Fruta pureak. Ez dira fruta atal baten parekoak
Orain dela urte batzuk ez zegoen fruta pureen poltsatxorik gure inguruan. Ohikoena izaten zen produktu horiek formatu handiagoan merkaturatzea eta beirazko potoetan ontziratuta, koilararekin jateko: haurren pototxo ospetsuak ziren. Baina poltsatxoak lekua hartzen joan dira eta gaur egun haurrek hamaiketako garaian eta askaritan gehien jaten duten produktuetako bat dira.
Erosotasunak eman die arrakasta hori: erraz eraman eta kontsumitzeko produktuak dira. Gainera, irudi ona daukate, produktu seguru eta osasungarri gisa ikusten ditu-eta jendeak. Abantaila besterik ez dutela dirudi, baina hala al da? Aztertu egin ditugu produktu horien alde onak eta ez hain onak, lagungarria izango delakoan erosteko garaian erabaki hobeak hartzeko. Fruta pureen zorrotxoak hautatu beharra dugunean, kontua dezente zaildu daiteke, itxura batean denak berdinak direla dirudi eta.
Zerekin eginak daude?
Bistakoa denez, produktu horien osagaien artean fruta izaten da nagusi. Baina beti ez da egoten modu eta proportzio berean. Zenbaitek, gainera, bestelako lehengai batzuk ere izaten dituzte, adibidez esnea edo irina. Garrantzitsua da etiketa irakurtzea, hor ikusten baita nola osatua dagoen zehatz-mehatz.
Salmenta izenarekin has gaitezke, eta izen hori osagai zerrendaren ondoan agertzen da gehienean. Informazio hori bereziki erabilgarria da elikagai mota batzuetan, erraz jakin dezakegulako sail komertzial jakin batekoa edo multzo espezifiko jakin batekoa den.
Pure hauentzat ez dago sail komertzial berezirik legearen ikuspegitik, baina produktu multzo berezi batean sartuta daude: haurrentzako elikagaiak. Halaxe zehazten da aztertu ditugun guztietan; adibidez, “Haurrentzako elikagaia, fruta purez egina” esaten du Eroski etxekoak edo Haurrentzako elikagaia. Esne hartzitua banana purearekin” Nestlé Yogolinok. Horrek esan nahi du legedi espezifiko baten pean daudela, eta hor baldintza jakin batzuk ezartzen dira, adibidez, gehienez eduki dezakeen mantenugai kopuruaren inguruan.
Osaera zehatz-mehatz
Osagaien zerrendan agertzen dira elikagaia osatzen duten elementu guztiak. Hor ikusiko dugu bakoitza zenbateko proportzioan duen gutxi gorabehera, ordenan emanak egon behar baitute, gehien duenetik gutxien duenera. Gainera, osagairen bat nolabait nabarmentzen bada ontzian –hitzekin edo irudiekin–, esan egin behar da zehazki zenbat duen. Azken hori bereziki erabilgarria da fruta pureetan, horixe baita denek elkarrekin duten ezaugarrietako bat, ontzietan fruta batzuen irudiak edo izenak ageri direla.
Erosketa gida hau egiteko, fruta pureak hautatu ditugu, poltsatxoetan ontziratuak eta merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:
- Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.
- Osagaiak. Kalitate komertziala jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat fruta eta esne duten ikusteko.
- Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
- Prezioa. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
Zenbat fruta daukate?
Aztertu ditugun produktu gehienek fruta asko dute, eta batzuek fruta besterik ez ia-ia. Horixe gertatzen da Smileat, Hero Solo, Eroski eta Gerber etxekoetakoekin. Horietan %99 eta %100 artekoa da proportzioa. Hero multifrutak gailetekin izenekoak ere asko du, %93. Beste batzuetan txikiagoa da fruta proportzioa, bestelako osagai batzuk ere izaten dituztelako; zehazki, Nestlé sagarra, banana eta oloa izenekoak %76 du fruta, Nestlé Party Fruits eta Hero Nutriflorak %45 inguru eta Nestlé Yogolinok %30.
