Zizka-mizka begetalak

Aperitibo hauen itxurak nahasi egin gaitzake

Barazkiak, osoko zerealak, lekaleak, fruitu lehorrak, oliba-olioa… Horiek dira aperitiboetan gero eta gehiago aurkitzen ditugun osagaietako batzuk. Baina horrek ez du esan nahi produktu horiek beti osasungarriak direnik.
1 iraila de 2023

Zizka-mizka begetalak. Aperitibo hauen itxurak nahasi egin gaitzake

Elikaduraren inguruko kezka gero eta handiagoa da, zuzenean eragiten baitu osasunean. Aperitiboetan ere sumatzen da hori, eta itxuraz osasungarriak diren produktuen eskaintza gero eta handiagoa da. Duela urte batzuetatik hona, apalategietan elkarren ondoan ikus daitezke patata frijituen eta arto puztuaren poltsak eta osagai osasungarrietan oinarritzen diren beste produktu batzuk, hala nola ilarrak, txia haziak, osoko zerealak, baratxuria eta fruitu lehorrak. Baina egiaz al dira diruditen bezain osasungarriak?

Zerekin eginak daude?

Produktu horien formulazioa nahiko sinplea da. Gehienak osagai nagusi batez osatuak daude, adibidez zerealen edo lekaleen irinez, eta gantz motaren bat eta zenbait ongailu gehitzen zaizkie, adibidez gatza edo lurrinak. Osagai nagusi horrek baldintzatzen ditu ezaugarri garrantzitsuenak, besteak beste zaporea, testura, nutrizio ekarpena edo elaborazio modua. Aztertu ditugun produktuak hainbat multzotan sailka ditzakegu, osagai nagusiaren arabera:

  • Zerealetan oinarritzen diren produktuak. Bost produktu sartzen dira multzo horretan. Mios etxekoa da zerealez osatu dagoen aperitiboetako bat, zeinak %70 baitu artoa. Gainerako formulazioa ekilore olioak hartzen du nagusiki. Horretaz gain, txia haziak ere baditu (%3), eta osagai hori nabarmenduta ageri da ontzian. Sunbites zereal anitzekoa itsas gatzaren ukituarekin eta Sunbites zereal anitzekoa Cheddar zaporea eta tipula karamelizatua izenekoetan, osoko zerealen irina da osagai nagusia, eta %84ko eta %80ko proportzioetan ageri dira batean eta bestean. Zehazki, artoz, gariz, arrozez eta oloz egina dago irin hori. Cuori etxekoan, %88 ingurukoa da zerealen proportzioa, bai Sour Cream bertsioan, bai oliba olioa daraman bertsioan. Bi horiek, zehazki, arto semola, arroz semola eta keff haziak daramatzate (Etiopiatik datorren zereala).
  • Lekaleetan oinarritzen diren aperitiboak. Multzo honetan daude Snatt’s eta Eroski etxeetako produktuak, beren ontzian ilarren kopurua nabarmentzen dutenak. Lehenengoan, ilar irina ageri da (%32), eta gainerako formulazioa arto irinez eta ekilore olioz osatuta dago nagusiki; Eroski etxekoan, berriz, ilar irina %43 da, eta gainerakoa, funtsean, arroz semola (%43) eta oliba olioa da.
  • Barazkietan oinarritzen diren aperitiboak. Produktu bakarra dago barazkiekin egina, Frit Ravich etxekoa, zeinak yuca xaflak, batata, azenarioa eta erremolatxa dituen, %68 guztira eta bakoitza proportzio batean.
  • Fruitu lehorretan oinarritzen diren aperitiboak. Airnuts etxeko bi produktuak sartzen dira multzo horretan. Almendrak ditu batek (%83), eta besteak pistatxoak %63 eta almendrak %20. Gainerakoa batez ere arroz irinez osatuta dago, eta nagusiki funtzio teknologikoa ematen zaio, aglutinatzaile gisa joka dezan fruitu lehorren zatiak elkartzeko.
Analisia

