Frutak eta berdurak mantenugai gutxiagorekin
Mahaian eseri eta etxe askotan ohikoa izaten da garai bateko tomateen zaporea goraipatzen hastea adinean aurrera joana den norbait. Adinekoek esaten badute, hala izango da, lehengo jakiek zapore gehiago eta hobea izango zuten. Ohiturazko esaldietatik harago, dena den, badago zerbait iritzi horien atzean, eta ez da zapore kontua bakarrik: gaur egun jaten ditugun fruta, berdura eta aleek ez dute elikatzen duela 70 urtekoek bezala. Horixe dio ebidentzia zientifikoak hainbat hamarkadatan ikerketak egin ondoren; hau da, barazki, fruta eta berduren nutrizio balioa nabarmen urritu da datuak biltzen hasi zirenetik hona (1950etik).
Kezkatzeko moduko zifrak
Ikerketa konparatibo handi batekin hasi zen dena (gaur arte egin den lehena eta handiena). Texasko Unibertsitatean egindako ikerketa lan bat da, zeina Journal of the American College of Nutrition aldizkarian argitaratu zuten 2004an; lan horretan, 43 labore hartu eta horien nutrizio edukiari buruzko datuak aztertu zituzten, 1950 eta 1999 artekoak. Tartean ziren espinakak, brokoliak, zainzuriak, lekak, marrubiak, sandiak…
Lanaren egileek ikusi zutenez, kaltzio kantitatea %16 gutxitu zen batez beste, burdinarena %15 eta fosforoarena %9. Era berean, B2 bitamina (erriboflabina) eta C bitamina ere (azido askorbikoa) nabarmen gutxitu ziren, eta proteina ere bai zertxobait (%6). Lan horren ondotik, beste ikerketa batzuk egin dira zenbait herrialdetan, eta guztiek baieztatzen dute mantenugai galera hori fruta eta berduretan, baita zereal batzuetan ere, adibidez garian eta artoan. Baina hori hala izanik ere, adituen gomendioa da begetal eta fruta ugariko dieta egitea gure osasuna eta planetarena zaindu nahi badugu. Galdera hauxe sortzen da: zer gertatzen da elikagai horiek ez badizkigute ematen gure organismoak behar dituen funtsezko mantenugaiak?
Galera horren arrazoiak
“Faktore askok izaten dute eragina begetalen bilakaeran eta ondorioak utz ditzakete mantenugai kopuruan. Zein da gehien eragiten duena? Landarearen eta landatzeko baldintzen araberakoa izango da hori”, azaldu du Ana Maria Moliner Aramendia nekazaritzako ingeniariak, zeina aditua den edafologian (geologiaren adar horrek aztertu egiten du zoruek zer-nolako osaera eta propietateak dituzten landareen ekoizpenerako), nekazaritzako kimikaria eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoko ikertzailea.
Eragin handiena duenetako bat zoruek ugalkortasun biologikoa galtzea izaten da. Hau da, pobretzea. “Lurra ez da baliabide berriztagarria eta galtzen denean urritu egiten da produktibitatea, eta elikagaien kalitatea ere bai”, oroitarazi du Molinerrek. Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Aditu Taldeak (IPCC) klima aldaketari eta lurrari buruz egin duen txosten bereziak dioenez, munduko nekazaritzako lurren %40 inguru larriki hondatuta daude.
Hondatze horren atzean industriako, meatzaritzako eta nekazaritzako substantziek eragindako kutsadura dago, eta uren gazitzea, ureztatzeko urak gaizki kudeatzeak sortzen duena. Higadurak ere badu zerikusia. “Lurraren gainazaleko geruzan dago materia organikorik gehiena, ura eta mantenugaiak atxikitzeko gai dena eta landareei on egiten dieten mikroorganismoak hartzen dituena. Urak eta haizeak eragiten duten higadurak hondatu egiten dute gainazal hori, baina baita deforestazioak eta lurraren erabilera okerrak ere”, adierazi du espezialistak.
Nekazaritza intentsiboa
Nekazaritza intentsiboak ere erru handia du, nitrogeno, fosforo eta potasio asko duten ongarriak erabiltzen dituelako, eta horiek agortu egiten dituzte lurraren mikromantenugaiak. Bigarren Mundu Gerraren ondoren bultzada handia eman zitzaion ekoizpen mota horri, labore mota berriak agertu zirenean eta baita ongarri sintetikoak, pestizidak eta herbizidak ere, zeinen bidez handitu egin zen landare jatorriko elikagaien ekoizpena. 1961 eta 2014 artean, adibidez, zerealen errendimendua %175 handitu zen munduan. “Errendimendu hobea izango zuten labore mota berriak lortu nahi zituzten, izurriteei hobeto eutsiko zietenak eta klima jakinetara hobeto egokituko zirenak, eta ahalegin horri esker laboreak gero eta azkarrago handitu dira, baina mantenugaiak sortzeko eta xurgatzeko gaitasuna ez da hobetu hazteko erritmo azkarraren neurri berean”, azaldu du Ana Maria Molinerrek.
