Moldeko ogia: osoko irina da lagunik onena

GAUR EGUN ERA GUZTIETAKO ESKAINTZA DAGO MOLDEKO OGIETAN (OSOKOAK, HAZIDUNAK, AMA OREZ EGINAK...). HAUXE DA GAKOA AUKERA ONA EGITEKO: IRINA OSOKOA IZAN DADILA %100 ETA GATZ GUTXI EDUKI DEZALA. ETIKETA ONGI IRAKURTZEA KOMENI DA XEHETASUN BATZUK OHARKABEAN EZ GELDITZEKO.
1 otsaila de 2020
100103 Cosumer pan de molde apertura 0Z6A7500

Moldeko ogia: osoko irina da lagunik onena

Azken 20 urteetan ogiaren kontsumoa asko urritu da Espainiako Estatuan (1998an 57 kilo jaten zituen pertsona bakoitzak urtean, eta 2018an 32 kilokoa zen datua, halaxe adierazi du Nekazaritza Ministerioak), baina ez da gauza bera gertatu ogi mota guztiekin. Hain zuzen, moldeko ogiaren salmentak igo egin izan dira aldian-aldian, eta gaur egun urteko kontsumo osoaren %11 hartzen du pertsona bakoitzeko. Moldeko ogia gosaritako txigorkiak edo askaritako sandwichak prestatzeko izaten zen garai batean, baina azken bi hamarkada hauetan utzi egin dio erabilera mugatu hori izateari, eta beste hainbat hartu ditu: aperitiboak, kanapeak…

100103 Consumer pan de molde detalle Bimbo artesano 0Z6A7525
Denbora horretan hainbat hobekuntza egin da, bai prozesuan eta bai produktuaren formulazioan ere, eta, ondorioz, eskaintza nabarmen handitu da: orain dela urte batzuk arte, moldeko ogi bakarra zegoen merkatuan (ogi zuria), eta gaur egun, berriz, era askotakoak ditugu aukeran (osokoa, ama orez egina, haziduna, zerealez hornitua…). Hori ona da berez, baina zaildu egiten du erosteko unean erabakiak hartzeko lana, beti ez baita erraz bereizten zein den aukera ona eta zein kaskarragoa. Hautu ona egiteko, etiketari begiratu behar zaio, eta bereziki hiru alderdi hartu kontuan: produktuaren izena, osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa.

Produktuaren izena

Legearen ikuspuntutik, “ogi bereziaren” sailean sartzen da moldeko ogia, elaborazio prozesuan beste osagai batzuk ere erabil daitezkeelako “ohiko ogia” egiteko erabiltzen direnez gain (irina, ura eta legamia edo ama orea); adibidez, onartua dago arrautza, glutena edo olioa erabiltzea, eta prozedura bereziak ere bai, esaterako molde batean egostea. Hori dela eta, mota horretako ogien etiketan “ogi berezia” edo “moldeko ogia” jartzera behartzen du legeak, baina aukera uzten du, halaber, izen deskribatzaile bat erabiltzeko ere (adibidez, “moldeko ogia osoko gari irinarekin egina [%85] eta olo malutekin [%3,5]”). Hau da, salmenta izenak zehaztu egin dezake ogiak zernolako ezaugarriak dituen (osokoa den, zerealik edo hazirik baduen…). Informazio hori osatu egin behar litzateke osagaien zerrendan ageri denarekin, inork ez dezan ustekabekorik hartu.

ANALISIA

Gida hau egiteko, 28 produktu aztertu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren markek eginak, eta zenbait sailetan multzokatu ditugu: ogi zuria (Bimbo Natural %100, Bimbo Natural %100 azalik gabea, Bimbo %0 azukre erantsiak, Panrico, Eroski eta Eroski azalik gabea); osoko ogia (Bimbo Natural %100, Bimbo %51, Bimbo artisau erakoa espeltaduna ezti ukitukoa, Panrico, Silueta %100, Silueta 8 zereal eta Eroski); hanburgesako ogia (Bimbo Maxi Burger, Dulcesol Burger brioche, Panrico Burger XL, Eroski maxi Burger, Bimbo hot dog, La boulangère baguette Viena); eta espezialitate ogiak (Thins 8 zereal, Bimbo artisau erako xerrak, Dulcesol espeltaduna, The Rustik Bakery moldekoa ama orez, linaziz, oloz eta espeltaz egina; The Rustik Bakery ama orez, zekalez eta ekilore haziz egina; Oroweat ekilore eta kalabaza haziz egina; Oroweat organic BIO; Eroski zerealekin eta haziekin; eta Eroski zekalearekin eta haziekin).

