko Bide Berdea //

Lautadak konkistatzera 

Ibilbidea: Gasteiz-Lizarra (Araba eta Nafarroa). Deskribapena: Arabako Lautada, Arabako Mendiak eta Lizarrerria zeharkatzen ditu vasco-navarro burdinbidea izan zenaren bidea eginez (1889 eta 1967 artean ibili zen martxan tren hura). Luzera: 84 km (Gipuzkoan beste 26,3 kilometro lehengoratu dituzte). Erabiltzaileak: Oinezkoak eta txirrindulariak, eta baita patinatzaileak ere GasteizAmarita bidegurutzean eta Zubielki-Lizarra tarteetan. Zati batzuk egokiak dira mugikortasun murriztua duten pertsonentzat. Zoru mota: Asfaltoa, hartxintxar trinkotua eta lurra. Inguru naturala: Zereal sailak, mendiak, ibaiak, arroilak, baso hostotsuak. Kultur ondarea: Monasterioak, komentuak, elizak, harresiak, jauregiak eta herrixka xarmaz beteak. Azpiegitura: Bost tunel (Acedokoak 1,4 km ditu), hiru zubibide eta lau pasarela (zirkulaziotik bereizitako guneak) Murietaraino. Murieta eta Zubielki artean, asfaltorik eman gabe dago 9,5 km-ko zati bat. Bizikletak alokatzeko: Gasteiz, Antoñana, Acedo, Lizarra. Nola iritsi: Trenez, geltoki bat baino gehiago dago Madril-Irun eta Gasteiz-Irun ibilbideetan. Autobusez, begiratu konpainia hauen zerbitzuak: Pesa, Hermanos Alegría, Hermanos Arriaga, Autopullmans Palacio eta La Estellesa.

Carrilet Girona – Sant Feliù De Guíxols (Girona) Bide Berdea //

Costa Brava-rantz pedalei eraginez 

Ibilbidea: Girona-Sant Feliù de Guíxols (Girona). Deskribapena: Gironès eta Baix Empordà eskualdeetatik pasatzen da ibilbidea. Pendiz leun-leunak ditu, eta Mediterraneoraino eramango gaitu lursail, baso, herri eta bihurguneetan zehar. Luzera: 39 km. Erabiltzaileak: Oinezkoak, txirrindulariak, egokia desgaitasunak dituztenentzat. Zoru mota: Lur trinkotua. Inguru naturala: Baso mediterraneoa. Kultur ondarea: Girona eta Castell d’Aroko monumentu multzoak. Gaztelu-Dorreak Quarten, Cassà-n, Llagostera-n eta Santa Cristina-n. Bizikletak alokatzeko: Girona, Palafrugell, Platja d’Aro, S’Agaro eta Quart. Bizikleta egokituak hartzeko aukera mugikortasun mugatua duten pertsonentzat (972 486 950). Nola iritsi: Gironaraino, Eskualde barneko trenetan eta Renferen Linea Handietan. Sant Feliù de Guíxols-era, Teisa konpainiaren autobusetan.

Manacor-Artá Bide Berdea //

Balearren beste aurpegia 

Ibilbidea: Manacor-Artá (Mallorca). Deskribapena: Bide erraza, laua eta segurua da. Uhartearen barnealdea zeharkatzen du nekazaritzako lursail tradizionalen eta eta baso mediterraneoaren artean. Ez da pasatzen hondartzatik, baina bai itsasertzetik gertu, eta itsasoko ikuspegi paregabeak eskaintzen ditu. Son Servera herrian, bidegorriarekin bat egiten du eta Levanteko hondartza tentagarrietaraino jaisten da. Luzera: 29 kilometro. Erabiltzaileak: Oinezkoak eta bizikletak. Zoru mota: Asfaltoa eta lur trinkotua. Inguru naturala: Zereal sailak, baratzeak eta lur landuak. Baso mediterraneoa. Kultur ondarea: Elizak, merkatuak, jauretxeak Manacorren, Sant Llorenç des Cardassar-en, Son Corrió-n, Son Servera-n eta Artà-n. Azpiegitura Hiru tunel eta lau geltoki. Haurrentzako gunea Sant Llorenç-en. Bizikletak alokatzeko: Artà eta Son Servera. Nola iritsi: Autobusez: 411 linea (Palma-Cala Ratjada) Manacor, Sant Lloreç eta Artà-ra; eta 412 linea (Palma-Costa de los Pinos/dels Pins) Manacor, cala Millor eta Son Serverara. Trenez, T3 linea Palma de MallorcaEnlace (Enllaç)-Manacor. Autoz, 53 km Manacorreraino eta 75 km Artà-raino Palma de Mallorcatik.