Erosketa Gida: garbigarriak

Garbigarriak: formatu eta kolore kontua

Hautsezkoak dira egokienak arropa zuriarentzat, nahiz eta koloreak ez hain ongi zaindu; garbigarri likidoak, berriz, hobeki babesten dituzte kolorezko jantziak eta ehun delikatuak, baina zikin orbanentzat ez dira hain eraginkorrak
1 urria de 2012
Img alimentacion 3 listado

Garbigarriak: formatu eta kolore kontua

Lau laguneko familia batek astean 3-5 aldiz jartzen du garbigailua; hau da, urtean 200 aldiz ekin behar izaten die arropa zikinak garbitzeko lanei. Eta eskerrak garbigailuak egiten duen lanik zikinena! Garbitu bai, makinak egiten ditu, baina zabaldu, lehortzean bildu eta tolestu, horiek norberak egitekoak dira. Kate luze horretan, beste urrats bat ere ezinbestekoa da: lixiba egiteko garbigarria aukeratzea. Ez da atzo goizekoa garbigarri jakin batek egiten zuen iragarki hura, non etxekoandre bat agertzen zen bere garbigarriaz harro eta hura aldatzeko inolako asmorik gabe, hark bezain zuri arropa uzten zuenik ez zegoelako beste bat. Gaur egun ere, arropa zuri geratzea nahi izaten du jendeak, baina bestelako irtenbide batzuk ere bilatzen ditu. Era askotako produktuak daude orain merkatuan; formulazioak aldatu egiten dira batetik bestera, eta emaitzak ere bai; batzuk egokiagoak dira arropa mota batentzat, beste batzuk kolorezkoekin erabiltzekoak dira, eta badira zenbait larruazal motarentzat bereziki gomendatzen dituztenak ere. Era guztietako arropak garbitzekoak ere badaude (kolore guztietakoak nahasian jarrita), arropa beltzentzat edo delikatuentzat soilik balio dutenak, garbigarri eta leungarri lanak egiten dituztenak aldi berean… Eta hori gutxi balitz bezala, oraingo garbigarriak ez dira hauts eran soilik etortzen: likidoak ere izan daitezke, tableta formatukoak bestela, eta -horixe da merkatura iritsi den azken berrikuntza- kapsula erakoak ere bai. Horietako bakoitzak modu jakinean erantzuten dio zikinari eta ehun motari. Alderdi eta xehetasun asko izaten dira tartean, eta kontsumitzaileek beti ez dute jakiten zeri erreparatu. Hori dela eta, norberari komeni zaion garbigarria hautatzeko, funtsezkoa da jakitea zer motatakoak dauden eta bakoitzak zer aukera eta ezaugarri ematen dituen. Gainera, produktua hautatzerakoan, ikuspegi ekologikoa ere hartu behar da kontuan. Kasu askotan, izan ere, ingurumenari kalte gutxiago egiten zaio produktu kontzentratuak aukeratuta (energia gutxiago gastatzen da horiekin), eta berdin gertatzen da garbigailua jartzean neurri batzuk hartzen badira.

Hainbat formatu, hainbat erabilera

Garbitzeko produktuen korridorera iritsi, eta buruhauste franko sortzen ditu formatu baten alde egin beharrak. “Zer ote da hobea, betiko hautsa edo likidoa?, nola eragiten ote dute garbigarri-kapsulek?, zeinek garbitzen ote du ehunei kalterik egin gabe?”. Gisa horretako galderak sortzen dira lehen begiratuan. Beste kontsumitzaile batzuek, ordea, ez dute izaten halako dilemarik: beti-betikoa hartzera jotzen dute, ohituraz batzuek, gustura daudelako besteek eta sentimentalismoak bultzatuta ere bai zenbaitek.

Garbigarri-formatu bakoitzak ditu bere alde onak eta txarrak, eta horiek laburbilduko ditugu hemen:

