Hur eta kakao krema beganoak. Ez osasungarriagoak eta ez arinagoak
Duela urte batzuetatik hona, elikagai beganoen inguruko eskaria gero eta handiagoa da, eta, beraz, eskaintza ere bai. Gaur egun, badira animalia jatorriko osagairik ez duten kremak ere, kakaoz eta hurrez eginak, eta ez bat eta bi: askotariko markak ditugu eskura. Hori dela eta, komeni da alderdi jakingarri batzuk kontuan hartzea erabaki egokiak hartzeko.
Zerekin eginak daude?
Krema bakoitzak bere formulazioa du, ekoizleak aukeratzen duenaren arabera. Baina gehienek funtsezko lau osagai dituzte: hurrak, kakaoa, eztitzaile bat eta gantz bat. Hori bai, horietako bakoitzaren ezaugarriak eta proportzioak asko aldatu daitezke produktu batetik bestera.
Osagaien zerrendan elikagaia osatzen duten elementuak ageri dira, garrantziaren arabera ordenatuta. Lehenbiziko osagaia hurrak badira, litekeena da krema interesgarria izatea. Horixe gertatzen da Naturgreen (hur pasta), The Nut Club (hurrak) eta La Finestra sul Cielo etxekoekin (hur txigortuak). Lehenbiziko osagaia eztitzailea edo gantza bada, krema ez da hain interesgarria izango. Gehienetan, eztitzaile bat da lehen osagaia, normalean azukrea (Torras, Biosol, Veritas, La Vida Vegan eta Biochoc), edo eztitzaile bat (Valsoia). Planeta Huerto da salbuespena, non oleiko ugariko ekilore olioa den lehenbiziko osagaia.
Zenbat hur eta kakao daukate?
Aztertu ditugun produktu guztiek nabarmendu egiten dute hurrak dituztela. Gehien duen produktua La Finestra sul Cielo da (%60), eta ondoren The Nut Club (%43). Urruti samar daude Naturgreen (%25) eta Valsoia (hurrak %14 eta hur irina %5); gainerakoek, berriz, hur kopuru nahiko apala dute, % 17 eta % 14 artekoa.
Beste elementu aipagarria kakaoa da. Planeta Huerto etxekoa nabarmentzen da, zeinak %28 baitu kakao hautsa, besteek baino dezente gehiago. La Finestra sul Cielo etxekoak ere kakao hautsa darabil, baina %8 dauka. Gainerakoetan, kakao hauts gantzgabetua eta kakao gantza ageri dira nahasian, eta horri esker, bakoitzaren proportzioa aldatu egin daiteke lortu nahi diren ezaugarrien arabera. Adibidez, kakao gantz gehiago eransten bazaio, testura krematsuagoa lortuko da. Kakao hauts gantzgabetua %5 da Valsoia etxeko kreman eta %11 Naturgreen etxekoan. Salbuespen bat ere badago: La Vida Vegan kremaren ontzian txokolatea duela nabarmentzen da (%13), baina ez du zehazten zenbat kakao duen, ez baitago horretara behartuta.
Erosketa gida hau egiteko, hurrez eta kakaoz egindako kremak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Nutri-Score puntuazioa. Algoritmo berriarekin lortzen den puntuazioa baldintzatu egiten du azukre, zuntz eta gantz saturatuen kantitateak.
- Osagaiak. Nolako kalitate komertziala duten jakiteko aztertu ditugu, bereziki zenbat hur eta kakao duten eta nolako materia gantzatsu.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioak. 2024ko azaroan bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
Zer-nolako materia gantzatsua dute?
