9 hutsegiteak sendagaiak hartzean
Lepoa gogor-gogor duzula jaiki zara, eta lagun bati kontraktura arintzeko agindu zioten gihar lasaigarri hori hartu duzu; lo egiteko agindu zizuten sendagaiak jada ez dizula eraginik egiten sentitu duzu, eta dosia igotzea erabaki duzu; agindu dizkizuten kapsulak irentsi ezinik zabiltzala-eta, irekitzea, hustea eta jogurtarekin nahastea erabaki duzu; antibiotikoa hartzeko ordua pasatu zitzaizun, eta hurrengo hartualdian bi hartu dituzu; asteburuan kanpora joan zara, kolesterolerako pastilla ahaztu duzu, eta senitarteko bati eskatu diozu antzeko bat, eragin berdintsua izango duelakoan… Sendagaiekin era horretako jokabide desegokiak izaten ditugu askotan. Adibide batzuk eman ditugu, baina badira gehiago ere.
Pablo Caballero farmazialaria da, eta Farmaziako Elkargoen Kontseilu Nagusian aritzen da, zientzia dibulgazioaren arloan; haren eskutik, errepasatu egin dugu sendagaiak hartzean zein diren akatsik ohikoenak, baita gaizki erabiltzeak zer-nolako arriskuak dakartzan ere. Eta bere lehen gomendioa hauxe da: “Kontuan izan behar da sendagai guztiek dutela arriskua nahi gabeko ondorioak eragiteko. Medikuek hori kontuan izan behar dute sendagaiak agintzeko orduan, baina guk ere egoki erabili behar ditugu, jarraibideei zintzo jarraituz, eta ulertu behar dugu horrela ez egiteak ondorioak izan ditzakeela”.
Arau orokorra da agindu diguten dosia hartu behar dugula, baina hainbat egoera ager daitezke tartean, eta “irudimentsu” bihurtzen gara, horrek dakartzan arriskuekin. Pablo Caballerok argibide batzuk eman dizkigu egoerarik ohikoenetan nola jokatu jakin dezagun:
1. Ahaztu egin zait
Ordua pasatu bazaizu, ohiko gomendioa da sendagaia ahalik eta lasterrena hartzea, eta, hortik aurrera, jarraibideak kontuan hartzea. “Ez ditugu hartu behar bi dosi jarraian, behar dugun dosia bikoizten ariko baikinateke, odolera sendagai gehiago iritsiko litzateke eta ondorio kaltegarriak izan ditzake”, ohartarazi du Caballerok. “Sendagai batzuek tarte zabalagoa dute, baina, beste batzuetan, dosi bikoitza hartzea arriskutsua izan daiteke osasunerako”, gaineratu du.
2. Bi hartuta, gehiago eragingo dit
Ibuprofenoarekin askotan gertatzen da hori. Zenbait hamarkadatan, 600 mg-ko formatuan aurkezten zuten, baina azken urteetan 400 mg-koa eman diote. Eta horren ondorioz, jende askok uste du bi pastilla hartuta edo pastilla eta erdi hartuta hobeto “funtzionatuko” diela. “Espainiako Estatuan oso dosi handietara ohituta egon gara, eta, horregatik, 400 mg-ko konprimatu bat ura bezalakoa dela iruditzen zaigu. Baina, egiaz, frogatuta dago dosi horrek eraginkortasun berdina duela eta, gainera, nahi gabeko ondorio gutxiago. Europako gainerako herrialdeetan 200 mg-koa izaten da dosia”, nabarmendu du Pablo Caballerok.
3. Ez dit deus ere egiten
Farmako batzuek tolerantzia sortzeko arriskua dute maiz samar hartuz gero; hau da, denborarekin, galdu egiten dute eragina. “Ez da sendagai guztiekin gertatzen, baina bai, adibidez, benzodiazepinekin: ohitu egiten gara dosi jakin batera, eta gehiago behar dugula sentitzen dugu. Inola ere ez litzaiguke bururatu behar dosia handitzea medikuari galdetu gabe. Eta ez da kontrako eraginengatik, beste arrisku batzuengatik baizik; adibidez, adinekoen artean erorikoak eragiten dituzte. Ikusten badugu ez digula eraginik egiten, medikuari esan behar zaio eta zer-nolako aukerak dauden aztertu”, gomendatu du farmazialariak.