Erosketa gida hau egiteko, profil ustez “osasungarriak” dituzten zizka-mizkak hautatu ditugu, merkatuan punta-puntakoak diren marketakoak, eta alderdi hauek aztertu ditugu:

  • Nutri-Scorek emandako puntuazioa. Balorazioa asko baldintzatzen dute gatzak, zuntzak, gantzak eta kaloriek.
  • Osagaiak. Zer-nolako kalitate komertziala duten jakiteko, batez ere lekaleak, fruitu lehorrak, oliba olioa eta osoko zerealak kontuan hartuta.
  • Informazio komertziala. Aztertu egin dugu informazio baliagarririk ematen duten edo nahasgarria edo engainagarria izan daitekeen kontsumitzaileentzat.
  • Prezioak. 2023ko ekainean bilduak. Ez da irizpide gisa erabili kalitatea neurtzeko, baina kalitate-prezioak kontuan hartu dira sailkapenean.
  • Etiketa. Legea betetzen duen aztertu dugu.

Olio mota bat baino gehiago

Produktu guztietan, Airnuts etxekoetan izan ezik, osagai nagusiekin batean olioren bat ageri da, ez beti proportzio berean: Cuori etxekoak, esaterako, %9,5 dauka oliba olio birjina estra eta Frit Ravich etxekoak %31 oliba olioa. Honako olio hauek darabiltzate guk aztertu ditugun produktuek:

  • Oliba olio birjina estra. Zuzenean olibatik lortzen da olio mota hori. Horixe ageri da Cuori etxekoaren bertsioetako batean (%9,5). Olio guztien artean estimatuena da, bai nutrizioaren ikuspegitik eta bai ikuspegi organoleptikotik ere (zaporea eta lurrina). Baina era horretako produktu batean, ezaugarri orokorrek lausotu egiten dituzte dohain horiek: oliba olio birjina estraren zaporea eta usaina estalita geldi daitezke produktuaren zapore globalaren azpian, eta olioak nutrizioaren ikuspegitik eduki ditzakeen dohainek ez dituzte orekatzen aperitiboaren gabeziak, zeina zerealen irin finduekin egina dagoen.
  • Oliba olioa. Nahasian izaten ditu oliba olio findua eta oliba olio birjina. Horregatik da bestea baino apalagoa nutrizioaren ikuspegitik eta ikuspegi organoleptikotik. Eta horregatik da bestea baino merkeagoa. Horixe darabilte Frit Ravich (%31) eta Eroski  etxeetakoek (%14).
  • Ekilore olioa, oleiko ugarikoa. Mios etxekoak horixe darabil, eta %24ko proportzioan ageri da. Ekilore labore aukeratuetatik lortzen da olio hori. Izenak adierazten duen bezala, gantz azidoen osaera desberdina du ohiko ekilore olioarekin alderatuta: azido oleiko gehiago eta azido linoleiko gutxiago. Oliba olioak ere antzeko balioak izaten ditu gantz azido horietan, nahiz eta gainerako osagaiak oso desberdinak izan; azken hori, dena den, osasungarriagoa da.
  • Ekilore olioa. Produktu gehienetan erabiltzen dena da, zehazki Snatt’setxekoan (%17) eta Sunbites eta Cuori Sour Cream produktuetan ere bai. Estimu gutxien duen olioa da aztertu ditugun guztietan, eta horregatik da merkeena ere.

