Animalien ongizatea: etxaldeak, ziurtagiri eta guzti
Zerbait mugitzen ari da etxaldeetan, saltokietan, bulegoetan eta etxeetan. Europako zazpi herritarretatik batek uste du Europako Batasunean (EB) lehentasunezkoa dela animalien osasuna eta ongizatea arautzea, datu horiek eman ditu Eurobarometroak (2016). Etorkizunean nekazaritzak, arrantzak eta elikagaien ekoizpenak Europan finkatu behar lituzketen alderdi nagusien artean, elikadura arloko segurtasuna, animalien ongizatea eta animalia bizien garraioa murriztea nabarmendu dituzte gehien herritarrek. Eta EB-ko Nekazaritza ministroen iritziz ere hauxe da garaia beste pauso bat emateko animaliak babestu eta haien ongizatea bermatuko duen estrategia berri batean. Eta Europako Batasunak aintzat hartu du eskaria.
Arlo horren inguruan daukan legediarekin, “munduan herrialde guztien buruan jarri dira animalien ongizatea bermatzeko garaian”. Badirudi, ordea, EB-ko erakundeek hain harro goraipatzen duten lidertza hori ez dela islatzen iritzi publikoan. 2016an egin zuten makroinkesta horretan ageri denez, europarren %64k informazio gehiago eskatzen dute animaliak etxaldeetan hazteko baldintzen inguruan (espainiarren artean %71koa da zifra). Hori dela eta, Europako Batzordea aztertzen ari da komeni ote den animalien ongizateari buruzko etiketa bat sortzea, zeinak balioko duen kontsumitzaileei arlo horri buruzko informazio hobea emateko merkatuan dauden produktuen inguruan, adibidez arrautzekin egiten den bezala.
Kezkatik ziurtagirira
“Herritarrek gero eta kezka handiagoa dute nekazaritzak eta abeltzaintzak sortzen duten eraginaren inguruan eta osasun publikoaren eta animalien osasunaren arteko harremanak duen eraginaren inguruan. Eta haiek zehazten dituzte joera berriak”, azaldu du Sandra Montejanok, Aenor erakundeko Elikadura arloko kudeatzaileak. Elikadura kate osoan sumatzen den gardentasuna, hasi ekoizleengandik eta azken bezeroetaraino, horren ondorio da, gizartean animaliekiko errespetuarekin eta zainketarekin dauden kezka berrien ondorio. Eta hori dela medio, ekoileek zenbait doikuntza egin behar dituzte prozesuetan eta protokolo batzuk landu behar dituzte informazio hori kontsumitzaileei modu fidagarri eta zorrotzean helarazteko. Hortxe sortzen da animalien ongizatearen inguruko ziurtagirien beharra. “Jakin egin behar da zehatz-mehatz zer den ziurtagiri bidez egiaztatzen den hori, bestela kontsumitzaileek zalantza izango baitute zigilu horiek egiaz balio erantsia duten edo ez”, onartu dute Neiker-Tecnalia erakundeko kideek (Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Institutua da).
EB osorako balioko duen zigilu bat onartu bitartean, zenbait herrialdek berea sortu dute, adibidez Herbehereek, Danimarkak eta, iaztik, Alemaniak, eta horiek aukera ematen dute animalien ongizateko estandar hobeekin hazi diren animalien haragia hiru mailatan bereizteko (nagusiki, txerriena). Espainiako Estatuan ere hasiak dira bide hori jorratzen, eta dagoeneko badira berezko logotipo batzuk, Aenor eta Certicar erakundeek ematen dituztenak, besteren artean.
Animalien Osasunerako Mundu Erakundeak (OIE) honela definitzen du: “Animalia baten egoera fisiko eta mentala, bizitzeko eta hiltzeko baldintzak aintzat hartuta”. Eta Albaitaritzako Espainiako I Biltzarrean (2019) ateratako ondorioetan ageri denez, “animalien bizimodua aztertzen duen zientzia da, zeinaren helburua baita une orotan aseta eduki ditzatela beren beharrizan fisiologikoak eta inguru egoki eta erosoan bizi daitezela; minik eta beldurrik gabe, eta sufrimendurik eragin gabe hil ditzatela, eta iritzi politiko, sozial edo erlijiosoek baldintzatu gabe helburu hori lortzeko bidea”.
