Ortorexia

Modu osasungarrian jan nahi, eta burua galdu

Hasieran, azukre gutxiago hartzeko pausoak ematen dira, frijituak saihestea erabakitzen da edo produktu freskoak bakarrik jatea. Modu osasungarriagoan elikatzeko urratsak dira, baina muturreraino eramanez gero, jarrera zurrun eta obsesiboa sor daiteke janariarekin.
1 azaroa de 2022

Ortorexia. Modu osasungarrian jan nahi, eta burua galdu

Asmorik onenekin hasten da guztia: modu osasungarrian elikatzea. Jende askok hartzen du erabaki hori egunero, osasuntsu egoteko moduan elikatu nahi izaten duelako hain zuzen. Murriztu egiten dituzte batere gomendagarriak ez diren elikagaiak, adibidez opil industrialak edo zenbait ultraprozesatu, kopuru handietan ematen dituztenak gantz saturatuak, gatza edo azukrea, eta maizago jaten dute fruta, berdura, fruitu lehorrak eta, oro har, modu osasungarrian kozinaturiko produktu freskoak (lurrunetan, plantxan, papillote eran…). Arazoa etortzen da erabaki hori zurrunegia izatera heltzen denean eta ongi jateko asmoa izatetik obsesio izatera pasatzen denean, arau oso murriztaileak betetzen dituzten jakiak bakarrik onartzeraino. Ortorexia urduria da, askotan ortorexia esaten zaiona besterik gabe. 

Ez da kantitatea, ‘kalitatea’ baizik

Termino berri samarra da ortorexia urduria. Steven Bratman medikuak erabili zuen lehen aldiz, 2000. urte hasieran. Health Food Junkies liburua argitaratu zuen (Janari osasungarriaren jonkiak), eta nutrizioaren arloan garai hartan oso modakoak ziren joera batzuk aztertu zituen, adibidez dieta krudibeganoa edo obolaktobegetarianoa. Janari osasungarriarekiko obsesio gisa definitu zuen Bratman-ek ortorexia, eta esan zuen egoera horretan direnak itsutu egiten direla modu osasungarrian jan nahiarekin, erabat baztertzeraino haiek osasungarritzat jotzen ez dituzten jakiak. Eta hauxe da gakoa: pertsona bakoitzak erabakitzen du, bere ikuspegian oinarrituta, zer den osasungarria eta zer-nolako elikagaiak (edo mantenugai jakinak) baztertu behar dituen. Eta janariaren inguruko sinesmen okerrak ere bereganatzen ditu. 

Era horretako profilak ikusten ari dira nutrizionistak eta psikologoak beren kontsultetan. Paziente horiek onartu egiten dute produktu organiko eta ekologikoekin bakarrik elikatzen direla eta higieneari eta elaborazioari loturiko baldintza jakinak betetzen dituztenekin. Baztertu egiten dituzte ultraprozesatu guztiak, etxean kozinatuta ez dauden elikagaiak eta, batzuetan, baita beren baratze edo etxaldetik ez datozenak ere, beldur direlako pestizida, metal astun edo arriskutsutzat jotzen duten beste edozein elementurekin “pozoituta” hilko direla.  Nahasmendu hori pairatzen duten pertsonen izaeran, badira anorexia jasaten dutenek izaten dituzten ezaugarrien arrasto batzuk. “Desberdintasun nagusia da horien fokua ez dela elikagaien kantitatea, kalitatea baizik. Gainera, ez dira obsesionaturik egoten pisuarekin, eta itxura fisikoan ere ez dute ageri distortsiorik”, adierazi du Maria Rojas Marcos psikologoak, zeina espezializatua dagoen elikadura arloko jokabideen nahasmenduetan (EJN).

Irizpide argi baten falta

Psikologo eta nutrizionista askok ortorexiaz hitz egiten duten arren, Buru Nahasmenduen Diagnostikoa eta Estatistika egiteko Eskuliburuak (DSM-5) ez du onartzen elikadura arloko jokabideen nahasmendu bat denik ortorexia, eta horixe da gida ofiziala nahasmendu psikologikoa zer der eta zer ez zehazteko. 5. argitaraldia izan da azkena, 2016koa, eta hor ere ez dute jaso. 

