Maskota batekin haztearen onurak

Animaliak, jolaskide izateaz gain, bizitzan babesa emateko lagun apartak ere badira. Horien ondoan, hobetu egiten da haurren bilakaera fisiko, emozional eta soziala. Arlo terapeutikoan, txakurrek, adibidez, katalizatzaile gisa jokatzen dute, eta loturak egitea lortzen dute eta sentimendu afektiboak agertzea.
1 azaroa de 2022

Maskota batekin haztearen onurak

Lagun egiteko animaliek hobetu egiten dute pertsonen osasun fisiko eta psikologikoa. Zenbait ikerketa medikok baieztatu egin dute maskota batekin bizi izateak lagundu egiten duela arteria presioa eta kortisol mailak murrizten (estresaren hormona da). Era berean, laguntza sozial handia ematen dute, lagundu egiten dute bakardade sentimendua murrizten eta hobetu egiten dute pertsonen aldartea. Baina badago gehiago ere. Neska-mutilentzat, bereziki onuragarria da animalia batekin partekatzea bizitzako hainbat une. Txakurrengandik jaso ohi dute onura gehien. “Beste animalia batzuekin edukiko genukeen baino interakzio fisiko gehiago eskaintzen dute. Hori oso mesedegarria izan daiteke haurrentzat”, azaldu du Jaume Fatjo-k, Affinity Fundazioa Animaliak eta Osasuna katedrako zuzendariak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. 

Txakurrak jolaserako lagun handiak dira, baina ez hori bakarrik, zenbait trebetasun emozional eta sozial lantzeko eta ikasteko modua ere ematen dute. “Familietan, lagun egiteko animaliak aukera bat eskaintzen du adingabeetan arduraren eta enpatiaren sentimendua lantzeko, gure esku baitago haiek zoriontsu izatea. Baina garrantzitsua da helduek haurrei erakustea zer egin behar den animaliekin harreman onak izateko eta, batez ere, pribatutasunerako duten nolabaiteko beharra errespetatu egin behar zaiela”, ohartarazi du Fatjok.

Buru eta gorputz osasuntsuagoak

Pediatric Research medikuntzako aldizkarian argitaratu den txosten batek dioenez, txakur batekin modu aktiboan bizi diren bi eta bost urte arteko haurrek, hau da, haien eguneroko errutinetan parte hartzen dutenek, adibidez paseatzen eta elikatzen, bilakaera emozional eta sozial hobea izaten dute. Lan horretan esaten da haurrek %30 probabilitate gutxiago dutela jokabide arazoak izateko edo ikaskideekin gorabeherak izateko txakurrik ez duten beste haur batzuekin alderatuta. 

Txostenak nabarmentzen duenez, gainera, maskotek zeregin garrantzitsua dute ariketa fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa eragozteko. Human Animal Bond Research Institute izeneko erakundeak sustatu duen beste ikerlan baten arabera, txakurrak dituzten familietako haurrek bizimodu aktiboagoa egiten dute: animalia batekin paseatze hutsak 29 minutu eransten dizkio eguneroko ariketari. Ikertzaileen ustez, txakur bat izateak lagundu egin dezake haurren gizentasunari aurre egiten, eta kontuan hartu behar da Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) XXI. mendeko arazorik larrienetakoen pare jarri duela gaitz hori.

Antzeko ondorioak atera ditu Rovira i Virgili Unibertsitateko Psikologia Saileko ikertzaile talde batek egin duen azterlan batek. Jarraipena egin diete hiru eta bost urte arteko 120 haurri, eta aztertu egin dute animaliekin egoteak nolako eragina izan duen haien bilakaera sozial eta emozionalean. Hauxe izan da ondorioa: bizitzako lehen urteetatik maskota bat hurbil izatea oso lagungarria dela.

Nola sartu animalia bat familian?