Baina produktu horiek hautatzeko orduan, ez da nahikoa zenbat fruta duten ikustea. Egiaztatu egin behar da ontzian nabarmenduta ageri diren frutak ote diren garrantzitsuenak eta zenbateko proportzioan ageri den horietako bakoitza. Adibidez, Hero Solo sagarra, marrubia, banana eta ahabiak izenekoan, fruta horiek guztiak ageri dira, eta ontziaren aurrealdean, gainera, ordenan adierazita daude, pisuaren arabera. Baina beste produktu batzuetan kontua ez dago hain argi. Esaterako, Nestlé Party Fruits fruta eta gaileta delakoaren aurreko aldean nabarmenduta ageri dira banana eta laranja zatien irudiak, eta banana kopuru aipagarrian duen arren (%40), sagarra da bigarren osagai ugariena, eta agertu ere ez da egiten aurreko aldean. Laranja, gainera, zuku kontzentratu gisa ageri da, eta %5,5eko proportzioan baino ez. Hero Multifrutak izan daiteke beste adibide bat. Aurreko aldean mertxikaren, bananaren eta laranjaren irudiak ageri dira, baina osagaien zerrendan begiratzen badugu, ez du zehazten bakoitza zenbateko proportzioan ageri den. Osotara zenbat duen esaten du, fruta horien eta beste batzuen proportzioak batuta, adibidez sagarrarena eta laranja eta limoi zukuena (%93), eta argitu egiten du “proportzio aldakorrean” dituela. Osagaien berri emateko modu hori onartu egiten du legediak, baina eskaintzen den informazioa ez da behar bezain osatua.
Jogurta dirudi baina ez da
Aztertu ditugun bi produktutan oso fruta gutxi dago, eta horren azalpena hauxe da: esnekiak daramatzatela osagaien artean. Nestlé Yogolino delakoak, esaterako, esne hartzitua du %65, eta Hero Nutriflorak %25 jogurt pasteurizatua. Bi produktu horietan nahasgarriak izan daitezkeen mezuak ageri dira. Nestlé etxekoak, esaterako, “Yogolino” marka darabil, eta horrek pentsaraz dezake produktuak jogurta daukala, baina ez da hala. Hero Nutriflorak “jogurt” hitza ageri du aurrealdean, eta izarño bat ondoan, argibideak emateko ohar batekin, letra txikiz; hor esaten du hartzitu ondoren pasteurizaturiko jogurta dela.
Jogurtik ez daukate ez batak eta ez besteak, legearen ikuspegitik izen hori erabiltzeko Lactobacillus bulgaricus eta Streptococcus thermophilus bakterioekin hartzitua egon behar baitu esneak; azken produktuan, gainera, modu bideragarrian agertu behar dute eta gutxienez 1 x 107-ko kolonia gramo edo mililitro bakoitzeko. Baldintza horiek ez dira betetzen produktu horietako bakarrean ere, elaborazio prozesuan pasteurizatu egiten dituztelako, eta ez da gelditzen hartzigarri bideragarririk. Hori dela eta, Hero Nutriflora izenekoaren osagai zerrendan ez da agertzen “jogurt” hitza, “hartzitu ondoren pasteurizaturiko jogurta” baizik. Nestlé Yogolino delakoan, gainera, segur aski ez dituzte bakterio horiek erabili izan esnea hartzitzeko, eta horregatik azalduko da osagaien zerrendan “esne hartzitua” terminoa eta ez “hartzitu ondoren pasteurizaturiko jogurta”.
Azken batean, esnezko osagai horiek ez daukate hartzigarri bizirik, eta, beraz, ez dira jogurtaren parekoak eta ez daiteke adierazi izen horrekin.