La Finestra sul Cielo etxekoak izan ezik, aztertu ditugun gainerako produktu guztiek olio motaren bat dute formulazioan. Pentsa genezake krema begano horiek bestelako gantzen bat izango dutela konbentzionalekin alderatuta, baina ez da hala: konbentzionalek ekilore olioa izaten dute. Duela urte gutxi arte ohikoa zen palma olioa erabiltzea mota horretako produktuak egiteko. Baina gaur egun ez da erabiltzen, osasunarekin eta ingurumenarekin lotutako arrazoiengatik lortu duen irudi txarra dela eta. Horren ordez, ekilore olioa erabiltzen da batez ere. Olio hori nahiko merkea da, eta ezaugarri hobeak ditu ingurumenaren eta osasunaren ikuspegitik. Eta horixe darabilte gehienek.
Badira salbuespen batzuk, dena den. Alde batetik, Torraseta Biochoc, zeinak oliba olio birjina estra duten (%18). Bestetik, Planeta Huerto, non nahasian ageri diren oleiko ugariko ekilore olioa eta oliba olio birjina estra (%5). Azken horrek ekilore olioak baino osaera hobea du, baina garestiagoa da eta produktuari zaporea eman diezaioke, eta hori ez da oso erakargarria pertsona batzuentzat. Oleiko ugariko ekilore olioak ere ohiko ekilorearenak baino osaera hobea du, eta eutsi egiten die hark izaten dituen bi abantaila nagusiei: prezio eskuragarria eta zapore neutroa.
Azukrea hainbat izenekin
Krema horien ezaugarri berezienetakoa gozotasuna da. Guztiek dituzte gozotasun-emaileak kopuru aipagarrian. Gehienek azukrea darabilte: (Torras, Biosol, Veritas, La Vida Vegan eta Biochoc). Zehazki, azukre beltza erabiltzen dute, zeina azukre findua (zuria) kanabera ezti edo melaza araztuekin nahasita lortzen den (Torras), eta kanabera azukrea ere bai (Biochoc). Ez da zehazten azukre beltza ote den eta, beraz, findua izan daiteke, kanaberatik lortua. Biosolek eta La Vida Veganek darabilte.
Nolanahi ere, azukre beltzaren eta finduaren arteko desberdintasun nagusia zaporean dago. Osaeran ere badira desberdintasun batzuk: azukre findua sakarosaz osatuta dago oso-osorik, eta azukre beltzak, berriz, zuntza, bitaminak eta mineralak ere izaten ditu, kopuru txikian bada ere. Horregatik, sarritan iradokitzen da osasungarriagoa dela, baina, egia esan, oso kantitate txikian ageri dira elementu horiek.
Antzeko zerbait gertatzen da beste eztitzaile batzuekin ere: koko lorearen nektarraren azukrea (La Finestra sul Cielo) eta agabe hautsa (Naturgreen). Horiek ere azukre arrunta baino osasungarriagoak direla uste du jendeak, baina, oro har, osaeraz oso antzekoak dira, funtsean azukre sinplez osatuta baitaude, adibidez sakarosaz edo fruktosaz.

Sarritan lotzen ditugu dieta beganoa eta dieta osasungarria, baina ez du zertan. Eta gauza bera pentsatzen dugu produktu begano askori buruz, hein handian publizitateak horixe sinetsarazten digulako. Krema horietako askoren ontzian era honetako hitzak ageri dira: “naturala”, “ekologikoa” eta “begetala”, eta beste mezu hauek ere bai:”palma oliorik gabea” eta “osasungarria” ere bai, adibidez Naturgreen etxekoan (“zure gutizia osasungarria”).
Krema horiek, oro har, erruz izaten dute azukrea (%60 inguru dutenak ere badaude), eta gantza ere asko; gainera, kaloriak ere asko ematen dituzte. Krema konbentzionalekin dagoen alde nagusiak ez du zerikusirik osasunarekin, esnearekin baizik, beganoak ez baitute. Alderdi onen artean, hurrak nabarmentzen dira, konbentzionalek baino gehiago izaten dituzte-eta, baina krema gutxitan da garrantzitsua, adibidez, La Finestra sul Cielo etxekoan (%60); beste batzuetan, berriz, kopuru apala da (%15).