Maskota bati etxean ongietorria eman aurretik, lasai eta patxadaz pentsatu behar dugu. Neurri handiagoan edo txikiagoan, animalia batek goitik behera aldatzen ditu etxeko errutinak eta ohiturak. Adopzioa egiteko prest gaudela egiaztatzeko, Affinity Fundazioak jarraibide batzuk kontuan hartzea gomendatzen du:

  • Gogoeta egitea. Zergatik nahi dugu animalia bat familian? 
  • Erabakia adostea. Adoptatzea guztion konpromisoa da. Haurrek jakin egin behar dute zer-nolako zeregina edukiko duten haren zainketan.
  • Denbora hartzea egokiena bilatzeko. Animalia guztiak ez dira etxean edukitzeko modukoak. Albaitari bati edo adopzio zentroko arduradun bati aholkua eskatu behar zaio.
  • Lagun aproposena aurkitzea. Gure ohitura, errutina eta lekuetara ongien egokitzen dena izango da.
  • Zaintzarekin konprometitzea. Ez dira apaingarri batzuk, eta ez ditzakegu bazterrean utzi halako komeni zaigunean.
  • Zer-nolako baliabideak ditugun aztertzea. Zaintza lanak asko aldatu daitezke animalia batetik bestera. Batzuek maizago joan beharko dute albaitariarengana, beste batzuek denbora gehiagoz egin beharko dute ariketa fisikoa eta besteek leku handia beharko dute.
  • Betebeharrak ongi zerrendatzea. Zaintzaile gisa, bermatu egin behar da lagun egiteko animaliaren ongizate fisiko eta emozionala.
  • Errealistak izatea aurreikuspenekin. Zalantzarik gabe, une ezin politagoak bizi izango ditugu, baina beste batzuk bihurriagoak izango dira. Prest egon behar dugu animaliaren izaera ulertzeko.

Soziabilitatea eta ardura

Txakurrekin bizi izatearen onurak ez dira agertzen eskola aurreko adinean dauden neska-mutiletan bakarrik. Adin handiagoko haurrek eta nerabeek ere jasotzen dituzte animalia horien mesedeak. Txakurrek lagundu egiten dute autoestimua hobetzen, segurtasun irudipena ematen dute, lagungarriak dira bizikidetza sentipena landu dezaten, erakutsi egiten dute partekatzen –ez bakarrik arlo materialean, baita emozionalean ere–, murriztu egiten dute bakardade irudipena eta urritu egiten dute estresa. “Edozein jokabide afektiboren eraginez, ongizate psikologikoarekin zerikusia duten hormonak jariatzen ditugu”, adierazi du Elena Dapra-k, Psikologoen Madrilgo Elkargo Ofizialeko psikologo klinikoak.

Sozializatzen ere laguntzen die neska-mutilei. “Paseatzeko unean, adibidez, txakurrarekin dabiltzan beste haur batzuekin elkartzen dira. Animalia elkarbide bat bihurtzen da halakoetan, partekatzen duten horrek ematen die aukera hizketan hasteko”, azpimarratu du. Era berean, ardurak hartzera ere behartzen dituzte txakurrek. “Gurasoek nahi izanez gero, oso ongi lan egin daiteke. Ardurak hartzeak berekin dakar balio batzuk ikastea. Enpatia erabilita, barneratu egiten da norberak beretzat nahi ez duena besteri ez egitearen balioa. Gainera, txakurrek jaitsarazi egiten dute oldarkortasuna: aurrean duenari erantzuten dio animaliak, eta haurra oldarkor dagoenean, animalia ere hala egongo da; eta alderantziz”, laburbildu du espezialistak.

Ba al dago arraza bereziki egokirik haurrak dituzten etxeetarako?

Etxean haurrak izanez gero, aukeratzeko orduan oso kontuan hartu behar dira arraza, animaliaren izaera, neurria edo adina. Dena den, hutsegite bat da arraza onak eta txarrak daudela pentsatzea. Behar bezala sozializatua eta jarrera onean trebatua dagoen edozein txakur izan daiteke kide aparta jolasak, abenturak, pozak eta penak partekatzeko. 

