Berehalako fideoak

Guarnizio gutxi eta gatz gehiegi

Plater horiek gari pastaz osatua daude nagusiki, eta laguntzaile gisa erabiltzen direnak –ganbak, berdurak– oso urriak dira edo ez daukate inolako laguntzailerik. Gatz asko ematen dute eta gantzak eta kaloriak ere bai gehienek; hortaz, ez da komeni neurriz kanpo jatea.
1 otsaila de 2023

Berehalako fideoak. Guarnizio gutxi eta gatz gehiegi

Pastaz eginda dauden ekialdeko plater batzuk jateko prest merkaturatzen dituzte; Japonian duela 60 urte baino gehiago saltzen dituzte, baina gure inguruan berriagoak dira, eta orain dela hamarkada bat agertuko ziren, gutxi gorabehera. Nahiko herabe azaldu ziren merkatuan, baina bizpahiru urteren buruan izugarri hedatu dira, eta gaur egun aukera zabala dago era horretako produktuetan. 

Hiru ezaugarrik lagundu dute plater prestatu horiek halako ospea har dezaten: errezetaren exotismoa, zeinak ekialdeko sukaldaritzaren testurak, lurrinak eta zaporeak eskaintzen dituen; prestatzeko erraztasuna, azkarra eta erosoa delako (ur irakina botatzen zaio) eta prezio ona. Egiaz zer erosten ari garen jakin nahi badugu, ordea, ez da kontu erraza. Batez ere, etiketa konplexuak eta zailak izaten dituztelako interpretatzeko. Azaldu egingo dugu nola egin dezakegun aukeratzeko garaian ongi asmatzeko.

Amu komertzialei, kasurik ez

Lehen begiratuan, ontziak soil samarrak dira eta bi amu baino ez dituzte ageri: plater prestatuaren irudiak eta osagai erakargarrien aipamenak, adibidez ganba, berdura eta oilaskoarenak. Gutxi izanik ere, gu nahasteko gai izan daitezke, produktuaren osaera beti ez delako izaten dirudiena. Horregatik komeni da etiketa irakurtzea. 

Salmenta izenean zer jartzen duen begiratzen badugu (osagai zerrendaren ondoan egoten da normalean), produktuak orokorrean zer-nolako ezaugarriak dituen jakin ahalko dugu. Legeak ez du definizio espezifikorik horietarako (beste elikagai batzuekin ez da hala gertatzen, eta jogurtak eta ogiak badute, adibidez); ondorioz, produktuaren azalpen labur bat egiten dute. Adibidez, “gari irinez egindako fideoekin, soja saltsa espeziadunarekin eta berdura deshidratatuekin prestaturiko elikagaia”. Horri esker, badakigu produktu horrek fideoak dituela oinarrian, ongailu bat ere bai eta guarnizio bat. 

Eskema orokor hori aurkituko dugu produkturik gehienetan. Demae Ramen etxekoa da salbuespena, ekialdeko fideo zopen multzoan sartzen dena.

Zerrenda amaigabea

Osagaien zerrenda irakurtzea ez da batere erraza oraingo honetan. Batez ere, oso luzeak izaten direlako, 20 edo 30 elementuz osatuak askotan, horietako batzuk konposatuak eta beste batzuk izen arraroa dutenak.

Fideo horien pastak berak hainbat osagai izaten ditu: gari irina, palma olioa, almidoi moldatua, gatza, sodio karbonatoa, potasio karbonatoa… Eta zer esan ongailuei buruz, non ezin konta ahala lurrin, espezia eta zapore-emaile izaten den. Adibidez, legamia estraktua, soja, ozpina, jengibrea, pipermina, zapore-indartzaileak… Horiei gehitu behar zaizkie kontserbatzeko eta ezaugarri organoleptikoak (zaporea, kolorea, testura) hobetzeko erabiltzen diren beste batzuk, adibidez herdoilaren aurkakoak, koloragarriak, azidotasun-zuzentzaileak.