Laburbilduz, krema hauek ez dira maiz jatekoak. Ez da ahaztu behar une batean gozatzeko produktuak direla; osasunaren ikuspegitik, ez dute nabarmentzeko moduko ezer. Hortaz, hobe litzateke zaporea, testura eta osaera lehenestea eta gure gustuen arabera hautatzea. Osasunak kezkatzen bagaitu, hobe da beste aukera batzuk egitea: osoko ogi txigortu bat oliba olio txorrotada batekin, hur gutxi batzuk eta kakao puruaren koilarakada txiki bat.
Azukre erantsirik gabeak
Hiru produktuk ez daukate azukre erantsirik. Horietako bitan eztitzaileak erabiltzen dira, zehazki maltitola (Valsoia) eta eritritola (Planeta Huerto). Polialkoholak dira, eta azukrearen aldean badituzte abantaila batzuk: ez dute txantxarrik eragiten, kaloria gutxi ematen dute (maltitolak 2 kcal inguru gramo bakoitzeko, eta eritritolak, berriz, ez du kaloriarik) eta indize gluzemiko apala dute.
Seguruak dira, baina eragozpen batzuk ere eragiten dituzte. Adibidez, kopuru handietan kontsumituta, heste aringarriak izan daitezke. Areago, gero eta ikerketa gehiagok adierazten dute eztitzaile batzuen kontsumoak beste eragozpen batzuk izan ditzakeela, adibidez nahasmenduak eragin ditzakeela hesteetako mikrobiotan.
Azukre erantsirik ez duen hirugarren produktuak, The Nut Club etxekoak, txikoria zuntza erabiltzen du, zeinak inulina baitu, zapore gozoa ematen duen zuntza. Valsoia etxekoak ere horixe darabil. Inulinak abantaila batzuk ditu: indize gluzemiko txikia du, zuntza eta kaloria gutxi. Baina eragozpen batzuk ere baditu: gozotasun gutxi ematen du eta digestio arloko eragozpenak eragin ditzake, adibidez haizeak eta hantura. Gainera, gerta daiteke produktuaren testura ez izatea oso krematsua.
Kantitateak axola du
Krema horietako gehienek erruz dute azukrea, eta, hain zuzen, elementu hori ageri da lehen osagai gisa krema askotan. Honako hauek dituzte kopuru handienak. Biosol, Veritas, Torras eta Biochoc etxeetakoek %58 eta %59,5 artean daukate. Ideia bat izan dezagun, Biochoc etxeko ontzi batean (200 g) 119 gramo azukre daude, 26 koilarakadatxo.
Krema horien ondotik datoz La Vida Vegan (azukreak %43), La Finestra sul Cielo (%30) eta Naturgreen (%21,9). Hau da, horiek azukre gutxixeago dute, baina asko hala ere. Azukre gutxien duten produktuak eztitzailez osatuta daudenak dira (Planeta Huerto eta Valsoia), non %1,1 eta %2,6 artean dabiltzan (osagaien berezko azukreak dira, hurrek eta kakaoak ematen dituztenak).

- Osagaiak. Hobe lehen osagai gisa hurrak dituztenak lehenestea. Eta zenbat eta gehiago, hainbat hobeto. Gainera, alde handiak egon daitezke (%14tik %60rainokoak).
- Azukreak. Zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. Krema batzuek eztitzaileak darabiltzate, baina horregatik produktua ez da osasungarriagoa.
- Kakao kantitatea eta mota. Aldeak aipagarriak izan daitezke (%5etik %28raino), eta eragina eduki dezake prezioan eta osaeran. Komeni izaten da gantz saturatuen datuari begiratzea eta ahalik eta gutxiena dutenak aukeratzea.
- Olio mota. Oliba olio birjina estra osasungarriagoa da ekilorearena baino, baina oliba olioak zaporea eman diezaioke produktuari eta garestitu egin dezake.
- Prezioa. Hur kopurua kontuan hartuta aztertzea komeni da.
