Elikadura kezkak Consumer Eroskiko adituen erantzunak

1 urria de 2012
Img alimentacion 4 listado

Elikadura kezkak Consumer Eroskiko adituen erantzunak

Kimioterapia tratamendu bat hartzen ari naiz uneotan, eta jakin nahi nuke zer-nolako elikagaiak hartu behar nituzkeen eta komeni ote litzaidakeen batzuk baztertzea.

/imgs/20121001/nutricionistas1.jpg
Uneotan, elikaduraren bidez, behar dituzun energia eta proteinak hartzea da helburua, organismoa bizkortzeko eta immunitate-sistema berrindartzeko. Gorputzak ongi onartzen ditu jaki leun eta hidratatuak, eta, batez ere, giroko tenperaturan daudenak edo hotzean jaten direnak. Zapore bizi eta gogorreko jakiak, aldiz, ez ditu ongi hartzen, eta, horrexegatik, saihestu egin behar dira elikagai azukretsuak, azidoak, gaziak edo minak. Sail handi horretan sartzekoak dira kafea, alkohola eta produktu azukretsu guztiak (opilak, galletak, txokolatea, gozokiak, izozkiak), fruta zitrikoak, tropikalak eta zukuak, tomatea, ozpinkiak, piperbeltzaren gisako ongailuak, baratxuria, piperrautsa, eta berdin hestebeteak, gazta, jaki gazituak, ketuak eta pizzak ere.

Zure elikaduraren muinean, osoko zerealekin egindako platerak egon behar lukete (arroza, pasta…), berdura sustraidunak eta hostodunak, lekaleak, arrain zuria eta itsaskiak (ganba, muskuiluak, txirlak…) eta haragi zuriak (oilaskoa, adibidez, gantz gutxikoa, digestioa hobeki egiteko). Fruten arloan, neutroenak hauta ditzakezu, sagarra eta udarea, besteren artean, bai labean erreta, konpotan, egosita edo ongi-ongi umotuta. Dietaren osagarri, fruitu lehorrak dauzkazu, proteina eta gantz osasungarriak ematen baitituzte.

Hipogluzemia daukat eta asko gustatzen zait lasterka ibiltzea, baina bukatzen dudanean, erruz kostatzen zait errekuperatzea, nahiz eta glukosa hartu ariketa egin bitartean. Zer egin dezaket?

/imgs/20121001/nutricionistas2.jpg
Erantzun egokia emateko, jakin egin behar genuke zer jaten duzun lasterka egitera joan aurretik, eta ikusi egin behar litzateke kirola egin ondoren zerbait hartzen ote duzun. Dena den, goizetik ibiltzen bazara lasterka, gosaria oso garrantzitsua da, eta karbohidrato konplexuak eta sinpleak hartu behar zenituzke otordu horretan, konplexuak gehienbat.

Honako hau izan liteke gosari egoki bat: te beltza (ahal bada, gainerako gosaria baino ordu erdi lehenago hartu), arrozesnea kanela pixka batekin (oso trinkoa bada, ur pixka bat erants dakioke), osoko xigorkiak marmeladarekin eta sasoiko fruta. Gosaritan zenbat jan erabakitzeko, besteak beste, norberaren beharrizanak hartu behar dira aintzat, zenbateko ahalegina egingo dugun eta zenbat denboran ariko garen.

Ariketa egin ondoren, edari isotonikoren bat hartu behar litzateke, fruta freskoa eta sandwich begetal bat gazta freskoarekin; edo arrozezko opilak gaztarekin, irasagar pixka bat edo fruta lehortuak eta fruitu lehorrak… Garrantzitsua da karbohidratoak eta proteinak konbinatzea une horretan, hartara hobeki suspertuko baitira gorputza eta giharrak.

Elikaduraren oinarriak: alfa-tokoferola (E bitamina)

/imgs/20121001/nutricionistas3.jpg
E bitamina esaten zaiona bi konposatu-familiaren (isomeroren) deskripzio generikoa da: lau tokoferol eta lau tokotrienol. Isomero terminoak hauxe adierazten du: formula molekular bera duten konposatuak direla (atomo kopuru eta mota berak), baina egiturazko formula desberdina dutela eta, beraz, ezaugarri desberdinak. Alfa-tokoferola, E bitaminari eman zaion izena alegia, naturan dagoen isomerorik ohikoena da, bitamina-ekintza gehien duena eta gaitasunik gehien erakutsi duena herdoilaren aurka egiteko, mintzak zaintzeko (nerbio-mintza, gihar-mintza) eta lipoproteinak babesteko (bihotz-hodien prebentzioa). Soja-olioak, ekilore-olioak eta oliba-olio birjina estrak ugari samar ematen dute E bitamina, baita ekilore-haziek, hurrek eta almendrek ere. Bitamina horren gabeziak gihar-degenerazioa sor dezake, anemiak eta nahasmendu neurologikoak edo ugalketakoak. Alfa-tokoferol sintetikoak ez dauka naturalak adinako ahalmen biologikoa, eta, ondorioz, E bitamina duten osagarriek, naturalak ez badira, zenbaitetan ez dute izaten nahi bezalako eragina.