Osokoa eta zerealak dituena, baina zenbat?

Orain dela hilabete batzuk arte, “osoko ogia” izendatu zitezkeen osoko irina zeramaten ogi guztiak, berdin zuen zenbateko proportzioan (aski zen, adibidez, %5 izatea). 2019ko ekainaz geroztik, ordea, ogiaren kalitateari buruzko lege berria sartu da indarrean, eta ez liteke horrelakorik egin. Orain, “osokoa” edo “integrala” etiketa eraman nahi duenak osoko irinarekin egina egon beharko du %100 (erabili den irin kopuruaren gainekoa izan beharko du ehuneko horrek, ez ogiaren pisu guztiaren gainerakoa), eta halaxe gertatzen da gida honetan aztertu ditugun osoko ogi gehienetan (Bimbo, Panrico eta Eroski, hiru adibide aipatzearren). Gainerakoan, adierazi egin behar da osoko irina zenbateko proportzioan duen, eta halaxe egiten du Bimbo %51 osokoak (osoko irina %31 da produktu guztiaren pisua kontuan hartuta, eta halaxe irakur daiteke osagaien zerrendan) eta Bimbo artisau erako xerrak ere bai, zeinak %50 duen osoko gari irina eta %10 osoko espelta irina (produktuak duen pisuaren %33 eta %6,6 hartzen dute, hurrenez hurren).

100103 Consumer pan de molde detalle Thins 0Z6A7537
Bestalde, salmenta izenean esan egiten denean ogi horrek zereal edo hazi jakin batzuk dituela, zehaztu egin behar da zenbateko proportzioan dituen, eta halaxe egiten dute, esaterako, The Rustik Bakery delakoak (“ogi berezia %92 garirekin eta %8 zekalerekin”) edo Eroskiren zekalezko eta hazizko ogiak (“zekalez egina %32, sesamo haziekin %4 eta mitxoleta haziekin %3”). Horrela, ogiaren kalitate arau berria indarrean sartu izanak erraztu egiten ditu erosketa egiteko lanak, markek modu argian eta ongi ikusteko moduan erakutsi behar baitute produktuak nola osatuta dauden. Era horretan, begiratu bakarrean ikus dezakegu ogiaren izenean nabarmenduta dauden osagaiak edo ontziaren aurrealdean ageri direnak egiaz pro – portzio aipagarrietan dituen. Adibidez, Thins 8 zereal eta haziak dituen ogian, hutsaren hurrengoa dira horietako batzuk (adibidez, artatxikia, garagarra, linazia eta osoko arroza %0,12ko proportzioan ageri da bakoitza).

Antzera gertatzen da Silueta 8 zereal eta haziak dituen ogiarekin ere, non oso kopuru txikian dituen zereal batzuk (adibidez sesamoa, artatxikia, arroza eta artobeltza, bakoitza %0,2ko proportzioan). Kasu honetan, nabarmentzekoa da ontziaren atzealdean zereal ale bat ageri dela eta osoko alea zer den jakiteko azalpen bat ere bai; hori irakurrita, kontsumitzaileak pentsa dezake produktua osoko irinez egina dagoela erabat (%100), baina, egiaz, irinaren %50 bakarrik da osokoa. Azken batean, produktuaren salmenta izenari eta osagaien zerrendari erreparatzea komeni da horietako batzuk zenbateko proportzioan dituen jakiteko, zenbaitetan uste izaten baita horiek direla osagai nagusiak, baina askotan ez dira izaten, adibidez osoko irina, zerealak eta haziak.