- Alderaketa. Ez dute zertan izan konbentzionalak baino osasungarriagoak. Esnerik ez dutela, hori da desberdintasun handiena. Batzuek hur gehiago dute, baina ez guztiek.
Gantza ere garrantzitsua da
Krema horiek gantza ere dezente izaten dute. Planeta Huerto (%48) eta La Finestra sul Cielo (%41) nabarmentzen dira, baita beste hauek ere: The Nut Club (%39,3), La Vida Vegan (%39) eta Naturgreen (%35,6). Dena den, gainerakoetan ere aipagarriak dira kopuruak: gantza %25 da Biosol eta Veritas etxeetakoetan eta %29 Valsoian. Kontuan izan behar da, hala ere, gantz guztiak ez direla berdinak. La Finestra sul Cielo (%41) etxekoak hur asko du (%60) eta horri zor dio zifra hori; izan ere, fruitu lehor horretan %70 izaten da gantza. Antzeko zerbait gertatzen da The Nut Club etxekoarekin (gantzak %39,3), non hurrak %43 diren (ekilore olioa ere badu). Gainerako produktuetan, olioetatik heldu da gantz kopuru aipagarri hori.
Kontuan hartu behar da, halaber, produktu guztiek kakao gantza edo gantzgabeturik ez dagoen kakao dutela, eta horrek areagotu egiten du gantz saturatuen kopurua. Planeta Huerto etxekoak, adibidez (kakaoa %28), %11 ditu gantz saturatuak, eta gainerakoek ez dute hainbeste, kopuru txikiagoetan dutelako kakao gantza edo gantzgabeturik ez dagoen kakaoa. La Finestra sul Cielok %3,9 ditu eta The Nut Club-ek %6,9.
Osasunaren ikuspegitik, hurrak eta oliba olioa ez dira kezkagarriak; ekilore olioa eta kakao gantza, berriz, ez dira aurrekoak bezain interesgarriak.
Proteinak, zuntza eta kaloriak
Hurra fruitu lehor bat da, eta proteina asko dauka (%18 inguru) eta zuntza ere bai (%9 inguru); horrek azaltzen du mantenugai horien proportzioa ere aipagarria izatea kremetan. Zehazki, Valsoiak %3,7 ditu proteinak eta La Finestra sul Cielo-k %11. Zuntzari dagokionez, %4 inguruan dabiltza. Baina badira salbuespenak ere: Planeta Huertok %8,6 dauka eta La Finestra sul Cielok %9,4; horiek gantzagabeturik ez dagoen kakaoa daukate, eta hortik datoz kopuru handiagoak. Valsoia etxekoak ere kopuru aipagarria du (%7,5) eta zer esanik ez The Nut Club etxekoak (%45), txikoria zuntza dauka-eta erantsita.
Kaloriei dagokienez, 100 gramok 525 kcal ematen dute. Ideia bat izateko, neurri bereko humus errazio batek (hori ere zabalduta jateko elikagai begetala da) 170 kcal ematen ditu. Kakao kremen artean badira aldeak, nolanahi ere. Kaloria gutxien ematen dutenak azukre erantsirik ez dutenetako bi dira: Valsoia (462 kcal) eta The Nut Club (493 kcal). Gainerakoak 500 kcal-etik gora dabiltza. Baita Planeta Huerto ere (520 kcal), nahiz eta azukre erantsirik ez izan; krema horrek, izan ere, gantz asko du (%48). Baliorik handienak La Vida Vegan (580 kcal) eta La Finestra sul Cielo (576 kcal) etxekoetan ageri dira.
Alde handiak daude gida honetan aztertu ditugun kremen artean, eta alde horiek osagai nagusiekin dute zerikusia: hurrak, gozotasun-emaile bat, kakaoa eta materia gantzatsua.
- Hurrak. La Finestra sul Cielo (%60), The Nut Club (%43) eta Natrugreen (%25) dira aukerarik onenak.