4. Disolbatu egingo dut
Sendagai bat formulatu eta aurkezteko modua ez da laborategiaren apeta bat. Bere funtzioa dute alderdi horiek, eta adituak ohar batzuk eman dizkigu erabaki okerrak ez hartzeko eta, hartuz gero, nola zuzendu jakiteko. Denoi gertatu izango zaigu inoiz edo behin kapsula handi bat hartu behar izatea eta irensteko zaila egitea. Tentazioa izaten da hustu eta barneko hautsa edari batean disolbatzekoa, baina ez da ideia ona: “Batzuetan, estalgarri hori funtsezkoa izaten da, sendagaia babestu egiten baitu urdaileko azidoetatik, bestela baliogabetu egin daiteke-eta haren printzipio aktiboa. Beste batzuetan, ordea, arazorik gabe ireki daiteke, eta jogurtarekin, urarekin edo zuku batekin nahasi, baina gakoa erabilera orrian dago: kapsula bat ireki aurretik, irakurri egin behar dugu eta ikusi ea gastroerresistentea den edo disolbatu daitekeen”, azaldu du du Caballerok.
Sendagai batzuk behar bezala ez erabiltzeak mendekotasuna eragin dezake, bereziki garunari eragiten diotenak, adibidez opioideak, lasaigarriak eta estimulatzaileak, aldatu egin dezaketelako gorputzaren berezko “sari sistema”. “Medikuak aginduta erabili behar dira beti, medikuak beharrezkotzat jotzen duen denboran”, azaldu du Pablo Caballero farmazialariak. Behar ez den bezala hartzen direnean, ongizate edo euforia sentsazio handia sortzen dute dopamina kopuru handietan askatzen dutenean (plazera sortzen duen substantzia kimikoa da). Horren ondorioz, baliteke garunak lotura egitea botika hartzearen eta ongi sentitzearen artean, eta, denborarekin, kantitate handiagoa behar izatea efektu bera lortzeko. Gainera, behin eta berriz erabiltzeak aldatu egin dezake garunaren kimika, eta zaila gerta daiteke sendagairik gabe ongi sentitzea, eta horrek mendekotasunera eramaten du eta, batzuetan, adikziora. Eta pertsonak utzi nahi izanagatik ere, ezin izaten du, gorputza eta garuna eragin horren mendeko bihurtzen baitira.
5. Birrindu egingo dut
Ohikoa izaten da, halaber, pilulak edo konprimatuak birrintzea, errazago irensteko –edo ezkutatzeko ere bai umeei, adinekoei edo are maskotei ematen diegunean–. “Normalean ez da deus gertatuko, baina kontuan izan behar da sendagai batzuk modu kontrolatuan askatzen direla; batzuek, adibidez, 12 orduko iraupena dute, eta pixkanaka askatuz joaten dira. Birrintzen ditugunean, ezabatu egiten dugu mekanismo hori eta segurtasun arazoak eragin ditzake. Bestalde, sendagai bat birrintzen dugunean, papertxo baten gainean egiten dugu, eta azkenean beti geratzen da dosiaren zatitxo bat bertan”, dio Caballerok.
6. Zatitu egingo dut
Sendagai guztiak ez dira zatitzeko modukoak. Oro har, ebakitxo bat dutenek aukera hori ematen dute, “gehienetan horretarako izaten baita, errazagoa izan dadin. Dena den, ebakitxorik gabeko sendagai asko ere zatitu daitezke; adibidez, antikoagulatzaileekin edo hipotiroidismorako sendagaiekin ohikoa izaten da hasieran kostata aurkitzea paziente batentzako dosi zehatza eta pilulak zatitu behar izaten dira, batzuetan laurdenetan ere bai”. Hor ere, argibide orriak azalduko digu nola jokatu: “Sendagai bat ezin bada zatitu, erabiltzeko jarraibideetan adieraziko du”, oroitarazi du farmazialariak.
7. Nahi dudanean utzi
Medikuak gauza bat agintzen duenean, horri jarraitu behar zaio. Adibide argienetako bat antibiotikoena da. Medikuak adierazitako egun guztietan hartu behar dira antibiotikoak, eta ez dira utzi behar hobeto gaudela eta sintomak desagertu direla ikusten dugunean. Horrekin, erraztasunak ematen ari gara bakterioekiko erresistentzia ager dadin. Beste farmako batzuk, berriz, kortikoideak adibidez, “mantso-mantso utzi behar dira, dosia murriztuz joatea eskatzen dute; ezin dira nolanahi utzi. Sendagai psikotropiko edo antsiolitikoak, denbora luzez hartu badira eta bat-batean kentzen badira, erretiratze edo abstinentzia sindromea ager daiteke”, ohartarazi du Caballerok.
8. Egun gehiagorako balioko dit
Dosi bakarreko sendagai batzuk, zenbait kolirio adibidez, behin baino gehiagotan erabiltzen ditugu, osorik hartu ez ditugulako. “Dosi bakarreko formatuan heldu badira, zerbaitengatik izango da. Normalean, kutsadura arriskuagatik izaten da, eta garrantzitsua da, begia oso sentibera baita”.
