Patata frijituak: olioa dute hirutik bat
Era horretako produktu bat erosi aurretik, komeni da jakitea zer erosten ari garen: itxura engainagarria izan liteke batzuetan. Labur esanda, patataz egindako produktuetan, bi eratakoak aurki ditzakegu: alde batetik, patatak daude. Xerra finetan moztua egoten da tuberkulu hori, oliotan frijitzen dute eta gatza edo lurrinak eransten dizkiote; multzo horretakoak dira gida honetan aztertu ditugun zortzi produktu. Eta, bestetik, patata deshidratatua edo patata irina daraman ore batekin egindako produktuak daude, beste osagai batzuk ere izaten dituztenak erantsita, adibidez olioa eta gatza. Patata itxura ematen diete eta frijitu egiten dituzte ondoren (Pringles eta Eroski Sannia), edo labean egiten dituzte (Lay’s Horno).
Esku artean duguna zer-nolako produktua den jakiteko, etiketa irakurtzea izaten da onena. Zehazki, produktuaren izenari begiratu behar zaio: osagaien zerrendaren aurretik ageri da, eta legeak agintzen duen eran izendatu behar da, edo legeak zehazten ez duenean, ahalik eta deskribapen zehatzenarekin azaldu behar da. Aurretik aipatu ditugun hiru kasuetan, adibidez, zera irakur dezakegu: Pringles (“aperitibo frijituz egindako produktua”), Lay’s Horno (“labean egindako patata aperitiboa”) eta Eroski Sannia (“patatazko aperitibo frijitua”).
Patata mota funtsezkoa da
Patata, olioa eta gatza dira oinarrizko osagaiak. Osagai horietako bakoitzaren ezaugarriek zehazten dute azken produktua nolakoa izango den. Bistan denez, patata da guztietan garrantzitsuena. Frijitzeko erabiliko den patata batek honako ezaugarri hauek izatea litzateke egokiena:
- Ez luke eduki behar hezetasun handirik. Urak, izan ere, zaildu egiten du frijitzeko prozesua. Horrek eragina izaten du produktuaren azken ezaugarrietan, bereziki testuran (patata ez litzateke geldituko hain kurruskatsua) eta osaeran (patatak olio gehiago xurgatuko luke).
- Hobe da azal fina edukitzea, errazago kendu ahal izateko (kendu gabe ere utzi liteke, baina kontsumitzaileek ongi hartuko ez dutelakoan, azala kendu egiten dute beti).
- Garrantzitsua da azukre askorik ez izatea, zapore gozorik ez emateko eta frijitzean kolore ilunik ez agertzeko.
- Hobe da tamaina uniformea izatea, ez oso handia, errazago prozesatu ahal izateko.
- Garrantzitsua da ‘begirik’ ez izatea; hartara, patata xerrak uniformeak izango dira eta ez dute edukiko itxura desatseginik.
Enpresa bakoitzak patata mota bat edo batzuk aukeratzen ditu bere produktuak egiteko, beren estandarren arabera. Agria motako patata da gehien erabiltzen denetakoa, ongi betetzen baititu oraintxe aipatu ditugun ezaugarriak, eta, gainera, kolorea ere erakargarria izaten du, hori distiratsua. Patata hori erabiltzen dute, adibidez, Eroski Seleqtiak eta Marinas de Vicente Vidal etxeak, eta ontzian ere halaxe jartzen dute. Gida honetan aztertu ditugun gainerako produktuek ez dute zehazten nolako patatak erabili dituzten.
Erosketa gida hau egiteko, patataz egindako 11 aperitibo aukeratu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Emaitza hori asko baldintzatzen du kaloria kopuruak, gatzak eta, zenbaitetan, gantz saturatuek.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliogarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen.
- Osagaiak. Batez ere, erabili den olio mota.
- Prezioa. Ez du eraginik produktuaren kalitatean.
- Etiketa eta ontzia. Betetzen al dute legea?
Zer-nolako olioa erabiltzen dute?
Patata frijituen bigarren osagaia olioa izaten da. Ekilore olioa erabiltzen dute gehienek, ongi eusten diolako tenperatura handiari eta ez dielako zapore askorik eransten patatei; olio hori, gainera, olibarena baino merkeagoa da. Nutrizioaren ikuspegitik ez da aukera txarra, nahiz eta hobea litzatekeen oliba olioa erabiltzea. Horixe darabil Eroski Seleqtiak. Olio hori darabilen bakarra da guk aztertu ditugunetan, eta esan egiten du, gainera, zenbat olio daukan (nahitaez esan behar da, ontzian nabarmenduta ageri denez gero osagai hori). Olio mota hori gutxiago erabiltzen da ekilore olioa baino, prezio handiagoa duelako eta patatei zapore sendoagoa ematen dielako, eta kontsumitzaileek beti ez dute atsegin.