Gisa honetako produktuak oso erosoak direla pentsatu ohi dugu, ez dutelako hozkailuan egon behar, nonahi har ditzakegulako mahai tresnari gabe, erraz eramatekoak direlako, merkeak, osasungarriak eta fruta freskoaren parekoak. Baina ez dira uste izaten dugun bezain osasungarriak, eta ez dira, halaber, fruta freskoaren baliokideak. Alderaketak egiten hasita, fruta freskoa ere (udare bat, esaterako) erraz eramaten da eta erraz jaten, ez da hozkailu eta mahai tresnarik behar, askoz ere osasungarriagoa da eta baita askoz merkeagoa ere. 250 gramo inguruko udare bat 50 zentimo kostatzen da, hau da, 20 zentimo 100 gramo bakoitzeko, eta aztertu dugun produkturik merkeenak, berriz, dezente gehiago balio du: 69 zentimo 100 gramok.
Zer daukate fruta gutxien duten produktuek?
Itxuraz fruta gutxien duten beste produktuak honako hauek dira: Nestlé sagarra, banana eta oloa eta Nestlé Party Fruits. Lehenbizikoan esaten denez, %60 da sagarra, %16 banana eta %2,4 osoko oloa, baina, horretaz gain, mahats zukua eta ura ere baditu, kopuru aipagarrietan gainera. Biak ere beste osagaien tarteko kopuruetan, %16 eta %2,5 artean.
Nestlé Party Fruits delakoak bananaren proportzioa (%40) eta laranja zukuarena (%5,5) bakarrik adierazten ditu, baina osotara %45,5 baino gehiago dauka fruta, sagarra ere badu eta, nahiz eta ontzian ez duen nabarmentzen (ondorioz, ez du azaltzen zenbat duen). Jakin dezakegun gauza bakara da %40aren eta %5,5aren artean dabilela, zehaztasun gehiagorik gabe. Produktu horrek ura ere asko samar dauka, nahiz eta hor ere ez dezakegun jakin zenbat. Gailetak ere baditu osagaien artean (%4), arto irinez, arroz irinez eta esnez eginak.
Nutrizio arloko informazioa
Nutrizio arloko informazioa da etiketan begiratu behar den hirugarren elementua erosketa egin aurretik. Frutaz egindako produktuak direnez, karbohidratoak dira alderdirik aipagarriena. Haurrentzako elikagaiak izaki, legediak (490/1998 ED) esaten du frutaz bakarrik eginda dauden plateretan mantenugai horren proportzioa ez daitekeela izan %20tik gorakoa, eta baldintza hori egoki betetzen dute aztertu ditugun produktu guztiek. Gutxien duenak %12 du, Hero Solo sagarra, marrubia, banana, ahabiak izenekoak, eta gehien duenak %18, Eroski etxekoak.
Horrek esan nahi du, gainera, produktu horiek ia ez dutela gatzik, proteinarik eta gantzik. Ildo horretan, gainerakoek baino gantz eta proteina gehiago dutenak Nestlé Yogolino eta Hero Nutriflora dira, esnekiak dituztelako osagaien artean, nahiz eta kopurua ez izan oso handia. Nestlé etxekoak %2,2 du gantza eta %2,2 proteinak, eta Hero etxekoak %1,6 gantza eta %1,9 proteinak. Hero multifrutak gailetekin eta Nestlé Party Fruits fruta eta gailetako delakoek ere badute proteina, %1,4 lehenak eta %1 bigarrenak, irina daukate-eta osagaien artean, nahiz eta kopuruak oso txikiak diren.
Fruta atal fresko bat askoz ere gomendagarriagoa da, bereziki haurrentzat, bai nutrizioaren ikuspegitik eta bai heziketaren ikuspegitik ere. Nutrizioari dagokion alderdia bakarrik hartuta, pure hauek azukre libreak dituzte, eta murtxikatzeko beharrik ez dagoenez, ez dute asetzen eta goserik kentzen. Baina beste alderdi batzuk ere kontuan hartu beharra dago. Haurtxoaren lehen 12 hilabeteetan, amaren esnea izaten da elikagairik garrantzitsuena, edo formulakoa bestela. Gainerako guztia elikadura osagarria esaten zaionaren barnean sartzen da.