Zigilu berrien garaia
Ezaugarri horiek dituen ziurtagiri bat sortzeko, beharrezkoa da babes zientifikoa edukitzea, eta babes horrek luzaroan landutako proiektuetan oinarritua egon behar du. Lan horien hedadura eta neurria dela eta, unibertsitateek bakarrik egin ditzakete, ikerketa zentroek eta zentro teknologikoek. Espainian badaude animalien ongizateari buruzko ziurtagiriak, ereduzko erakundeek sortuak.
- WelfairTM. Iristen azkena izan da (2019 bukaeran), eta animalia espezie gehien hartzen dituena da: abelgorriak, txerriak, ardiak, hegaztiak (oilo erruleak, oilaskoa eta indioilarrak) eta untxiak. Europa mailako zenbait proiektutan (Welfare Quality eta AWIN Animal Welfare Indicators) parte hartu duen komunitate zientifikoaren bermea eta babesa dauka. Nekazaritzako Elikagaiak Ikertzeko Institutuak (IRTA) homologatu du ziurtagiri independente hori, Neiker-Tecnaliarekin lankidetzan. Animalia zuzenean behatuz lan egiten dute, eta gero eta produktu gehiagoren etiketan ageri da, honako aipu honekin: “Bienestar Animal Certificado Welfair” (Animalien Ongizate Egiaztatua Welfair). Iaz hasi ziren lehenbiziko ikuskatzeak eta, Aenor-en arabera, 4.500 operadoreri baino gehiago onartu diote.
- Interporc Animal Welfare Spain (IAWS). Capa Blancako Txerriaren Lanbidearteko Erakundeak sortua da zigilu hori, eta txerri mota horren balio kate osoan jardunbide egokiak erabiltzen direla bermatzen du: elikadura, garbiketa-desinfekzioa, egoitza, osasuna, jokabidea, erabi lera, etxaldeen eta animalien kontrola eta hiltegiaren kontrola. Batzorde zientifiko baten babesa dauka ziurtagiri honek, eta hor parte hartzen dute, besteak beste, Nekazaritza eta Elikadura arloko Ikerketa eta Teknologia Institutuak, Albaitaritzako Zientzien Errege Akademiak, Txerri Albaitarien Espainiako Elkarteak eta zenbait unibertsitatek. Horretaz gain, animaliak babesten dituzten erakundeek probatua eta onetsia dago, eta Animalien Osasunerako Mundu Erakundearen aurrean aurkeztu dute Parisen. “Zigilu horrekin, espresek frogatu egin dezakete beren jardunaren muinean dagoela gardentasuna eta kontsumitzaileei erantzunak emateko borondatea. Eta horiei bermatu egiten zaie produktua estandarrik handienekin landu dutela aziendari emandako tratuari dagokionez, eta biosegurtasuneko neurrik zorrotzenak zaindu direla”, azpimarratu du Alberto Herranzek, Interporc-eko zuzendariak.
- ANDA. Animaliak Babesteko Espainiako Elkartearen zigilua da, eta landako oiloen eta oilo ekologikoen arrautzak egiaztatzen ditu; oilo horien bizi baldintzak eta ekoizpen baldintzak zorrotzagoak dira animalien ongizaterako legediak ezartzen dituen gutxienekoak baino: kontuan hartzen ditu ingurumen arloko neurriak eta landa garapenari dagozkionak.
Orain arte aipatu ditugun zigiluez gain, beste erakunde batzuk ere lanean ari dira beren ziurtagiriak emateko.
- Animalien Ongizatearekin Konpromisoa. Haragiaren sektoreak iragarri du zigilu bateratu bat aterako duela animalien ongizatearen inguruan (ikus zatidura).