Frit Ravich izeneko patatek oliba batzuk eta olio ontzi bat ageri dute zorroaren aurrealdean, eta letra handietan nabarmentzen du oliba olio birjina estra daramala. Baina letra txikia irakurtzen dugunean, ikusten dugu gantz guztien %30 baino ez dela olio hori. Osagaien zerrendan begiratuta, ohartuko gara oliorik gehiena ekilorearena duela egiaz (%70), eta, gainera, ez du zehazten olioek zenbateko kopurua hartzen duten produktuaren pisu guztiarekiko; olio guztiekiko hartzen duten portzentajea ematen du, baina informazio hori ez da osatua. Oliba olioa zenbateko neurrian duten kalkulatzeko, pentsa genezake patata frijituek guztira %30 izaten dutela olioa (gehienak hortxe ibili ohi dira); hortaz, patata horiek %9 edukiko lukete oliba olioa, eta gainerako %21a ekilore olioa izango litzateke.
Churrería Santa Ana izeneko patatek, bestalde, irudiekin nabarmentzen dituzte osagaiak: patatak, gatzontzi bat eta olio ontzi bat ageri dira zorroan. Legeak dioenez (1169/2011 Araudia), hori egiten denean, etiketan zehaztu egin behar da osagai bakoitza zenbateko kopuruan ageri den, baina ez du ematen informazio hori. Gainera, olio ontzi bat jarrita, kontsumitzaileak pentsa lezake patata horiek oliba oliotan frijitu dituztela, gure inguruan olio hori zerbitzatzen baita olio ontzietan. Produktu hori egiteko, ordea, arto olioa erabiltzen dute.
Gatza bi aldeetatik
Jende gehienak uste izaten du patata frijituek gatz asko izaten dutela eta, ildo horretan, beste aperitibo batzuen mailan daudela, adibidez oliben mailan. Baina ez da hala. Olibek %3,5 izaten dute gatza, erruz alegia (%1,25etik gorako portzentajeak esan nahi du gatz gehiegi duela), eta patata frijituek, berriz, %1,3 inguru izaten dute. Horixe izan da guk aztertu ditugun patata guztietan agertu den baliorik handiena: Pringles eta Churrería Santa Ana etxekoetan. Beste bi produktuk ohar bat ageri dute ontzian gatzaren inguruan: Lay’s eta Lay’s Horno delakoek “al punto de sal” mezua dakarte (gatza puntuan), eta pentsa liteke neurrian daukatela substantzia hori, baina ez, gatz gehien daukatenen artean daude (%1,2).
Patata frijituek eta antzeko beste aperitibo batzuek gatz asko eduki behar dutela iruditzen zaigu, geometria berezia dutelako (gainazal handia bi aldeetatik) eta gatza banatzeko modua ere oso agerikoa delako (gainazal horien gainean) eta berehala ukitzen dugulako gatz hori gure dastamen papilekin. Gatz asko-asko ez duten patatekin ere gertatzen da hori, adibidez Marinas de Vicente Vidal eta Eroski Sannia izenekoekin (bi horiek eman dituzte baliorik apalenak; %0,63 lehenak eta %60 bigarrenak).
‘Osasungarria’ hitza engainagarria da
Patata frijituak eta patataz egindako aperitiboak ez dira osasungarriak. Osagai nagusia almidoia izaten dute, gantza ere asko eta kaloriak ere bai (eta gatza ere komeni baino gehiago gehienek). Kontuak atera ditzagun: 100 gramo patata frijituk eta bolognar eran egindako espageti platerkada batek kaloria kopuru bera ematen dute. Errazioa 30 gramora murriztuko bagenu (kopuru hori sartzen da ontzi txiki batean), 150 kcal emango lituzke, hiru meloi xerrak edo bi arrautzako tortilla batek adina. Horrek ez du esan nahi, inondik ere, elikagai horiek guztiak berdintsuak direnik, zeren azken horiek nutrizioaren ikuspegitik egiten duten ekarpena askoz interesgarriagoa baita patata frijituena baino. Hau da, dena ez da kaloriak kontatzea.