Gantz kantitatea

Olioaren proportzioak baldintzatzen du gantz kopurua. Alderdi horretan, gantz kantitate aipagarria ageri dute Frit Ravich (%31) eta Mios (%24) etxeetakoek, eta berdin Sunbites markako biek ere (%21). Gehien nabarmentzen direnak, ordea, Airnuts etxekoak dira: almendraz egina dagoenak %49 du gantza, eta pistatxozkoak %44. Fruitu lehor horiek, izan ere, gantz asko izaten dute berez. Eta ulergarria da gantz saturatuak ere bi horiek izatea gehien, %5 lehenak eta %7 bigarrenak. Nolanahi ere, horrek ez gaitu eraman behar okerreko ondorioak ateratzera. Kontuan izan behar dugu gantz saturatu guztiak ez direla berdinak, eta, batez ere, kontuan hartu behar dugu elikagaia bere osotasunean. Gantzak eta gantz saturatuak kopuru aipagarrietan izan arren, fruitu lehorrak osasungarriak dira. Beste muturrean, Cuori etxeko produktuak daude: osotara, %10 inguru dute gantza.

Osasungarriak al dira?

Horrelako produktuen ontziak osasunarekin zerikusia duten adierazpen eta aipuz beteta egoten dira askotan; adibidez, “palma oliorik gabea”, “oliba-olioarekin”, “frijitu beharrean labean egindako produktua”, “gantz gutxiagorekin”… Badira osagaiak nabarmentzen dituzten beste mezu batzuk ere; adibidez, “ilarrak”, “barazkiak” edo “fruitu lehorrak”. Horrek pentsaraz diezaguke produktu osasungarriak direla, baina zuhurrak izatea komeni da eta egiaz diren bezala ikustea: noizbehinka jateko aperitiboak.

Lehenik eta behin, batzuk ez direlako dirudien bezain osasungarriak, adibidez, irin finduekin eginak daudelako edo gatz asko dutelako. Horregatik da garrantzitsua etiketa arretaz irakurtzea. Gainera, osasungarriak direla pentsatuz kontsumitzen baditugu, gerta liteke egiaz osasungarriak diren beste elikagai batzuei lekua kentzea. Aperitibo osasungarriak nahi izanez gero, benetan osasungarriak diren beste batzuk lehenetsi beharko genituzke, hala nola Cherry tomateak edo fruitu lehorrak.

Proteinak, hidratoak eta zuntza

Osagai nagusiaren araberakoa da proteina kantitatea. Hori garbi ikusten da Airnuts markako produktuetan: fruitu lehorrez eginak daude, eta %18 dituzte proteinak. Snatt’s eta Eroski produktuak, berriz, ilar irinez eginak daude, eta horiek ere dezente dituzte proteinak (%12). Zerealetan oinarritzen diren produktuetan %7,5 inguruan dabiltza proteinak, eta Frit Ravich etxekoa, barazkiz egina denez, besteak baino apalago dabil: %5 baino ez du mantenugai hori.

Karbohidratoei begiratuz gero, alde handiak ikusiko ditugu Airnuts etxekoen eta gainerakoen artean. Lehenbizikoetan, %18 eta %25 artean dabiltza balioak, eta gainerakoetan, berriz, %57tik hasi (Frit Ravich eta Snatt’s) eta %73raino (Cuori oliba olioa).

Zuntz kantitatean ere aldeak daude. Mantenugai hori kopuru handiagoetan ageri dute fruitu lehorretan oinarritzen direnek (Airnuts, %7-8), ilar irinez eginda daudenek (Snatt’s eta Eroski, %6 inguru) eta osoko zerealekin egindakoek (%6-7 inguru). Zereal finduekin eginda daudenek askoz gutxiago daukate zuntza (%1,6-%4,8 artean), eta berdin gertatzen da barazkiz eginda dagoenarekin (Frit Ravich, %1).

Kaloriak eta gatza

Aurreko guztiaren ondoren, erraz ulertzen da zergatik dauden halako aldeak bakoitzak ematen duen energia kantitatean. Honako hauek ematen dute gehien: Airnuts (ia 600 kcal 100 gramo bakoitzeko), Frit Ravich (528 kcal) eta Mios (515 kcal), guztiek ere gantz asko dutelako. Gainerakoetan, Cuori Sour Cream etxekoak 408 kcal ematen ditu eta 479 kcal  Sunbites itsas gatz ukitukoak; beste guztiak bi horien tartean dabiltza.

