Kanabidiola

Medikuntzan erabiltzen da, plazebo gisa ere bai

Ez da gauza bera kanabinoideekin egindako sendagai bat eta osasuna zaintzeko produktu bat, osagaien artean kanabinoideak dituena. Kalamuaren eratorriek onura terapeutiko asko izaten dute medikuntzan erabiltzen direnean, aski frogatua dago hori, baina ez daiteke gauza bera esan kanabidiolarekin edo CBD delakoarekin eginda dauden krema, olio eta lozioei buruz, horiek eraginkorrak direnik ez baita frogatu (kalamu landarearen printzipio aktiboa da CBDa, eragin psikotropikorik ez duena).
1 otsaila de 2023

Kanabidiola. Medikuntzan erabiltzen da, plazebo gisa ere bai

Hiri handietan ohiko bihurtzen ari da denda eta saltokietan kanabidiola (CBD) eskaintzea. Kaleetan barrena oinez ibiltzeko ohitura duena honezkero ohartu da zenbat ugaritu diren denda horiek garai batetik hona –pandemia ostean batez ere–, non kanabidiola daramaten produktuak saltzen dituzten, baita on-line ere (kalamuaren osagaia da, eragin psikotropikorik gabea). 

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak onetsi egin zuen 2020an osagaien artean CBDa daramaten olioak, kremak, usain loreak, bainuko gatzak eta bapeatzaileak merkaturatzea, itxura batean lagungarriak direlakoan zenbait arazo eta min arini aurre egiteko: zimurrak, larruazaleko gorriuneak, antsietatea, aknea, hilekoaren mina, insomnioa, gihar eta artikulazioetako ajeak… Propietate ia miragarriak aitortzen dizkio marketinak, baina ez, ordea, zientziak; plazeboaren mailan jartzen ditu ia denak. 

CBDak baditu propietate batzuk medikuntzan erabiltzeko eta gaixotasun batzuen sintomatologia tratatzeko, baina kontzentrazioaren eta dosiaren araberakoa izaten da hori. Osasuna hobetzeko saltzen dituzten produktu horien atzean ez dago, inondik ere, medikuntzan erabiltzen den kalamuaren inguruan dagoen bezalako ikerketarik; azken horrek itxaropen handia sortu du, ahalmen handia ikusten baitzaio min kronikoarekin bizi diren pertsonei irtenbide bat eskaintzeko.

Landarea eta haren osagaiak

Kalamua, beste edozein landare bezala, konposatu nahasketa konplexu bat da (500 baino gehiago ditu, eta horien artean, 113 kanabinoide). Bereziki nabarmentzekoak dira THCa (tetrahidrokanabidola) eta CBDa (kanabidiola). Horiek dira aipagarrienak eragin farmakologikoari dagokionez, baina kopurua eta eragin ahalmena kontuan hartuta, THCa da garrantzitsuena, zalantzarik gabe. “Kalamuaren propietate ia gehienak, bai atsegin hartzeko erabiltzen denean eta bai sendagai gisa, eta bai norberak bilatzen dituen ondorioak lortzeko eta bilatzen ez dituenak ere bai, THCaren eraginari zor zaizkio. Mundu guztiak uler dezan, burura ‘jotzen’ duen kanabinoidea da atsegin hartzeko erabiltzen dugunean eta propietate farmakologikoak dituena erabilera terapeutikoan”, azaldu du Manuel Guzmanek, Biokimikako katedraduna bera Madrilgo Complutense Unibertsitatean eta Espainiako Gobernuaren aholkulari taldeko kideetako bat kalamu sendagarriaren erabilera arautuko duen lege berrian. 

Kafe alean kafeina dena, opio landarean morfina edo te landarean teofilina, horixe da tetrahidrokanabinola kalamuan. “Kalamuaren printzipioo aktibo aipagarriena da THCa, eta organismoan dauden errezeptore espezifiko batzuekin bat egiten du, errezeptore kanabinoideak esaten zaienekin (CB1 eta CB2, besteren artean), eta horien bidez, era askotako eraginak sortzen ditu, bai atsegin hartzeko erabiltzen denean (lasaitzea, aldartea hobetzea, estresa gutxitzea eta sentiberatasuna handitzea) eta bai sendagai gisa hartzean ere”, adierazi du Guzmanek. Azken eragin horietan bereziki nabarmentzeko da THCak lagundu egiten duela goragalea arintzen kimioterapia hartzen ari diren pazienteetan (sendagai tradizionalei erantzuten ez dietenean ematen diete). “Zientifikoki frogatuta dago, halaber, suspertu egiten duela gosea eta hobetu egiten duela metabolismoa minbizia duten gaixoetan, jateko gogoa kendu egiten baitie kimioterapiak, eta eragin analgesikoa eta hanturaren aurkakoa ere badu, bereziki giharren zurruntasuna murrizteko esklerosi anizkoitza duten pazienteetan”, zehaztu du adituak.