Ogiaren kalitate arau berria

Ogiaren arloan ordena pixka bat jartzeko helburuz, kalitate arau berri bat onartu da orain dela hilabete batzuk, eta horren bidez, eragotzi egin nahi da iruzur egitea, hobetu egin nahi da kontsumitzaileei ematen zaien informazioa eta eguneratu egin nahi da legedia, 1984. urtekoa baitzen. Egungo araudia 2019ko uztailean sartu zen indarrena, baina merkatuan oraindik ere badira arau guztiak betetzen ez dituzten produktuak. Hiru arrazoi egon litezke horretarako. Lehenbizikoa eta agerikoena da utzikeriaz jokatzea eta kontsumitzaileari ziria sartzeko asmoz, eta horregatik ez betetzea legea. Baina badaude beste azalpen batzuk ere. Alde batetik, kontuan hartu behar da araudiak denbora tarte bat ematen diela ekoizleei beren produktuak eta etiketak eguneratzeko, eta aukera uzten die stock-ean dituzte ontziak edo etiketak erabiltzeko, agortzen diren arte. Hirugarren arrazoia izan daiteke ez dela erraza araudi berrira egokitzea, batzuetan zaila delako ongi interpretatzea edo irakurketa bat baino gehiago dituelako. Adibidez, ogiaren araudi berriak zehaztu egiten du zer den osoko ogia “ohiko ogiaren” kasuan, baina ez du argi esaten “moldeko ogia” ere sartzen ote den definizio horretan. Horregatik, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziak (AESAN) dokumentu bat argitaratu zuen hainbat zalantzari erantzuteko, eta hor adierazi zuen, adibidez, moldeko ogiari ere badagokiola osoko ogiak bete beharreko baldintzak betetzea.

Artisau erako ogia, legez arautua

Erosketa egiteko orduan nahasgarria izan daitekeen beste alderdi bat ere bada, ogia egiteko metodoari dagokiona hain zuzen. Kalitate arau berriak zehaztu egiten du zer-nolako baldintzak bete behar diren ogia artisau erakoa dela esan ahal izateko (adibidez, prozesuan giza faktorea garrantzitsuagoa izatea mekanikoa baino edo ekoizpena ez egitea serie handietan). Baldintza horiek betetzen direnean, ogia “artisau erakoa” dela esan daiteke.

100103 Consumer pan de molde portada 0Z6A7541
Bimbo etxeko ogi mota batzuen ontzia ikusita, pentsa liteke era horretako ogiak direla, baina, egiaz, modu industrialean egindako ogiak dira. Baina mezuari arreta gehiago jartzen badiogu, ohartuko gara hauxe esaten dela egiaz: “artisau erako xerra”, eta horrek ez du ezer esaten produktua egiteko moduari buruz (industriala/artisau erakoa), baina bai ogiak duen itxurari buruz (altuera irregularra, irinez estalia…). Xehetasun horiei arreta jartzea komeni da, beraz.

Osagaiak : oinarrizko informazioa

Moldeko ogiaren osagaietan badira beste ogi batzuek izaten dituztenak (irina, legamia, ura eta gatza), baina moldekoek beste substantzia batzuk ere izaten dituzte berezko dituzten ezaugarri berezi horiek har ditzaten (guria da, samurra, elastikoa, harroa eta iraunkorra). Osagai horietan garrantzitsuenetakoa koipekia da, zeina mamiaren testura hobetzeko erabiltzen den, guria eta harroa izan dadin. Garai batean palma olioa erabiltzen zuten gehienek, baina ospe txarra bildu du azken urteetan, osasunari eta ingurumenari lotutako arrazoiak direla medio, eta askok utzi egin dio erabiltzeari (Eroski markako ogi batzuetan, esaterako, nabarmendu egiten da palma oliorik gabeak direla. Gainerako markek ez dute aipurik egiten horren inguruan).

Gaur egun olio osasungarriagoak erabiltzeko joera dago, adibidez ekilore olioa (Panrico Burger XL edo Eroski ogiek), eta oliba olioa ere bai (Bimbo natural %100 eta Bimbo azalik gabea); olio hori, gainera, birjina estra da ogi batzuetan (Dulcesol espelta eta Oroweat organic BIO). La boulangère ogiak nabina olioa darabil (koltza olioa izendatzeko erabiltzen da); Espainian aski izen txarra du 1980ko hasieran osasun arloan sortu zen krisiaren erruz, baina osasungarria da. Hain zuzen, ereduzko gida dietetikoen esanetan (Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolak landu duenean esaterako), olio mota hori da osasungarriena oliba olioarekin batean.