Elikadura osagarriaren funtzioetako bat izaten da mantso-mantso mantenugaiak ematea haurrari, eta garrantzitsua da kalorikoak izatea; hortaz, nahiz eta beti den ideia ona fruta eskaintzea, hobe da bestelako elikagai batzuei ematea lehentasuna. Gainera, elikagai horiek sartzen ditugunean, helburu garrantzitsuenetakoa izaten da haurra ohitzen joan dadila horietara: zapore berriak aurkitu eta dasta ditzala, testura eta lurrin berriak, murtxikatzen has dadila (nahiz eta hortzik ez eduki) eta, azken batean, ahosabaia hezten joan dadila. Jateko moduko frutak eskaini ahal dizkiogu horretarako, berak bakarrik jan ditzakeenak ere bai (beti heldu batek zainduta), hau da, eztarrian trabatzeko arriskurik ez dutenak. Saihestu egin behar dira mahatsak eta sagar gordina, baina beste batzuk egokiak izan daitezke, adibidez udarea eta banana. Ez dago adin jakinik horretan hasteko. Haurra prest dagoela esaten da eserita jarri eta tente eusten dionean, estrusio bidezko erreflexurik ez duenean (solidoak ez dituenean baztertzen mihiarekin) eta eskua ahora eraman dezakeenean.
Fruta freskoaren ordez zorroko fruta pureak hautatzen baditugu, ez du antzemango fruta bakoitzaren benetako zaporea. Produktu horietan denak nahasita egoten dira eta zaporea ez da fruta atal batek izaten duena, tratamendu termikoa ematen dietelako eta, gainera, batzuetan bestelako osagai batzuk ere izaten dituztelako, adibidez irinak edo limoi zukua. Eta elikagai solidoen testurara ere ez da ohituko. Hau da, ez da nutrizio kontua bakarrik, elikadura arloko heziketak ere badu zeresana.
Azukrea gora eta azukrea behera
Produktu horien guztien gauzarik aipagarriena azukre kantitatea da. Gutxien dutenetan ere (Hero Nutriflora, Nestlé Yogolino eta Nestlé sagarra, banana eta oloa), %6,5etik %8,8ra doaz proportzioak. Gehien dutenak, berriz (Smileat banana eta marrubia, Gerber eta Eroski), %13 eta %14 artean dabiltza.
Nagusiki fruta kantitateari zor zaizkio aldeak; hau da, zenbat eta fruta gehiago eduki, mantenugai hori ere orduan eta kopuru handiagoetan izango dute. Adibidez, Hero Nutriflora, Nestlé Yogolino eta Nestlé sagarra, banana eta oloa dira fruta gutxien dutenak (%30-76) eta berdin azukreak ere (%6,5 eta %8 artean); fruta gehien dutenak Smileat banana eta marrubia, Gerber eta Eroski dira, hirurek ere %100 inguru dutela, eta azukre gehien ere horiek dute (%13-14). Fruta motak ere badu nolabaiteko eragina, eta horrek azaltzen du fruta %100 inguru duten beste batzuetan, adibidez Hero Solo marrubia eta banana delakoan, zertxobait gutxiago izatea azukreak (%11).
Hein batean kontraesan bat sortzen du horrek hautatzeko garaian; izan ere, produktuak fruta asko izatea gauza ona da itxuraz, baina horrek esan nahi du azukreak ere asko izango dituela, eta hori ez da hain ona. Ildo horretan, argitu beharrekoa da gure dietako azukre guztiak ez direla berdinak. Badakigu, adibidez, azukre erantsiak ez direla gomendagarriak. Baina pure hauetako azukrea ez da era horretakoa. Aztertu ditugun produktuetan ageri diren azukreak ez dira ekoizleak erantsiak, osagai gisa erabili diren elikagaiek berez dituztenak dira; hau da, batez ere frutetatik datoz. Horregatik, produktu horietako askoren ontzian gisa honetako mezuak agertzen dira: “Azukre erantsirik gabea”. Dena den, ez da gauza bera fruta atal oso baten azukreak hartzea edo fruta pure batenak.