Oztopo handiena da ez dagoela neurgailu bakarra eta komunitate zientifiko guztiak onartzen duena. Hasieran, Bratman-ek 10 puntuko galdetegi bat ezarri zuen ortorexia urduriaren diagnostikoa egiteko, eta honelako alderdiak aztertzen zituen: hiru ordu baino gehiago ematea zer jango duen eta nola prestatuko duen pentsatuz, norbera bezala elikatzen ez direnak baino gehiago sentitzea edo dieta zorrotz egitea eta erabat kentzea zenbait elikagai. Handik gutxira, psikologo talde batek beste galdetegi bat landu zuen, 15 punturekin (ORTO-15), eta gaur egun horixe da tresnarik erabiliena norbaitek ortorexia urduria duen edo ez erabakitzeko. 

Psikologoen komunitatean, ordea, ez dago erabateko adostasunik. Badira bertsio laburtuak, adibidez ORTO-11, Eating Habits Questionnaire delakoa (elikatzeko ohiturei buruzko galdetegia) eta diagnostikoa egiteko beste tresna batzuk, Teruel Eskala esaterako, zeina Zaragozako Unibertsitatean landu duten Juan Ramon Barrada eta Maria Roncero irakasleek. Galdetegi horretan, batez ere ondorio emozional patologikoetan jartzen da arreta, adibidez janariak atsekabea sortzen duen, antsietatea, estresa eta zenbaterainoko zurruntasuna daukan elikatzeko ohiturak aldatzeko. 

Ikertzaile horien esanetan, dena den, zorroztasun gehiago behar da neurketak egiteko tresnak zehazteko garaian, eta onartzen dute testak egiteko onespena ematen duten populazio laginetan askoz gehiago direla emakumeak. Datu hori ez da kontuan hartzen askotan, eta okerreko ondorioa atera dezake norbaitek; hau da, pentsa liteke ortorexia urduria ohikoagoa dela emakumeetan, baina ez da hala.

Osasungarria edo ortorexia?

Harvard-eko Osasun Publikoko Eskolak esaldi batzuen adibideak argitaratu ditu, eta horien bidez bereizi egin daiteke zer den modu osasungarrian jatea eta zerk sorraraz dezakeen nahasmendu bat.

MODU OSASUNGARRIAN JATEA ORTOREXIA URDURIA
Otorduak astean behin planifikatzen ditut erosketa zerrenda bat egiteko eta hurrengo asteko otorduak prestatzeko, gero denbora gehiago izan dezadan. Egunean 3 ordu baino gehiago ematen ditut zer jango dudan pentsatzen eta otorduak planifikatzen.
Ikasten ari naiz zer-nolako elikagaiak diren onuragarriak osasunerako eta sartu egiten ditut dietan, baina ez daukat arau berezirik, eta noizbehinka onartzen ditut hain gomendagarriak ez diren elikagaiak ere, gozatu egiten dut eta. Modu osasungarrian jateko, elikagai gehiago baztertu behar dut eta elikatzeko arau gehiago sortu.
Balioa ematen diot nutrizioari, baina janariak ez badu zapore ona, oso litekeena da ez jatea, ongi dakit-eta elikagai asko dagoela aukeratzeko, goxoak eta osasungarriak. Nire janariaren nutrizio balioa garrantzitsuagoa iruditzen zait zapore ona izatea baino.
Elikagai osasungarriak maiz jateak ongi sentiarazten nau, energia gehiagorekin eta digestio hobearekin. Hobeto sentitzen naiz neure buruarekin eta konfiantza gehiago dut neure buruarengan elikagai oso osasungarriak jaten ditudanean.
Badakit jatetxeetako otorduek neurria behar dutela, baina gozagarri zaidana eskatzen dut eta arretaz jaten. Asko kostatzen zait jatera ateratzea, askotan menuan ez baitut aurkitzen nire dietara egokitzen den ezer.
Ulertzen dut beti ez dezakedala bete modu osasungarrian elikatzeko daukadan plana (bidaian joan eta elikagai aukera mugatua dagoenean, adibidez), baina ahalik eta ongiena egiten dut eskura dagoenarekin elikatzeko. Errudun edo larrituta sentitzen naiz modu osasungarrian elikatzeko plana bete ez dezakedanean.
Ongi sentitzen naiz modu osasungarrian jaten, baina ez da neure buruarekin bakean egoteko arrazoi nagusia. Neure buruarekin bakean eta erabateko kontrolean sentitzen naiz modu osasungarrian jaten dudanean.
Nire dietaren kalitatea hobetu egin da, baita nire harremanak, lana eta eskola ere, energia gehiago daukadalako eta lanean kontzentratu egiten naizelako. Zoriontsuagoa naiz nire familiarekin eta lagunekin. Hobetu egin da nire dietaren kalitatea, baina eragina izan du nire bizitzako zenbait arlotan, adibidez harremanetan, lanean eta eskolan, denbora eta kontzentrazio asko eskatzen dit eta. Denbora gutxiago pasatzen dut familiarekin eta lagunekin.