Komeni da kontuan hartzea produktuak zenbat gantz duen, batez ere eragina izaten duelako energia ekarpenean, baina aintzat hartu behar da, halaber, nolako gantza den ere (ekilore olioa baino hobe oliba edo koltza olioa). Gantz kantitatea %2,8 ingurukoa da ogi zurian eta osokoan, Burger erakoan %4,5 ingurukoa da, eta La boulangère markakoak, berriz, %7,4 dauka, segur aski arrautza daramalako. Espezialitate ogietan %3,5 ingurukoa da gantz proportzioa, salbu eta haziekin egindakoetan, adibidez Oroweat hazidunean eta Eroski zekaledunean eta hazidunean, non %8,6 eta %6,2 diren gantzak, hurrenez hurren. Gantz kantitate gutxien dutenak honako hauek dira: Bimbo azalik gabea (%2,2) eta Bimbo osokoa, Thins 8 zereal eta Eroskiren ogi zuria (bakoitza %2,5ekin).

Moldeko ogiak, gainera, osagai proteikoren bat ere izaten du, mamiaren egitura indartzeko eransten dena, hartzitzeko garaian sortzen den karbono dioxidoa kopuru handiagoetan atxiki dezan eta harroagoa geldi dadin. Glutena erabiltzen da batzuetan (Panrico osokoa eta Thins 8 zereal), lekaleen irina ere bai (adibidez, baben irina Bimbo Burger eta Eroski ogietan) eta arrautza ere bai (La boulangère). Lekaleen irina erabiltzeak ez du esan nahi egokiak direnik zeliakoentzat, erreferentzia guztietan gari irina baita osagai nagusia. Aztertu ditugun ogietan, batez besteko proteina kopurua %9,5 eta 10,5 artekoa da, eta espezialitate ogiak nabarmentzen dira guztien gainetako, batez ere Oroweat haziduna (%14), Dulcesol espelta eta Thins 8 zereal (%12). Nolanahi ere, kopuruak ez dira oso adierazgarriak nutrizioaren ikuspegitik, ez behintzat dieta bere osoan hartuta.

Zuntzaren sailkapena*

GEHIEN DUTEN OSOKO OGIAK

  • Bimbo artisau erakoa espelta: 4,3 g
  • Panrico osokoa: 4 g
  • Bimbo Natural %100 osokoa: 3,9 g

GUTXIEN DUTEN OSOKO OGIAK

  • Bimbo %51 osokoa: 3,2 g
  • Silueta 8 zereal: 3,3 g
  • Silueta %100: 3,3 g

*Errazio baten zuntz kopurua (bi xerra). Eguneko kopuru gomendatua 25 gramokoa da, horixe dio Osasunaren Mundu Erakundeak.

Bi xerraren energia

100103 Consumer pan de molde detalle The Rustik Bakery 0Z6A7516
Aztertu ditugun ogiek, batez beste, 260 kilokaloria ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko, eta horrek esan nahi du txokolatezko izozki baten edo zortzi mandarinaren pare leudekeela, bi adibide jartzearren. Baina kontuan hartu behar da otordu batean ez direla jaten 100 gramo ogi; errazioa, batez beste, 55 gramokoa izaten da (bi xerra, moldeko ogiaz ari garenean), eta, hortaz, 145 kilokaloriakoa izango litzateke energia ekarpena (bi sagarrek edo Maria erako hiru gailetak ematen dutena bezainbeste). Zifra horiek aldatu egin daitezke kasu batzuetan. Adibidez, hanburgesatarako XL ogi bakoitzak 75 gramo pisatzen du, eta, beraz, 110 kcal inguru ematen ditu.