Aztertu ditugun produktuen artean, honako hauek daukate kaloria gehien: Eroski Seleqtia (549 kcal/100 g), Frit Ravich (540 kcal/100 g) eta Eroskiren Receta de la abuela(537 kcal/100 g), gantz gehien ere hiru horiek daukate eta: %37, %34 eta %33, hurrenez hurren. Hau da, patata frijituetan, olioa da hirutik bat. Azken batean, produktu horiek noizbehinka jatekoak izan behar dute. Horietako batzuen ontzietan, ordea, beste zerbait pentsaraz dezaketen mezuak ageri dira. Hori gertatzen da, adibidez, Lay’s al punto de sal eta Ruffles original izenekoekin, zeinek elikadura arloko piramide bat ageri duten, gorengo aldean aperitiboak daudela. Eta mezu hau dakarte gainera: “Bizi estilo osasungarria. Produktu hau dieta askotariko eta orekatu bateko zati izan daiteke”. Mezu hori bera ageri da Lay’s Horno pataten zorroan. Elikadura arloko piramide horri egiten zaion kritiketako bat horixe da, hain zuzen, produktu osasungaitzak hartzen dituela eta horrek sustatu egin dezakeela horien kontsumoa. Ereduzkotzat jotzen diren gidetan ez da agertzen gisa horretako produkturik; Harvard-eko Osasun Publikoko Eskolaren plater osasungarrian eta Australiako nutrizionisten elkartearen piramidean (Nutrition Australia), elikagai osasungarriak bakarrik ageri dira.
‘Etxekoak’: trikimailu erakargarria
Elikagai tradizionalak, artisau erakoak eta etxean eginak ezaugarri onekin lotu ohi dira, eta, ondorioz, jendeak nahiago izaten ditu beste batzuk baino. Horregatik, elikadura arloko industriak marketin tresna gisa erabiltzen ditu kontzeptu horiek produktu askotan. Guk aztertu ditugun produktuetan ere badira halakoak: Frit Ravich patatek, adibidez, “etxekoak” oharra darabilte; Churrería Santa Ana delakoak txurro dendako pataten izena eta irudia daukate, eta Eroskiren Receta de la abuela izenekoek produktu tradizionala eta etxekoa oroitarazten dute. Izenak eta irudiak gorabehera, produktu industrialak dira hirurak; horrek ez dauka ezer txarrik, baina ez datoz bat ontzietan ageri diren amuek pentsarazi nahi dutenarekin. Legeak ez ditu arautzen kontzeptu horiek guztiak, eta, beraz, nahieran erabil ditzakete enpresa ekoizleek. Baina legez zehaztuta ez daudenez, horien esanahia ez da zehatza, guztiz arbitrarioa baizik, eta pertsona bakoitzak gauza bat ulertzen du.
Poltsek zergatik daukate airea?
Ontzia funtsezkoa da patatek egoera onean iraun dezaten. Bere funtzioen artean, produktuak ezaugarri arrarorik ez hartzea da bat. Hori lortzeko, hesi gisa jokatu behar du argiaren eta oxigenoaren aurrean, elementu horien eraginez zaharmindu egin baitaite ke patata, eta normalak ez diren koloreak ager daitezke eta zapore eta usain zaharminduak, baita iraungitze-data iritsi baino lehen ere. Ontzi hermetiko eta opakuak erabiliz lortzen da hori. Gida honetarako aztertu ditugun produktuen artean, ohikoena da zenbait geruzarekin osatuta dauden poltsak erabiltzea, material bat baino gehiago duten xaflekin (polipropilenoa eta polipropileno metalizatua). Halakoak dira, esaterako, Lay’s, Ruffles eta Eroski Seleqtia produktuen zorroak. Beste batzuetan, Churrería Santa Ana eta Eroskiren Receta de la abuela direlakoetan, polipropileno gardenez egindako poltsak erabiltzen dira, paperezko poltsaz estalita, argirik pasatu ez dadin; aukera ona izan liteke, baldin eta gaineko aldea ere paperez estalia balego. Ildo horretan, Eroski Sanniaren zorroak ere ez dira oso egokiak: poltsa ez dago metalizatua eta zati bat gardena dauka. Frit Ravich pataten poltsa, berriz, erabat gardena da, eta hori are okerragoa da.
