Une berezietan, dieta berezia

Elikadura bereziki zaintzea funtsezkoa da zenbait unetan, gastroenteritisetik edo idorreriatik osatzeko, adibidez, edo ebakuntza baten aurretik eta gero ere bai
1 urria de 2012
Img alimentacion listado 827

Une berezietan, dieta berezia

/imgs/20121001/alimentacion1.jpg
Gau osoa ohetik komunera ibili denarentzat, arroz zuria; sukarrarekin dabilenari, salda; idorreriak jota dagoenak kiwia, aranak eta gisakoak… Halaxe agintzen du gure etxeetan usadioz eta ohituraz pilatu den jakintzak. Egoera batzuk, izan ere, ohiz kanpokoak dira, eta dieta berezia egin behar izaten da sendabidean jartzeko: ondoezik gaudenean, ez du balio edozein elikagaik, prestaerak eta testurak. Horixe gertatzen da, esaterako, idorreria daukagunean, beherakoarekin gabiltzanean edo ebakuntza bat egin behar digutenean eta egin ostean.

Idorreria ‘arintzeko’ dieta

Sabela husteko zailtasuna, mina, sabelaldeko hantura, haizeak… Sintoma horiekin dabilenak, eta astean hirutan baino gutxiagotan komunean esertzen denak, idorreria izateko itxura guztia du. Kroniko egiten bada, aztertu egin beharko da zerk sortu duen (gehienean, digestio-arrazoien bat izaten da eragilea), eta aztertu egin beharko da, halaber, elikadura-intolerantziaren bat dagoen edo ez. Ondoeza iragankorra bada, hobetu egingo da hesteak arintzeko dieta bat eginda (zuntz ugari duena, alegia); dieta beste zerbaitekin lagundu behar bada, hobe da dieta-osagarriak hartzea, eta ez botikak.

  • Hesteen aringarri diren elikagaiak eta erremedioak: Fruta freskoak, fruta lehortuek, fruitu lehorrek, barazki eta berdurek, lekaleek eta osoko zerealek ugari ematen dute zuntza. Orburua nabarmentzen da guztien gainetik (9,4 g zuntza/100 g), baita masustak (6-7 g zuntz/100 g), laranja (8 g/100 g) eta granada ere (3 g/100 g). Gainerako frutek, gutxi gorabehera, 2 gramo zuntz ematen dituzte 100 gramo bakoitzeko. Aringarrienak, dena den, fruitu lehorrak dira (almendrak, pinaziak, hurrak, intxaurrak) eta fruta lehortuak ere bai (mertxika-belarriak, aranak, mahaspasak eta pikuak). Neurrian jateko elikagaiak dira, hala ere; eskukada batek (25 gramo) 2,5 eta 4 gramo zuntz artean ematen ditu. Mahaspasak nabarmentzen dira horien artean (16 g zuntz/100 g), eta konpotei erantsita jan daitezke. Lekale platerkada on batek (bi burruntzali bete) 10 gramo zuntz ematen ditu. Ona eta beharrezkoa da, halaber, osoko elikagaiei lekua egitea dietan; ohiko ogia eta arroza beharrean, osokoak hauta daitezke, eta gosaltzen galletak edo zereal azukretsuak jan beharrean, mueslia.

Beherakoa eta gastroenteritisa

/imgs/20121001/alimentacion2.jpg
Atseden hartzea, barau egitea eta likido ugari hartzea dira infekzio gastrointestinalak arintzeko hiru arau nagusiak; beherako iragankorrik gehienak bakterio pategenoek (E. coli, salmonellas) edo birusek (enterobirusa) eraginak izaten dira. Minak eta eragozpenak desagertzen direnean, dieta berezia eginez ekin behar zaio osatzeko bideari: idorgarria edo astringentea izan behar du, zuntzik gabea, eta likido askorekin lagundu behar da. Oro har, ez da sendagairik hartu behar izaten infekzio horiek gainditzeko; besterik gabe, gorputza toxikatu duten mikrobioak kanporatzea izaten da kontua, gorozkien bidez eta goitika eginez kanporatzea, alegia.

  • Dieta likidoa: Likido asko edatea komeni da gorputzeko germenak kanporatu eta deshidratazioari aurre hartzeko. Edateko gazura ez ezik, egokiak izaten dira ura eta limoia ere(idorgarria da), infusio digestiboak edo lasaigarriak (kamamila, mihilua, melisa, ezki-ura edo berbena limoiusaina) eta sagar zukua ere. Dieta likido hori laguntzeko, probiotiko-osagarri bat hartzea komeni da, bakterio azidolaktikoak dituztenak (bifidusak, adibidez); baraurik hartu behar dira edo otorduetatik kanpo. Bi edo hiru egun jateko gogorik gabe pasatu ondoren, gauzak normaltzen hasten dira.
  • Dieta idorgarria eta zuntzik gabea: Egun batzuk jan gabe eman ondotik, otordu arinak eginez hasi behar da, bizigarririk gabeak, leunak eta jaki gutxikoak; elikagai idorgarriak eta zuntzik gabeak hautatu behar dira. Elikagai lehorrak jatea komeni da, ongi murtxikatu behar diren horietakoak: biskoteak edo ogi xigortua eta arrozezko opilak.