9. Ze ordutan hartu
Sendagai askotan, ez du axola ze ordutan hartu. “Baina beste batzuetan ondorioak izan ditzake haren eraginkortasunean. Lebotiroxina, adibidez, baraurik hartzea gomendatzen da; kolesterolerako erabiltzen direnetan, beti gomendatzen da oheratzean hartzea; izan ere, substantzia horren sintesiak goia jotzen du gauean, eta, horrela, ziurtatu egiten dugu sendagaiak unerik egokienean izango duela kontzentrazio gailurra. Orain, dena den, iraupen luzekoak dira asko eta, beraz, hartzeko ordua ez da hain garrantzitsua”.

Sendagaien kutxa etxean
Beste herrialde batzuetan, tratamendu jakin baterako behar diren pilula edo konprimatuak baino ez dituzte ematen, eta, beraz, etxean ez da gelditzen sendagairik soberan. Espainiako Estatuan, ordea, ontziek behar baino sendagai gehiago izaten dute. Eta horrela, pilatu egiten ditugu batzuk eta besteak, etxean botika bat edukitzeraino. Nola gorde behar ditugu? “Lehenengo araua da, eta garrantzitsuena, sendagaiak ontzi barnean eta argibide orriarekin mantentzea, hor daukagulako behar dugun informazioa”. Baina, horretaz gain, beste gomendio batzuk ere eman ditu Pablo Caballerok:
- Behar dena eduki, ez gehiago. Analgesiko edo antipiretikoren batetik haratago (sukarra jaisteko), etxean ez dugu eduki behar sendagai pila bat. Esparatrapua, alkohola, kotoia eta antiseptiko bat behar ditugu, ez gehiago. Tratamendua amaitu ondoren, zerbait soberan gelditu bazaizkigu, farmaziako Sigre puntura eraman behar dugu, behar bezala birzikla dezaten. Eta arreta berezia jarri behar dugu antibiotikoekin: ez dira inoiz zabor arruntean bota behar; saihestu egin behar da ingurumenera iristea eta erresistentzien arazoa areagotzea.
- Toki egokia. Gomendio orokorra izaten da leku fresko eta lehorretan gordetzea, giroko tenperaturan. Ohiko akatsa izaten da komunean gordetzean, lekua hezean alegia, edo sukaldean, tenperatura aldaketak handiak izaten diren lekuan. Sendagai batzuk hozkailuan gordetzekoak izaten dira. Argibide orrian jarriko du hala denean, eta medikuak edo farmazialariak ere esango digute.
- Iraungitzea. Sendagaietan, iraungitze-datak adierazten du noiz ezin den bermatu behar bezain eraginkorra edo segurua izango denik. “Oro har, gehien-gehienetan ez da egongo segurtasun arriskurik, baina eraginkortasuna galtzeak arazo bat ekar dezake”, dio Caballerok. Sendagai batzuk oso denbora tarte laburrean erabili behar izaten dira ireki ondoren, eta horrek ere arazo handiak eragin ditzake. Hori gertatzen da kolirio askorekin adibidez, eta ontzian ere zehazten dute zenbat egunetarako balio duten. Hauts eran datozen antibiotiko batzuk berrosatu egin behar izaten dira, eta batzuetan, berrosatu ondoren, egun gutxiko iraungitze-data izaten dute. Kasu horietan guztietan, “gomendioa da ontzian bertan idaztea zein egunetan ireki dugun; izan ere, etiketa bat ekarri ohi dute idatzita jartzeko”, azaldu du farmazialariak.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME), Kalterik gabeko Medikazioa izeneko erronkan, sendagaiak modu seguruan erabiltzeko bost une landu zituen, pazienteak eta zaintzaileak motibatu nahian tratamenduan aktiboki parte hartzera eta sendagaiari buruzko edozein zalantza galdetzera.
Sendagaia hartzen hasi AURRETIK
- Zein du izena eta zertarako balio du?
- Zer-nolako ondorioak eduki ditzake eta zer egin behar dut agertzen direnean?
Sendagaia HARTZEAN
- Noiz eta nola hartu behar dut sendagai hau eta zenbateko dosia aldiro?
- Zer egin behar du dosi bat hartzea ahaztuz gero?
Beste sendagai bat ERANSTEAN
- Ongi ulertu al dut beste sendagai bat hartu behar ote dudan?
- Sendagai berri honek eragiten al dio gainerako tratamenduari?
Nire sendagaiak BERRIKUSTEN dituztenean
- Eguneratuta al daukat hartzen ditudan sendagai edo produktu guztien zerrenda?
- Dagoeneko behar ez dudan sendagairen bat hartzen ari al naiz?
Sendagai bat hartzeari UTZI aurretik
- Noiz utzi behar diot sendagai hau hartzeari?
- Sendagaia hartzeari utzi egin behar badiot nahi gabeko ondorioak agertu direlako, non eta nori galdetu behar diot?