Heziketaren eta mendekotasunaren artean
Kokaina, alkohola, kalamua… eta adinik ez duen beste mendekotasun bat ere bai, bideo-jokoak. Entretenimenduaren industriarentzat zutabe garrantzitsua dira joko horiek (Espainiako Estatuan bakarrik, 3.500 milioi euro baino gehiago eragin zituen 2018an), baina alde ilun eta itsusi samarra ere badaukate, eta kezka eta alarma zabaltzen ari da. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) orain dela hilabete batzuk onartu zuen horien erabilerak eragindako nahasmenduak buruko gaitzen sailean sartzekoak direla, eta beste mendekotasun batzuek bezalako sintomak izaten dituela. OMEren esanetan, desordena psikiatriko horren diagnostikoa egin daiteke baldin eta 12 hilabeteko tartean pazienteek (haurrak edo nerabeak izaten dira asko) jokabide kezkagarri batzuk ageri badituzte: galdu egiten dute denboraren kontrola, jokoak hartzen du lehentasuna beste interes eta jarduera batzuen aurretik, eta eutsi egiten diote jokabide horri, nahiz eta jakin ondorio txarrak izango dituela.
Erabaki horrek eztabaida handia eragin du gizartean. Aditu batzuek nabarmentzen dute bideojokoak, per se, ez direla kaltegarriak eta ez dutela arriskurik. Onartzen dute, gaizki erabiliz gero, izan ditzaketela arrisku batzuk, baina jokoan arduraz aritzeak onura batzuk ekar ditzakeela diote. Hain zuzen, ikerketa askok frogatu du bideo-jokoek lagundu egiten dutela adingabeen artean harreman eta komunikazio trebetasunak konpontzen, eta berdin hizkuntzaren nahasmenduei eta bulkadazko jokabideei lotuta daudenak ere. Gainera, murriztu egiten dute antsietatea eta hobetu egiten dute familiako kideen arteko harremana. Azken batean, estimulatu egiten dute, jolasean aritzeko eta ongi pasatzeko modua ematen dute eta aukera ona dira aisialdian denbora librea pasatzeko… baldin eta ez bada bakarra.
Azken hamarkada honetan, joko digitalek eragindako mendekotasunak bultzatuta, gero eta jende gehiago joaten da psikiatren kontsultetara. Pazienterik gehienak adingabeak dira. Baina helduak ere harrapatu ditu denbora-pasa horrek, horietako asko hogei urte ingurukoak. Guztiek ere antzeko jokabide moldeak izaten dituzte. “Esnatzen direnetik lotara joaten diren arte, bideo-jokoekin lotzen dituzte beren jarduera guztiak”, ohartarazi du Celso Arangok, Gregorio Marañón Ospitalean Buru Osasun eta Psikiatria Institutuko zuzendari denak. “Jokoan aritu ezean, oso gaizki pasatzen dute eta abstinentzia sindromea izaten dute. Azkenik jokoan aritzea lortzen dutenean, lasaitu egiten dira, baina berehala sentitzen dira errudun, beren bizitza mendekotasun horren inguruan ardazten baita. Ongi dakite kalte egiten diela, baina ezin diote jokatzeari utzi”.
PEGI 3. Egokia da adin talde guztietarako. Jokoak ez dauka haur txikiak izutzeko moduko irudi eta soinurik. Bortizkeria arin-arinen bat onartzen dute (betiere, testuinguru komiko batean). Ez da entzuten hizkera itsusi edo zantarrik.
PEGI 7. Eszena edo irudi batzuek beldurtu egin ditzakete haur txikienak. Bortizkeria oso arinak onartzen dituzte (bortizkeria inplizitua, ez errealista eta ez agerikoa).
PEGI 12. Bortizkeria zertxobait grafi koagoa izaten dute fantasiazko pertsonaiekin edo bortizkeria ezerrealista gizakiekin. Sexuarekin lotura duten aipuak edo jarrerak izan ditzakete eta hizkera itsusi antzekoa. Zorizko jokoak ere ager daitezke, egiazko bizitzan kasinoetan edo joko aretoetan egiten diren horietakoak.
PEGI 16. Bortizkeriak (edo sexu jarduerak) hartzen duen maila egiazko bizitzan ager litekeenaren parekoa da. Hizkera desegokiaren erabilera muturrekoagoa izan daiteke, eta zorizko jokoak eta tabakoa, alkohola eta legez kanpoko drogak ere ager daitezke.