  • Hautsa. Likidoa baino eraginkorragoa da orbanekin, eta horixe du abantaila nagusia. Oro har, garbigarri hauek hobeki garbitzen dute. Emaitza ona lortzeko, ordea, tenperatura handiak behar ditu, ezinbestekoa baita hautsa guztiz ongi disolbatzea; hotzean, beraz, ez dute hain ongi garbitzen. Alde txarrak nabarmentzen hasita, esan behar da hauts-hondarrak pilatu egiten direla garbigailuaren kutxatxoan, eta kentzen ibili behar da. Garbigarri eraginkorra denez, batzuetan jan egiten du arropen kolorea eta kalte egiten die ehunik delikatuenei. Hori dela eta, ehun berezirik ez duten arropa zurientzat dira aproposenak. Ingurumenari kalte gehien egiten diotenak ere hautsezko garbigarriak dira.
  • Tableta. Hautsezko garbigarrien ezaugarri berberak dituzte funtsean, eta, beraz, alde on eta txarrak ere berdin-berdinak. Azken batean, produktu bera da, beste formatu batean aurkeztua. Erosotasuna da garbigarri mota honen abantailarik handiena: aski da tableta garbigailuan sartzea. Era horretan, saihestu egiten da behar baino dosi txikiagoa edo handiagoa erabiltzea, eta emaitza hobea lortzen da horrela.
  • Likidoa. Beste muturrean, garbigarri likidoak daude. Hobeki errespetatzen eta zaintzen dituzte ehunak eta koloreak, ongi disolbatzen dira tenperatura txikietan (hotzean garbitzeko erabil daitezke, beraz), baina ez dira hain eraginkorrak orbanekin. Dena dela, garbigarri likidoak dira egokienak kolorezko arropak garbitzeko, arropa beltzentzat eta ehun delikatuentzat (artilea, zeta, biskosa…). Ingurumena gehixeago errespetatzen dute, bereziki bertsio kontzentratuek eta ultrakontzentratuek, energia gutxiago gastatzen dute eta: daukaten bolumenarentzat, besteek baino lehengai gutxiago eta bilgarri gutxiago erabiltzen dituzte, eta, ondorioz, modu eraginkorragoan biltegiratu eta garraiatu daitezke.
  • Kapsulak. Horixe da merkatuko formaturik berriena. Film hidrodisolbagarriz egindako zakutxoak dira (disolbatu egiten dira urarekin), eta lixiba egiteko behar den garbigarri-dosia izaten dute barrenean. Garbigarri likidoek dituzten dohainak dauzkate, eta, gainera, erraz erabiltzekoak eta erosoak dira.

Dosiak garrantzi handia du ingurumena zaintzeko eta aurrezteko

AISE erakundeak (Xaboi, Garbigarri eta Antzeko Produktuen Nazioarteko Elkartea) urteak daramatza neurri arautzaileak sustatuz garbigarriek ingurumenean duten eragina murrizteko. 90eko hamarkadaren amaieran, ingurumena zaintzeko jokamolde-kode bat abiarazi zuen, eta iaz sartu zen indarrean erakunde horrek egindako azken gomendioa. Neurri horrekin, garbigarriak birformulatzea lortu nahi da, eta lixiba bakoitzarentzako dosia kontzentratzea, gehienez ere 75 ml eduki ditzan, eraginkortasunik galdu gabe, jakina; ondorioz, aurreztu egingo da ontzietan, garraioan eta lehengaietan. Merkatuko marka gehienek aintzat hartu dute gomendioa eta kontzentratu egin dituzte formulak. Duela urte batzuk berdin egin zuten hautsezko garbigarriekin ere; lixiba bakoitzak gehienez 125 ml edukitzeraino kontzentratu zituzten formulak (80 gramo, gutxi gorabehera).

Produktua murriztu, gehiago aurreztu. Garbigarri baten formulak zer-nolako kontzentrazioa (materia aktiboaren eta uraren arteko portzentajea) duen, garbigarri gehiago edo gutxiago beharko du arropak ongi garbitzeko; zenbat eta kontzentratuagoa izan, hainbat eta materia aktibo gehiago izango du, eta, alderantziz, zenbat eta kontzentrazio apalagoa izan, orduan eta materia aktibo gutxiago (diluituagoa egongo da uretan); garbigarri kontzentratua erabiltzen duenak dosi txikiagoa beharko du lixiba egiteko. Prezioak alderatu eta garbigarri bat edo bestea hautatzeko orduan, bakoitzak zenbat dosi edo garbialdi dauzkan hartu behar da kontuan, eta ez ontziak zenbat litro edo kilogramo dituen.

Dosiak alderatu. Ekoizleak garbigarriaren dosi jakin bat erabiltzeko gomendioa egiten du ontziaren etiketan, eta horri kasu egitea komeni da. Dosi hori finkatzeko, jantzien zikin maila hartzen da kontuan batetik (ez oso zikina/zikin samarra/oso zikina) eta uraren gogortasuna bestetik (guria/erdibidekoa/ gogorra). Horrela, ekoizleak gomendatzen duen dosia erabiltzen bada, aurreztu egingo dugu produktua, eta ez dugu alferrik galduko ez garbigarririk eta ez dirurik; gainera, garbigailua osorik betetzen badugu eta ziklo motzak eta hotzean garbitzekoak aukeratzen baditugu, ur eta energia gutxiago kontsumituko dugu.