Maria Dolores Raigon ikertzailea da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan, Nekazaritzako Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan hain zuzen, eta haren iritziz, nekazaritza intentsiboaren ekintzarik garrantzitsuenetakoa, batez ere fruta, berdura eta aleetan, hobekuntza genetikoa izan da, elikagaien ekoizpena handitzeko helburuz egina. Baina ondorioak ez dira izan espero zirenak. “Oro har, landare jatorriko elikagaiek pisu lehorrean duten errendimenduaren %80 eta %90 artean karbohidratoak izaten dira, eta beste era bateko dozenaka mantenugai eta milaka fitokimiko antioxidatzaile murriztu egin dira zertxobait”, jakinarazi du. Hau da, lur sailen errendimendua hobetzeko neurriak hartzen direnean, hidratoak ugaritu egiten dira, baina beste mantenugaiak urritu.
Zenbait ikerketak eta berrikusketak baieztatu egin dute nekazaritza ekologikotik datozen produktuek kopuru handiagoan dituztela mikromantenugai batzuk, adibidez C bitamina, burdina, kaltzioa eta magnesioa, besteren artean. Izan al daitezke produktu horiek konponbidea fruten eta berduren mantenugai galeraren aurrean? Maria Gonzalezek argi du (Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko lehendakaria da Galizian): “Ikerketa gehiago behar da baieztatu ahal izateko mantenugaien kalitatean desberdintasunak daudela ekologikoki ekoitzi diren elikagaien eta konbentzionalen artean, kalitatezko berrikusketa sistematiko batek ez baitu frogatu hala denik (hau da, horri buruz egin diren ikerlan guztiak bildu eta aztertuko dituen ikerketa sakon batek)”, azaldu du. Maria Dolores Raigonen iritziz (Nekazaritzako Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko ikertzailea da Valentziako Unibertsitate Politeknikoan), “irtenbidea da lurrak zainduko dituzten teknikak txertatzea nekazaritzako ekoizpenean, higaduraren ondorioz materia organikoan gertatzen den galera eragotziko dutenak. Horrek aniztasun gehiago ekarriko luke eta lur osasuntsuagoa”, adierazi du. Ahalegin handia ari dira egiten hori gerta dadin eta, adibidez, gaur egun bio-ongarri batzuk lantzen ari dira (ongarri organikoak), laboreentzat onuragarriak diren propietateak baitituzte. Raigonen ustez, ordea, oraindik beharrezkoa da energetikoki eraginkorragoak izango diren ekoizpen sistemak lortzea, eta kontsumitzaileen eskaria baino gehiago ekoizteko gai izango direnak. Helburua da landare jatorriko produktu gehiago ekoiztea, baina elikagai horiek nutrizio kalitaterik galdu gabe.
Hidratoak gora, mineralak ez
Baina mantenugaiak murrizteak zerikusia du, halaber, atmosferan CO2a ugaritzearekin. “Anhidrido karbonikoa ugaritzeak landareen jarduera fotosintetikoa abiaraz dezake, hau da, azkarrago haztea eta karbohidratoak ugaritzea, glukosa esaterako”, azaldu du Molinerrek. Hidratoak funtsezkoak dira gizakion osasunerako –mugitzeko behar dugun energia ematen digute–, baina proteinak, mineralak eta bitaminak ere behar ditugu. 2002an argitaratu zen ikerketa artikulu batek nabarmendu zuenez, atmosferan CO2a ugaritzeak nabarmen handitzen zuen karbohidrato kantitatea, baina mantenugaietan ez zen gertatzen neurri bereko igoerarik. Ikerlan berriago batean (Harvardeko Unibertsitateak egin zuen 2019an, eta Nature aldizkarian argitaratu zuten), ikusi zuten arrozak, gariak, patatak, garagarrak, tomateak eta piperrak zink eta burdina gutxiago izaten dutela laboreak CO2 ugariko baldintzetan egon direnean. Biltzeko sistemak ere badu eragina mantenugai kantitatean, bereziki garaia baino lehen biltzen denean edo hozkailuetan ontzen denean. “Fruta edo berdura bat garaia baino lehen biltzen denean, ez du lortu izaten bere nutrizio balio guztia, ez baita heldu sintetizatu dezakeen bitamina eta karotenoide kopururik handienera, ezta xurga dezakeen mineral kopururik handienera ere”, adierazi du Raigonek.