Odol-analisi batek aukera eman lezake argaltzeko dieten ‘yo-yo’ efektua aurreikusteko

Gizentasuna eta Nutrizioa Ikertzeko Zentroan (CIBERobn) lanean ari diren ikertzaileek yo-yo efektua aurreikusteko formula aurkitu dute ohiko odol-analisi bat eginda. Argaltzeko dieta bat egin ondoren, zenbait pertsonari kosta egiten zaie pisu horretan eustea, eta aurreko egoerara itzultzen dira; horri esaten zaio yo-yo efektua.

Ikertzaile taldea ohartu da diagnostiko-ahalmen handia duela leptinaren (gosea kentzen duen hormona) eta grelinaren arteko ratioak (gose-sentipena pizten duen hormona), eta horren bidez aurreikusi egin daitekeela nork izango duen pisua hartzeko joera argaltzeko dieta bat egin ondoren.

Guztira, pisu gehiegia eta gizentasuna zuten 88 pertsonak eman zuten izena programa berezi batean (49 gizonek eta 39 emakumek), eta dieta hipokalorikoa egin zuten zortzi astez. Argaltzeko tratamendua bukatu eta sei hilabetera (32 aste), gorputz-pisuan zer-nolako aldaketak izan zituzten ikusi, eta bi sailetan banatu zituzten parte-hartzaileak: berriz pisua hartu zutenak (40) eta hartu ez zutenak (48). Leptina eta grelina baraurik neurtu zizkieten tratamendua hasi zutenean, eta horien ratioa eta diagnostiko-balioa kalkulatu zituzten. Eta hauxe izan zen emaitza: berriz pisua hartu zutenen ratioak bi aldiz handiagoak izan ziren berriz pisurik hartu ez zutenenak baino.

Anisakis arriskurik gabeko arraina

Anisakiosia esaten zaion gaitzak arazo ugari sortzen ditu; Anisakis parasitoak kutsatu duen arraina janda agertzen da, eta hainbat sintoma eragiten ditu: askotariko digestio-arazoak izan daitezke (sabelaldeko hantura, ultzera, oinazea, goragalea, goitika egitea eta beherakoa), edo alergia baten sintomak (urtikariarenak, adibidez).

Arrain biribiletan agertzen da maizen parasito hori, eta halakoak dira legatza, legazkumea, bakailaoa, abadira, berdela, hegaluzea eta txitxarroa, baita sardinak eta antxoak ere. Arrainak Anisakis parasitoaren larba biziak baldin baditu, arrain hori jaten dutenak kutsatu egin daitezke, batik bat gordinik jaten badute, ketua, gazitua, marinatua, ozpinetan jarria edo sutan gutxi samar eginda (plantxan edo arin samar frijituta).

Anisakis parasitoa desagerrarazteko, hotza eta beroa dira modurik eraginkorrenak: -18 ºC-an 24 ordu edukita edo sutan ongi eginda lortzen da larben jarduera etetea. Garrantzitsua da arraina lehenbailehen garbitzea eta erraiak kentzea. Arrain kutsatuaren larbak hil egiten dira 60 ºC-tik gorako tenperaturan 10 minutu inguru edukita, eta, beraz, arraina prestatzeko ohiko moduak (labean, zartaginean, eltzekari gisa edo plantxan eginda) seguruak dira berez; hori bai, arrainak ongi egin behar du.

Almendrak, kaltzio-iturri

/imgs/20121001/nutricionistas4.jpg
Kaltzioa funtsezko elementua da hezurrak eta hortz-haginak osatzeko, gogortu eta trinkotu egiten ditu-eta. Baina kaltzioak beste funtzio garrantzitsu batzuetan ere parte hartzen du; adibidez, nerbio-bulkadak transmititzeko garaian, nerbio-konexioak egiten edo odola koagulatzen. Kaltzioa ematen duten elikagaietan, esnea hartzen da eredutzat, baina fruitu lehor batzuek ere ugari izaten dute mineral hori. Almendrek, bereziki: 250 miligramo kaltzio ematen dute 100 gramo bakoitzeko, behi-esneak baino dezente gehiago, adibidez (120-125 mg/100 g). Gure organismoa, dena den, ez da hain eraginkorra landare-jatorriko kaltzioa xurgatzeko orduan, baina begetal gehiago jateak eta animalia-jatorriko proteina gutxiago hartzeak lagundu egiten du elikagaiek emandako kaltzioa hobeki aprobetxa dezagun eta organismoak xurga dezan.

Udazkenean biltzen dira almendrak eta gainerako fruitu lehorrak, eta garai ona izan daiteke eguneroko menuetan lekutxo bat egiteko:

  • Almendra-saltsa: erraz-erraz eta azkar samar egin daiteke, tipula eta baratxuria erregosiz eta almendra xigortu eta xehatuak erantsita. Albondigekin jar daiteke saltsa hori, adibidez, eta bakailaoarekin edo legatzarekin ere bai.
  • Almendra-xaflak, hautsa edo zati txikiak erants dakizkieke entsaladei, berdurei, kremei, bizkotxoei, mueslie edo gosariko edo askariko arroz-esneari.
  • Hurrek eta pistatxoek ere kaltzio ugari ematen dute, eta almendrekin nahasian eskukada bat janda, mineral horrekin hornitu dugu gure organismoa.