Science aldizkarian berriki argitaratu den ikerketa baten arabera, arrazak zerikusi gutxi du txakur baten izaeran: animalien jokabidearen %9 baino ez du baldintzatzen. Elinor Karlsson biologo konputazionala da Massachusetts-eko Unibertsitatean eta ikerketa horren arduraduna (18.000 txakur baino gehiago aztertu zituzten), eta haren esanetan, “animaliaren jokabideari dagokionez, zozketa batean zortearekin gertatzen dena gertatzen da”.

Txakurren jokabidea, nagusiki, gizakiok ematen diogun sozializazioak, heziketak eta inguruak baldintzatzen dute. Helduen ardura da haurrak eta animaliak harreman ona izan dezatela eta lotura osasungarria sor dadila. Affinity Fundazioan nabarmentzen duten bezala, “kontua ez da txakurra heztea, haurra ere hezi eta lagundu egin behar da prozesuan”.

Maskotak terapeutikoak izan daitezke

Arlo terapeutikoan, animaliak bitartekari bikainak dira. Ameriketako Estatu Batuetan ohikoa da laguntza gisa erabiltzea terapia psikologikoetan, adibidez estres postraumatikoa duten haurrekin. Nahasmendu horrek sintoma oso argiak izaten ditu: okerreko gorabeherak kognizioan, aldarte apala, saihesteko joera handia, batez ere gertaera traumatikoarekin zerikusia duten gauzak, eta pentsamendu oso intrusiboak. “Txakurrak dituen ezaugarri batzuk oso ongi etor daitezke pentsamendu intrusiboa dagoenean. Animalia batek indartu egiten du ingurune seguru batean gaudelako irudipena. Hortaz, oinarri seguru gisa jokatzen du haurra orainaldira atxikita edukiko duten esperientzia, une eta egoeretarako”, azal du Elena Daprak. “Eta emozio atseginak sentiarazten ditu, eta nolabait ere baliagarriak dira gertaera traumatikoak haurrengan sortu dituzten emozio desatseginak konpentsatzeko”, erantsi du Daprak. “Animaliekin egiten den terapiak arrakastarako aukera handiak ditu haurren artean, baina ez daiteke esan onura hori animaliek bakarrik eragiten dutela”, nabarmendu du psikologoak.

Ospitaleetako terapiak

Laguntzailerik handiena txakurra denean

Txakurrak euskarri emozional garrantzitsua dira une zailetan aurrera egiteko. Aladina Fundazioak terapia bat egiten du txakurrekin eta minbizia duten haurrekin, Perros Azules Fundazioarekin lankidetzan. Lorena Diezek azaldu digu, Aladina Fundazioaren ospitaleetako zuzendariak. “Hiru urtetik 21 urte bitarteko pazienteekin lan egiten dugu. Adinaren arabera, era bateko edo besteko jarduerak egiten ditugu. Txikienei, hasieran, aurkeztu egiten zaie animalia. Izena zein duen esaten zaie, nola zaindu azaltzen eta erakusten zaie, nola orraztu, jaten eman, paseatu… Gero taldeko jolasak edo banakakoak egiten dira. Aukera asko izaten da interakzio une hori zerbait dibertigarria eta dinamikoa izan dadin”, azaldu du.

Nerabeekin beste leku batetik heltzen zaio terapiari. “Une jakin batzuetan okerrago eraman ohi da gaixotasuna. Halakoetan, animaliaren bidez, isolaturik eta interakzioan aritzeko gogorik gabe dagoen paziente batek irri egin dezan lortzen da. Logelatik atera dadila lortzen dute animaliek, jolasean eta interakzioan aritu dadila, ahaztu dezala non dagoen eta zer daukan”, adierazi du Diezek. 