Elikagairik kaltetuenak
Faktore horiek guztiak nola islatzen dira landare jatorriko elikagaietan? Elikadura arloko Arauen Erresuma Batuko Agentziak (Food Standars Agency) neurketa bat argitaratu zuen fruten eta berduren nutrizio osaerari buruz; bi aldi aztertu zituen, 1929-1944 artekoa lehenik eta 2002koa gero. Mineral batzuen kontzentrazioak nola aldatu ziren aztertu zuen (potasioa, kaltzioa, magnesioa, burdina eta kobrea), eta ikusi zuen frutek mantenugai dezente galdu zutela. Neurketa horren arabera, meloiak, sandiak eta ahuakateak izan dute galerarik handiena mantenugaietan eta burdina eta kobrea ere beste mineralak baino gehiago murriztu dira guztietan.
Erregistro hori argitaratu zenetik, beste zenbait ikerlan egin dira eta guztiek baieztatu dute mantenugaiak urritzen ari direla. 2022. urtean Foods aldizkarian argitaratu zen ikerlan batek azaldu zuenez, burdina %30 eta %50 artean galdu zuten artoak, azal gorriko patatak, azaloreak, lekek, ilarrek eta garbantzuek. 2020ko beste ikerlan batek (Scientific Reports aldizkarian argitaratu zuten hori) baieztatu zuen proteina %23 gutxitu zela garian 1955 eta 2016 artean, eta ikerlan horretan nabarmentzen dutenez, horrek eragina du jaten dugun haragian ere. Aziendak mantenugai gutxiagoko aleak eta bazkak jaten ditu, eta horien haragia ere ez da izaten garai batekoa bezain elikagarria.
Osasunean dituen ondorioak
Orain sortzen den galdera handia hauxe da: nola eragiten diote galera horiek guztiek gure osasunari? 2006ko martxoan, Nazio Batuen Erakundeak malnutrizio mota berri bat onartu zuen, B malnutrizioa edo gose ezkutua esaten zaiona, eta azpimarratu egiten du arazoa ez dela elikagai falta, horien kalitatea baizik. Maria Dolores Raigonek oroitarazi duenez, “munduan 3.000 milioi pertsonak baino gehiagok oligoelementuak eta bitaminak falta izaten ditu, baita herrialde aurreratuetan ere. Hau da, munduko populazioaren %40k baino gehiagok mikromantenugaiak falta ditu egun, eta horrek osasun publikoari loturiko arazo asko dakar, gizarteak kostu ekonomiko handiak hartu behar ditu bere gain eta haurrek ikasteko zailtasunak izaten dituzte”, ohartarazi du.
Nutrizionistak, dena den, eszeptikoagoak dira. “Mikromantenugaien gabezia horiek –bereziki burdina, zink, iodo eta A bitaminaren falta– lasai asko gerta daitezke energia (kaloria) gabeziarik egon gabe ere, energia askoko dieta eginez, baina mantenugai gutxikoa”, adierazi du Marta Otero dietista-nutrizionistak.
Egiazko arazoa: gaizki elikatzea
Nahiz eta inork ez dituen ukatzen analisi eta azterketa horien emaitzak, ikertzaile batzuei ez zaie hain larria iruditzen galera hori, ordainetan ekoizpena asko ugaritzea ekarri badu eta jendeari zer jana eman badio mundu osoan. Egoera horretan, galdetu beharko genuke pertsonok gehigarriak hartu behar ote ditugun gabezia horiei irtenbidea jartzeko. Maria Gonzalez Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiko lehendakaria da Galizian (CODINUGAL), eta zuhurtziaz mintzo da: “Ikerketa gehiago behar da oraindik ere. Egia da mantenugai galera sumatu dela eta, nekazaritzan erabiltzen dituzten metodoek zerikusia duten arren –gero eta errendimendu handiagoa bilatzen dute–, kontuan hartu behar da aztertu diren labore motak ez direla berdinak: aldiro desberdinak izaten dira eta hainbat herrialdetakoak, era askotako lurretan landatuak”.
Marta Otero dietisa-nutrizionistaren iritziz, gure dietaren kalitatea da egiazko arazoa, eta ez landare jatorriko elikagaien mantenugai kantitatea. “Azken urteetan ikusi da mendebaldeko dietak lekua jan diola mediterraneoari [landare jatorriko elikagaiak ditu oinarrian, adibidez osoko zerealak, berdurak, lekaleak, frutak, eta oliba olioa gantz erantsi nagusi gisa]. Horrek esan nahi du elikagai ultraprozesatu gehiago jaten dela, ugari izaten dituztenak gantz saturatuak, azukreak eta gatza eta, hortaz, gutxiago jaten direla frutak eta berdurak, lekaleak eta, oro har, elikagai freskoak. Mantenugai gabeziak lotura gehiago izango luke nutrizio dentsitate handiagoa duten elikagaien kontsumoa urritzearekin”, azaldu du.