Instagram efektua

Gure gizarteak sekulako pisua ematen dio itxurari, eta zer esanik ez gaur egun, dena sare sozialetan agertu behar horrekin. Ez da nahikoa itxura ona izatea. Modu osasungarrian jan behar da eta, gainera, polita izan behar du. Zehazki, Instagram aipatzen dute adituek, zerikusia izan dezakeelakoan ortorexia urduriaren kasuetan izan den gorakadan; plataforma horrek, izan ere, izugarrizko eragin bisuala du, eta gero eta profil gehiagotan ageri dira itxura paregabeko elikagaien argazkiak. Halaxe nabarmentzen du Londresko Unibertsitateak 2017an egin zuen ikerlan batek, non 680 gazte galdekatu zituzten, elikadurarekin zerikusi duten profilen jarraitzaileak guztiak. Ikerlan horren arabera, sare sozialetan zenbat eta denbora gehiago pasatu gisa horretako edukietan nabigatzen, orduan eta erabiltzaile gehiagok ageri dituzte ortorexia urduriaren zantzuak, ORTO-15 galdetegia kontuan hartuta. Twitter-en, aldiz, nagusiki hitzetan oinarritzen den sarea delako eta ez irudietan, harremana oso txikia zen. Ikerlanean parte hartu zuen populazioaren artean, %49koa izan zen ortorexia urduriaren intzidentzia, herritar guztien artean izaten duena baino nabarmen handiagoa (<%1).

Pazientearen profila

Elikadura arloko jokabideei dagozkien beste nahasmendu batzuekin gertatzen den bezala, ortorexia urdurian ere zenbait faktore elkartzen dira. Nahasmendu berria izaki eta oraindik ere ez dagoenez oso garbi eta modu unibertsalean tipifikatua, zaila da zehatz jakitea zenbat pertsonak pairatzen duten. Nahiz eta ez dagoen azterketa epidemiologiko erabatekorik, ezaugarri batzuk errepikatu egiten dira, adibidez perfekziorako joera izatea, zantzu obsesibo batzuk agertzea edo gorputz pisua kontrolpean mantentzera eta modu osasungarrian jatera behartuta dauden pertsonak izatea, adibidez modeloak, aktoreak eta kirolariak.

“Beste zenbaitetan, une jakin batean jarritako dieta izaten da sorburua, bere garaian nutrizio arloko neurri batzuk hartu behar zirelako gaitzen bati aurre egiteko. Beste batzuetan, dieta osasungarriagoa egin nahia izaten da, besterik gabe”, azaldu du Iria Rodriguezek, Endokrinologia eta Nutrizioko espezialistak. Ez duenez zerikusirik pisu galerarekin edo gorputz masaren indize jakin batekin, ez da erraza arazo bat dagoela ohartzea. Kanpotik begiratuta, pentsa liteke beren burua asko zaintzen duten pertsonak direla eta borondate handikoak ere bai elikagai batzuen tentaldiari men ez egiteko.