Nola funtzionatzen du sistema endokanabinoideak

Aurkikuntza
Laurogeita hamarreko hamarkada iritsi arte ez genekien giza gorputzak komunikazio sistema hori zeukanik zelulen artean. Ordutik aurrera, kalamua helburu terapeutikoekin erabiltzeko ikerketaren bultzatzaile nagusia izan da.

Funtzioak
Sistema horren ardura da prozesu metabolikoak orekatzea eta gure gorputzaren funtzioak optimizatzea. Besteren artean, doitu egiten du garuneko funtzioa, sistema endokrinoa, tegumentarioa (larruazala eta ilea, azazkalak, sebo guruinak eta izerdiarenak) eta immunologikoa.

Errezeptoreak
Errezeptore kanabinoidez osatua dago sistema; kanabinoideekin aktibatzen diren proteinak dira, eta informazioa transmititzen dute. CB1a eta CB2a dira errezeptorerik ikertuenak. CB1 errezeptoreak nerbio sistema zentral osoan banatuta daude gehienbat (garuna eta orno muineko nerbioak), eta CB2 errezeptoreak, berriz, nerbio sistema periferikoan daude (gorputzaren gainerako ataletan dauden nerbioak), garuna atal horiekin komunikatu dadin, eta digestio eta immunitate sistemetan ere badaude. 

Estimulazioa
Organismoak bere kanabinoideak ekoizten ditu, endokanabinoideak hain zuzen, gorputzaren oreka mantendu dadin. Baina kanpoko kanabinoideekin ere estimulatu daiteke, adibidez CBD eta THCarekin. Organismoa estimulatzen denean, eragina izaten du gure funtzio fisiko eta mentalean. 

Nola jarduten dute THCak eta CBDak
THCa CB1arekin interakzioan sartzean sortzen da konposatu horren eragin psikoaktiboa. CBDak, berriz, gure organismoko molekula gehiago ukitzen ditu eta, ondorioz, bi eratako errezeptoreekin bat egin dezake: CB1 erakoekin garunean eta CB2 erakoekin gorputz osoan.

Cbd-a: printzipio aktibo ‘urardotua’

Baina THCa ez da eragin farmakologikoak dituen kanabinoide bakarra. Garrantzitsuena bai, baina CBDa ere aipatu behar da, kontuan hartzeko moduko propietateak ditu eta. “THCaren aldean, kafeinarik gabeko kafea hartzea bezala da CBDa”, laburbildu du zientzialariak. Hau da, THCak baino eragin urriagoak dituela esan nahi du Manuel Guzmanek, baina horietako batzuk oso interesgarriak dira.

“Ikusi da eraginkorra dela epilepsia pediatrikoetako konbultsioetan (helduetan ere bai, baina ez hainbeste) lehen lerroko sendagaiei erantzuten ez dietenean”, jakinarazi du katedradunak. 

THCa eta CBDa ongi konbinatzen dira medikuntzan. Ikertzaile horren iritziz, medikuntzan kalamua gomendatzeko orduan, beti da hobea THCa eta CBDa orekatuta dituen prestakin bat erabiltzea. Pazienteak, izan ere, hobeto onartzen du, CBDak modulatzaile gisa jokatzen baitu THCak eragiten dituen nahi gabeko ondorioen aurrean. “Pazienteek bilatu egiten dituzte THCaren eragin psikoaktibo batzuk. Aldarte hobean egoteko edo hobeto lo egiteko, adibidez. Baina badira hain onak ez diren bestelako ondorio batzuk ere; adibidez, izu atake bat izatea, antsietatea, deskoordinazioa, gehiegizko nekea… THCarekin iristen den zati ez hain on hori baretu egin dezake CBDak”, azaldu du biokimikariak. 

Epilepsia duten pazienteei goragalea gutxitzen dien bezala, beste propietate batzuk ere baditu CBDak, nahiz eta ez dauden aurreko hori bezain frogatuta; dena den, paziente batzuetan eta dosi jakin batzuekin funtzionatu egiten du. “Kanabidiolak badu nolabaiteko eragin analgesikoa min kronikoa duten paziente batzuengan.  Eragin antsiolitiko arina du. Diazepamarekin alderatzen baduzu, adibidez, askoz txikiagoa da, baina dosi handi samarretan (egunean ehunka miligramo batzuk) ikusi izan dira eragin batzuk”, nabarmendu du Guzmanek. 