Ontziratzean erabiltzen den beste estrategia bat da babes atmosferak sortzea, ontziaren barrenean oxigenoak ez dezan produktua zaharmindu. Horixe gertatzen da gida honetarako aztertu ditugun produktu guztietan. Gas geldo bat sartzen dute ontziratzeko unean (nitrogenoa gehienetan, kaltegabea baita), eta horrela luzatu egiten dute pataten bizia. Ontziratzeko modu hori egiaz eraginkorra izan dadin, gas bolumenaren eta elikagai bolumenaren arteko erlazioak bikoitza edo handiagoa izan behar du. Horregatik egoten dira ontziak hain puztuta. Gainera, aire ganbera horrek eragotzi egiten du produktua haustea, babestu egiten baitu kolpeetatik. Eragozpena izaten da ontziaren bolumenak okerreko irudipena sor dezakeela, eta, horregatik, etiketan ageri den pisuari begiratu behar zaio. Aipamen berezia merezi du Pringles pataten ontziak. Kartoizko zilindro batean merkaturatzen dira, zeinak egoki betetzen dituen lehen aipatu ditugun funtzioak: ez du uzten argia eta oxigenoa pasatzen, babesa ematen du patatak hautsi ez daitezen eta babes atmosferan dator. Ontzi horren eragozpen handiena da ez duela ingurumena errespetatzen: aluminio plaka bat, plastikozko tapa bat eta kartoi metalizatuz egindako zilindro bat ditu. Horrek, gainera, garestitu egiten du produktua.
KALORIA GEHIEN DUTENAK
- Seleqtia Eroski: 164,7 kcal
- Frit Ravich: 162 kcal
- Eroski receta de la abuela: 131,7 kcal
GUTXIEN DUTENAK
- Lay’s Labean: 161,1 kcal
- Sannia Eroski: 137,4 kcal
- Marinas Vicente Vidal: 148,8 kcal
*30 g-ko errazioa kontuan hartuta
(ontzi txiki batean sartzen dena).
Prezioa ez da adierazle ona
Espainiako Estatuan pertsona bakoitzak 1,09 kilo patata frijitu jaten ditu urtean, eta 9,17 € gastatzen ditu, horixe dio Elikagaien kontsumoari buruzko txostenak, Nekazaritza Ministerioak 2017an egin zuenak. Horrek esan nahi du herritar bakoitzak 6,4 poltsa jaten dituela (batez beste, 170 g izaten du bakoitzak), eta 0,84 € gastatzen dituela 100 g bakoitzeko. Aztertu ditugun produktu guztien prezioarekin batez bestekoa egin dugu (0,96 €/100 g), eta zertxobait txikiagoa hartu dugu kalkulua egiteko, izan ere alde handia daude marka batzuetatik besteetara: Lay’s Gourmet (1,27 €/100 g) eta Lay’s Horno (1,23 €/100 g) dira garestienak, eta merkeenek halako bi balio dute: Eroskiren Receta de la abuela (0,53 €/100 g) eta Churrería Santa Ana (0,66 €/100 g).
Pertsona bakoitzak urtean zenbateko kontsumoa egiten duen kontuan hartuta, eta patatarik garestienak hautatuz gero, urtean 13,8 € gastatuko luke, eta merkeenak aukeratuta, berriz, 5,8 €; erdia baino gutxiago, alegia. Zehazki, urtean 8 € gutxiago gastatuko genuke. Deigarria da Lay’s Horno eta Pringles patatak garestienen multzoan agertzea (1,23 €/100 g eta 1,13 €/100 g, hurrenez hurren), biak ere osagai merkeagoekin eta maila komertzial apalagoa dutenekin eginak baitaude, adibidez patata irinarekin. Zaila da jakitea prezioan zergatik dauden halako desberdintasunak. Ontzia izan liteke arrazoi bat (Pringlesetan), edo publizitatea.
Kalitate-prezioetan emaitzarik onentsuena ageri duen produktua Seleqtia Eroski da (0,99 €/100 g), osorik oliba olioarekin eginda dagoen bakarra.
Erosketak egiteko gomendioak
Kontuz kolore ilunekoekin. Ogia txigortzen dugunean edo patatak frijitzen ditugunean, erreakzio sorta bat gertatzen da (Maillard-en erreakzioak esaten zaie), eta konposatu batzuk sortzen dira, produktu horiei lurrin eta zapore berezia ematen dietenak. Arazoa izaten da beste konposatu desatsegin batzuk ere ager daitezkeela, adibidez akrilamida, zeina toxikoa izan daitekeen. Hori gertatzen da prozesua oso intentsua izaten denean, adibidez produktuak kolore marroi eta arreak hartzen dituenean. Hori saihesteko, legeak neurriak ezartzen dizkio elikadura arloko industriari, ondorioak arintzeko helburuz.
- Patata mota eta osaera kontrolatzea (hobe da hezetasun eta azukre gutxi izan dezatela)
- Tenperatura kontrolatzea frijitzeko edo labean egiteko garaian (ahalik eta txikiena izan behar luke).
- Frijitu ondoren, kolorearen arabera aukeratzea, patata ilunak baztertzeko, akrilamida gehiago izaten dute eta.