Thins 8 zereal ogiaren xerra batek, berriz, 99 kcal ematen ditu, ontzian esaten den bezala, baina ez da besteek baino energia gutxiago ematen duelako, xerra bakoitzak 39 gramo pisatzen duelako baizik. Hain zuzen, Thins ogiaren 100 gramok 255 kcal ematen dituzte, aztertu ditugun gainerako ogiek bezalatsu: Bimbo artisau erakoak (255 kcal/100g), Bimbo Natural %100 delakoak eta Bimbo osokoak (horietako bakoitzak 253 kcal ematen ditu 100 gramo bakoitzeko). Hala ere, dena ez da kaloria kontua, beti izango baita hobea fruta jatea eta ez izozkia. Hori ere kontuan hartu behar da ogiari buruz ari garenean, guztiak ez dira-eta berdinak; adibidez, zuria baino hobea da osokoa edo integrala jatea, batez ere zuntz gehiago ematen duelako. Nolanahi ere, ez da ahaztu behar ogi hauek guztiak beste osagai batzuk lagunduz jaten direla, eta, beraz, otorduak kaloria gehiago edo gutxiago emango ditu (eta osasungarriagoa edo osasungaitzagoa izango da) aukeratzen ditugun elikagaien arabera (adibidez, hobe da tomate edo ahuakate xerra batzuekin jatea, eta ez kakao krema batekin edo marmeladarekin). Ogi mota batzuk eta besteak alderatuz, ia ez dago desberdintasunik. Guztien gainetik nabarmentzen dira La boulangère (323 kcal/100g) eta Eroski zekaleduna eta haziduna (302 kcal/100 g). Bi horiek gantz eta karbohidrato gehiago ematen dute gainerakoek baino, eta pentsatzekoa da lehenbizikoan arrautzagatik dela eta bigarrenean haziengatik. Kaloria gutxien duten ogiak, berriz, beste hauek dira: Bimbo azalik gabea (235kcal/100g) eta Panrico osokoa (238kcal/100 g), lehenak gantz gutxiago duelako eta bigarrenak karbohidrato gutxiago.

Zuntza, osasunaren laguna

Ereduzko gida dietetikoek, adibidez Harvard Unibertsitateko Osasun Publikoko Eskolak landu duenak, osoko ogiaren alde egiten du ogi zuriaren ordez, batez ere zuntz gehiago ematen duelako, eta zuntzak, besteren artean, hobetu egiten duelako hesteetako igarotze prozesua eta mantsotu egiten duelako azukreen metabolismoa (horri esker, murriztu egiten da 2 motako diabetesa izateko arriskua). Aztertu ditugun ogietan, zurien sailekoak eta Burger erakoak izan dira, bistan denez, zuntz gutxien ematen dutenak (%3 eta 3,5 artean), horiek guztiak irin finduarekin eginak baitaude. La boulangère (%2,2) eta Dulcesol Burger brioche (%2,3) dira zuntz gutxienekoak. Osokoak eta espezialitate ogiak osoko irinez eginak daudenez eta batzuek haziak ere badituztenez, zifra handiak ageri dituzte (%6 ingurukoak lehenbizikoek eta %8 ingurukoak besteek), eta bereziki nabarmentzen dira Thins 8 zerealekoa (%14) eta Oroweat organic Bio (%11).

Gatza, orearen lagungarri baino gehiago

Gatza da ogiaren osagairik aipagarrienetakoa. Zaporea indartzeko erabiltzen da, baina helburu teknikoak ere baditu, hobetu egiten baitu orea eratzeko prozesua. Hori dela eta, ogi batzuek gatz asko samar izaten dute. Elikagai batek gatz asko duela esaten da 1,25 gramo edo gehiago ematen dituenean 100 gramo bakoitzeko. Aztertu ditugun ogi batzuek gainditu egiten dute zifra hori, bereziki Burger erakoek. Gehienek %1,3 ematen dute, baina badira hortik gorakoak ere: Bimbo Natural %100 (%1,6) eta Silueta osokoa eta The Rustik Bakery ama orez eta zekalez egina (bi horietako bakoitzak %1,4 dauka). Egiaz garrantzia duena ez da gatz asko samar edukitzea, baizik eta egunero jaten den produktua dela, eta ondorioz, gerta daiteke gatz asko eranstea dietari. Beste muturrean, honako hauek nabarmentzen dira: Eroski osokoa (%0,82), Bimbo osokoa (%0,86) eta Eroski azalik gabe (%0,88), hirurak ere askoz hobeak gatzaren ikuspegitik.

Azukreak jopuntuan

Azken urteetan kezka handia zabaldu da elikagaiek daukaten azukrearen inguruan, azukre erantsiak kopuru handietan hartzeak kalte egiten baitio osasunari (gizentasuna, 2 motako diabetesa… ager daitezke). Hori dela eta, pertsona askok errezeloz begiratzen die moldeko ogiei, gauza jakina baita azukrea izaten dutela osagaien artean. Zaporea hobetzeko erabiltzen dute, baina baita helburu teknologikoekin ere; adibidez, hartzidura hobetzeko (lagundu egiten du legamiaren bilakaera) eta kolorea hobetzen ere bai labean egiten denean.