Barnetik, ordea, oso bestelakoa izaten da egoera. “Zurruntasuna edo malgutasun falta izaten dute dietan, eta psikologikoki hondatu egiten dira eta antsietatea edo estresa agertzen zaie. Jokabide sozialari eragiteraino irits daiteke, eta utzi egin diezaiokete etxetik kanpo jateari”, ohartarazi du Rodriguez doktoreak. Elikagai horiek hain modu zorrotzean mugatzeak bestelako patologia batzuk ere agerraraz ditzake, adibidez gabeziak izatea bitamina eta mineraletan, gorabeherak hilekoan, osteoporosia eta baita desnutrizioa eta pisu eskasa ere. Askotan, sintoma horiek pizten dute alarma, eta orduan jotzen dute pertsona horiek laguntza eske profesionalengana. Batez ere, dietista-nutrizionistarengana edo psikologoarengana.

Zurruntasunetik profesionalen aholkuetara

Baina nola erakutsi ongi jaten inork baino hobeto jaten duelakoan dagoen norbaiti? Pablo Ojeda dietista Gizentasuna Ikertzeko Espainiako Elkarteko kidea da (SEEDO), eta hark esan duenez, era horretako pazienteekin lantzen duen lehen gauza janariaren inguruko ikuspegia da, ona eta txarra bereizteko joera. “Ohikoa izaten da erabat zurruna den norbait aurkitzea, plantxan egindako xerrak eta entsalada besterik jaten ez duena. Edo bio jakiak bakarrik, organikoak edo gutxi prozesatuak. Horretan zerikusi handia izan du real-food delakoak. Kontzeptu gisa oso ingi dago, baina muturreraino eramanda oso mugimendu arriskutsua da, janaria obsesio bihurtzen duelako”, azaldu du Ojedak.

Nabarmentzen du lehentasuna eman behar zaiela elikagai freskoei, otordu goxo eta askotarikoak prestatu behar direla etxean, baina ahaztu gabe janariarekin gozatu ere egin behar dela eta interakzio sozialak oso garrantzitsuak direla. “Maiztasunaren kontzeptua lantzen dugu. Elikagai batzuk maiztasun handikoak izango dira, ekarpen handia egiten dutenak nutrizioaren ikuspegitik eta otorduen %80-85ean hor egon behar dutenak”, azaldu du Ojedak. Fruta eta berdurak adibidez, baina baita dilista eltzekari bat edo oilasko erre bat ere. “Beste %15 bat gelditzen da hain beharrezkoak ez diren elikagaientzat, eta horiek ere, ongi kokatuta gure elikaduraren testuinguru orokorrean, lagungarriak dira oreka emozionalerako eta bizitza sozial normalerako. Ez dezagun ahaztu hamaiketako bat familian egitea edo lagunekin pizza bat hartzera ere jatea dela gure kulturan”, azpimarratu du nutrizionistak.

Ongi jan nahian, gaizki bukatu

Azken hamarkadan areagotu egin da bizimodu osasungarria egitearen aldeko interesa. Kontua ez da gizentasuna saihestea bakarrik. Elikadurarekin ere asmatu egin behar da, ongi sentitzeko eta osasun hobea izateko, nahiz eta batzuetan ikuspegi muturrekoetatik eta baztertzaileetatik egin. Zenbait ospetsu hasi ziren horrelako kontuekin, Miranda Kerr, Jessica Alba eta Gwyneth Paltrow besteren artean. Horiek guztiek gauza bat dute elkarrekin: itxuraz osasungarriak diren dietak egiten dituzte, eta baztertu egiten dute elikagai multzoren bat, izan esnekiak, zerealak, azukreak edo animalia jatorrikoak.

Mezu baztertzaile horiek iritsi egiten dira, bereziki gazteenengana. “Pisako Unibertsitateak egin berri duen ikerketa batek erakutsi du aztertu dituzten gazteen erdiek baino gehiagok arriskua dutela gisa horretako jokabide obsesiboak izateko janari osasungarriarekin”, azaldu du Rojas Marcos psikologoak. Gurasoak edo bizikideak izaten dira lehenak susmoa hartzen eta zerbait ongi ez dagoela antzematen otorduetan gainerakoekin egoteari uko egiten diotenean, haiek jango dutena haiek kozinatzen dutenean edo irteteari uko egiten diotenean erosketak egitera joan behar dutelako edo kozinatu egin behar dutelako. “Dieta gero eta murriztaileagoari erantsi egiten zaizkio erruduntasunaren sentipenak beren helburua lortzen ez dutenean. Mantso-mantso, obsesionatu egiten dira, saihestu egiten dituzte lagunarteko bilerak, ez dutelako azalpenik eman nahi hau edo hura ez jateagatik, eta azkenerako isolatu egiten dira”, adierazi du psikologoak.