Produkturik gehienek elementu bat baino gehiago izaten dute, batez ere edalontzi erako ontzietan merkaturatzen direnek, non hiru ageri diren maizenik: pasta, guarnizioa eta, batez ere, saltsa edo ongailu bat. Horiek prestatzeko, ur irakina erantsi behar izaten zaie pasta eta guarnizioa berregiteko, eta, azkenik, ongailua erantsi. Hori dela eta, horietako askok multzokatuta adierazten dituzte osagaiak, eta horrek erraztu egiten du zertxobait etiketa interpretatzea.

Analisia

Erosketa gida hau egiteko, ekialdeko fideoak eta zopak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Gatzak eta gantzek baldintzatzen dute balorazioa, eta kaloria kopuruak ere bai.
  • Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko aztertu ditugu, batez ere osagai nobleak zenbateko kopuruetan dituzten.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2022ko abenduan hartuak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Pasta da osagai nagusia

Produktu guztietan pasta da osagai nagusia, zeina %92 eta %72,4 arteko proportzioetan ageri den; Yatekomo berdurak du gehien eta Sukiyaki Beef Soba izenekoak gutxien. Elementu nagusia da, halaber, Maggi etxeko bi produktutan, Fussian Taste of India eta Fussian Taste of Teriyaki delakoetan. Ez dute adierazten zenbateko proportzioan duten, nahiz eta legez egin behar luketen, salmenta izenean aipatu egiten dutelako, baina nolabaiteko kalkulua egin dezakegu, gari irina lehen lekuan ageri baita osagaien zerrendan. Pasta gari irinez edo semolaz egina dago (gutxi ehotako irina da semola), eta horrek esan nahi du hori dela osagai nagusia guztien artean. Oso erraz ikus daiteke hori, salmenta izenean adierazi egiten baita. Hori hala izanik ere, osagaien zerrendan ez du zehazten proportziorik, eta urratu egiten du indarrean dagoen legea.

Esan dugun bezala, pastak bestelako osagai batzuk ere izaten ditu, adibidez palma olioa, arrautza, gatza eta gasifikatzaileak (sodio karbonatoa). Fideoei testura jakin bat emateko erabiltzen dira horiek gehienbat, hezeagoa, guriagoa eta elastikoagoa ohiko fideoena baino, horiek semola hutsez eginak egoten dira eta.

Japoniatik gure mahaira

Ekialdeko plater horietako gehienak japoniako sukaldaritzatik datoz, eta, horrexegatik, ohikoa da oso ezagunak edo nahasgarri samarrak izan daitezkeen termino batzuk erabiltzea. 

  • Soba. Gari beltza izendatzeko erabiltzen da (ez da zereal bat bete-betean), eta ale horrekin egindako fideo finak aipatzeko erabili ohi da. Oro har fideo finak aipatzeko ere erabiltzen da, gari irinarekin egindako tallarin lodien kontrastean (udon esaten zaie horiei). Normalean hotzak jaten dira, saltsa batekin lagunduta; edo beroak bestela, salda batean sartuta. 
  • Yakisoba. Tallarin frijituak dira, gari irinez eginak. Kozinatzeko, landare jatorriko olio pittin bat botatzen da eltze batean eta haragia eta begetalak eransten zaizkio, adibidez azenarioak, haziak, aza edo tipula. Azkenik, fideoak eta ur pittin bat eransten dira, eta ura lurruntzen den arte kozinatzen dira; egin direnean, saltsa batekin elkartzen da guztia. Saltsa horri ere yakisoba esaten zaio eta honako osagai hauekin egiten da normalean: Worcestershire saltsa, ostra saltsa, soja saltsa, azukrea, sesamo olioa, mirina (arrozez egindako ardo gozoa da, sakearen antzekoa, baina alkohol gutxi duena), ketchupa eta piperbeltza. 
  • Sukiyaki. Japoniako platera da, txahal haragi finez edo tofuz egina; egosi egiten dira begetalekin eta beste osagai batzuekin batean, soja saltsa, azukrea eta mirina dituen nahastura batean.
  • Ramen. Japoniako zopa bat da (aldaera asko dago). Funtsean fideo plater bat da, salda batean zerbitzatzen dena, zeina haragiz eta berduraz egina dagoen eta zenbait eratako guarnizioak izaten dituen, adibidez algak edo txerri haragia. 
  • Teriyaki. Kozinatzeko teknika bat da: erre egiten dira elikagaiak (parrilan gehienetan) saltsa batekin marinatuta; saltsa hori sojaz, sakez (edo mirinez) eta azukrez (edo eztiz) egina egoten da. Normalean izen hori erabiltzen da saltsa izendatzeko eta, hedaduraz, saltsa horrekin egindako edozein plater izendatzeko erabiltzen da ekialdeko sukaldean.
  • Noodle-ak. Zentzu hertsian, ingelesez fideoak izendatzeko erabiltzen den hitza da. Baina gure inguruan ekialdeko fideoei buruz aritzeko erabiltzen da; gure gastronomian darabiltzagun fideoak baino luzeagoak dira eta espagetiak baino estuagoak.