Nolanahi ere, azukrea kopuru txikietan agertzen da, eta ez genuke kezkatu behar. Bimbo %0 azukre erantsiak izeneko ogiak, esaterako, %3,5 ditu berezko azukreak, eta zifra horrek gainditu egiten du azukre erantsiak dituzten ogi batzuen kantitatea (Bimbo %51 osokoak eta Silueta osokoak %3 dituzte eta Eroski azalik gabeak %1,8). Hori gertatzen da, segur aski, lehenbiziko horrek arto almidoia daramalako. Bestalde, ogi batzuek azukre asko samar daukate, eta kontuan hartzekoa da hori: Dulcesol Burger brioche (%7,1, Bimbo artisau erako xerra (%8,1) eta Bimbo artisau erako xerra osokoa (%8,9), azken horrek eztia ere badu (%2,7) azukreaz gain, eta hortik dator zifra hori. Azukre gehien duen ogi mota Burger erakoa izan da: batez beste, %5,65 daukate.

Osasungarria edo ez?

Ogi zuriak karbohidratoak ematen ditu nagusiki, gorputzak azkar xurgatzen dituenak (almidoiak), eta energia asko samar barneratzen dugu horrekin. Ogia da, hain zuzen, dietari energia gehien ematen dion elikagaia, alde handiz gainera, halaxe dio ANIBES ikerketak (pertsona batek egunaren buruan hartzen dituen kalorien %12 ematen ditu, frutek %5 eta lekaleek %2, bi adibide jartzearren). Mineral batzuk ere ematen ditu ogiak (batez ere kaltzioa) eta B multzoko bitaminak (adibidez tiamina eta niazina), baina nutrizioaren ikuspegitik ez du balio aipagarririk (askoz interesgarriagoa da frutak, barazkiak eta berdurak jatea, adibidez, horiek karbohidrato konplexuak dituztelako eta bitamina eta mineral gehiago eta mota gehiagotakoak, eta beste konposatu fitokimiko batzuk ere bai; horregatik guztiagatik jartzen dituzte dieta osasungarri baten oinarrian). Bestalde, aipagarria da osoko ogiek ematen duten zuntz kopurua, eta ogi hazidunek ere (linazidunak, ekiloredunak…) ekarpen interesgarria egiten dute beste mantenugai batzuetan, adibidez gantz saturatugabeetan. Azken batean, kontua ez da ogia deabrutzea, baina osokoari eman behar genioke lehentasuna zuriaren aldean, eta neurrian jan, garrantzi gehiago ematen diegula landare jatorriko elikagaiei, adibidez fruta, berdura eta barazkiei. Baina, batez ere, ogia jateko modua zaindu behar genuke: askoz gomendagarriagoa da osoko ogiz egindako txigorki bat prestatzea tomate edo ahuakate xerra batekin, eta ez ogi zuriz egindako sandwich bat jatea txorizoarekin edo txokolatearekin.

Zer esan nahi du ‘%100 naturala’ izateak?

100103 Consumer pan de molde detalle ingredientes 0Z6A7526
Moldeko ogiaren formulazioan ohikoa izaten da zenbait gehigarri erabiltzea, eta hor sartzen dira emultsionatzaileak (osagaiak hobeto nahasteko), kontserbagarriak (lizunik ager ez dadin) eta irina tratatzeko substantziak (irinaren kolorea eta orea egiteko prozesua hobetzeko). Konposatu seguruak dira, hala baitira elikaduraren arloan erabiltzen diren guztiak, baina hori hala izanik ere, gero eta mesfidantza handiagoa sortzen dute kontsumitzaile askorengan.

Horrexegatik, marka askok nabarmendu egiten dute gehigarririk erabili gabe egin dutela ogia, eta “%100 naturala” aipua erabiltzen dute amu gisa (hori egiten dute Bimbo etxeko ogi batzuek eta The Rustik Bakery delakoak). Legeak ez du jasotzen aipu hori, eta, beraz, ez dago arautua eta erabat arbitrarioa da. Bestalde, Bimbo etxeko Hot dog ogiak (opil bat da, etiketan ageri denez) ez du betetzen legedia (1129/2011 Araudia), erabiltzen dituen emultsionatzaileak ogi jakin batzuetan bakarrik erabil daitezkeelako, zehazki gari irina, ura, legamia edo ama orea eta gatza daramaten ogietan.