Fruta osoan, elikagaiaren matrizean egoten dira azukreak, adibidez zelulen barnean, eta horiek mantsoago metabolizatzen eta xurgatzen ditugu, eta horien kontsumoak ez dakar arriskurik osasunerako. Berezko azukreak esaten zaie horiei. Fruta pureetan, aldiz, azukreak modu librean daude, birrintzen dituztenean atera egiten direlako elikagaiaren zeluletatik eta matrizetik, eta horiek azkarrago xurgatzen eta metabolizatzen ditugu aurrekoak baino. Hori dela eta, azukre libreak maiz samar edo gehiegizko kopuruan hartzea arriskutsua izan daiteke osasunerako, eta horiek saihestea komeni da.
Zukuetan ez bezala, pureetan zuntz gehixeago izaten da, eta hori jakinik, zientzialari batzuek diote azukreen erdiak bakarri direla libretzat jotzekoak, nahiz eta beste batzuek ez duten egiten halako bereizketarik. Nolanahi ere, argi dago pure horiek ez direla aukerarik onena haurrentzat eta, batez ere, ez direla, inondik ere, fruta osoaren parekoak. Ez bakarrik azukre asko dutelako, baita beste alderdi batzuk ere ez dituztelako berdinak (adibidez, pureak murtxikatu beharrik ez dagoenez, ez dute hainbeste asetzen). Beste modu batean esanda, askoz ere gomendagarriagoa da fruta atal bat jatea eta ez fruta pure bat hartzea.
Nolanahi ere, hautatzen hasita, osagai noble gehien dutenak bereizi behar genituzke besteen aurretik (fruta eta esne hartzitua dutenak, esaterako), eta azukre gutxien dutenak.
Eztitzaile mozorrotuak?
Esan dugu aztertu ditugun produktu hauek ez dutela azukre erantsirik. Baina arreta berezia jarri behar zaie horietako biri. Nestlé sagarra, banana eta oloa da lehenbizikoa, zeinak mahats zukua duen. Osagai hori ohiko azukrearen (sakarosaren) ordez darabilte zenbait ekoizlek produktuei gozotasuna emateko eta irudi onari eusteko. Egiaz, azukre libreak eransten ditu, fruta zuku gisa izan arren. Hori dela eta, osagai mota hori erabiltzen denean helburu hori lortzeko, legeak ez du onartzen “azukre erantsirik gabea” mezu jartzea ontzian, baina produktu horretan ageri da. Baina ez dago frogatzeko modurik ekoizleak helburu horrekin erabili duela osagai hori, eta, beraz, ez dezakegu esan legedia urratzen duen edo ez.
Deigarria den beste alderdi bat ere badago: Hero Nutriflora izenekoak txikoriaren zuntza darabil, itxura batean zuntza eransteko produktuari. Gozotasuna emateko ere erabiltzen du osagai hori ekoizle askok, inulina duelako, gozo zaporeko substantzia bat. Frutari eta oloari inulina gehituta, produktu horrek %3 dauka zuntza, beste guztiek baino gehiago. Gutxien duenak, Smileat banana eta marrubia, %0,5 dauka, eta gehien duenak %2 (Gerber). Zertaz ari garen jabetu gaitezen, sagarrak, laranjak eta kiwiak %2,5 eta %3 artean izaten dute zuntza.
- Adi proportzioei. Garrantzitsua da ikustea zein lekutan ageri diren osagairik estimatuenak eta zenbat daukaten bakoitzetik, zehazten bada. Frutei eta esnekiei buruz ari gara.
- Saihestu hain gomendagarriak ez diren osagaiak. Begiratu ezazu osagaien zerrendan eta egiaztatu ez daukatela irin findurik edo fruta zukurik.
- Erreparatu azukre kantitateari. Nutrizio arloko informazioan zehazten da zenbat azukre duen. Zenbat eta gutxiago izan, hainbat hobeto.
Nutri-score eta haurrentzako produktuak
Nutri-Score sistema ez dago egokitua haurrentzako elikagaietara, adin txikiko haurrek (0 eta 3 urte artekoek) nutrizio beharrizan desberdinak dituztelako gainerako herritarren aldean, bereziki hartu beharreko gantz kopuruari dagokionez. Oraingoan, beraz, Nutri-Score sistemaren puntuazioa ez dugu kontuan hartu produktu hauen azken sailkapena egiteko garaian.