Oso guarnizio urria

Gallina Blanca etxeko bi produktutan, Yatekomo Yakisoba Classic eta Yatekomo Yakisoba oilaskoa izenekoetan, zehaztu egiten da guarnizioa %4ko proportzioan daukatela. Lehenbizikoak azenarioa, aza eta porrua daramatza, eta bigarrenak hiru berdura horiek (%3,3) eta oilaskoa (%0,7). Hau da, azken produktu horrek %1 baino gutxiago dauka oilaskoa, nahiz eta osagai hori aipatzen duen izenean, eta hori engainagarria izan daiteke.

Antzera gertatzen da beste produktu batzuekin ere. Yatekomo berdurak izenekoan ere (hori ere Gallina Blanca etxekoa) guarnizioa oso urria da. Horrako horretan, ordea, zailagoa da antzematea, etiketa horretan berdura proportzioa (%35,1) ez baitago emana produktu osoarekiko; proportzio erlatibo bat da, ongailuari dagokiona (%8). Hau da, ongailuak osatzen duen %8 horretan, berdurak dira %35,1. Horrek esan nahi du produktuak %0,03 baino ez dituela berdurak osotara. 

Berdin gertatzen da Yatekomo ganbak Gallina Blanca delakoarekin, non osagai hori %8ko proportzioan ageri den ongailuak osatzen duen %10ean; hau da, produktuan %0,008 baino ez dira ganbak. Edo Sukiyaki Beef Soba izenekoak %1,2 bakarrik du txahala, nahiz eta osagai hori aipatu egiten den ontzian (beef). 

Beste produktu batzuetan ez da berariaz aipatzen osagai bat edo bestea daramatenik, baina ontzian nabarmenduta ageri da, eta horrek pentsaraz dezake kopuru aipagarrietan daukatela. Maggi etxeko Ekialdeko Fideoak izenekoan “oilasko” hitza ageri da nabarmenduta letra handietan, baina askoz letra txikiagoetan zera dio “zaporekoa” (oilaskoarena zaporea duela alegia). Egiaz, %0,8 baino ez du oilaskoa. Antzeko zerbait gertatzen da Fusian Taste of Teriyaki delakoan (Maggi etxekoa da), zeinak ez daukan halako saltsarik, nahiz eta azken hitz hori nabarmenduta dagoen letra handietan. Letra txikietan, ordea, “taste of” ageri da (“zaporekoa”) eta salmenta izenean zehaztu egiten da ongailu bat dela: “teriyaki zaporekoa” esaten du.

Azkenik, Demae Ramen Nissin izenekoaren ontzian wakame alga dirudiena ageri da, baina osagaietan ez darama halakorik.

Argi dago ekoizle batzuen jardunbide etikoa kaskar samarra dela, baina sakoneko arazoa beste bat da: legez ez dago zehaztuta osagai batek gutxienez zenbateko kopuruan agertu behar duen nabarmendu ahal izateko.