PEGI 18. Helduentzako sailkatuta daude, bortizkeriaren erabilera basatia izaten delako, ageriko arrazoirik gabeko hilketak agertzen direlako eta pertsonaia babesgabeen kontrako bortizkeria darabiltelako. Legez kanpoko drogen erabilera glamourrez inguratua ager daiteke, eta sexu jarduera esplizituak ere ikus daitezke.
Prebentzioa da gakoa
Mendekotasuna ez da agertzen 12 edo 13 urte egin arte, goizenez. Baina kontsultetan dagoeneko arreta eskaintzen ari zaizkie 10 urteko pazienteei. Buruko nahasmendurik gehienekin gertatzen den bezala, prebentzioak funtsezko zeregina dauka. Oso garrantzitsua da txikitatik heziketa ematea, bai eskolan eta bai familian ere. Neurri handiagoan edo txikiagoan, adingabe guztiek daukate bideo-jokoetarako sarbidea arazo handirik gabe, eta aritu ere egiten dira. Mendekotasuna ugaritu egin da azken urteetan, smartphoneak demokratizatu ahala eta sareko jokoak hedatu ahala. “Lehen, neska-mutikoak etxean sartuta egoten ziren kontsolekin, eta ez ziren irteten gelatik. Orain, mugikorrekin, berehalako sarbidea daukate eta askoz errazagoa.
Azken bost urte hauetan arazoa neurrigabe handitu da”, onartu du Arangok. Bideo-jokoak zentzuz erabiliz gero bai denboran eta bai edukietan, onurak eragingo ditu zenbait alderditan, adibidez kontzentrazioan, arretan, erantzuteko gaitasunean, planifikazioan… “Hori guztia lagungarria izan daiteke harreman sozialetan arazo gehien duten neskamutilak hobeto komunikatu daitezen”, azaldu du. Hain zuzen, konpainia askok landu ditu bideo-joko didaktikoak, ikasgelan ere erabil daitezkeenak.
Felix Etxeberria Pedagogiako katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Videojuegos y educación ikerlana argitaratu zuen bere garaian. Hor esaten du bideo-joko jakin batzuek eragin onuragarria eduki dezaketela erabilera hezigarri eta terapeutikoan: “Ikastetxeetan, hizkuntzak ikasteko osagarri gisa balio dezakete, adibidez. Eta oso erabilgarriak dira trebakuntza eta formazio tresna gisa ere. Aukera ematen dute trebetasunak lantzeko pilotu, erizain, mediku, suhiltzaileentzat… Edo gatazkak konpontzeko erabil daitezke, haur autistekin terapiak egiteko, gaitasun motorrak bizkortzeko…”, dio Etxeberriak.
Familien zeregina
Europako Parlamentuak ere nabarmendu zuen, 2009. urtean, bideo-jokoek badituztela alderdi on batzuk. “Bizkortu egin dezakete ekintza eta gaitasun batzuen ikaskuntza, adibidez arrazoibide estrategikoa, sormena, kooperazioa eta pentsamendu berritzailea, guztiak ere alderdi garrantzitsuak informazioaren gizartean”, adierazi zuen erakunde horrek bere dokumentuan. Joko berrien arriskuak ere nabarmentzen zituen txosten horrek berak (sexismo arriskua, bortizkeria, kontsumoa, mendekotasuna…), eta deia egin zuen familiek gehiago kontrolatu ditzaten neska-mutilak eta handiagoa izan dadin bitarteko horiek erabiltzen dituzten adingabeen inguruko babesa. Ezagutza faltak eramaten du guraso asko bideo-jokoak kriminalizatu eta deabrutzera, eta haurrei galarazi egiten diete horietan aritzea.
Hutsegitea dela diote espezialistek, ziur aski kontrako eragina sortuko baitute: gurasoek zenbat eta gehiago galarazi, haurrek orduan eta gehiago jokatuko dute gordean. “Beharrezkoa da gurasoak digitalki alfabetatzea. Bideo-jokoa aisialdi modu gisa ulertzen bada eta haur edo nerabe batek egunero dituen zereginen osagarria bada, ez du zertan kaltegarria izan. Ez dezakegu pentsatu burbuila batean bizi gaitezkeenik. Egungo gizartea digitalizatua da eta teknologia berriek zeregin garrantzitsua dute”, azpimarratu du Jose Carlos Amador irakasleak, zeina laguntzaile gisa aritzen den Aprender a Mirar Fundazioan bideo-jokoen edukiak aztertzen. Haren iritziz, ezinbestekoa da bideo-joko bakoitzerako gomendatuta dauden adinak errespetatzea, jarduera horretan ematen duten denbora kontrolatzen erakustea haurrei, eta beste haur batzuekin partidak jokatzen eta partekatzen saiatzea. Erronka handia da, eta prestakuntza, denbora eta pazientzia eskatzen ditu.
