Txokolatezko irabiakiak

Ez da haur jolasa

Produktu horiek osasungarri gisa aurkezten dute beren burua eta haurrentzat bereziki egokiak direlako irudia ematen dute, baina, egiaz, nutrizio balioa esnearena baino apalagoa izaten dute eta azukre asko. Gehienen etiketak, gainera, ez du betetzen egingo legedia.
1 maiatza de 2023

Txokolatezko irabiakiak. Ez da haur jolasa

Begiratu batean, irudi lezake produktu horiek osasungarriak direla, eta ontzietan berariaz nabarmenduta ageri da esnea eta kakaoa daramatela. Horietako batzuk, gainera, bitaminaz eta mineralez aberastuta daude, eta mezu bidez aditzera ematen dute bereziki egokiak direla haurrentzat. Baina xehetasunei erreparatzen badiegu, ikusiko dugu itxura hori engainagarria dela gehienetan.

Kakao irabiaki idealak bi osagai hauek baino ez lituzke eduki behar: esnea eta kakaoa. Baina merkatuan nekez aurkituko dugu halakorik. Hasteko, gozotasuna da produktu horien ezaugarrietako bat, eta horrek esan nahi du azukrea daramatela. Horretaz gain, egonkortzaileak edo lodigarriak ere erabiltzen dira kakaoa ez dadin bereizi eta nahi den testura eduki dezan. Osagai horietako bakoitzaren berezitasunek eta kantitateak baldintzatzen dituzte irabiaki horien ezaugarriak.

Zenbat esne daukate?

Esnea da osagai nagusia guk aztertu ditugun produktu guztietan, eta interesgarriena ere bai nutrizioaren ikuspegitik. Ongi aukeratzeko, kantitateari begiratu behar zaio: zenbat eta gehiago, hainbat hobeto. Baina hiru produktuk baino ez dute adierazten zenbat esne duten: Milka (%92), ColaCao Shake (%91) eta Puleva (%90). Zergatik horietan bai eta gainerakoetan ez? Osagai batzuen kantitatea nahitaez adierazi beharrekoa da zenbaitetan (1169/2011 Araudia):

  • Ontzian nabarmenduta ageri denean; hori gertatzen da  Milka eta Puleva etxekoekin. Don Simón etxekoak ere esnearen irudiak ageri ditu ontzian, baina ez du zehazten zenbat duen, eta, beraz, ez du betetzen legedia.
  • Salmenta izenean aipatzen denean; hori gertatzen da Puleva  eta ColaCao Shake etxekoekin. ColaCao Energy delakoak ere betetzen du baldintza hori (“UHT kakaoz aberasturiko esnea”), baina ez du esaten zenbat esne duen, eta, beraz, horrek ere ez du betetzen legedia. Milka  etxekoak ere urratu egiten du; izan ere, esne kantitatea zehazten duen arren, ez du adierazten salmenta izena, eta horrek agertu egin behar du etiketan.
  • Osagai hori produktuaren izenarekin lotzen duenean kontsumitzaileak edo ezinbestekoa denean elikagaia definitzeko. Ildo horretan, legedia ez da oso argia; uler daiteke esnea ezinbestekoa dela irabiaki batean eta zehaztu egin behar dela kantitatea. Baina kontrakoa ere interpretatu daiteke, eta orduan ez litzateke beharrezkoa izango. Hori gertatzen da “irabiaki” izenarekin saltzen diren produktuetan (Pascual, Cacaolat, Okey, Don Simón, Kaiku eta Eroski), eta ez dute ematen informazio hori.
Analisia

Erosketa gida hau egiteko, txokolatezko irabiakiak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Balorazioa baldintzatu egiten du azukreen, gantz saturatuen eta zuntzaren kantitateak.
  • Osagaiak. Kalitate komertziala nolakoa den jakiteko aztertu ditugu, batez ere zenbat esne duten jakiteko eta eduki gantzatsua, kakaoa eta azukrea zertan diren ikusteko.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak 2023ko otsailean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Argibide bat: proteinak

Produktu horietako askok ez dutenez esaten zenbat esne duten, garrantzitsua da proteinei begiratzea, hortik argibide batzuk atera ditzakegu eta. Adibidez, ColaCao Shake eta Milka irabiakietan (horiek dute esne gehien, etiketan ageri denez), %3,9 eta %3,6 dira proteinak, hurrenez hurren (beste guztiek baino gehiago dute).  Proteina gutxien, berriz, Don Simón (%2), Kaiku (%2,1) eta Okey (%2,2) etxekoek dute, eta hortik gutxi gorabehera jakin dezakegu zenbat esne duten. Okey etxekoak, adibidez, ura du bigarren osagai nagusia.