Eta Bimboren ogi horrek beste osagai batzuk ere baditu, adibidez ekilore olioa eta glutena. Darabiltzan gehigarrien artean, ezingo lituzke erabili bi hauek: E471 (gantz azidoen monoglizeridoak eta diglizeridoak) eta E472e (monoazetil esterak eta gantz azidoen monoglizerido eta diglizeridoen diazetil tartarikoak).

Ama orea, moda baino gehiago

Orain dela urte batzuetatik hona, gero eta ohikoagoa da ama orea erabiltzea ogia egiteko. Irinez eta urez egindako nahastura bat izaten da, hartzidura azidotzaile bat jasaten duena eta bakterio laktikoak eta legamia basatiak dituena; osaera hori izanik, ogiaren orea hartzitzeko funtzioa izaten du, okintzako legamiak bezala. Ama oreak ezaugarri bereziak ematen dizkio ogiari, eta horrexegatik hartu du halako ospea: besteren artean, ukitu azidoak ematen dizkio, zapore ñabardura gehiago, luzaroago iraunarazten du eta digerigarritasun hobea izaten du.

Ogiaren kalitate arau berria indarrean sartu arte, ama orearen erabilera ez zegoen arautua. Orain bereizi egiten dira ama ore aktiboa eta ez-aktiboa (azken horretan, mikroorganismoak ez dira aktibo egoten, eta, beraz, nagusiki zaporea eta lurrina emateko eransten zaio oreari, eta ez du parte hartzen hartziduran), eta ogi batean horiei buruzko aipua egin ahal izateko baldintzak ezartzen dira: azken orearen irin guztiak hartzen duen pisuaren %5eko edo hortik gorako proportzioan agertu behar du, eta azidotasun jakina eduki behar du. Gida honetarako aztertu ditugun ogien artean, batzuek ama ore ez-aktiboa daukate (Bimbo osokoa, Eroski zerealduna eta haziduna, Eroski zekaleduna eta haziduna), eta beste batzuk ama ore aktiboarekin eginak daude(Bimbo azalik gabea, Oroweat organic Bio). Alderdi horretan, The Rustik Bakery ogiak nabarmentzen dira, ama ore ez-aktiboarekin eta aktiboarekin eginak; horien ontzian esan egiten da azken ore mota hori 14 orduz egon dela hartzitzen: ama ore aktiboa erabiltzen denean, denbora asko behar izaten da prozesu hori gauzatzeko.

Prezioa beti ez da erabakigarria

Espero izatekoa den bezala, ogi zuri normala da merkeena (batez beste, 0,34 € balio dute 100 gramok); osokoak ere antzeko prezioa du (0,37 €/100 g), eta askoz hobea da nutrizioaren ikuspegitik. Beste bi sailek ere antzeko prezioa dute elkarrekin alderatuta, eta aurrekoek baino zertxobait garestiagoa: Burger erakoek eta espezialitate ogiek 0,48 € balio dute, batez beste, 100 gramo bakoitzeko, eta pentsa liteke osagai gehiago dituztelako izango dela, adibidez zerealak eta haziak. Markak banaka aztertzen baditugu, ikusiko dugu Eroskirenak direla ogirik merkeenak, bai ogi guztiak kontuan hartuta eta bai sail bakoitzekoak ere: ogi zuria (0,16 €/100 g), osokoa (0,15 €/100 g), Burger (0,30 €/100 g) eta espezialitate ogia (0,24 €/100 g eta 0,27 €/100 g).

Garestienak, berriz, honako hauek dira, sail bakoitzean: espezialitate ogietan, Oroweat Organic Bio (1 €/100 g); Burger erakoetan, La boulangère (0,81 €/100 g) –arrautza eta nabina olioa daramatzalako, segur aski–; osokoan, Panrico (0,64 €/100 g), eta ogi zurian, Bimbo azalik gabea (0,46 €/100 g). Oroweat Organic Bio delakoaren prezioa askoz handiagoa da beste guztiena baino (merkeenak halako hamar balio du), eta horren arrazoia osagaietan egon liteke: ekoizpen ekologikotik datoz eta horiek garestiagoak dira (horrek ez du esan nahi, dena den, beste ogienak baino hobeak direnik ezein alderditan).