Garbigarri bakoitza arropa mota batentzat

Arropa guztientzat modukoak

Arroparen osasuna zaintzeko eta garbigailuak luze irauteko, honako hau da lehen araua: bereiz garbitu behar da arropa zuria eta kolorezkoa, eta berdin ehun delikatuak eta sendoagoak diren beste batzuk ere. Zenbaitetan, ordea, ez dugu aintzat hartzen gomendio hori.

  • Ba al zenekien… arropa bereizi gabe garbitzeko, garbigarri likidoak erabiltzea komeni dela? Arropak hobeki zaintzeko helburuz, tenperatura txikiak eta ziklo motzak erabili behar dira. Kapsuletan datozen likidoak ere (horiek dira berrienak merkatuan) egokiak dira horretarako.
  • Mota guztietako arropa garbitzeko balio duten garbigarrien formulek (EROSKIren garbigarri likidoak, adibidez) orbanak kentzeko eraginkortasuna izaten dute, eta arropa zuriaren zuritasunari eta kolorezkoen distirari eusteko gaitasuna ere bai. Oso garrantzitsua da behar adinako dosia jartzea aldiro, izan ere, behar baino garbigarri gehiago jartzeak ez du esan nahi emaitza hobeak lortzen direnik. Garbigarri gehiegi erabilita, gerta liteke hondar batzuk arropan geratzea eta berriz garbitu behar izatea. Halako hutsegiterik ez gertatzeko Skip etxekoen moduko kapsulak aukera interesgarria dira, dosi egokian datozelako.

Arropa zuriarentzat

Gehienean, hauts eran datozen garbigarriek, WIPP Blanco Total markakoak adibidez, zuritzaile oxigenatuak izaten dituzte. Ez da berdin gertatzen garbigarri likidoekin. Arrazoi horrexegatik, hauts formatukoak eraginkorragoak izaten dira arropa zuriarekin eta kolore argiak dituztenekin.

  • Ba al zenekien… hauts erako garbigarriek eta likidoek zuritzaile optikoak izaten dituztela, zeinak islatu egiten dituzten UV izpiak eta tonu urdina ematen dioten arropari, eta, ondorioz, ehuna zuriago dagoela iruditzen zaigun?
  • Arropa zurientzako garbigarriak ez ezik, arropa zurientzako aktibatzaileak ere erabil daitezke (hauts erakoak edo likidoak), horiek indartu egiten dute-eta garbigarriaren ahalmen zuritzailea, oxigeno aktiboan oinarritzen dena. Arropek zuritasunik ez galtzeko beste modu bat arropa zurientzako lixibak erabiltzea da (zuritzaile kloratuak izaten dituzte). Etxe askotan erabiltzen dituzte halakoak.

Kolorezkoentzat

Kolorezko arropak bestelakoak baino okerrago zahartzen dira. Denboraren eta maiz garbitzearen ondorioz hainbeste honda ez daitezen, hobe da garbigarri likidoak erabiltzea (ez dira hain hondagarriak eta gehiago babesten dute arropa), hauts erakoak baino. Badira kolore biziko arropentzat berariaz egindako formulak edo arropa beltzak garbitzeko produktu bereziak (Micolor Black Gel, adibidez), eta emaitza hobea lortzen da dagokionean horiek erabilita.

  • Ba al zenekien… kolorezko jantzi eta oihalentzako garbigarriek koloreak babesteko polimeroak izaten dituztela eta horiek eragotzi egiten dutela koloreak arropatik arropara joan daitezen eta kolorea honda dadin? Substantzia kimiko horiek, gainera, koloreen bizitasunari eusteko, lisatu egiten dituzte arropen zuntzak.
  • Bestalde, arropa beltzak garbitzeko produktuek, arropen tonua zaintzeaz gain, finkatu ere egiten dute kolore beltza, eta indartu ere bai, kolore hori hondatzen da-eta gehien behin eta berriz garbituta. Arropa ilunen kolorea itsustu ez dadin, trikimailu ona da arropa beltzekin batera garbitzea. Era horretan, beste arropek hartu egingo dute kolore beltza eta distiratsuagoak geratuko dira.

Bereziki sentiberak eta kontuz ibiltzekoak

Larruazal sentiberak edo arropa delikatuak. biak ere kontu handiz zaintzekoak dira. Merkatuan badira mota horretako ehunak garbitzeko produktuak: formula leunagoak dira, baltsamo gisa funtzionatzen dutenak zuntzentzat.

Testura krematsua dute, eta, gehienean, garbigailuan edo eskuz garbitzeko balio dute.. Norit Bebe da horietako bat.