Txakurrak gai dira ospitaleko unitate batean sartzeko errutinetan trabarik egin gabe. “Ez dute arretarik galtzen usainekin edo zaratekin. Txerto berezi eta jarraituak hartzen dituzte paziente bakar bat ere ez kutsatzeko. Une orotan egoten dira terapeutak gidatuta eta lagunduta, eta hark badaki nola bideratu lana. Benetan bilatzen dena zera da: pazientearen ongizate fisikoa, psikikoa eta, batez ere, emozionala lortzea”. Gauza guztiak ongi joan daitezen, terapeutak etengabe daude harremanean mediku taldearekin. “Azaldu egiten zaie zer-nolako kasuak artatuko dituzten, zer-nolako prozesuetan dauden haur horiek, zer-nolako beharrizanak dituzten haiek eta haien familiek. Lagun egiten dute tratamenduan eta unerik zailenetan, adibidez norbait hiltzean”, laburbildu du ospitaleetako zuzendariak. 

Aladina Fundazioan lehenbizikoetakoak izan ziren txakurrekin aurrez aurreko terapiak erabiltzen unitate onkologiko batean. Jokabide hori zabaldu egin da orain autonomia erkidego batzuek sustatu dituztenei esker. “Hogei urte daramatzagu. Finantzatu egiten dugu terapia horien %100. Hitzarmenak ditugun ospitaleetan jarduten dugu, eta asko dira Espainia osoan. Orain dena oso normal ikusten da, baina oso konplexua izan da ospitaleetako taldeei ulertaraztea txakur batek ekarpena egin dezakeela eta ez zuela pazientea kutsatuko. Egiten den lana zoragarria dela ikusi dutenean eta dena bide onetik doala egiaztatu dutenean, orduan hasi gara hedatzen”, oroitarazi du Diezek.

Esku-hartze lagunduak

Gizaki-Animalien Interakzioaren Erakundeak biltzen dituen Nazioarteko Elkarteak (IAHAIO) honela definitzen ditu animaliekin egiten diren esku-hartze lagunduak: “Helburu terapeutiko, hezigarri eta/edo ludikoak dituzten ekintzak, gizakien eta animalien arteko interakzioari probetxurik handiena ateratzeko egiten direnak, pertsonek ahalik eta onura gehiena eskuratu dezaten”. GEMCA elkartetik azaldu dutenez (jokabidearen medikuntzan espezializaturiko taldea da, Animalia Txikietan Espezialista diren Espainiako Albaitarien Elkartearen barnekoa), esku-hartze lagundua hiru eratakoa izaten da animaliekin: 

1. Animaliek Lagundutako Terapia (ALT). Pertsona baten eta animalia baten arteko interakzioa, aurrez ezarritako helburu terapeutikoekin, errehabilitazio prozesu bateko zati integral gisa jokatuz. Adibidez, gauez lo egiteko arazoak dituen haur bati, terapia lagundu batean txakurrak lagundu egin diezaioke konfiantza irabazten eta arazoa kudeatzen.

2. Animaliek Lagundutako Heziketa (ALH). Animalia bat sartzen da laguntza ikasgeletan, errazago barneratu ditzaten curriculumeko edukiak animaliak eragiten duen motibazioaz eta teknika bisual eta dibertigarriez baliatuz. Adibidez, neska edo mutil batek arazoak baditu ikasgelan ozenki irakurtzeko eta autoestimua irabazi behar badu, txakurrak segurtasuna emango dio esku-hartze honetan, beldur horri aurre egin diezaion.

3. Animaliek Lagundutako Jarduerak (ALJ). Jarduera ludikoak dira, eragin terapeutikoa dutenak, baina helburu jakinik gabeak, non pertsonak animaliarekin harremanetan egoten diren beren bizi kalitatea hobetzeko. Adibidez, minbizia duen haur batek ohetik jaikitzeko gogorik ez duenean, onkologia unitatean txakur bat agertzen denean altxatu eta harekin jolasteko gogoa sartzen zaio.