Kalamua sendatzeko erabiltzea

Sendagaiaren Espainiako Agentziak osagaien artean kanabinoideak dituzten bi sendagai baino ez ditu onartu: Sativex, esklerosi anizkoitza duten pazienteekin erabiltzen dena giharretako espasmoei aurre egiteko (THCa eta CBDa daramatza nahasian) eta Epidiolex, epilepsia duten haurrekin erabiltzen dena konbultsioen aurkako beste sendagai batzuei erantzun ez dietenean (CBDa daramara). Oraingoz ospitaleetako medikuek aginduta baino ez daitezke hartu eta oso garestiak dira. Lehenbizikoaren prezioa 500 eurokoa da (10 ml-ko hiru ontzi izaten dira) eta bigarrenak 1.100 euro baino gehiago balio du (100 mililitrok); aseguru etxe pribatu batzuek bakarrik estaltzen dute prezio hori. 

Sendagai horietaz gain, kalamuz egindako prestakin gordinak ere erabiltzen dituzte pertsona askok ofizialki onartuta ez dauden beste zenbait egoeratarako, batez ere minbizia eta min kronikoak dituzten gaixoetan. Prestakin horiek ez daude onartuta sendagai gisa, baina herrialde askotan dagoeneko ezarri dituzte kalamua sendagai gisa erabiltzeko programak gaixotasun kronikoak eta oso ahulgarriak dituzten pazienteen bizi kalitatea hobetzeko (EB-ko estatu gehienetan, Amerikako zati handi batean, Israelen, Australian eta Marokon).

Kanabidiola albaitaritzan

Manuel Lazaro albaitari klinikoa da eta Madrilgo Albaitarien Elkargoko bozeramailea, eta haren esanetan, CBDa maskotekin erabiltzeak eztabaida handia eragin du. “Ez dago behar adinako ebidentzia zientifikorik, ikerketa gutxi dago eta oso lerratuak”, azpimarratu du.  Animalia Txikien Albaitarien Munduko Erakundeak (WSAVA siglak ditu ingelesez) zenbait informazio argitaratu du CBDari buruz minaren erabilera aztertzen duen dokumentu batean, baina gaur egun ezinezkoa da kanabidiolaren erabilera unibertsala gomendatzea albaitariei. “Egia da konposatu horiek oso sarri erabiltzen direla eta, askotan, albaitariaren jarraipenik gabe lortzen direla, baina profesionalen zeregina babesa eta aholkua ematea da, kalteak gutxitzeko behintzat”, azaldu du Manuel Lazarok. 

Albaitarien Europako Federazioak ikerketa ongi kontrolatuen beharra dagoela nabarmendu du, CBDak egiaz zer-nolako ahalmen terapeutikoa duen aztertzeko animalietan. Helburua da benetako bermea eta segurtasuna duten produktuak izatea albaitarien eta animalien esku. Hori dela eta, berariazko legedi bat egiteko ere eskatzen dute. “Kanabinoideek gaitasun handia dute P450 zitokromoaren entzimak inhibitzeko (bereziki, CBDa), zeinak sendagai askoren metabolismoan parte hartzen duen. Kontuz ibili behar da beste sendagai batzuekin konbinatzean, eta jarraipen bat egin behar da entzimetan gertatzen diren aldaketak eta gibelaren funtzioa aztertzeko. Era berean, THCak dilatatu egiten ditu hodiak, eta horrek aldarazi egin ditzake azpian egon litezkeen egoera patologiko batzuk, adibidez giltzurrunetako eta bihotzeko gaitzak.  Gehiago ikertu beharra dago oraindik ere”, nabarmendu du albaitariak.

Hartzeko bi modu

Modu asko dago hartzeko, baina ikuspegi farmakologikotik, bi bereizten dira: azkarrak eta mantsoak. Mina berehala arintzeko, lurrunduta hartzea da aukera bat; ez da erretzea, landarea berotu egiten baita, ez erre, eta bero horrek aktibatu egiten ditu haren osagaiak, zeinak lurrun hodei batean askatzen diren. Eragina 1-2 minuturen buruan lortu nahi denean erabiltzen da, gaixo batek min kolpe bat izan duenean, konbultsio bat edo espasmo bat. Min kronikoa edo loaren nahasmendua dagoenean, bide mantsoa erabiltzen da, ahotik hartzekoa (kalamuaren prestakin gordinak edo kalamuaren olioa), eta 1-2 orduren buruan sumatzen da eragina gorputzean. “Prestakin horiek hobetu egiten diete bizi kalitatea pertsona askori: aldarte hobea izaten dute, loaren nahasmenduek ere hobera egiten dute, jan egiten du, antsietatea arindu egiten zaie eta, batez ere, mina hobeto kudeatzen dute”, adierazi du biokimikariak. 