Kaloria kopuruak kezka handia sortzen du aperitiboen artean, baina gatza ere kontuan hartu beharrekoa da, asko samar izaten baitute osagai hori ere, bai behintzat ohiko bertsioek. Gogoan har dezagun %1,25etik gora dabilenean gehiegizkotzat jotzen dela. Aztertu ditugun produktuetan hiruk bakarrik gainditu dute zifra hori: Cuori oliba olioa (%2,5), Cuori Sour Cream (%2,1) eta Snatt’s (%1,6). Gainerakoetan, gatza ez da iristen %1era. Bereziki nabarmentzen da Eroski etxeko produktua, oso gatz gutxi duelako (%0,2), eta ezaugarri hori nabarmendu egiten du ontzian. Hori oso kontuan hartzekoa da, gatz gehiegi hartzeak ondorioak izaten baititu bihotz-hodietako gaixotasunetan. Espainiako Estatuan, pertsona bakoitzak 10 gramo gatz hartzen ditu egunean, eta Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioa da ez hartzea 5 gramo baino gehiago.

Nutri-score sistemaren puntuazioak

Nutri-Score sistemak lagundu egin gaitzake produktu horien osaera modu globalean ebaluatzen. Adibidez, pentsa genezake Airnuts produktuak ez direla gomendagarriak, gantz asko dutelako, gantz saturatu asko eta kaloria ere berdin. Baina zifra horiek fruitu lehorrei zor zaizkie; horregatik, nota ona lortzen dute Nutri-Score-n: A letra ageri du almendra daraman bertsioak, eta B pistatxoa daramanak. Eroskik ere A letra eskuratu du, gatz gutxi duelako eta zuntz asko.

Gainerakoek C bat lortu dute, salbu eta Cuori oliba olioak eta Frit Ravichek; bi horiek  D letra ageri dute. Puntuazio horiek hainbat arrazoirengatik lortu dituzte, besteak beste kopuru handietan ematen dituztelako gatza, gantzak eta kaloriak eta zuntz gutxi dutelako.

Zenbat ematen du errazio batek?

Nutrizio osaerari buruzko ebaluazioa produktuaren 100 gramo hartuta egiten da eta baliagarria izan daiteke konparazioak egiteko, baina batzuetan ez da oso errealista izaten, beti ez baita kantitate bera hartzen janaldi bakar batean. Errazioaren tamaina modu arbitrarioan ezartzen du ekoizleak berak; beraz, ez dago irizpide objektibo edo uniformerik erabakitzeko. Azkenean, janaldi bakar batean benetan hartzen dugun kantitatea hainbat faktoreren araberakoa da, adibidez poltsaren tamainaren araberakoa. Adibidez, kantitate nahiko txikia badu, Airnuts produktuetan gertatzen den bezala (50 bat gramo ontziak), litekeena da janaldi bakarrean bukatzea; aldiz, kopurua handiagoa bada, Mios etxekoan gertatzen den bezala, esaterako (150 gramo), baliteke zati bat bakarrik jatea, baina baliteke janaldi batean bukatzea ere.

Irizpide bakar bati jarraitzeko, 50 gramoko errazioa hartuko dugu eredutzat. Hortik abiatuta, nabarmen aldatzen dira nutrizio arloko ekarpenak. Produktu batzuek gatz kopuru nabarmena emanez jarraituko lukete, Cuori etxeko bi bertsioek adibidez: %1 eta %1,25. Gantza eta kaloria kantitateak ere esanguratsua izaten jarraituko luke Frit Ravich etxekoan (%16 gantz eta 264 kcal). Kaloria kopuru hori hiru sagarrek ematen dutenaren antzekoa da, baina sagarrak osasungarriak dira eta ase egiten dute.