Gomendio batzuk gurasoentzat
Bila ezazue informazioa. Adin tarteari begiratu behar diozue paketean edo denda digitalean. Komeni izaten da, halaber, jokoaren laburpen bat bilatzea.
Erabili aurretik, probatu. Egokiena da gurasoek jokoa proba dezatela edo seme-alabekin aritu daitezela jokoetan: hori da modurik onena gehiago ikasteko joko horien inguruan. Horrela, zaindu egingo ditugu haurrak jokoan ari direnean eta azaltzeko aukera izango dugu joko batzuk zergatik ez diren egokiak.
Jar itzazue muga batzuk. Haiekin adostu ezazue astean zenbat denbora arituko diren bideo-jokoekin. Guraso kontrolerako tresnak erabil daitezke mugak jartzeko (adina, denbora, gastua, lineako sarbidea).
Gainbegiratu ezazue haurrek nolako jarduera duten jokoaren web ataletan. Har ezazue kontuan on-line jokoetan komunitate birtualak izaten direla eta jokalariak ezezagunekin aritzen direla interakzioan. Egoera horietan, beti haiekin batean aritzea gomendatzen da.
Jokabide desegokiak salatu egin behar dira webguneak iruzkinetarako duen atalean edo kontsolek kexuak bideratzeko eskaintzen dituzten bitartekoen bidez edo jokoen web ataletan. Haurrei esan behar zaie jakinarazi egin behar digutela jazarpena sumatu badute, hizkera mehatxuzkoa edo desegokia erabili badute haiekin, eduki desatseginak erakutsi badizkiete edo jokotik kanpo ezagutzeko gonbita egin badiete. Jokoaren barrenean gertatu den zerbaitek deseroso sentiarazi badu gaztea, moztu egin behar da komunikazioa edo aldatu egin behar da identifi kazioa*.
Mendekotasunaren argazkia
- Adinez, 16 eta 25 urte artean dabil.
- Gizonetan ohikoagoa da emakumeetan baino.
- Bulkada kontrolaezina sumatzen zaio une orotan jokoan aritzeko eta denbora tarte luzeetan gainera.
- Ardura edo erantzukizun gutxi erakusten du eta harreman pobrea (eta kalitate eskasekoa) gurasoen eta haurren artean.
- Gero eta gehiago kontsumitu nahi dute lehen bezainbeste gozatzeko, eta zailtasun handia izaten du jokoa uzteko behin horretan hasita, edo jokatzen hasteko antsia sumatzen zaio
- Loaren nahasmenduak eragiten ditu. Ondorio emozional eta afektiboak izaten ditu.
- Mendekotasunak lotura izaten du zenbait arazorekin: arreta arazoak, depresioa, oldarkortasuna, antsietatea, fobia sozialak eta etenak eragiten ditu eskolan, lanean eta harreman sozialetan.
Sintoma susmagarriak
- Emaitza txarrak ikasketetan.
- Ondoez irudipena.
- Une orotan jokoekin aritzeko nahia.
- Erabateko lehentasuna ematea jokoari, eta ez beste jarduera batzuei, adibidez lagunekin ateratzeari edo kirola egiteari.
- Etxean gezurrak esatea eta gauzak ezkutatzea.
*Iturria: Bideo-jokoen Espainiako Elkartea (AEVI).
Gomendio batzuk adingabeentzat
Helburua: ongi pasatzea eta ikastea. Historia, matematikak, biologia, hizkuntzak, fisika edo programazioa izaten dira bideojoko askok erabiltzen dituzten gaiak.
Errespeta itzazu beste jokalariak. Garrantzitsua da jokoan ari diren kideak errespetuz eta egoki tratatzea.
Ikas ezazu irabazten eta galtzen. Poztu zaitez aurkariek irabazten dutenean eta balia ezazu egoera haiengandik ikasteko.