Ondorioak

Ogi zuria da guztietan merkeenetakoa, baina ez da oso gomendagarria nutrizioaren ikuspegitik, energia asko ematen duelako eta ia ez duelako ez zuntzik eta ez beste mantenugairik. Hobe da osoko ogia hautatzea; antzeko prezioa dauka eta kopuru handiagoetan ematen ditu zuntza (ia bikoitza) eta matenugaiak, batez ere bitaminak eta mineralak. Burger erako ogiek daukate gatz gehien (%1,3), gantza ere bai (%4,5), azukreak ere asko dituzte (%5,7) eta besteek baino energia gehiago ematen dute (270 kcal/100 g), eta horregatik lortzen du emaitza apalagoa Nutri-Score sailkapenean (gehienek B maila eskuratu dute, eta batzuek C ere bai; gainerakoak, aldiz, A mailan sailkatu ditu).

Prezioa, gainera, garestienetakoa dute, eta, ondorioz, desegokienak direla esan liteke. Espezialitate ogiek zuntz dezente ematen dute (%8 inguru), baina ogi zuriek eta osokoek baino gatz gehiago ere badaukate (%1,2 inguru). Horrekin batean, gantzak eta proteinak ere asko samar eduki ditzakete osagai jakin batzuekin eginak daudenean (adibidez, haziak edukiz gero, gantz dezente izango dute); alderdi hori kontuan hartzekoa da, batez ere kaloria asko emango dutelako.

Laburbilduz, ogiak baldintza hauek bete behar lituzke aukera on gisa sailkatzeko: irin %100 osokoa, zuntz dezente (ogi zuriak %3,6 inguru eduki behar luke eta espezialitate ogiak %8 inguru), gatz gutxi (zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto, baina betiere, 1,25 gramotik beherakoa izatea komeni da), azukre erantsi gutxi (batere ez badu, hobeto), oliba edo koltza olioa eta prezio ona. Ezaugarri onak dira, halaber, ama ore aktiboa erabiltzea (ogiari eransten dizkion propietateengatik) eta haziak edukitzea, gantz osasungarriak ematen dituztelako. Hori guztia kontuan hartuta, ogirik gomendagarriena Eroski etxeko osokoa izango litzateke. Bimbo %100 osokoa eta Panrico osokoa molde erakoa ere aukera onak dira, baina garestiagoak.

Prezioaren sailkapena*

GARESTIENAK

  • Oroweat Organic Bio kinoa: 1 €
  • La boulangere baguette Viena: 0,81 €
  • Panrico osokoa: 0,64 €

LOS MÁS BARATOS

  • Eroski osokoa: 0,15 €
  • Eroski: 0,16 €
  • Eroski zekaleduna eta haziduna: 0,24 €
  • Eroski azalik gabea: 0,24 €

*Produktu horren errazioa 55 gramokoa da, baina prezioa 100 gramoren gainean kalkulatu da (bi sandwich).

Jolas ordurako eta bulegorako mokadutxoa hautatzeko gida

Gida hau lantzeko orduan, 28 erreferentzia aztertu ditugu moldeko ogietan, lau multzotakoak: ogi zuria, osokoa, hanburgesak egitekoa eta espezialitate ogia. Zuntza eta gatz kopurua lagungarriak izan daitezke zer hautatu erabakitzeko garaian. Zalantza izanez gero, kalkulatu egin dugu Nutri-Score balorazioa, lagundu egin baitezake zirt edo zart egiten.

10 19 EUS EROSKI Guia compra final

10 19 EUS EROSKI Guia compra final
Precios actualizados al cierre de la edición. Aunque los valores están expresados para una ración de 55 g (unas dos rebanadas), una pieza de pan burger tamaño XL pesa 75 g. Los productos están ordenados por Nutri-Score y, en segundo lugar, de mayor a menor cantidad de fibra. Teniendo en cuenta los ingredientes, la información nutricional y el precio, la mejor opción es Eroski integral.