- ANTA. Animalia Bizien Garraiolarien Espainiako Elkarteak ere bere zigilua lor lezake aurten, eta bertako langileen jardunbide egokia egiaztatuko luke horrekin.
Interporc egiaztagiriak oinarri gisa balio izan du munduan aurrendaria den ekimen bat abian jartzeko, eta horren bidez “agerian gelditu da haragiaren arloan zer-nolako konpromisoa dagoen Espainian animalien ongizate estandarrik zorrotzenak betetzeko”, adierazi du bertako arduradunak, Alberto Herranzek. Animalien Ongizatearekin Konpromisoa jarri diote izena (Compromiso Bienestar Animal), eta zigilu bateratu eta antzeko bakar bat izango da abeltzaintzako ekoizpen guztientzat; koloreak erabiliko dira bereizteko, eta dagokion espeziearen irudia.
Parte hartzen duen erakunde bakoitzak bere araudi teknikoa landuko du, hain zuzen Interporcek berak egin duen bezala. Horixe ari dira lantzen lanbidearteko profesionalak iberiar txerriarentzat (Asici), untxiarentzat (Intercun), ardi eta ahuntzarentzat (Interovic), oilaskoarentzat (ProPollo) eta abelgorriarentzat (Provacuno). Proiektu horrek “ikusarazi egiten du Espainiako abeltzainek nolako ahalegina egiten duten beren elikagaiak ekoiztean, eta gardentasuna eta informazio argia ematen du, kontsumitzaileek beren erabakiak har ditzaten erosketak egiteko orduan. Eta abantailak ditu, halaber, banatzaileentzat eta txikizkarientzat, badakitelako beren saltokietan dituzten produktuek zigilu horien bidez bermatzen dutela animalien ongizateari lotuta munduan dauden jardunbiderik onenak erabili dituztela”, oroitarazi du Interporc-eko zuzendariak.
Nola bermatzen dira jardunbide egokiak
Welfair zigilua iritsi aurretik, Espainian oso ziurtagiri gutxi zeuden beste herrialde batzuetan landuak, adibidez Royal Society for the Prevention of Cruelty to Animals britainiar erakundearen Freedom Food zigilua, eta Alemaniako Global GAP estandarra eta berriki atera duen GGN Abeltzaintza Egiaztatua zigilua, zeinak bermatu egiten duen jardunbide onak erabili direla arlo horretan (zaindu egin dela langileen ongizatea, animaliena, antibiotikoak arduraz erabili direla, arreta jarri zaiela produktuaren trazabilitateari eta errespetatu egin dela ingurumena). Marka batzuek, bestalde, kalitatezko zigilu pribatuak izaten dituzte, balio gehigarri bat eman nahian animalien ongizatearen eta ingurumena errespetatzearen alde egiten dutenari.
Welfair-ekin beste pauso bat ematen da ziurtagiri horien arloan; izan ere, munduan bakarra da entsegu zientifikoen bidezko protokolo zientifiko egiaztatuak erabiltzen dituena animalien ongizaterako. “Garai batean, erabilera, egoitza eta elikadura aztertzen ziren, eta orain animaliari berari begiratzen zaio: nola erantzuten duen eta nola dagoen”, azaldu dute Neiker erakundetik. Zigilu hori lantzeko, Nekazaritzako Elikagaiak Ikertzeko Institutuak (IRTA) Europa mailako proiektu batean lan egin du, Welfare Quality delakoan, non protokoloak landu diren abelgorrientzat (esnea eta haragia), txerrientzat eta hegaztientzat (oilaskoak eta oiloak). Neiker-ek, bestalde, AWIN proiektuan parte hartu du (Animal Welfare Indicatiors), zeinak metodologia berbera ezartzen duen indioilar, ardi, ahuntz eta zaldietan. Eta Espainiako Estatuan abiarazi dituzte lehenengoz, ziurtagiri zorrotzak eskaintzeko helburuz
Bost urtetik gorako lana
2014an, IRTAk proiektu pilotu bat hasi zuen Aenor-ekin esne behien inguruan. Ziurtagirien erakunde ospetsua izan zen lehena, beraz, Welfare Quality ebaluazio protokoloa lantzen, non 12 irizpide neurtzen diren: elikadura arlokoak, egoitzari dagozkionak, osasun eta jokabide arlokoak, Brambell-ek animalien ongizaterako ezarri zituen bost printzipioak (horiek izango dira gero Welfair zigiluaren oinarriak). Honako hauek bost horiek:
- Goserik eta egarririk ez.