- Gozotasun-emailea. Lehenbizi ikusi behar litzateke zer den hobea, azukrea duten kremak hautatzea edo eztitzailea dutenak. Azken horiek badituzte abantaila batzuk, baina baita eragozpen batzuk ere, adibidez zaporearekin eta testurarekin lotuta. Produktuaren kalitate organoleptikoa lehenesten badugu, hobe da azukrea aukeratzea, baina ahalik eta gutxiena eduki dezala. Ildo horretan, La Vida Vegan (%43), La Finestra sul Cielo (%30) eta Naturgreen (%21,9) dira aukerarik onenak.
- Materia gantzatsua. Osasunarekin eta kalitate komertzialarekin lotutako irizpideak kontuan hartzen baditugu, aukera ona litzateke oliba olio birjina estra, eta, beraz, aukeratu beharreko kremak Torras eta Biochoc izango lirateke. Baina esan dugu produktu hau ez dela hartzen osasun kontuengatik, gozatzeko baizik. Kalitate komertzialari erreparatzen badiogu, La Finestra sul Cielo litzateke onena. Ez du gantz erantsirik, hur asko duelako (%60) eta horiek nahiko gantz ematen dutelako.
- Kakaoa. Balio ekonomiko handiko osagaia da, eta zapore handia ematen du; beraz, pentsa dezakegu ona dela kakao asko izatea. Alde horretatik, aukerarik onenak Planeta Huerto (%28), Naturgreen (%11) eta The Nut Club (%10) dira.
Produktuaren osaera bakarrik kontuan hartzen badugu, aukera onena La Finestra sul Cielo izango litzateke, gainerakoek baino askoz gehiago dituelako hurrak, eta horretaz gain, azukrea eta kakaoa baino ez.
Baina prezioa ere kontuan hartzen badugu, hauek lirateke aukerarik onenak: Valsoia (azukre erantsirik ez eta hurrak %19), La Finestra sul Cielo (hurrak %60) eta Naturgreen (hurrak %25 eta beste krema batzuek baino hiru aldiz azukre gutxiago).
Nota txarrak Nutri-Score sisteman
Ez da harritzekoa krema horiek nota txarra ateratzea Nutri-Score sistemaren algoritmo berriarekin, azukre eta energia asko ematen baitute. Horregatik, ia guztiek E edo D bat lortzen dute (La Finestra sul Cielo, Planeta Huerto eta Naturgreen), azken horiek azukre gutxiago dutelako. Horrexegatik beragatik lortzen dute C bat Valsoia eta The Nut Club etxeetakoek, azukre gutxiago dutelako eta azken horrek zuntz asko duelako. Planeta Huertok ere eztitzaileak ditu azukreen ordez, baina D bat lortzen du, gantz saturatuen erruz (%11).
Kalitate-prezioak
100 gramoko kopurua eredutzat hartuta, alde nabarmenak daude prezioan. Batzuk ez dira iristen bi eurora: Biosol (1,61 euro), Veritas (1,70 euro) eta Planeta Huerto (1,98 euro). Beste batzuk lau euroren inguruan dabiltza: The Nut Club (3,77 euro), The Nut Club (3,99 euro) eta La Finestra sul Cielo (4,05 euro). Hau da, merkeenek halako bi balio dute garestienek. Gainerakoak 2,3 euroren inguruan dabiltza.
Krema garestienetako batzuen prezioa hurrei zor zaiela dirudi, adibidez La Finestra sul Cielo etxekoan, non %60 diren. Berdin gertatzen da The Nut Clubekin, zeinak %43 dituen. Torras etxekoaren prezio handia oliba olio birjina estrak azaldu lezake (%18). Baina ez dirudi guztiz hala denik, zeren Biochoc etxekoak ere antzeko proportzioetan baititu hurrak eta kakaoa (%15 eta %7) eta askoz ere merkeagoa da (2,5 euro).
Hur kopurua eta prezioa kontuan hartuta, La Finestra sul Cielo, The Nut Club eta Naturgreen lirateke aukerarik onenak, eta kaskarrena, berriz, Torras.