  • Ba al zenekien… artilea eta zeta oso ehun delikatuak direla eta gogor erasaten dietela ohiko garbigarriek eduki ohi dituzten entzimek? Aldiz, kontuzko arropentzat berariaz egindako garbigarriek ez dute izaten halakorik, eta horrexegatik dira egokiak ehun mota horientzat. Emaitza hobea lortzeko, arropa horiek barrukoz kanpora garbitzea komeni da eta poltsatxo baten barrenean sartuta, ehunak babestuagoak egon daitezen.
  • Ehun delikatuak dauden bezala, badira larruazal sentiberak ere, erraz minberatzen direnak eta garbiketa produktu bereziak behar dituztenak zaintzeko eta eragozpenik ez sortzeko. Haurtxoen larruazala izan liteke horren adibiderik garbiena. Badira garbigarri espezifikoak egoera horietan erabiltzeko, entzima, koloratzaile eta lurrinik gabeak. Produktu horiek, gainera, ohar bereziak ageri dituzte etiketan: “hipoalergenikoa” edo “dermatologia-test bidez aztertua”. Aipamen horiek esan nahi dute produktua laborategi kliniko batean aztertu dutela, dermatologo baten laguntzarekin, eta boluntario gisa jardun duten pertsonekin probatu dutela formula.

Bi produktu batean

Garbigarriek, bereziki likidoek, beren osaera dela eta, arropa leuntzeko ahalmena ere izaten dute berez. Hala ere, garrantzitsua da lixibari leungarria ere botatzea (tentsoaktibo kationikoak dira horien osagai nagusiak).

  • Ba al zenekien… aipatu ditugun tentsoaktiboak itsatsi egiten zaizkiela arropen zuntzei, eragotzi egiten dutela elkarrekin kateatu daitezen eta horrela leundu egiten dutela arropa, luzaroago iraun dezan?
  • Erosotasunaren mesedetan, gaur egun badira bi produktu batean dituzten garbigarriak; hau da, garbigarrien ezaugarriak ez ezik, leungarrienak ere badituztenak, Ariel Sensaciones Gel, esate baterako. Gai leuntzaileak eransten dizkiete horien formulei, bentonita adibidez (jatorri naturalekoa da). Arropa errazago lisatzeko moduan utziko duten gaiak ere eransten dizkiete zimurrak desagerrarazteko. Gainera, azken berrikuntza gisa, garbigarri horiek lurrun mikrokapsulatuak ekartzen dituzte orain; kapsula txiki batzuk izaten dira, barrenean lurruna dute, eta garbitzean zuntzei itsasten zaizkie. Ondoren, arropa erabiltzen denean, hautsi egiten dira igurtziekin, eta lurruna askatu egiten da.
Ekologia eta ekonomia lixibarentzat
  • Etxeetan diru asko joaten da garbigarritan. Horrexegatik, lehenik eta behin, alderatu egin behar dira markak eta formatuak. Ontzien etiketan hainbat gauza ageri dira, eta jakin egin behar da zeri erreparatu: garrantzitsuena ez da zenbat litro edo kilo dauzkan, edo kontzentratua den edo ez; dosiak dira neurri egokiak alderaketak egiteko, ontzi bakoitzak zenbat garbialdi egiteko aukera ematen duen alegia.
  • Etxe bereko garbigailuen artean prezio aldeak formatuaren araberakoak izaten dira. Orohar, kapsulak dira garestienak. Jarraian datoz superkontzentratuak; kontzentratuak urren, hautsezkoak jarraian eta likidoak azkenik.
  • Banaketa-etxeen markak merkeagoak izaten dira ohiko etxeenak baino. Hala ere, hainbat eskaintza, sustapen eta opari eskaintzen dituzte aldian behin (“doako dosiak” eta gisakoak), eta horietaz baliatzea komeni da.
  • Arropa mota guztiak garbitzeko balio duten garbigarri eraginkorrak erabilita, bateratu egingo ditugu gastuak eta aurreztu ere egingo dugu.
  • Ekoizleak gomendatzen duen dosia erabili garbialdi bakoitzean: garbigarri gehiago botatzeak ez du esan nahi emaitza hobea lortuko dugunik; gainera, gerta liteke arropak berriz garbitu behar izatea, eta gastu gehiago egin behar izatea ondorioz.
  • Programa motzak eta tenpera txikiak jarrita garbigailuan, aurreztu egingo dugu eta ingurumenari kalte txikiagoa egingo diogu. Tenperatura txikiak hautatuta, argindar gutxiago gastatuko dugu: 40 ºC-an egindako garbialdiak halako bi kontsumitzen du argindarra, adibidez, 60º C-an egindakoak.