- Beldurrik eta larritasunik ez.
- Deserosotasun fisikorik eta termikorik ez.
- Minik ez, lesiorik ez eta gaixotasunik ez.
- Berezko jokabidea adierazteko askatasuna.
Orain dela ia urtebete, araudi orokorraren erabilera zabaldu egin zitzaien beste erakunde egiaztatzaile batzuei, eta handik gutxira, WelfairTM zigilua aurkeztu zuten, Animalien Ongizate Egiaztatua alegia. Ziurtagiri independente horrek kontsumitzaileari ziurtatu egiten dio hautatu duen elikagaia eman duen animaliaren ongizatea errespetatu egin dutela hura hazteko eta hiltzeko garaian. Gainera, “hobekuntza etengabea sustatzen du etxalde eta hiltegietan. Eta egiazko aldaketa motor gisa jokatzen du”, nabarmendu du Antoni Dalmauk, IRTAko ikertzaileak. Cristina Ortiz ere bat dator ikuspegi horrekin (Certicar egiaztatze enpresako zuzendari nagusia da): “Abeltzainari eskatu egiten dio etengabe hobekuntzak egin ditzala instalazioetan eta animaliak zaintzeko moduetan, enpresa ez dadin zaharkitua gelditu”.
Nola lortzen da WelfairTM zigilua
Zenbat buru?
- 10 animalia baino gutxiago. Guzti-guztiak ikuskatzen dituzte.
- 10 baino gehiago. Lagin bat hartzen da, erro karratu baten araberako proportzioan.
Zenbat orduz behatzen dituzte?
- Abelgorria: 3 eta 6 artean.
- Txerria: 3 eta 7 artean.
- Hegaztiak: 2 eta 4 artean.
- Untxia: 3 eta 4 artean.
Nork?
- Erakunde egiaztatzaileetako langileek egiten dituzte azterketak, eta Nekazaritzako Elikagaiak Ikertzeko Institutuak (IRTA) trebatzen ditu horretarako.
Maiztasuna?
- Ikuskatzaileek urtean bisita bat egiten dute, gutxienez.
Egoitzaren ezaugarriak
- Atseden gunearen erosotasuna: etzateko lekua, etzateko denbora, etzalekuaren egoera eta kalitatea.
- Garbiketaren erosotasuna.
- Erosotasun termikoa.
- Mugitzeko erraztasuna.
Egon litezkeen arazoak
- Balioa ematen zaio larreetara libreki joateko askatasuna edukitzeari (alderdi hori zaila da Espainian).
- Baldintzak aldatu egiten dira klimatologiaren arabera.
Osasun egoera
- Lesiorik ez: herrena, orbanak, zauriak, erosioak, ilerik gabeko guneak…
- Gaixotasunik ez: eztula, mukiak, begietako gaitzak (makarrak), arnasketa normala edo bizkorra, beherakoak, sabelalde puztua, hilkortasun tasa…
- Erabilerako jardunbideek minik ez sortzea: zikiratzean, isatsa moztean edo adarrak ebakitzean albaitariak egon behar du prozesua gainbegiratzen.
Egon litezkeen arazoak
- Osasun onik gabe, ez da izango produktiboa (esne gutxiago emango du) eta hortik lortzen diren elikagaiak agian ez dira seguruak izango (zenbait infekzio arriskutsuak izan daitezke haragi hori jaten duten pertsonentzat, adibidez bruzelosia). Txertoak eta albaitaritzako tratamenduak erabiliko dira behar denean.