Hauta ezazu bideo-jokorik egokiena. Liburu eta fi lmekin gertatzen den bezala, joko bakoitza adin jakin baterako da egokia. PEGI logotipoari begiratu behar zaio (ikus koadroa).
Hobe da beste norbaitekin. Lagunekin ez ezik, familiarekin ere joka ezazu. Partekatu itzazu haiekin zure trebezia eta hobekuntzak, eta erakuts iezaiezu bideo-joko gustukoenen inguruan dakizun guztia.
Etxeko lanak, beste guztiaren aurretik. Eskolako lanak egin beharrekoak dira, bai edo bai. Bukatu itzazu horiek, lagundu ezazu etxeko zereginak egiten ere, eta gero has zaitezke jokoekin. Adostu ezazu gurasoekin noiz eta zenbat ibiliko zaren. Eta izan arduratsua adostu duzuenarekin.
Kontuz ezezagunekin. Sekula ez partekatu datu pertsonalak edo kokapenari buruzko informazioa, helbide elektronikoa, telefono zenbakia, pasahitzak edo irudiak. Nahi izanez gero, blokeatu egin ditzakezu beste jokalari batzuk, zurekin harremanetan jar ez daitezen, edo salaketa aurkeztu diezaiokezu jokoaren edo plataformaren hornitzaileari.
Eska iezaiezu aholkua adinekoei. Interneten jokatzeko gonbidapen bat onartu aurretik, bideo-joko bat erosi edo deskargatu baino lehen edo edozein ordainketa egiterako, galde iezaiezu adinekoei. Haiek egiaztatuko dute segurua den eta lagundu egingo dizute egokiena hautatzen. Zalantzaren bat duzun aldiro edo egoera bat arraroa iruditzen zaizun aldiro, jo ezazu haiengana.
Mugi zaitez beti orri eta denda ofi zialetan. Birusak eta lotura arriskutsuak saihesteko, eros itzazu bideo-jokoak denda ofi zialetan eta deskargatu itzazu atari baimenduetatik.
Ez itzazu nahasi errealitatea eta fikzioa. Bideo-jokoa fi kzioa baino ez da; jokatzeari uzten diozunean, zure mundura itzultzen zara: hor bizi zara eta hor dago axola zaizun jendea. Iturria: Bideo-jokoen Espainiako Elkartea*.
Ikasteko balio duten 5 titulu
Minecraft Edu. Blokeekin eraikitzeko jokoa da, eta lagundu egiten du sormena bizkortzen, programazioaren oinarrizko gauzak ikasten, espazioen neurrietan eta antolatzeko moduetan trebatzen, kolaboraziozko lanak egiten…
Dragon Box. Matematika eta aljebrako kontzeptuak modu dibertigarrian ikasteko balio du. Dragon Boxek eskaintzen dituen matematikako jokoak eskuragarri daude ikasgelan erabiltzeko (Hezitzaileen bertsioan sartu behar da) edo erabiltzaileak beretzat deskargatu ditzake aplikazioak (ez dira doakoak); badira 4 eta 9 urte artekoentzat eta bada 9 urtetik aurrerakoentzako blokea ere.
SimCity Edu. Bideo-joko horrekin, hiriak diseinatzen ikasiko dute, fi nantzak administratzen, ulertu egiten dute nola funtzionatzen duten udalerri bateko komunikazio eta azpiegitura oinarrizkoek. Udalerri horiek Smart City bihurtu ditzakete eta erabakiak hartzen ikasi, alkate zibernetikoak izango baitira.
Spore Natur. zientziak ikasteko jokoa da. Adingabeek kudeatu eta egiaztatu egin dezakete izaki bizidunek nolako bilakaera izaten duten, mailarik txikienetik hasi (zelula bat) eta izaki bizidun izugarriak egin arte. Nola zaindu dituzten eta haien habitata zein izan den, itxura bat edo bestea izango dute. Ordaindu egin behar da, baina aukera ematen du doako proba bat egiteko.
Simple Machines. Chicagoko Industriaren eta Zientziaren Museoak landu du ekimen hori, eta on-line sar daiteke. Joko horretan, robot bati lagundu egin behar zaio bere mundua eraikitzen, eta horretarako beharrezkoa izango da eremu batean aurkituko ditugun piezak ordena logiko batean hautatzea.
*Iturria: Bideo-jokoen Espainiako Elkartea.