Patataz egindako aperitiboak aukeratzeko gakoak
- Ikusi egin behar dugu produktuak zer-nolako izena duen, jakin egin behar baitugu patata frijitua den edo patata irinez eta almidoiz egindako aperitiboa.
- Garrantzitsua da osagaien zerrenda irakurtzea, zer-nolako olioa erabili duten jakiteko (nutrizioaren ikuspegitik, oliba olioa da interesgarriena) eta nutrizio arloko informazioa eskuratzeko, hor agertuko baita zenbat gatz duen (%1,25etik gora asko da, eta zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto).
- Ontzia nolakoa den ere kontuan hartu behar genuke, produktua egoera onean gorde dezan. Ontzi opakuetan eta babes atmosferan datozenak aukeratu behar genituzke.
Ondorioak
Aperitibo bat erosi aurretik, etiketa irakurri behar genuke eta produktuak legez zer izen duen ikusi, itxuraz patata frijituak diren guztiak ez baitira hala. Horixe gertatu da aztertu ditugun 11 produktuetako hirurekin (Pringles, Sannia Eroski eta Lay’s Horno); patataz egindako aperitiboak dira, gehienbat patata irinez, almidoiz, landare olioz eta gatzez osatuak.
Produktu horietako batzuk, gainera, garestiagoak dira, adibidez Pringles eta Lay’s Horno (guztietan garestienak). -Osagai nagusiak patata, olioa (ekilorearena gehienbat) eta gatza dira. Produktuaren kalitatea patata motaren eta formatuaren araberakoa izaten da (adibidez, mozteko moduak eta lodierak eragina dute azken testuran). Baina erabilitako patata motaren izena bi produktutan bakarrik ageri da: Seleqtia Eroski eta Marinas Vicente Vidal.
Nutrizioaren ikuspegitik, egokiena litzateke oliba olioa erabiltzea, eta hori Seleqtia Eroski izenekoek bakarrik egiten dute. Gehienek ekilore olioa erabiltzen dute, batez ere merkeagoa delako eta produktuari ez diolako ematen hain zapore sendoa (hori gertatzen da, adibidez, Lay’s Gourmet, Eroskiren Receta de la Abuela, Lay’s al punto de sal eta Marinas Vicente Vidal izenekoekin).
Kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat gatz kantitatea da. Batzuek dezente daukate (%1,3-1,2 inguru), adibidez Churrería Santa Ana, Pringles, Lay’s al punto de sal eta Lay’s Horno izenekoek. Ildo horretan, aukera hobeak dira Marinas de Vicente Vidal eta Seleqtia Eroski patatak, edo bestela Seleqtia Eroski patata aperitiboa, zeinek %0,6-0,7 inguruan baitute gatza.
Ontziari dagokionez, kolpeetatik, argitik eta airetik ongi babestuta dauden produktuak hautatzea komeni da. Poltsa metalizatuak erabiltzea da aukerarik onena (Marinas de Vicente Vidal, Lay’s Gourmet eta Sannia Eroski).
Energia asko ematen duten produktuak dira, gantz eta gatz asko daukatenak, eta mantenugai interesgarri gutxi; horregatik, noizbehinka jateko utzi behar genituzke. Eta hautatu behar denean, patataz egindako aperitiboen multzoan, Sannia Eroski da aukerarik onena, batez ere kopuru txikiagoetan ematen dituelako kaloriak, gatza eta gantza Pringles eta Lay’s Horno aperitiboek baino. Patata frijituetan, Seleqtia Eroski da aukerarik onena, aztertu ditugun beste patata frijituek baino gatz gutxiago daukalako eta oliba olioarekin egina dagoelako; horretaz gain, etiketa argia dauka, anbiguotasunik gabea.
Puntuazio onena lortu dutenak
Nutrizio arloko balorazioa kontuan hartuta (Nutri-score sistemaren bidez), zer-nolako olioa erabili den ikusita eta etiketa aztertuta, honako produktu hauek lortu dute emaitza onena gida honetan:
- Eroski Seleqtia.
- Marinas Vicente Vidal.
- Lay’s Gourmet.
- Ruffles.
- Receta de la abuela Eroski.
- Lay’s al punto de sal.
- Pringles.
- Eroski Sannia.
- Lay’s Horno.
- Frit Ravich.
- Churrería Santa Ana.
Aurrezkiaren sailkapena*
- Receta de la abuela Eroski: 0,16€
- Churrería Santa Ana: 0,20€
- Lay’s al punto de sal: 0,23€
*30 gramoko errazioaren prezioa.