Alde handiak prezioan

Alde izugarri handiak daude prezioan. Airnuts pistatxoa da garestiena, 4,50 € balio du 100 gramo bakoitzeko, merkeenak halako hiru: Mios (1,19 €/100 g). Airnuts etxekoen osagai nagusiak fruitu lehorrak dira eta horrexegatik dira garestienak. Nutrizioaren ikuspegitik ez daude gaizki bi horiek, baina garestiegiak dira. Adibidez, 100 gramo almendra gordinek 1,30 € balio dute; hau da, merkeagoa da eta, gainera, osasungarriagoa.

Frit Ravich etxekoa ere garestienen artean dago: 3,27 €/100 g. Hor ere osagaiek baldintzatzen dute prezioa: barazkiak eta olioa olioa ditu. Merkeenen artean, berriz, Mios eta Eroski daude (1,36 €/100 g). Azken horrek kalitate-prezio hobeak ditu, kopuru aipagarrietan dituelako ilar irina eta oliba olioa, eta oso gatz gutxi. Gainerakoen prezioa 1,55 eta 2,31 € artean dabil.

Erosteko gomendioak
  1. Osaera. Osagai nagusia zein den eta zenbateko kopuruan dagoen jakitea lagungarria da produktua osasungarria den ikusteko. Irin finduak saihestea komeni da eta osoko irinei edo fruitu lehorrei ematea lehentasuna.
  2. Olio mota. Produktuak olioa badu, osasungarria izatea komeni da, adibidez oliba olioa. Ez du zertan birjina estra izan, produktu horietan ezkutuan gelditzen direlako haren dohainak eta garestiagoa delako.
  3. Gatza: zenbat eta gutxiago, hainbat hobeto. %1,25 baino gehiago duenean, gehiegizkotzat jotzen da.
  4. Prezioa. Kontuan hartzea komeni da, zenbaitetan ez duelako merezi. Adibidez, fruitu lehorrak merkeagoak eta osasungarriagoak dira fruitu lehorrekin egindako zizka-mizkak baino.
  5. Kontuz mezuetan darabiltzaten amuekin. Ontzian jartzen duenak ez gaitu itsutu behar, denak ez baitira dirudien bezain osasungarriak.

Ondorioak

Lehen begiratuan, produktu horiek osasungarriak dirudite, batez ere ontzietan ageri diren mezuengatik, non osagai hauek nabarmentzen diren: ilarrak, txia haziak, almendrak, osoko zerealak eta oliba olioa. Egia da batzuk “hobeak” direla konbentzionalak baino, batez ere gatz gutxiago dutelako eta osagaiek ezaugarri hobeak dituztelako. Baina irizpide hori ez da beti betetzen. Adibidez, Cuori etxeko produktuek irin finduak eta gatz kopuru handia dituzte; beraz, ez dira gomendagarriak.

Badira ezaugarri onak dituzten produktu batzuk, adibidez Airnuts etxekoak, fruitu lehor askorekin eginak eta gatzik gabeak, baina aski garestiak dira. Egokiagoa litzateke, beraz, fruitu lehor osoak hautatzea, gatzik gabe, dezente osasungarriagoak eta merkeagoak dira eta.

Badira, halaber, berez osasungarriak diren osagaiak nabarmentzen dituzten beste batzuk ere, ilarra adibidez, baina produktu osoa kontuan hartuta, oso proportzio txikian ageri dira, edo ez, behintzat, ontziko mezuek iradokitzen duten bezain kopuru handian; hori gertatzen da, esaterako, Snatt’s etxekoarekin, zeinak %32 duen ilar irina.

Osagai mota nagusia, proportzioa, olio mota eta gatz kopurua kontuan hartuz gero, kalitate-preziorik onenak dituena Eroski etxekoa da: %43 du ilar irina, %14 oliba olioa, %0,2 gatza eta prezioa ere onenetakoa, 1,36 €-koa 100 gramo bakoitzeko.