Erosotasuna garesti ordaintzen da

Produktu horiek prezio eskuragarria dute eta merkeak direla ere esan daiteke, kontuan hartuta otordu bat moldatzeko balio dezaketela. Baina etxean egin eta alderatuko bagenitu, ohartuko ginateke %62 garestiagoak direla dendakoak.

Nutrizio arloko informazio nahasgarria

Nutrizio arloko informazioa aztertzeko garaian, zailtasun batzuk aurki ditzakegu, produktuak deshidratatuta saltzen direlako. Legediak esaten duenez (1169/2011 Araua), elikagaia nola saltzen den, hala eman behar da nutrizio arloko informazioa. Baina elikagai deshidratatu bat dugunean, horrek ez du balio handiko informaziorik ematen kontsumitzaileentzat. Hori dela eta, legeak zehaztapen hau egiten du: “komeni denean” elikagai prestatuari buruzko informazioa eman ahalko da, betiere prestatzeko jarraibideak xehe azalduta badaude. 

Anbiguotasun horrek ekoizleen esku uzten du informazioa modu batean edo bestean eman, eta horregatik, produktu guztietan ez dago berdin adierazia; horrek zaildu egiten du alderaketak egiteko ariketa. Adibidez, Yatekomo etxeko produktuetan, jateko prest dauden 100 gramo bakoitzeko ematen da nutrizio arloko informazioa, eta Fusian produktuetan, berriz, 100 gramo produktu hartzen ditu erreferentziatzat, baina saltzen den bezalaxe. Informaziorik osatuena Maggi etzeko Ekialdeko Fideoetan aurkituko dugu, bi eratara emana dago eta. 

Zorionez, aztertu ditugun produktu guztietan jateko prest dagoen errazio baten informazioa ere ageri da, eta horixe hartu dugu kontuan alderaketak eta interpretazioak egiteko. Informazio horrek, dena den, muga aipagarriak ditu. Handiena hauxe da: errazioaren neurria ez dela berdina produktu guztietan. Yatekomo markakoetan bertan, esaterako, badira 60 gramoko ontziak eta badira 93 gramokoak ere. 

Kaloria asko eta gatz gehiegi

Produktu horiek karbohidratoz osatuta daude nagusiki, nahiz eta proportzioa aldatu egiten den erantsi beharreko ur kantitatearen arabera. Demae Ramen Nissin izenekoan, adibidez (zopa bat da), 11 gramo dira karbohidratoak eta Yatekomo Yakisoba Classic delakoan 53 g. Batez beste, 38 gramokoa da karbohidrato kopurua.

Gantz kantitatea ere aipagarria da, batez ere Fusian (12 g) eta Yatekomo (20-14 g) produktuetan. Gehienek palma olioa daukate, nahiz eta batzuek ekilorea ere badarabilten, eta horrexegatik dute hainbeste gantz saturatu, bereziki Yatekomo sailekoek (7-9 gramo errazioak).

Gantz eta karbohidrato kopuruak halakoak izanik, ulertzekoa da batzuek zergatik ematen duten hainbeste kaloria. Yatekomo Yakisoba Classic eta Yatekomo Yakisoba oilaskoa nabarmentzen dira guztien gainetik, 425 kcal-ekin; hau da, saltxitxa ogitarteko batek edo bolognar eran egindako espageti batzuek ematen dutena da hori, beren haragi eta tomate saltsarekin. 

Gatz kantitatea ere oso kontuan hartu beharrekoa da. Elikagai batek gatz gehiegi duela esaten da 1,25 gramo baino gehiago dituenean 100 gramo bakoitzeko. Guztiek aise gainditzen dute muga hori, Demae Ramen Nissin delakoak izan ezik (1 gramo 100 gramo bakoitzeko). Bereziki nabarmentzen dira Maggi etxeko Ekialdeko Fideoak eta Yakisoba oilaskoa, non gatza 2,4 gramo den errazio bakoitzeko (61 eta 93 gramokoak dira errazioak hurrenez hurren).