Kontuan hartu behar da, ordea, adin handiagoko pertsonek ere kontsumitzen dituztela zorrotxo horiek (haur nagusiagoek edo adin handiko pertsonek, adibidez), eta horregatik, populazio talde horiei informazioa eskaintzeko, Nutri-Score sisteman zer-nolako puntuazioa lortuko zuketen aztertu dugu. A nota lortuko lukete guztiek, Nestlé Yogolino eta Nestlé Party Fruits delakoek izan ezik; horiek B nota izango lukete. Puntuazio horiek lortzeko arrazoi nagusia fruta kopurua izango litzateke, ezaugarri ontzat jotzen baitu Nutri-Score sistemak; azukreak kaltegarritzat jo arren, frutarekin aise orekatzen da balorazioa. Puntuak kentzen dituzten bestelako osagairik ere ez daukate: ia ez dute kaloriarik, gatzik ez dute ematen eta gantz saturaturik ere ez, salbu eta esnea daukaten produktuek, baina horietan ere ez da kopuru aipagarrietan ageri mantenugai hori.
Kalitate-prezioak
Aztertu ditugun produktuen prezioa 1,14 €-koa da batez beste 100 gramo bakoitzeko, baina alde nabarmenak daude batzuen eta besteen artean. Merkeenak Eroski (0,69 €) eta Nestlé Party Fruits (0,91 €) dira, eta garestienak, berriz, Smileat banana eta marrubia (1,31 €) eta Hero Nutriflora (1,49 €). Ez dago ageriko arrazoirik prezioetan halako aldeak izateko; hortaz, prezioa kontuan hartzen badugu eta frutak eta esnekiak zenbateko kopuruetan dituzten aztertzen badugu, Eroski, Gerber eta Nestlé Yogolino izango lirateke produkturik onenak, eta kaskarrenak, berriz, Hero Nutriflora, Nestlé Party Fruits eta Nestlé sagarra, banana eta oloa.
Aztertu ditugun produktuen artean hiru multzo egin ditzakegu: frutak nagusi diren pureak, Eroski, Hero Solo eta Gerber; esnekiak ere badituztenak, Hero Nutriflora eta Nestlé Yogolino; eta hirugarren multzoan, gailetak ere badituztenak, Nestlé Party Fruits eta Hero Multifrutak gailetekin.
Aztertu ditugun produktuetan, bakar batek ere ez ditu azukre erantsiak, hirugarren multzo horretakoek ere ez. Azken horietan, gaileten proportzioa txiki samarra da (%4koa eta %6,5ekoa), baina irin finduak dituzte eta, batez ere, pentsaraz dezakete gailetak osasungarriak direla, frutekin doazelako. Horrexegatik, horiek izango lirateke produkturik kaskarrenak.
Esnekiak dituzten produktuen artean, Nestlé Yogolino izango litzateke aukerarik onena, esneki gehiago duelako eta merkeagoa delako Hero Nutriflora baino. Nutrizioaren ikuspegitik, horiek hobeak dira frutarekin bakarrik eginak daudenak baino, azukre libre gutxiago dutelako (esnekien azukreak ez dira libretzat hartzen). Ikuspegi ekonomikotik, zertxobait garestiagoak dira.
Frutekin bakarrik egindakoen artean, Eroski eta Gerberi dira gomendagarrienak, fruta asko dutelako, ia %100, eta merkeagoak direlako. Fruta pure guztiak kontuan hartuta ere, horiek lirateke aukerarik onenak.
Osaeran dituzten aldeak gorabehera (adibidez, azukre kantitatea), produktu horien gauzarik garrantzitsuena heziketari loturikoa da, bai ikuspegi organoleptikotik eta bai ohituren ikuspegitik ere. Hau da, haurrak urrundu egin ditzakete dieta osasungarri batetik, pureekin ordezkatzen direlako fruta freskoaren zaporeak eta testura, eta fruta freskoa jatera ohitu beharrean produktu prozesatu eta ontziratuak jatera ohitzen direlako.