Sendagaiaren Espainiako Agentzia ikertzen ari da nola arautu kalamu sendagarriaren erabilera (Europako herrialde gehienek egina dute). “Horrek ate bat irekiko di pazienteei orain arte egiten aritu direna egiten jarraitzeko, baina segurtasun juridiko eta sanitarioarekin: jakin egingo dute zer hartzen duten, ez dute izango merkatu beltzera jo beharrik eta osasun sistemak monitorizatu egingo ditu. Araudi horrek, gainera, hobetu egingo du ikerketa klinikoa eta kanabinoideei erabilera terapeutikoa emateko ikerlan berriak abiaraziko ditu, hurrengo belaunaldiek erabil ditzaten”, adierazi du Manuel Guzmanek.

Kosmetikoak eta beste produktu batzuk

Kalamuz egindako prestakinak eta kanabinoideak dituztenak medikuntzan erabiltzeko araudiaz aritu gara orain arte. Horrekin zerikusirik ez dute CBDz egindako produktu gisa saltzen diren kosmetikoek edo THCa kopuru txikietan izaten dutenek. Horien etiketan gehienean adierazi egiten da bi kanabinoideen kopurua, nahiz eta produktu batzuek nabarmendu egiten duten THC-rik gabeak direla. THCa daukatenean, %0,2tik beherako kopuruan agertu behar du, kantitate hori ez baita jotzen psikoaktibotzat, eta egoki beteko luke legea. Baina hori ez duenez arautu agentzia independente batek, bezeroak ez dezake jakin nork kontrolatzen duen portzentaje horiek egiazkoak ote diren.

“Merkatuan dauden produktu horien kalitatean denetarik dago”, azaldu du Manuel Guzmanek. Egin izan dira kalitate azterketak, eta ikusi denez, produktu horiek ongi samar daude edukiari eta segurtasunari dagokionez, baina ez beti: enpresa batzuen produktuetan, etiketak dioen baino CBD gutxiago dagoela ohartu izan dira edo kutsatzaileren bat daukala (adibidez, laboreekin erabili den pestizidaren bat) edo metal astunen bat (zoruan egongo zena). “Arazoa da kontsumitzaileak ez dakiela erosten ari den olio jakin horrek trazabilitate eta segurtasun onak ote dituen”, adierazi du adituak, eta kontsumitzaileei gomendatzen die zertxobait gehiago ikertzea produktua eta CBDa nondik datorren.

Cbd-a elikagaietan

Oraindik ere zalantza asko dago produktu horien inguruan, eta horren ondorioz, Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agintaritzako zientzialariek (EFSA) ez dezakete ziurtatu, oraingoz, CBDa segurua dela elikagai gisa erabiltzeko. Zehazki, agentziak ohartarazi du ez daukatela behar adina datu eta ez dakitela CBDak nola eragiten dion gibelari edo zer-nolako eragina duen urdail-hesteetako traktuan, sistema endokrinoan, nerbio sisteman eta pertsonen ongizate psikologikoan. Saguekin egin diren entseguetan, gainera, kontrako erreakzio batzuk ikusi dira ugalkortasunean. Hori dela eta, Espainian mugatua dago produktu horien erabilera: kosmetikan, larruazalean emanda edo kanpo-erabilera gisa bakarrik onartzen da. 

Medikuntzan erabiltzen den CBDaren propietate berdinak al dituzte produktu horiek? “Oro har, oso publizitate onberarekin saltzen dituzte produktuak eta saguekin probatuta dauden eraginak iragartzen dituzte, baina ez gizakiekin. CBDak konbultsioen eta hanturen aurka egiteko duen gaitasuna eta antsiolitiko gisa dituen propietateak dosi handietan frogatu dira entsegu klinikoetan. Egunean ehunka miligramoko kopuruez ari gara, eta produktu horietan, aldiz, egunean 10-15 miligramoko kopuruak gomendatzen dira. Eta, gainera, ahotik hartuta lortzen dira eragin horiek. Krema gisa erabilita, adibidez, asko gutxituko litzateke eraginkortasuna”, azpimarratu du Guzmanek. 

Produktu horiek daramaten CBD portzentajea nahiko segurua da, eta dosi gomendatuak ere bai, ez baita nahi gabeko ondoriorik ikusi egunean 200 miligramoko kopurura iritsi arte. Baina kontuan hartu behar da oraindik ez dagoela oso argi CBDak zer-nolako interakzioa duen sendagaiekin. Gibelak metabolizatzen du kanabidiola, sendagaiak bezala, eta arazoa etorriko litzateke biak aldi berean kontsumitzean. Oraindik ez dakigu ziur horrek kontrako eraginak sor ditzakeen zenbait pertsonarengan. 

Produktu horiek erosi aurretik, kontuan hartu behar da zer-nolako arriskuak egon litezkeen eta jakin egin behar da, kanabidiola hain kontzentrazio txikian edukita, nolabaiteko plazebo eragina baino ez dutela eragingo.