Ebakuntza egin aurretik: aintzat hartu behar da elikadura

/imgs/20121001/alimentacion3.jpg
Ebakuntza bat egin aurreko egunetan, ahalik eta digestio-estimulu txikiena eragite aldera, “urdaila babesteko dieta” egiteko gomendioa ematen dute. Elikagaiak prestatzeko modua aldatzea eta erraz digeritzekoak diren jakiak hautatzea da kontua. Otordu bakoitzean zenbait plater jaten dira, janari kopuru txikiekin, digestioa egiteko gaitasuna eta funtzionaltasuna ez bortxatzeko.

  • Gantz gutxi. Haragi giharrak, arrain zuria, arrautzak tortilla eginda edo nahaski eran.
  • Zuntz gutxi. Fruta ez-azido oso umotuak azalik gabe, labean erreta edo konpota eginda, berdura leun ez-zaintsuak eta sutan eginak, lekalerik gabe.

Azukre sinple gutxi eta laktosarik ez.

  • Otordu leunak. Urdail-mukia narritatuko duten elikagairik edo bizigarririk gabeak, espezia minik ez dutenak, azidorik ere ez (tomatea, zitrikoak eta anana ere baztertzekoak dira), jaki gantzatsuak edo ongailu ugari duten platerak ere ez dira komeni, ezta kitzikatzen dutenak ere (kafea, tea, kakaoa edo edari alkoholdunak).
  • Prestaera arina. Ur irakinetan, lurrunetan, papillote eran, Maria bainuan, berduren erregosiak, su eztian eta olio gutxirekin egindako arrain zuria eta oilaskoa.
  • Ongi murtxikatu. Hobe da biskoteak edo ogi xigortuak jatea, ongi murtxikatu behar baitira digestioa hobeki egiteko.

Ebakuntza egin ostean: elikadura funtsezkoa da

/imgs/20121001/alimentacion4.jpg
Norbaiti ebakuntza bat egiten diotenean, dieta progresiboa esaten zaiona egin behar da, bai elikagai motari dagokionez eta bai elikagaien testurari, prestaerari eta ongailuei dagokienez ere. “Urdaila babesteko dieta” izaten da, eta ospitalean hasi eta etxean jarrai dezake norberak, ebakuntza osteko lehen egunetan edo asteetan.

Ebakuntza egin ostean, zenbait fase fisiologiko igaro behar izaten ditu organismoak, batez ere digestio-aparatuak, eta dieta progresibo hori egokitu egiten zaio fase bakoitzari. Lehen egunetik bosgarrenera bitartean, ebakuntza nolakoa izan den eta gaixoa zer-nolako elikadura-egoeratan dagoen kontuan hartuta, gazur-terapia hasten da; horren bidez, organismoak ura eta elektrolitoak soilik hartzen ditu (zainetik sartzen dira).

  • Dieta likidoa: Anestesiaren eragina gainditu eta digestio-aparatua berriz lanean hasten denean, dieta likidoari ekiten zaio: infusioak, salda gantzgabeak eta fruta-zuku leun eta azidotasun gutxikoak. Era horretan ikusten da gorputzak zer-nola onartzen dituen elikagaiak.
  • Urdaila babesteko dieta: Oso erraz digeritzen diren elikagaiak dira, gantz eta zuntz gutxikoak, testura guria dutenak, proteina ugarikoak, mantenugai horiek beharrezkoak baitira mintzak lehengoratu eta bizkortzeko. Egunean bost edo sei otordu egitea, aldiro jaki gutxi hartuz, lagungarria gertatzen da odoleko azukre eta gantz mailak orekatzeko, eta bermatu egiten du gorputza energiaz hornituko dela maiz samar. Halakoetan bateratu egin behar izaten da otorduen ordutegia eta agindutako sendagaiak hartzeko ordutegia, zeren zenbaitetan elikagaiek eta sendagaiek elkarri eragiten baitiote, eta gerta liteke horien eragin farmakologikoa areagotzea edo murriztea. Funtsezkoa izaten da mantso jatea eta ongi murtxikatzea, digestioa errazago egiteko eta asetasun-mekanismoa abiarazteko.