Gehiegizko autokontrol horrek estres handia eragiten du. Epe motzean umore aldaketak eta haserrekortasuna agertzen dira. Denborarekin, antsietate edo depresio bihur daiteke. “Gainera, balio izatearen kontzeptu distortsionatu bat garatzen dute beren arauak betetzen dituzten edo ez dituzten kontuan hartuta”, azaldu du. Autoestimua ahuldu egiten zaie eta obsesioak gora egiten du beren buruei ezartzen dizkieten arau horiek betetzeko. Mugatu egiten dituzte pertsonen arteko interakzioak eta pertsona asko isolatu egiten dira beren ingurutik. Zenbaitetan, paradoxa bat gertatzen da: beren profil sozialek milaka jarraitzaile izaten dituzte, haien ustezko dieta osasungarria miresten eta goraipatzen dutenak.

Nolako harremana izan janariarekin

Pertsona horien ikuspegitik, hutsegite baten parekoa izan daiteke profesional bati laguntza eskatzea, izan nutrizionista edo izan psikologoa. Batzuentzat amore ematea ere bai inguru hurbilaren presioei (guraso, entrenatzaile edo lagun). “Haiek ikusarazten diete janariarekin duten zurruntasuna oztopo bat dela sozializatzeko. Ez daitezke joan leku askotara jatera, epaituak sentitzen dira eta iruditzen zaie ez dituztela ulertzen. Bizi diren pertsonekin gatazka gehiago izaten dute horren eraginez”, adierazi du Rojas Marcosek. Amore eman eta psikologoarengana joatea onartzen dutenean, gatazka arintzeko tresna bila jotzen dute, ez arazo bat dutela sinetsita.

Rojas Marcos psikologoak nabarmendu duenez, “badago modua ortorexiatik ateratzeko, baina elikadura arloko jokabideei loturiko beste nahasmendu batzuk baino zailagoa da antzematen eta prebenitzen”. Nahasmendu gisa tipifikatua ez dagoenez eta protokolo bat eta bakarra ez dagoenez ortorexia urduriari aurre egiteko, ez dago jakiterik zenbatekoa den sendatze tasa eta batez beste zenbat denbora behar izaten den. Psikologo edo nutrizionista bakoitzak berari egokien iruditzen zaizkion teknikak erabiltzen ditu kasu bakoitzean. “Helburua da ohitura eta ikuspegia aldatzea elikatzeko garaian. Horregatik lan egin behar da hasieratik pazientearekin eta dieta orekatu bat egin dezala lortu, ohitura egiaz osasungarriekin, muturreko joerarik eta obsesiorik gabe, malgutasuna sustatuz, jokabidea aldaraziz jabetu dadin egiaz zer den garrantzitsua haren ongizaterako eta zer den onuragarria oreka fisiko eta emozional ona edukitzeko”, argitu du psikologoak.

Maria Rojas Marcosek azpimarratzen du oso garrantzitsua dela nutrizioan aditua den espezialista batekin lankidetzan aritzea. “Pazienteak erreferente bat behar du, argudio sendoak eta ongi oinarrituak emango dizkion norbait, mantso-mantso berriz ere menuan sartzen joan dadin kendu dituen elikagaiak”, azaldu du. Iria Rodriguezek ere baieztatu du nahasmendu horrek baduela sendabidea, eta prebentzioan lan egitearen beharra azpimarratu du. “Nutrizio arloko heziketa batekin egiten zaio aurre, iturri fidagarriak erabilita, eta ez zorroztasunik ez duten informazioak, gaur egun sare sozialen bidez zabaltzen diren horiek”, adierazi du. Informazioaren aroan, izan ere, iturri egokiak bilatzea da osasuna zaintzeko modurik onena, egiatik gutxi duten hainbat kontu zabaltzen da eta.