Nutri-scorek emandako puntuazioa

Hor ere bada muga bat, Nutri-Score sistemaren puntuazioa jateko prest dagoen produktuarekin egiten baita, 100 gramoko errazioa hartuz eredutzat, eta, beraz, informazio hori ematen ez duten produktuetan ez daiteke kalkulatu: Fusian Taste of India eta Fusian Taste of Teriyaki. Produktu horien puntuazioa guk geuk kalkulatu dugu besteetatik abiatuta.

Ikus daitekeen bezala, C letra ageri dute guztiek, salbu eta Sukiyaki Beef Soba delakoak, zeinak D letra daraman. Gantz eta gatz asko dutelako lortu dute puntuazio hori, eta kaloriak ere asko ematen dituztelako.

Kalitate-prezioak

Produktuaren 100 gramok zenbat balio duen kalkulatu eta alderaketak eginez gero, ikusiko dugu bi multzo bereizten direla: merkeenen artean, 1,25 € eta 1,35 € arteko prezioarekin, Demae Ramen Nissin, Fusian Taste of Teriyaki eta Maggi Ekialdeko Fideoak daude, eta garestienak, berriz, Sukiyaki Beef Soba, Yatekomo ganbak eta Yatekomo berdurak dira, 2,24 € eta 2,51 € arteko prezioarekin. 

Pentsa liteke produkturik garestienek balio handiko osagaiei zor dietela prezio hori, ganbei eta txahalari adibidez, baina oso gutxi dauzkate osagai horiek (%1,2 txahala) edo ia batere ez (%0,008 ganbak eta %0,03 berdurak, hurrenez hurren). Prezioan dauden alde handi horiek, beraz, ez daitezke azaldu hori arrazoitzat hartuta. Izan liteke ontzien kostua desberdina delako, produktutik produktura aldatu egiten da eta.

Erosteko gomendioak

  • Osagaiak. Gari irinez egindako pasta da elementu nagusia. Baina hori baino garrantzitsuagoa da ongailua eta guarnizioa nola osatuta dauden jakitea, baita zenbateko kopuruan dauden ikustea ere. Egiaztatu egin behar da ontzian nabarmentzen diren osagaiak daramatzala.
  • Nutrizio arloko informazioa. Kontuan hartu behar da nola dagoen adierazia: produktua saltzen den moduan hartuta edo kontsumitzeko prest jarrita. Zenbat eta gatz, gantz eta kaloria gutxiago, hainbat hobeto.
  • Ontzia. Edalontzi formatuan saltzen diren ontziak garestiagoak dira besteak baino, agian ontziaren eraginez. Erabilgarriagoak dira etxetik kanpo jateko, baina halako asmorik ez badugu, agian hobeto aterako zaigu zorroetan datozenak erostea.

Ondorioak

Oro har, zorroetan merkaturatzen diren produktuak merkeagoak dira edalontzian saltzen direnak baino, agian ontziaren eraginez. Lehenbizikoen artean honako hauek nabarmentzen dira, hurrenkera honetan: Ekialdeko Fideoak Classic eta Ekialdeko Fideoak oilaskoa, biak Maggi etxekoak, prezio ona dutelako (1,35 € 100 gramok), etiketa ongi emana dutelako (nutrizio arloko informaziorik osatuena ematen dute) eta nutrizio osaera onargarriena dutelako edo “ez hain kaskarra”: kopuru txikiagoan dute gantza eta gantz saturatuak, eta kaloria gutxi ematen dute besteen aldean. 

Nolanahi ere, produktu horiek guztiak ez dira batere interesgarriak nutrizioaren ikuspegitik eta osasungarriak ere ez dira, irin finduekin eginak daudelako, gantz eta gatz dezente dutelako eta osagai osasungarririk ia ez daukatelako batere. Gainera, denek urratu egiten dute indarrean dagoen legedia, ez baitute esaten zenbateko proportzioan dituzten ontzian nabarmenduta ageri diren osagai batzuk.  Hori guztia kontuan hartuta, ahalik eta gutxiena jatea komeni da.