Elikaduraren azterketa
- Goserik ez: behatu egiten da animaliak nolako gorpuzkera duen eta aski janari baduen.
- Luzaroan egarrituta ez egotea: zenbat edanleku dagoen, aldi berean erabil daitezkeen… Urak eta edanlekuek garbiak egon behar dute.
Egon litezkeen arazoak
- Energia balio handiko animaliek (adibidez, normala dena baino esne gehiago ematen duten behiek) ez dute gaitasunik izaten edoskitzealdian behar duten adina janari hartzeko.
- Larreetako bazkaren kalitatea beti ez da behar bezalakoa izaten buru guztiak elikatzeko.
- Animalien artean lehia sortzea edanlekuak behar bezala banatu ezean.
Jokabidearen analisia
Hauxe da alderdirik subjektiboena. Esperientzia eta prestakuntza handia eskatzen dio albaitariari.
- Jokabide sozial egokia agertzea, jarrera onekin (miazkatzea, jolastea, inguruak aztertzea, elkar txukuntzea…).
- Bere espezieak ohikoak dituen beste jokabide batzuk egoki adieraztea.
- Gizakien eta animalien arteko harreman ona, beldurrik gabea. Garrantzitsua da abeltzainak trebatuta egotea animaliak erabiltzeko zereginetan.
- Egoera emozional ona: animalia aktibo dago, lasai, eroso, independente, zapuztuta, aspertuta…
Egon litezkeen arazoak
- Jokabide sozial txarrak (borrokak, bazterketak, menderakuntza…).
- Jokabide anomaloak, adibidez estereotipiak (mugimendu errepikakorrak).
Hiltegia berrikustea
- Denbora: 6 ordu.
- Harrera egitea: nola jaisten diren garraiobidetik (arranpa egokiak dituzten, irrist egiten duten, erortzen ote diren).
- Hiltzeko eremuan: egoki galtzen duten konortea (halal eta kosher errituetan galarazia dago ziurtagiria ematea), sufritu gabe hiltzen den…
Iturriak: Certicar, Neiker eta Aenor
- Azterketa egin ondoren, estandarra egoki ezarria dagoela ziurtatzen da eta enpresak berak kontrol eraginkorra egiten duela.
- Ikuskatzearen txostenarekin, bilera bat egiten da hutsune guztiak eta horien larritasuna azaltzeko, eta puntuazioak eta zuzenketak egiteko epeak ere zehazten dira.
- Enpresak plan bat aurkeztu beharko du ekintza zuzentzaileekin, ebidentziak eskatuko dira plan hori ezartzen ari dela eta guztiz gauzatu dela baieztatzeko, edo ezohiko beste ikuskatze bat egiteko prozedura irekiko da hutsuneak konpondu direla egiaztatzeko.
- Txostena itxi denean, zuzendari tekniko bat joaten da eta ebaluatu egiten du ikuskatzailearen lana eta onespenik lortu ez zuten alderdiak nola zuzendu diren. Aditu horrek ebazten du, independentzia eta inpartzialtasun osoarekin, ziurtagiria eman daitekeen edo ez.
Ziurtagiria lortzeko mailak
- 20 puntu baino gutxiago. Ez du lortuko ziurtagiririk. Oso zaila da hori gertatzea, legeak gutxieneko batzuk betetzera behartzen ditu eta.
- 21 eta 55 puntu artean. Onargarria / Nahikoa.
- 65 eta 80 puntu artean. Aurreratua / Ona. Tarte horretan dabiltza etxalderik gehienak.
- 81 puntu baino gutxiago. Bikaina. Larretan aske ibiltzeko aukera duten etxaldeetan eta ustiategi ertain eta txikietan, non tratua oso hurbilekoa den eta gizakiarekin duten harremana oso estua.
- Balioa: hiru urtekoa