Animaliekin egiten diren esku-hartze horiek kolektibo askori zuzentzen zaizkio, era askotako patologiak eta beharrizan bereziak izaten dituztenak, eta adina eta egoera fisiko eta kognitiboa ere askotarikoak izaten dira. “Espainian lantzen diren programen artean, neuroerrehabilitazioa, heziketa, buru osasuna, integrazio soziala eta gerontologia dira eremurik jorratuenak. Badira, dena den, beste jardun eremu posible batzuk, adibidez genero indarkeria, kartzela erakundeak, ospitaleak, gerran dauden herrialdeetatik datozen haurren estres postraumatikoak, familia epaitegiak…”, laburbildu dute GEMCA erakundetik.

Lagunik onena baino askoz gehiago

Gizaki-Animalien Interakzioaren Erakundeak biltzen dituen Nazioarteko Elkartearen arabera, etxeko animaliek bakarrik parte har dezakete terapietan (etxaldekoak ere sartzen dira hor). Espainian, “txakurra da gehien erabiltzen den espeziea (%95ean, eta %62an bera bakarrik), zaldia dator ondoren (%25), etxaldeko animaliak gero (%13), katuak (%13) eta hegaztiak (%7)”, adierazi dute GEMCA erakundetik. 

Esku-hartze horietan parte hartzen duten animaliek irizpide jakin batzuk bete behar dituzte, programan eskatzen diren beharretara egokitzen direnak. Hautatzeko arrazoia izan daiteke “morfologia edo jokabidea, orekatua eta aurreikusgarria delako, sozializazio egokia izatea eta errefortzu positiboan oinarritzen diren teknikekin entrenatuak egotea. Egoki heziak eta trebatuak izan beharko dute, izaera lagunkoia eta atsegina eduki, eta indarberritzeko gaitasuna saioetan sor litekeen estresetik bere onera etortzeko”, nabarmendu du espezialista taldeak. Eta oso garrantzitsutzat jotzen du “animalia eroso eta pozik sentitzea une orotan, osasuntsu egotea eta baldintza higieniko-sanitario onetan, albaitariak maiz-maiz azterketak eginez eta higienea egoki zainduz”.

Espezierik erabiliena txakurra izateak badu bere arrazoia. GEMCA erakundeko kideek nabarmendu dutenez, ikasteko gaitasun handia duelako erabiltzen dute. Horretaz gain, “izaera lagunkoia eta atsegina dute pertsonekin, eta horrek lagundu egiten du loturak sortzen eta harreman aurreikusgarri eta seguruak ere bai, eta sentimendu afektiboa eraikitzen”.

Zer pentsatzen dute haurrek beren txakur eta katuei buruz?

Txakurrekin ez ezik, etxean beste animalia batzuekin ere bizi izatea esperientzia aberasgarria da neska-mutikoentzat, adibidez katuekin. Lagun egiteko animalien eta haurren arteko lotura nolakoa den jakiteko, Affinity Fundazioak ikerketa bat egin du 9 eta 13 urte arteko adingabeekin. Ondorio nagusia da berezko erakarpena dagoela gizakien eta maskoten artean, eta, gainera, haurrak indarberritu egiten direla haiekin daudenean. 

Haurrik gehienek adierazi dute txakur edo katu bat daukatela edo eduki nahiko luketela. Animalia batekin bizi direla adierazi duten %94en artean, 10etik 6k baieztatu dute hobeto sentitzen direla maskota gertu dutenean. “Egiaztatu egin dugu lagun egiteko animalia onuragarria zaiola haurrari antsietate eta estres uneak kudeatu behar dituenean, helduekin ikusi dugun bezalaxe. Adibidez, ikerlanean parte hartu zuten haurrek adierazi ziguten egun txar bat zutenean edo amesgaizto batetik esnatzean, lagun egiteko animaliarengana jotzen dutela lehenik kontsolamendu bila, gurasoengana jotzeaz gain”, azaldu du Jaume Fatjok, Affinity Fundazioa Animaliak eta Osasuna katedrako zuzendariak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.