Osoa, erdigaingabetua edo gaingabetua

Esnea zein eratakoa den ere ikusi behar dugu. Legeak hiru mota bereizten ditu, gantz kantitatearen arabera. Esne osoak gutxienez %3,5 izaten du gantza, eta horixe darabil Cacaolat etxekoak. Erdigaingabetuak %1,5 eta %1,8 artean izaten du gantza, eta gaingabetuak, berriz, %0,5 eduki dezake gehienez. Azken hori da osagai nagusia Milka eta Don Simón irabiakietan. Gainerako produktuak esne partzialki gaingabetuz eginak daude, eta horren gantz kantitatea ez da sartzen aipatu berritu ditugun hiru multzo horietako bakarrean ere. Datu hori ematen duten hiru irabiakietan argi ikusten da hori: Pascual (esneak %1,4 dauka materia gantzatsua), Puleva (%1,2) eta Eroski (%0,8). Besteetan ez da azaltzen informazio hori (ColaCao, Okey eta Kaiku), eta hori eragozpen bat da zehaztasunez jakiteko zer-nolako ezaugarriak dituzten. Gantzak ospe txarra duen arren, ezinbesteko mantenugaia dugu. Esnearen gantza, gainera, ez da garai batean uste zen bezain txarra, eta, hain zuzen, esne osoa hobea da gaingabetua baino, bereziki haurrentzat, gehiago asetzen duelako eta mantenugai gehiago ematen duelako, adibidez bitamina lipodisolbagarriak. Gantzak, gainera, hobetu egiten ditu zaporea eta testura.

Haurrentzako produktu bat?

Haurrentzako marrazkiak ageri dituzte produktu guztiek, Milka, Cola Cao Shake eta Okey etxekoek izan ezik. Erakargarriak dira haurrentzat, eta, hain zuzen, askotan ontziaren diseinuak erakarrita eskatzen dute produktu bat edo bestea. Pertsonaia horiek nahasgarriak izan daitezke helduentzat ere, eta batek baino gehiagok pentsa dezake produktu egokiak direla haurrentzat; egiaz, ordea, azukre gehiegi daukate. Irabiaki horiek noizbehinka hartzeko elikagaiak dira.

Esnetik datozen beste osagai batzuk

Esneaz gain, produkturik gehienek ez daukate esnetik datorren bestelako osagairik. Baina badira gisa horretako osagaiak dituzten lau, ez hain ezagunak, eta merkeagoak:

  • Gurinaren gazura. Gurina egiteko prozesutik lortzen da. Gantz gutxi izaten du eta proteina eta fosfolipido asko, eta, ondorioz, emultsionatzaile gisa erabiltzen da; hau da, esnea eta kakaoa hobeto nahasi daitezen. Pascual etxekoak darama.
  • Esne iragazia. Esnea mintzen bidez iragaziz lortzen da. Proteina eta gantz gutxi izaten du, baina laktosa asko. Produktua egonkortzeko balio du. Kaiku etxekoak darabil, segur aski gozotasuna emateko.
  • Esne hauts gaingabetua, esne gazura hauts eran, esnearen solido berreginak, esnearen proteina. Esnea edo esnearen eratorriak hartu eta deshidratazio prozesu bat ematen diete errazago nahasi daitezen. Gorputza ematen diote produktuari eta egonkortu egiten dute. Cacaolat eta ColaCao Shake etxekoak ageri dituzte horietako batzuk.

Oso kakao gutxi

Gure inguruan, txokolatearen osagai gisa hartu izan dugu kakaoa, azukre asko duen elikagai bati lotua, eta ez du izan ospe onik. Baina gaur egun esan dezakegu kakao puruak, azukre erantsirik gabeak, baduela lekua dieta osasungarri baten barnean. Kakaoa da osagairik garrantzitsuenetakoa irabiakietan, eta, beraz, zenbat eta gehiago eduki, hainbat hobeto. Nolanahi ere, aztertu ditugun produktuetan oso kopuru txikietan ageri da, %0,9tik hasi (Puleva) eta %1,5eraino (Cacaolat); hau da, gehien duenak ere koilarakadatxo bat baino ez luke izango edalontzi bakoitzeko (200 ml).

Hor ere ikusten da zenbaitek ez duela betetzen legedia. ColaCao Energy eta Okey  etxeetakoek salmenta izenean nabarmentzen dituzte kakaoa (lehenak) eta txokolatea (bigarrenak), eta, beraz, adierazi egin behar lukete zenbat daukaten, baina ez dute egiten. Lau produktuk “txokolatezko irabiakia” izena ageri dute (Pascual, Okey, Don Simón eta Kaiku), baina, egiaz, kakaoarekin eginak daude. Horregatik, “kakaozko irabiakia” jarri behar lukete izenean, gainerakoek egin bezala. Don Simón etxekoan, gainera, txokolatearen irudiak ageri dira, eta hori engainagarria da. Milka da osagaien artean txokolatea duen bakarra, zeina kakaoz, kakao gantzez eta azukrez egina dagoen.

Bitaminek eta mineralek osasungarri bihurtzen al dituzte?

Ontzietan ageri den zenbait mezuk pentsaraz dezake produktu osasungarriak direla, baina ez da hala: azukre asko izaten dute eta, ondorioz, ez dira gomendagarriak. Adibide batzuk: ColaCao Energyren ontziak esaten denez, kaltzioak eta fosforoak “lagundu egiten dute energiaren metabolismo normala”; Kaiku hainbat bitaminarekin aberastua dago eta Puleva “kaltzio, D bitamina eta proteina iturri da”. Pascualek hau dio: “Egunean irabiaki bat hartzea gomendatzen da”. Mezu horiek guztiak gorabehera, produktu horiek ez dira gomendagarriak egunero hartzeko.

Azukrearen garrantzia

Produktu guztietan dago, eta gozotasuna emateko erabiltzen dute. Zaila da jakitea ekoizleek zenbat azukre erantsi duten, informazio hori ez baita ageri etiketan. Guztizko azukre kopurua bai, hori adierazten dute, eta hor sartuta daude bai erantsiak eta bai osagaiek berez dituztenak, adibidez esneak.

Azukre erantsien kalkulu bat egiteko, Puleva etxekoa har dezakegu eredutzat. Guztizko azukreak 9,1 gramo dira 100 ml bakoitzeko. Esneak (%90), gutxi gorabehera, %4,6 izaten ditu azukreak, eta horrek esan nahi du esneak 4 gramo inguru ematen dituela 100 ml bakoitzeko. Hortaz, irabiaki horren 100 ml-tan dauden 9,1 gramo azukretik, 5 gramo inguru dira erantsiak (koilarakada bat izango litzateke). Hau da, errazio batean (200 ml) bi koilarakadatxo azukre erantsi daude. Guztizko azukre gehien dutenak Cacaolat eta Don Simón dira (%12,5 inguru), eta gutxien dutenak, Pascual eta Puleva (%9 inguru). Gainerakoak %10 eta %11 artean dabiltza.

Gozotasuna emateko beste estrategia batzuk

Azken urteetan kezka handia sortu da azukre erantsien inguruan, eta ekoizleek bestelako estrategia batzuk bilatu dituzte produktuei gozotasuna emateko; azukre gutxiago eranstea adibidez. Hori nabarmendu egiten du, adibidez, Puleva etxekoak ontzian: “%40 azukre erantsi gutxiago maila bereko beste produktuek baino”. Zaila da mezu hori egiaz hala den jakitea, etiketetan guztizko azukreak baino ez baitira adierazten. Baina ikusirik produkturik gehienetan %11 direla azukreak eta Pulevak %9 dituela, pentsa liteke %40ko murrizketa hori baikorregia ez ote den. Beste estrategia bat izaten da laktasa eranstea. Entzima horrek lagundu egiten digu esnearen laktosa digeritzen, bi zatitan apurtzen baitu: glukosa alde batetik eta galaktosa bestetik. Ekoizle batzuek entzima hori eransten diete irabiakiei gozotasun gehiago emateko azukrerik erantsi gabe (sakarosa) edo, behintzat, hainbeste erantsi gabe. Glukosak eta galaktosak, izan ere, gozotasun gehiago ematen dute laktosak baino. Estrategia hori Kaiku etxeko irabiakiak darabil, zeinak laktasa daukan osagaien artean. Nolanahi ere, guztizko azukre kantitatea besteen berdintsua du (%11).

Beste estrategia bat zuntza eranstea da. Substantzia batzuek gozotasuna ematen dute, adibidez inulinak, txikoriaren sustraitik lortzen den zuntzak, eta ekoizleek hori erabiltzen dute azukrearen ordez. Eta horrekin beste abantaila bat ere lortzen dute, zuntza ongi ikusia dagoelako nutrizioaren ikuspegitik eta egonkortzaile gisa jokatzen duelako, kakaoa ez dadin gelditu hondoan. Baliteke Pascual etxeko irabiakiarekin hori gertatu izatea, horrek bakarrik aipatzen baitu landare zuntza osagaien artean; gainera, azukre gutxien duenetakoa da (%9,2).

Zenbat kaloria daukate?

Gantz gutxiko esnez egindako produktuak izaki eta kakaoa ere gutxi dutenez eta azukrea ez hainbeste, kaloria kopurua ez da hain handia ere. Kaloria gehien dutenak Cacaolat eta ColaCao Shake dira (80 kcal inguru 100 ml bakoitzeko), gantz gehien ere horiek dute eta (%1,5 inguru). Cacaolat da, gainera, azukre gehien duena ere (%12,7).

Kaloria gutxien duten produktuak Kaiku, Eroski eta Puleva dira (60 kcal/100 ml). Lehenbiziko bietan gantz kopuru txikiari zor zaio (%0,8 inguru), eta Puleva etxekoan, berriz, azukre kantitate txikiari (%9,1). Esne osoa ere antzeko kopuruetan ibili ohi da kaloriei dagokienez, baina horrek ez du esan nahi irabiakiak harekin alderatu daitezkeenik, osaera desberdineko produktuak dira eta.

Nutri-scorek emandako puntuazioa

Produktu guztiek B letra ageri dute, salbu eta ColaCao Shake eta Pascual etxekoek; bi horiek A letra daukate. Esnez egindako produktuak direnez, ez dira ebaluatzen edariei dagozkien irizpideekin, elikagai solidoei ezartzen zaizkienekin baizik. Irizpide horien arabera, kaltegarritzat jotzen diren elementuen kopuruak ez dira handiak: 80 kcal baino gutxiago ematen dute, azukre kantitatea %13tik beherakoa da eta gantz saturatuak ez dabiltza %1etik gora. Gainera, proteinak ematen dituzte (%2-%3,9) eta zuntza ere bai baten batek, eta horiek puntuak ematen dituzte. Hain zuzen, bi mantenugai horiek kopuru handiagoan dituztelako lortu dute A letra bi produktu horiek. Baina puntuazio horiek ez dute esan nahi, inola ere, irabiakiak osasungarriak direnik. Nutri-Score sistemaren bidez, batzuen eta besteen arteko desberdintasunak zertan diren jakin dezakegu begiratu batean. Beti komeni da, hala ere, etiketa arretaz irakurtzea.

Erosteko gomendioak

Irabiakiak hautatzeko unean, ez zaie arretarik jarri behar ontzian ageri diren mezuei, eta hiru alderdi hauek hartu behar dira kontuan:

  1. Esnea. Onena da esnea bakarrik duten produktuak hautatzea, esnetik datozen bestelako osagairik ez dutenak eta urik gabeak. Zenbat eta esne gehiago eduki eta gantz kantitatea zenbat eta handiagoa izan, hainbat hobeto.
  2. Kakaoa. Proportzio gehien dutenak aukeratzea komeni da.
  3. Zaindu azukrea: zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto.

Prezioan badira aldeak

Errazio bat hartu (200 ml) eta alderaketak egiten baditugu, ikusiko dugu gehienen prezioa 0,44 € eta 0,63 € artean dabilela. Tarte horretatik kanpo dabiltzanak aski urruti gelditzen dira. Garestienak, adibidez, ColaCao Shake delakoak (1,50 €), sei aldiz gehiago balio du merkeenak baino: Eroski (0,24).

Prezioan dauden aldeak batzuetan izan litezke ontzi motak edo osaerak eraginak (produktu batzuek kostuak jaisteko osagaiak darabiltzate, adibidez Okey etxekoak, zeinak ura duen, edo Kaikuk, esne iragazia). Baina beste askotan ez dago justifikaziorik halako aldeak izateko prezioan. Pascual etxekoaren osaera, adibidez, Eroski irabiakiek dutenaren antzekoa da. Biek daukate esne partzialki gaingabetua, gantz kopurua antzekoa dute eta kakao proportzio bera (%1,2), baina Pascual etxekoa 0,45 € kostatzen da eta Eroskirena, berriz, ia erdia errazio bakoitzeko, 0,24 €.

Ondorioak

Osagaiak eta nutrizio osaera kontuan hartuta, ColaCao Shake izango litzateke interesgarriena, esne dezente duelako (%91), kakaoa ere beste askok baino gehiago (%1,4) eta gantz eta proteina gehien dutenen artean dagoelako. 

Baina ezaugarri horiek ez dute zuritzen halako prezioa izatea, guztietan garestiena da eta. Kalitate-prezioak kontuan hartzen baditugu, bi produktu nabarmendu behar dira. Eroski etxekoa da lehena, zeina merkeena den, azukre askorik gabea eta kakao dezentekoa. Bigarrena Pascual etxekoa da, azukre gutxien duenetakoa eta kakao gehien. Esneak, gainera, gantz kantitate aipagarria du.

Era horretako produktuak kontsumitu nahi baditugu, badago aukera osasungarriago eta merkeago bat: guk geuk etxean prestatzea irabiakia esne osoarekin eta kakao hauts puruarekin, eta espeziekin ondu dezakegu, adibidez kanelarekin, edo azukre pittin batekin goxatu. Horrek ere badu eragozpen bat produktu komertzialen aldean; izan ere, etxetik kanpo eraman nahi izanez gero, arazoak sor daitezke garraiatzeko eta kontserbatzeko garaian. Beroari edo hotzari eusten dioten ontziak erabil ditzakegu, edo beste elikagai praktikoagoak eta osasungarriagoak aukeratu, adibidez fruta osoa.